|
Bazterrak ITZULPENARI BURUZ Coureleko mendiak literatura galegoaren izen handi biren babesleku eta inspirazio bide izan dira mende honetan, Anxel Fole ipuigilea eta Uxio Novoneyra poetarena. Os Eidos, lirika galego modernoaren obra nagusia, Courelen, Courelengatik eta Coureleraz dago idatzia. Obra liriko baten itzulpenak suposatzen ohi dituen zailtasunei gaineratu egin zaio, beraz, bertako hizkeraren ez ezagutza, handikap latza, adibidez, terminologia botanikoa zehazterakoan. Erraz ateratzen da hortik noski, itzulpen hau ez zela posible izanen Uxio Novoneyraren beraren laguntzarik gabe, duela bi urte Galiziako Baionan hasi eta egundaino iraun duen zuzenketa eta zehazte lan batean. Esan gabe doa itzultzaileak hartu dituen lizentzia bakanak (el/ela/, han/hemen,...) ez direla izan egilearen adostasunik gabe. Saiatu naiz Novoneyraren hainbat poematan garrantzi berezia duen fonosinbolismoa mantentzen sintaxia eta hiztegia sobera bortxatu gabe, ahal izan dudanetan, baina begiratu naiz abentura egokitzaileetarik. Leku izenak, haietako asko esanguratsuak eta denotazio indar handikoak, galegoz utzi ditut. Ez dute ozentasuna galdu, nik uste, euskarazko perpausan. Eta azken ohar bat izenburuaz. Os Eidosen itzulpen zehatza «Orubeak» izan liteke beharbada, bainan poetarekin batean eginiko bilaketaren ondoren, «Bazterrak» hartu dugu, Os Eidosen azken esanahi sakonetik hurbilagoko terminoa. Luis Pimentel-ek (honen Sombra do Aire na Herba, Celso Emilio Ferreiroren Longa noite de pedia eta eskuan duzun Novoneyraren Os Eidos dituzu gerraondoko poesia galegoaren hiru oinarri nagusiak) erloju modernista bat osatzen du ostera elurraren aitzakian: rélo de fariña: neve Novoneyrak hastio ditu asmazio politak eta tropo ausartak. Ez luke inoiz onartuko Pimentelena bezalako jokorik, eta elurrak heldu behar duela honela gaztigatzen digu: dobran as campás da neve... eta gauzak zehaztasun eta zorroztasun osoan aipatzen dakienaren harrotasunaz, ausartu egiten da agintzen nola egin behar duen elur: Neva tomo eu puxen naquel poema neva. Uxiok zenbatu, bildu egiten ditu gauzak eta izakiak, isolatu egiten du poema, eta espazio handi bat zabaltzen digu gogoetaz eta gozotasunez bete dezagun. Poeta honek ez baitu esan egiten bakarrik, beharrezkoa dena, eta beharrezkoa dena bakarrik, digu eskaintzen, irakurle bakoitzak erants diezaion poemari bere hasperena edo bere hotzikara: Nada dixera que non ainda. Todo era unha cousa miña. Uxio Novoneyra irakurtzeak bat-egite sakon bat da naturarekin (lurraren mintzoa, Otero Pedrayo maisu handiaren esanetan), berehalako interpretazio sinbolikoetarik edo aurkintzaren antropormizazioetarik urrun haatik, esan bailiteke Novoneyra ez dela «poeta arima» baten jabe, inoiz ez du uzten behintzak lanbidearen teknikak gain har diezaion. Novoneyrak ez ditu maite konstrukzio bitxiak eta harriagarriak ez du metafora behartzen, utzi egiten du hitzek tira egin deizaioten elkarri, poesia natural eta itxuraz single batean, izan ere biluztasunaren senaz bakarrik, handiena dela ere, ezin baita lortu: Eu a ollar pro lume i o lume a ollarme. O lume sin queimarme fai de min fume... Egia, eta egia nabarmena izanik ere, erabilten dituen baliabide berbalak bakanak eta xumeak direla, zer esan nahi duen ongi dakien poeta arraro horietakoa dugu bestalde Uxio Novoneyra hau, eta ez du nahi izaten poema behar baino gehiago luzatzea, badaudelako mugarri diren hitzak, eta haietarik harat poesia osaketa izanen litzatekeelakoz eta ez ixuria. Gure poetarentzat, betetasun poetikoa ezin lortzen ahal da artifizioz. Menturaz Rosalia bezala, Uxio ere hil eta hil egiten da bere soidadeetan, eta horretxegatik behar izaten ditu izen propioak aipatu, dei egin izen euskaldunak dituztela diruditen leku eta mendiei: Penas do Fedo, Fonte Preta, Veiga do Couso, Campo do Muiño, Marco de Medio Mundo... Beste era bat, azken finean, «arbasoei eskuak ukitzeko»... Galde egiteko modu bat, baina baita autofroga modu bat ere, A Muller Mortak ezin izan baitzuen inoiz hitzik egin. Galego eta arrenkuratua bai, itzal beltzetan, bai, baina lanturik gabe. Koldo Izagirre Bazterrak |