|
Antologia LONDRESEKO ERESIA Ovalle, anaiatxoa, esaidazu, du sein de Dieu où tu reposes. Oroitzen dituzu oraindik Londres eta bere hilargiak? Zaila egiten zait zu hemen Londres troppo handia da Zeure ezinezko amodioarekin, zeure zihurtasunekin eta zeure inorantziekin imajinatzea, Zu, Ladeirako saindua eta Conde de Laje kaleko bekataria, Gauerdian Lapan galdu eta espaloian negar egiteko eseritzen zinena. Mapek engainatu egin ninduten. Ohartu zinen zelan Mayfair Tamesitik deselkartuta dirudien? Ohartu zinen Oxford Streeten oinezko izateko, Rimbaud bezain jeinu eta ibiltari behar dela izan? Edo bestela portugesa Alberto de Lacerda poeta bezala! Ovalle, anaiatxoa, zelan senditu zinen Londres handi eta triste honetan? Zu, gauza guzietan den Jesusena bilatzen zenuena beti, Nola begiratu zenien etxe hain humanoki berdin hauei, hain gogaikarriro berdin hauei? Gaixotu eta kristalaren atzetik kalearen bestaldeko letreroari etengabe begira geratu zinen inoiz Rawlplug House, Rawlplug Co. Ltd., Rawlings Bros. Ze tabernetara sartu zinen malenkonia edatera? Eskatu zenien inoiz barkamena gu guziongatik Picadilly Circuseko anderetxoei? British Museumera joan eta zentauroak bahituriko harri birjina ikusi zenuen? Komulgatu zenuen National Galleryan Piero della Francescaren Jesus Haurraren adorazioan? Ezagutu zenuen Dame Edith Sitwell eta bere Trio for two cats and a trombone? Ovalle, anaiatxoa, zuk, gaur egun han itsaso zabal aldeko izar dirdiratsua zarena, Igor egiozu ene londrestar atsekabeari errainu bat zure eternitate berotik. Antologia |