Antologia
Manuel Bandeira

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1999

 

MARIO DE ANDRADE ALDE EGINARI

 

Hil zinela abisatu zuten.

Ene begiak, ene belarriak lekukoak dira:

Arima sakona ez zen hil.

Horregatik ez dut orain zure hutsunea senditzen.

Badakit itzuliko dela

(Denboraren eragin indarrez).

Bat-batean itzuliko da egun batez,

Besteak ohartuko ez diren arren.

Esate baterako honela:

Mahaian honetaz edo haretaz solasean,

Ustekabean jaurtiriko hitz batek

Odol lutoen firfila astinduko du,

Baten batek ea zertaz pentsatzen ari naizen galdetuko dit,

Irribarre egingo dut aitortu gabe zutaz pentsatzen dudala

Sakonki.

 

Baina orain ez dut zure hutsunea senditzen.

 

(Hala gertatzen da beti alde egina

Adio esan gabe joan bazen:

Zuk ez zenuen adiorik esan.)

 

Zu ez zinen hil: alde egin zenuen.

Hauxe esango dut: aspaldian ez du idazten.

Sao Paulora joango naiz: ez zara ene hotelera etorriko.

Imajinatuko dut: Sao Roqueko landetxean egongo da.

Jakin arren ezetz, zuk alde egin baitzenuen. Beste bizitza batetara?

Bizitza bat eta bakarra da. Zureak iraun egiten du.

Zeuk bizi izan zenuen bizitzan.

Horregatik ez dut orain zure hutsunea senditzen.

 

Antologia
Manuel Bandeira

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1999