Antologia
Manuel Bandeira

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1999

 

JABOIAREN KALEAN

 

Eror eror hadi globoa

Eror eror hadi globoa

Jaboiaren kalera!

 

Ez zen erraza izan gero paperezko globo hura egitea!

Egin, arropa garbitzailearen semeak egin zuen.

Egunkariaren inprentan behar egin eta eztul asko egiten duen horrek.

Zetazko papera erosi, xamurtasunez ebaki, atal luzangak apailatu zituen...

Gero ikatz pikazko soka burdinarizko ahoan egokitu zuen.

 

Hara hor orain igotzen ari dela — gauza tipi hunkigarria zeruko iluntasunean.

 

Ez zuen luzaroan arnasarik hartu:

Balantzaka, erabat dardaraka eta kolorez aldatzen.

Jaboiaren kaleko umeteriak

Maleziaz oihu egiten zuen:

Eror eror hadi globoa!

 

Hala ere, bat-batean, tinkatu zen, harrotu eta askatu zen eusten zuten eskuetatik.

 

Eta igotzen hasi zen...

                                hurrinerantza...

                                                      lasai...

Joseren bufadatxo tisikoak puztuko balu bezala.

 

Eror eror hadi globoa!

 

Umeteriak jaurtiketaz eraso zuen

                  txistuka

                  garraxika

                  harrikadaka

 

Eror eror hadi globoa!

 

Udaleko legeek globoak debekatzen dituztela abisatu zuen, jaun batek.

 

Hura, igotzen joan zen...

                                    oso lasai...

                                                    oso hurrinerantza...

Ez zen Jaboiaren kalera erori.

Oso hurrin erori zen... Itsasora erori zen — itsaso zabaleko ur garbietara.

 

Antologia
Manuel Bandeira

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1999