Antologia
Joan Salvat-Papasseit

euskaratzailea: Koldo Izagirre
Pamiela, 1995

 

ORAIN EZ DA EGITEN,
BAINA NIK EGINEN NUKE ORAINO

 

ORAIN ez da egiten, baina nik eginen nuke oraino

armatuko nuke galera bat gauekin

edo galeoi bat

                    belarik finenekin

eta neure zorte berdineko ehun piratarekin.

Ez iezadazue galde zein itsaso ebakiko genituzkeen

—adorea behar duten haiek izanen lirateke.

 

Orain ez da egiten, baina nik eginen nuke oraino:

urre eta zilar ebasleak izanen lirateke

eta ebasleak izanen lirateke perlarik izanez gero

—nik maitasunagatik bakarrik ebatsiko nuke.

Engainuz

            nahitara etorri nahi ez balute,

Portuetako neskatxak ebatsiko nituzke nik.

 

Eta oraino zihur naiz uharte bat aurkitzeaz

non neure bahiturak ezkutatu

eta oparirik ederrenak ordainarazi,

dontzeilei, neure erreselaren pean.

Haizearen mende, belak zabaldurik,

kapitainik ausartena izan nahi nuke.

 

Orain ez da egiten, baina nik eginen nuke oraino

—amodio batek ukoa emanen balit—

itsasoaren mentura neure bizitzari lotu

eta ezin itzuliko nukeen bezain urrun joan.

Oh, ontziak neure adiskidearen izena balerama!

—halako maitaminez itsasoa ahitu eginen litzateke.

 

(Zazpi-ohoinak, 1925)

 

Antologia
Joan Salvat-Papasseit

euskaratzailea: Koldo Izagirre
Pamiela, 1995