Antologia
Joan Salvat-Papasseit

euskaratzailea: Koldo Izagirre
Pamiela, 1995

 

EZER EZ DA ZEKEN

 

EZER ez da zeken

ez ordurik zakar,

ez eta iluna gauaren mentura.

Eta ihintza argia da

eguzkia sortu eta liluratu egiten denean

eta bainura nahi duenean:

sortutako gauza ororen ohatzea islatzen baita.

 

Ezer ez da zeken,

eta dena ederra ardoa eta masail gorria bezala.

Eta itsasoko uhinak irri dagi beti,

neguko Udaberria-udako Udaberria.

Eta dena da Udaberria:

eta hostoak oro betiere berde.

 

Ezer ez da zeken,

egunak ez baitoaz;

eta ez delakoz heriotza heltzen hotseginik ere.

Eta hotsegin egin badiozue zulo bat gordeko dizue

ostera jaiotzeko hil egin behar baituzue.

Eta ez gara inoiz negar

baizik irri fina

laranja-xerran bezala sakabanatzen dena.

 

Ezer ez da zeken,

kantua kantari ari baita gauza apur bakoitzean.

—Egun bihar eta atzo

hostogabetuko da arrosa bat:

eta birjinarik gazteenari esnea helduko zaio bularrera.

 

(Portuko irradiadorea eta antxetak, 1921)

 

Antologia
Joan Salvat-Papasseit

euskaratzailea: Koldo Izagirre
Pamiela, 1995