Antologia
Joan Salvat-Papasseit

euskaratzailea: Koldo Izagirre
Pamiela, 1995

 

HARAGIAK HARAGIA DAGI

 

            HARAGIAK haragia dagi

            ardoak odola dagi—

            zeinen den segurua

            Islam-aren itzala!

 

Nire aranondoen itzalpe mozpelean

adiskideak garbitu eta musukatu egiten dizkit zangoak.

Almendra olioa

                      sustrai olioa—

hegalak sortzen zitzaizkien nire orkatilei.

—Estutu egiten nau maiteak bere bularren kontra.

 

            Anfora betea

            ardorik argienaz

            ardorik beltzenaz

            muztiatutakoetan.

 

Ez dago ezpainik musu damapean erretzen duenik

nire amodioaren ezpain gorriek adina.

Hain zintzoa da Bera, bertsoa diktatzen dit.

—Hartzen ditut haren izterrak eta haren lepo tinkoa

orain erortzen litzatekeen arana bat bezala.

 

            Ehundaka arrabiten

            musika entzuten da

            argia eta liluragarria

            bere kirruen azpian.

 

Arabiako lurra, lur zaldia

galpar harrokoa, brida laxoan.

Eguzkiak jo du, amodioak areago

adiskidea, adiskidea, ez gelditu

—txiribizta bat zure adatsean nire bizia,

 

            Ilargia ederra da

            denean bete:

            zure ondoan

            ez litzateke batere.

 

Kopa ixuria, beira goritua

Mohamed-en otoitza bezala

ene maitea, plazerrak hartzen badu

nire aranondoetako denden azpian.

—Eta haren irria, izar dardara.

 

            Haren bi bularren

            marmorezko uztaiak

            nire atseginaren

            mezkita zuria.

 

(Arrosa ezpainetan, 1923)

 

Antologia
Joan Salvat-Papasseit

euskaratzailea: Koldo Izagirre
Pamiela, 1995