|
Antologia BIHARAMUNAREN MIN GUZTIA ORAIN ohean nagoela gaixorik oso pozik nago. Bihar jaiki eginen naiz eta hona hemen zain daukadana: Plaza distiratsuak argitasunez, eta itxiturak lorez eguzkipean, ilargipean arratsaldez; eta esnea dakarren neska buru-arina eta mantala daramana kojinen ertzez eginiko petralekin, eta irri fresku bat. Eta baita egunkaria oihukatzen duen mutiko hura, eta tranbiak hartu eta uzten dituena lasterka bizian. Eta postaria, heldu eta gutunik uzten ez badit atsekabetzen nauena, ez baitakit daramatzan gainerontzekoen sekretua. Eta hegazkina ere burua altxaraziko didana etxe-gainetik oihu batek hotscgin balit bezala. Eta auzoko emakumeak goiztarrak merkatura bidean presaka doazenak saski hori huts banarekin eta itzulirikan azak gainezka dakartzatenak eta zenbaitetan haragia, eta beste batek gerezi gorriak. Eta gero dendaria kafe-xigorgailua dakarrela eta giderra jiratzen hasten eta oihu dagiena neskei eta esaten: Hartu al duzu guztia? Eta neskek irri egiten dute, irri argi batekin, berak jirarazten duen esferatik datorren lurrina dena. Eta auzoko haurreria guztia hainbeste zarata aterako duena osteguna izanen delakoz, eta ez delakoz eskolara joanen. Eta zaldi zuhurrak eta karretari lo hartuak bela pertikadunaren azpian, dantza dagitela gurdi-ildoen arabera. Eta hainbeste egunetan edan ez dudan ardoa. Eta ogia, mahaian ipinia. Eta salda gorria, ketan. Eta zuek adiskideok, ikustera etorriko zatzaizkidate eta elkarri behatuko baitiogu zoriontsu. On hau guztia daukat zain, jaikitzen banaiz, bihar. Ezin badut jaiki, inoiz ostera, hona hemen zain daukadana: Zuek iraunen duzue guztia zeinen ederra den ikusteko: eta Bizitza eta Heriotza. (Portuko irradiadorea eta antxetak, 1921) Antologia |