Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—HEMERETZI—

Feminismo aurrerakoia

 

      Benetan aurrerakoiak izan nahi badugu, gure errealitate konkretuari begiratu behar diogu, baina, aldi berean, baita errealitateaz haragoko aukerei ere. Feminismo garaikidearen indargunerik behinena formaz eta norabidez aldatzeko gaitasuna izan da. Bide eta pentsamolde zaharkituei eutsiz gero, justizia sozialaren aldeko mugimenduek porrot egiten dute. Feminismo aurrerakoiaren sustraiak 1960ko hamarkadaren hasieran bilatu behar dira. Emakumeen askapenerako mugimenduaren hasiera-hasieran, pentsalari aurrerakoiek mugimendu politiko erradikal/iraultzaile bat zuten amets: batetik, fase erreformista batean, emakumeen eskubide zibilak bermatuko zituzten orduko sistema patriarkal supremazista zuri kapitalistaren barnean; bestetik, baina, sistema hori bera ahultzeko eta eraisteko lan egin beharko zuten. Menderakuntzazko kulturaren ordez ekonomia parte-hartzailean oinarrituriko mundu bat eratzea zuten amets, komunalismoa eta demokrazia soziala ardatz hartuta: arraza- edo generodiskriminaziorik gabeko mundu bat, mutualitatearen eta interdependentziaren onarpena ethos nagusitzat izango zuena, eta, azken batean, ikuspegi global ekologiko bat, planetak bizirik iraun zezan eta hartan bizi ziren guztiek bakea eta ongizatea lor zezaten.

      Mugimenduak aurrera egin ahala, ikuspegi feminista erradikal/iraultzaileak gero eta argiagoak eta konplexuagoak bilakatu ziren. Nolanahi ere, askotan, feminista erreformisten absolutismoak ikuspegiok lausotu zituen, aldaketak orduko ordena sozialaren barnean lortzea baitzen haien helburua. Genero-diskriminazio ekonomikoa aldatu nahi zuten aktibista feminista erreformista batzuek klase pribilegiatuetako gizonekiko berdintasuna lortu nahi zuten; beste batzuek, aldiz, aldaketa zehatzagoak eta esanguratsuagoak nahi zituzten emakumeentzat, ahalegina erreformak lortzera bideratuz. Borroka feministak bere muin erradikala alde batera utzi zuenean, mugimendua ahuldu egin zen patriarkatu kapitalista nagusiaren kooptazioaren aurrean.

      Behin ordena sozialean gora egitea lortu zutenean klase-botereak edo klase-mugikortasun handiagoak erakarririk, emakume gutxik eutsi zioten sistema suntsitzeko borrokari. Carol Gilligan-ek eta beste pentsalari feminista batzuek behin eta berriz esaten digute emakumeak maitekorragoak eta etikoagoak direla, baina, ikusirik zer jarrera izaten duten botere gutxiagoko beste emakume batzuekin, kontrakoa pentsa genezake. Arraza edo talde etniko batekin identifikatuz gero, emakumeek maitasunez eta etikaz jokatzen dute, baina, enpatiarik, identifikaziorik edo solidaritaterik sentitzen ez badute, ez dute era berean jokatzen. Emakume pribilegiatuek (haietariko asko zuriak, baina ez denak), beraz, beren mendean izan nahi dituzte emakume pobre eta langile-klasekoak.

      Feminismo aurrerakoiaren funtsezko helburu bat emakume guztien patua aldatzeko estrategiak sortzea eta haien botere pertsonala areagotzea izan zen. Horretarako, baina, beharrezkoa zen berdintasuneskubideetatik harago joan eta oinarrizko beste gai batzuk lehenestea, hala nola emakume guztientzako (baina batez ere pobreentzako) alfabetizazio-kanpainak antolatzea. Ez dago eskola feministarik, ezta unibertsitate feministarik ere. Eta ez da ahalegin berezirik egin halako erakundeak sortzeko. Karrera profesionalaren arloko diskriminazio positiboko programek mesede egin zieten emakume zuri ikasiei, indarrean zeuden egituren barnean betiere, eta, horrenbestez, ez zuten inongo motibaziorik printzipio feministetan oinarrituriko erakundeak sortzeko. Halako erakundeek sekula ez zuketen izango soldata alturik ordaintzeko ahalik. Nolanahi ere, aktibista feminista aberatsek ez dute dirurik eman oinarrizko hezkuntzarik ere jasotzen ez duten emakume eta neskentzako hezkuntza-programak finantzatzeko.

      Pentsalari feminista aurrerakoiek garbi daukate mugimendu feminista zabal bat behar dugula, neska-mutil eta emakume-gizonen beharrak aintzat hartuko dituena, klaseez harago; alabaina, oraindik ez da gauza askorik idatzi teoria feminista aurrerakoi horri buruz, ez behintzat hizkuntza ulergarri batean, ez eta horri buruz hitz egin ere. Gaur egun, testuinguru akademikoetan teoria feministaz idazten den gehiena hizkuntza jasoa erabiliz idazten da, jende ikasiak bakarrik irakurtzeko moduan. Gure gizarteko jende gehienak ez dauka gutxieneko ezagutzarik ere feminismoari buruz; ez dauka materialik edo oinarrioinarrizko eskulibururik eskura, ez baita halakorik existitzen. Denontzako moduko mugimendu feminista bat berreraiki nahi badugu, nahitaez sortu beharko ditugu halako baliabideak.

      Feminismoaren aldezleek ez dute baliabiderik jarri telebista-kanalak edo telebista-programa iraunkorrak izan ditzagun. Irrati eta telebistetan ez dago albistegi feministarik. Feminismoaren ahotsa zabaltzen aritu ginenean, zailtasunetako bat izan zen genero femeninoarekin zerikusia zuen oro feministatzat hartzen zela, are tartean ikuspegi feministarik ez zegoenean ere. Baditugu generoarekin loturiko gaiak jorratzen dituzten irrati- eta telebista-programa gutxi batzuk, baina horrek ez du esan nahi feminismoa goraipatzen dutenik. Ironikoa bada ere, feminismo garaikidearen lorpenetako bat izan da edonor prest egotea generoaz eta emakumeen kezkez hitz egiteko, baina, berriz ere, ez nahitaez ikuspegi feminista batetik. Mugimendu feministak, esate baterako, iraultza kultural bat ekarri zuen, eta, hari esker, gure gizartea gai izan zen gizonek emakume eta haurren aurka erabiltzen duten indarkeriaren arazoari aurre egiteko.

      Hedabideetan etxeko indarkeria era askotara agertzen den arren eta alde bateko eta besteko eztabaidak izaten diren arren, ez da ohikoa jendeak gizonen indarkeria eta gizonen nagusikeria lotzea, hau da, bata deuseztatzeko beharrezkoa dela bestea deuseztatzea, patriarkatua eraistea. Gure herrialdeko herritar gehienek oraindik ez dute ulertu zer lotura dagoen gizonen nagusikeriaren eta etxeko indarkeriaren artean. Eta hori agerian geratzen da gure herrialdeak erantzun bat eman behar duenean klase guztietako gizon gazteek beren senitarteko, lagun edo eskolako adiskideak hiltzen dituztelako. Hedabideetan agertu ohi denez, jendeak indarkeria horren zergatikoaz galdetzen du, baina sekula ez du lotzen pentsamolde patriarkalarekin.

      Kontzientzia kritikoa lantzeko heziketa feminista orokor bat behar da. Zoritxarrez, klase-elitismoak pentsamendu feministaren noranzkoa lausotu du. Pentsalari eta teorialari feminista gehienek unibertsitateko esparru elitistan egiten dute beren lana. Gehienok ez dugu idazten haurrentzako libururik; ez dugu eskoletan irakasten; ez dugu presio-talde indartsurik sortu eskola publikoan irakasten dena ikuspegi konstruktibo batetik aldatzeko. Ni neu haurrentzako liburuak idazten hasi nintzen hain zuzen ere denontzako moduko pentsamendu feminista jorratuko zuen mugimendu feminista bateko partaide izan nahi nuelako. Audioliburuei esker, adin guztietako pertsonengana irits zitekeen mezua, are irakurtzen edo idazten ez zekitenengana ere.

      Mugimendua eraberritzeko, berriz hasteko, beharrezkoa da feminismoaren mezua atez ate zabaltzea, oinarrizko premisatzat hartuz feminismoak erradikala izan behar duela nahitaez. Eta, askotan erradikaltasuna zokoratua denez gure artean, ahal dugun guztia egin behar dugu feminismoa ezagutzera emateko eta haren ahotsa lau haizeetara zabaltzeko. Feminismoa, sexismoa eta menderakuntza eta zapalkuntza sexista deuseztatzeko mugimendu bat den heinean, genero-diskriminazioaren aurkako eta berdintasunaren aldeko ahaleginak batzen dituen borroka bat den heinean, mugimendu erradikal bat da funtsean.

      Aktibista feministak sexismoaren aurkako borroka alboratzen eta soilik erreformei erreparatzen hasi zirenean, nahasmendua sortu zen berezko erradikaltasun horren inguruan. “Feminismoen ugaritasun”aren ikuspegia aurreratuz, estatus eta klase-botere pribilegiatua lortu nahi zuten emakumeek beren interes politiko kontserbadore eta liberalen alde egin zuten, eta botere-feminismo terminoa erabiltzen lehenetakoak izan ziren. Halaber, defendatzen zuten posible zela feminista izatea eta abortuaren aurka egotea. Horra beste ikuspegi oker bat. Emakumeoi gure gorputzaren gaineko kontrola izateko eskubide zibila bermatzea oinarrizko printzipio feminista bat da. Emakume batek abortatzea edo ez abortatzea erabaki-kontu bat da. Ez abortatzeko aukera egitea ez da antifeminista izatea, gure ustez. Baina printzipio feminista bat da emakumeok aukeratzeko eskubidea izatea.

      Klaseen arteko harreman parasitarioek eta aberastasunarekiko eta boterearekiko grinak bultzaturik, emakumeek traizio egin diete emakume pobre eta langile-klasekoen interesei. Garai batean pentsamolde feminista babestu zuten emakume haiek ongizatearen aurkako politika publikoak babesten dituzte gaur egun. Ez zaie iruditzen hori kontraesankorra denik. Besterik gabe, beren “marka” erantsi diote feminismoari. Feminismoa bizimodu edo produktu gisa aurkezteak automatikoki ezkutuan uzten du feminismoaren garrantzia. Gaur egun, emakume askok eskubide zibilak nahi dituzte feminismorik gabe. Esparru pribatuan sistema patriarkalak bere horretan irautea nahi dute, eta, era berean, esparru publikoan berdintasuna bermatzea. Baina pentsalari feminista aurrerakoiek mugimenduaren sorreratik ulertu zuten emakumeak babesik gabe geratuko liratekeela patriarkatuarekin bat eginez gero eta are patriarkatuak mugimendu feministaren alderdi batzuk onetsiz gero (emakumeak lan-munduan sartzea, adibidez). Gure ustez, gure bizitza gobernatzen duten sistemak errotik aldatu gabe lortzen diren eskubideak oso erraz gal daitezke gerora. Eta horren erakusgarri dugu ugalketa-eskubideekin —batik bat abortuarekin— gertaturikoa. Frogatuta dago patriarkatuaren barnean eskubide zibilak lortzea arriskutsua dela, emakumeoi pentsarazten baitigute gauden baino hobeki gaudela, menderakuntzazko egiturak aldatzen ari direla. Egiaz, baina, emakumeak feminismotik urrundu ahala, egitura horiek sendotu egiten dira berriz.

      Muturreko kontraeraso antifeministak ere ahuldu du mugimendu feminista. Kontraeraso horren zati handi bat emakume oportunista kontserbadoreek feminismoa egurtu eta malurtu izanari zor zaio. Adibide gisa, Danielle Crittendon-ek oraintsuko what our mothers did not tell us: why happiness eludes the Modern woman [Gure amek kontatu ez zigutena: zergatik ez diren zoriontsuak emakume modernoak] liburuan idatzi du emakumeok etxean geratu behar genukeela haur osasuntsuak hazten, onartu behar genukeela gizonen eta emakumeen psikeak desberdinak direla berez eta, oroz gain, feminismoa akats bat dela. Feminismoa kritikatzen dutenek mugimenduari eransten diote emakume modernoaren asegabetasunaren errua. Ez dute sekula hitz egiten patriarkatuaz, gizonen nagusikeriaz, arrazakeriaz edo klase-esplotazioaz. Liburu antifeministak hizkuntza ulergarri batean idatzita egon ohi dira, eta irakurle askorengana iristen dira; aldiz, ez dugu sortu haien mezua indargabetzeko gai den teoria feminista egokirik.

      Feminista erradikalekin hitz egiten dudanean, bereziki adin ertainekoekin —35 urtetik 65era bitartekoekin—, lekukotasun ederrak entzuten ditut feminismoaren eragin konstruktiboaz. Funtsezkoa da hori guztia dokumentatzea, lekukotasun baliagarriak baitira ikusteko zein oker dauden feminismoak emakumeon bizitza zailtzea besterik ez duela lortu diotenak. Emakumeon bizitza biziki konplikatu duena, aldiz, zera da: pentsamendu eta praktika feministak sistema patriarkalaren pentsamenduaren eta ekintzen barnean daudela oraindik ere; alegia, funtsean ez dela gauza askorik aldatu.

      Feminista aurrerakoiek beti jo dute beharrezkotzat gizonak feminismora konbertitzea. Badakigu munduko emakume guztiak feminista bihurtu eta gizonek sexismoari eusten segituko balute ere gure bizitzak mugatuta egongo liratekeela. Genero-gatazka araua izango litzatekeela. Gizonak gure burkide gisa onartzeari uko egiten dioten aktibista feministek —zeinek beldur irrazionala baitiote gizonek feminismotik etekina ateratzeari eta horrenbestez emakumeok etekinok galtzeari— jendeak feminismoari susmo txarrez eta erdeinuz begiratzea ekarri dute. Eta, batzuetan, emakume gizon-gorrotatzaileek nahiago dute feminismoak aurrera ez egitea, berek gizonekin dituzten auziei heldu baino. Ezinbestekoa da gizonek feminismoaren bandera altxatzea eta patriarkatuari aurre egitea. Planetako bizitza segurtatu eta babestu nahi badugu, beharrezkoa da gizonak feminismora konbertitzea.

      Edozein adinetako emakume edo gizonek sexismoa deuseztatzearen alde lan egiten duen aldiro, mugimendu feministak aurrerapauso bat ematen du. Horretarako, ez da nahitaezkoa erakundetan antolatzea; gauden lekutik ere lan egin dezakegu feminismoaren alde. Etxetik edo bizi garen tokitik has gaitezke feminismoa lantzen, geure burua eta gure ingurukoak heziz. Orain arte, mugimendu feministak ez digu eskaini aldaketarako nahikoa jarraibide, ez emakumeoi, ez gizonei. Feminismoa gure helburu eta norabideen inguruko ustekizun multzo baten gainean eraikia da, eta, horregatik, aldaketa feminista lortzeko estrategiek malguak izan behar dute.

      Ez dago feminismorako bide bakar bat. Zenbat testuinguru, hainbat teoria feminista; alegia, bakoitzak bere bizitzari buruz diharduen teoria bat behar du. Emakume pentsalari beltza naizen aldetik, uste dut funtsezkoa dela beltzen bizitzako genero-rolak kritikotasunez aztertzea, hartara ikusiko baitugu zer behar eta estrategia espezifiko landu behar diren beltz guztiok ohartu gaitezen zein garrantzitsua den borroka feminista gure bizitzan.

      Feminismo erradikal aurrerakoiak gure bizitza generoaren, arrazaren eta klasearen ikuspegitik ausardiaz aztertzera bultzatzen gaitu, hala jakingo baitugu zehatz-mehatz zer posizio daukagun patriarkatu supremazista zuri kapitalista inperialistaren barnean. Hainbat urtean, emakume feminista askok pentsatu izan dute —oker pentsatu ere— generoa dela beren estatusa baldintzatzen duen faktore bakarra. Ukapen hori etetea funtsezko inflexio-puntua izan zen feminismoarentzat. Izan ere, emakumeok konturatu ginen arraza- eta klase-aurreiritzien arabera sorturiko emakumeen mugimendu hark ez gintuela emakume guztiak kontuan hartzen.

      Orain, prest gaude borroka feminista eraberritzeko. Mugimenduak denoi erakutsi zigun patriarkatua mehatxu bat dela emakume eta gizonen ongizaterako, eta horregatik etorri da, hain zuzen, kontraeraso antifeminista. Mugimendu feministak zintzoki azaldu ez balu zein arriskutsua zen sexismoa eta gizonen nagusikeria betikotzea, porrot egingo zukeen. Ez zatekeen beharrezkoa izango inongo kanpaina antifeministarik antolatzea. Hedabideek etengabe zabaltzen dute gizonak eskola feministetan ongi etorriak ez direlako gezurra, baina egia dena da gero eta gizon gehiagok ikasten dutela pentsamendu feminista eta gero eta gehiago konbertitzen direla pentsamolde feministara. Aldaketa esanguratsua da hori mugimendu feministaren barnean, eta are mehatxu handiagoa patriarkatuarentzat. Gorago esan bezala, mugimenduaren arretagune bakarra emakumeak izan bagina, status quo patriarkalak bere horretan iraungo zukeen, eta ez zegokeen inongo beharrik feminismoa hain gogor larrutzeko.

      Hedabide patriarkalek eta lider sexistek behin eta berriz esaten digute feminismoa hila dela, dagoeneko ez duela zentzurik. Baina, egiaz, adin guztietako eta toki guztietako emakume eta gizonek borroka bizian dihardute genero-berdintasunarekin loturiko aferen alde; rol mugatzaile eta murriztaileen gainetik, rol askatzaileak bilatzen dituzte; eta erantzun bila jotzen dute feminismora. Feminismo aurrerakoiak esperantza ematen digu etorkizunera begira. Pentsamolde feministak, mutualitatean eta interdependentzian oinarrituriko etikaren bitartez, menderakuntza deuseztatzeko bide bat eskaintzen digu, eta, aldi berean, baita desberdinkeriaren ondorioak aldatzeko modua ere. Mutualitatea araua izanez gero, gerta liteke batzuetan dena berdintasuna ez izatea, baina desberdinkeria horren ondorioa, nolanahi ere, ez da izango ez menderakuntza, ez kolonizazioa, ez deshumanizazioa.

      Feminismoa, sexismoa eta esplotazio eta zapalkuntza sexista deuseztatzeko mugimendu bat den aldetik, bizirik eta egoera onean dago. Masamugimendurik ez daukagun arren, mugimendua eraberritzea da gure helburu nagusia. Mugimendu feministak gure bizitzan esanguratsua izaten segi dezan, etengabe egin eta berregin behar dugu teoria feminista aurrerakoia, bizi garen lekuan eta denboran hitz egin diezagun. Emakume zein gizonek aurrerapauso handiak eman dituzte genero-berdintasunerantz. Eta askatasuneranzko aurrerapausook indarra emango digute aurrera jarraitzeko. Ausardia izan behar dugu iraganetik ikasteko, eta etorkizunaren alde lan egin, printzipio feministek gure bizitza publiko eta pribatuko alderdi guztiak sendotu ditzaten. Feminismoaren helburua menderakuntza deuseztatzea da, aske izan gaitezen garena izateko, justizia maitatuz eta bakean bizi ditzagun gure bizitzak. Feminismoa denon kontua da.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018