Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—BOST—

Geure gorputzak, gu geu

UGALKETA-ESKUBIDEAK

 

      Mugimendu feminista garaikideak, hasieran, goi-mailako ikasketak zeuzkaten (eta, gehienetan, ekonomikoki pribilegiatuak ziren) emakume zurien esperientziekin loturiko gaiak lehenetsi zituen. Feminismoak eskubide zibilen eta sexu-askapenaren aldeko borroken ildoari segitu zion heinean, garai hartan egokitzat jotzen zen emakumeen gorputzarekin loturiko gaiei lehentasuna ematea. Hedabideek munduaren aurrean ematen zuten irudian ez bezala (hasieran, mugimendu feministaren jarraitzaileak Miss Amerika lehiaketetan bularretakoak erretzen erakusten zituzten, eta, gero, abortuaren aldeko emakumeen irudiak), sexualitatea izan zen mugimendua eratzeko prozesuan katalizatzaile gertatu ziren gaietako bat, hau da, emakumeok sexu-harremanak noiz eta norekin izan nahi ditugun erabakitzeko daukagun eskubidea. Ordurako, emakumeon gorputzen sexu-esplotazioa ohiko gaia zen justizia sozialaren aldeko mugimendu erradikaletan (sozialistetan, eskubide zibilen aldekoetan eta abarretan).

      Sexu-iraultza deritzona puri-purian zegoela, amodio askearen gaiak (zeinak normalki esan nahi baitzuen norberak nahi beste sexu-harreman izatea norberak nahi zuenarekin) nahi gabeko haurdunaldien gaia ekarri zuen berekin. Amodio askearen inguruan genero-ekitatea lortu baino areago, emakumeek antikontzeptibo eta abortu seguru eta eraginkorrak behar zituzten. Eskuarki, klase-pribilegioak zituzten emakume zuriek eskura zeuzkaten bi aukerok, baina emakume gehienek ez. Askotan, klase-pribilegioak zituzten emakume zuriak lotsatu egiten ziren beren nahi gabeko haurdunaldiekin, eta, horrenbestez, ez zuten osasun-zerbitzuetara jotzen, nahiz horretarako aukera izan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan abortua aldarrikatu zuten emakumeek bazekiten nahi gabeko haurdunaldien ondorio zirela hala legez kanpoko abortuen tragedia nola ezkontza behartuen zoritxarra. Emakume talentudun eta sortzaileen espero gabeko seme-alabak gara gutariko asko. Espero gabeko eta nahi gabeko haurdunaldiek goitik behera aldatu zuten emakume haien bizitza, eta guk bertatik bertara ezagutu genuen haien samintasuna, haien amorrua, haien etsipena suertatua zitzaien patuarekin. Eta garbi geneukan: antikontzeptibo hoberik eta segururik izan ezean, legearen barnean eta era seguru batean abortatzeko eskubiderik izan ezean, ez zen izango egiazko sexu-askapenik, ez emakumeentzat, ez gizonentzat.

      Gaur egungo ikuspegitik, abortua ugalketaeskubideen gainetik nabarmentzeak agerian uzten du zer klase-aurreiritzi zituzten mugimenduaren lehen lerroan ziharduten emakumeek. Abortuaren gaia garrantzitsua zen —eta hala da gaur egun ere— emakume guztiontzat, baina baziren ugalketarekin loturiko beste kontu batzuk abortua bezain funtsezkoak zirenak eta arreta merezi zutenak eta jendea ekintzara bultzatzeko baliagarri zirenak; esate baterako, oinarrizko sexu-heziketa, haurdunaldiko zaintza eta osasun-laguntza prebentiboa (emakumeek uler zezaten nola funtzionatzen zuten beren gorputzek), edo esterilizazio behartua, zesarea eta histerektomia debaldekoak eta haien ondorioz sorturiko arazoak. Gai horien guztien artean, klase-pribilegioak zituzten emakume zuriak nahi gabeko haurdunaldien saminarekin identifikatu ziren gehien. Eta abortuaren gaia lehenetsi zuten. Ez ziren, noski, abortu seguru eta legezkoen premian zeuden emakume bakarrak; izan ere, dagoeneko esan dudan bezala, emakume pobreek eta langile-klasekoek baino errazago aborta zezaketen. Garai hartan, emakume pobreek —emakume beltzak barne— legez kanpo abortatzen zuten maiz. Abortatzeko eskubidea ez zen soilik emakume zurien eskubide bat; besterik gabe, estatubatuar emakume asko eta askorentzat ez zen ugalketarekin loturiko kezka bakarra edo garrantzitsuena.

      Aborturako eskubideak baino gehiago, pilula antikontzeptibo eraginkor baina ez guztiz seguruek (zientzialari gizonek sortuak, haietariko asko antisexistak ez ziren arren) zelaitu zuten emakumeen sexu-askapenerako bidea. Lehenbizikoz pilulak arazorik gabe eskuratzeko aukera izan zenean, nerabezaroaren amaierara iritsiak ginen emakumeok nahi gabeko haurdunaldien lotsa eta beldurra uxatzea lortu genuen. Emakume asko —ni neu barne—, nahiz preseski abortuaren aldekoak izan ez, askatasunez aukeratzearen alde geunden, eta, metodo antikontzeptibo arduratsuei esker, abortatzea saihestu ahal izan genuen. Nik neuk sexu-askapenaren sasoirik gorenean ere ez nuen sekula izan nahi gabeko haurdunaldirik, baina nire adiskideetako askok nahiago zuten abortatu pilula antikontzeptiboak kontzienteki eta arduraz hartu baino. Areago, metodo antikontzeptibo gisa erabiltzen zuten abortua. Pilula antikontzeptiboak hartzeak esan nahi zuen emakumeek berek erabaki zezaketela sexualki aktiboak izan ala ez. Gizonek, bestalde, sexualki lotsagabetzat hartzen zituzten metodo antikontzeptiboekin kontzientzia handiagoa zuten emakumeak. Hala, emakume batzuentzat, errazagoa zen sexu-harremanek beren bidea egitea eta gero “arazoa” konpontzea abortuaren bidez. Orain, badakigu behin eta berriz abortatzea edo estrogeno askoko pilula antikontzeptiboak luzaroan hartzea arriskutsua izan daitekeela, baina garai hartako emakumeak prest zeuden halako arriskuak hartzeko, sexu-askatasunaren eta aukeratzeko eskubidearen truke.

      Abortuaren gaiak, pentsamolde kristau fundamentalistaren aurka jotzen zuen heinean, hedabideen arreta bildu zuen. Izan ere, abortuak zuzen-zuzenean arbuiatzen zuen emakumeak haurrak izateko jaioak zirela. Ordura arte sekula ez bezala, herrialdea emakumeen gorputzari begira jarri zen. Eliza bera ere zalantzan jartzen zen. Pentsalari feministek aldarrikaturiko beste ugalketa-gai guztiek, ordea, ez zuten lekurik izaten hedabideetan. Zesareen eta histerektomien ondoriozko askotariko arazo medikoak ez ziren gai erakargarriak hedabideentzat; eskuarki, gizonen mendeko sistema mediko kapitalista patriarkalean jartzen zuten arreta, zeinak emakumeen gorputzak kontrolatu eta haiekin nahi zutena egiten baitzuen. Arretagunea genero-injustizia izatea erradikalegia zatekeen gaur egun ere hain kontserbadore eta hain antifeminista diren hedabideentzat.

      1960ko eta 1970eko hamarkadetako aktibista feministek ez zuketen sekula pentsatuko 1990eko hamarkadan oraindik ere emakumeen ugalketa-eskubideen alde borrokatu beharko ginenik. Mugimendu feministak iraultza kulturala bultzatu zuenean, nolabaiteko arriskurik gabeko antikontzeptiboen erabilera onartzea eta abortu seguru eta legezkorako eskubidea lortu zen, eta emakumeek ziurtzat jo zuten eskubide horiek sekula ez zirela berriz zalantzan jarriko. Baina, masa-mugimendu feminista politiko erradikal antolatua desagertzearekin eta kutsu erlijioso fundamentalistako fronte politiko eskuindar antolatu baten kontraeraso antifeminista agertzearekin, abortuaren gaia agenda politikora itzuli zen. Ondorioz, emakumeek aukeratzeko duten eskubidea zalantzan jartzen ari da gaur egun.

      Tamalez, abortuaren aurkako plataformak jomuga hartu ditu abortu finantzatuak, merkeak eta, behar izanez gero ere, doakoak. Ondorioz, klase-pribilegioak dituzten emakumeek, arraza batekoek zein bestekoek, badute abortu seguruak izateko aukera, hau da, badute aukeratzeko eskubidea; maila ekonomiko baxuagoko emakumeek, aldiz, ez dute halakorik. Gobernuak dirurik jartzen ez duenean ugalketa-eskubideak bermatuko dituen osasun-zerbitzu baterako, emakume pobreek eta langile-klasekoek aborturako aukera galtzen dute. Klase-pribilegioak dituzten emakumeentzat, abortatzeko dirua behar izatea ez da mehatxu bat, dirua daukatenez eskura baitaukate abortatzea ere. Beste emakume askok, baina, ez dute klase-botererik. Inoiz baino emakume gehiago dago pobrezia- eta txirotasun-egoeran. Abortu seguru, merke eta doakorako eskubiderik ez dutenez, galdua dute beren gorputzen gaineko kontrol guztia. Abortatzeko aukera dirua daukaten emakumeei soilik emanez gero, arriskua dago abortua legez kanpo utziko duten politika publikoetara itzultzeko. Eta hala ari da gertatzen estatu kontserbadore askotan. Klase guztietako emakumeek behar dute abortu segurua, legezkoa eta ordaintzeko modukoa.

      Emakumeek abortatzeko edo ez abortatzeko duten eskubidea ugalketa-askatasunaren ertz bat besterik ez da. Emakumearen adinaren eta egoeraren arabera, ugalketa-eskubideen gaineko kezka aldatu egiten da. Baliteke 20 edo 30 urteko emakume sexualki aktibo batek pilula antikontzeptiboak segurutzat ez jotzea eta egunen batean nahi gabeko haurdunaldi bati aurre egin behar izatea; orduan, abortu seguru, legezko eta merkea izango da berarentzat ugalketa-eskubide behinena. Menopausiara iritsi eta medikuek histerektomia egitera bultzatuz gero, aldiz, ugalketa-eskubide horrixe emango dio lehentasuna.

      Masa-mugimendu feministaren garrak bizitu nahi baditugu, ugalketa-eskubideek agenda feministaren ardatzean egon beharko dute. Emakumeok eskubiderik ez badaukagu gure gorputzetan zer gertatzen den aukeratzeko, gure bizitzako beste esparru batzuetako eskubideak ere galtzeko arriskuan egongo gara. Mugimendu feminista eraberritzeko, ugalketa-eskubideen gaiak lehentasuna izango du beste gaien gainetik. Horrek ez du esan nahi abortu seguru, legezko eta merkeen aldeko borroka ardatz izango ez denik; kontua da ez dela izango gai bakarra. Emakume guztiei eskainiz gero sexu-heziketa, osasun-laguntza prebentiboa eta antikontzeptiboak eskuratzeko erraztasunak, emakume gutxiago geratuko gara haurdun hala nahi izan gabe, eta, ondorioz, abortu gutxiago egin beharko dira.

      Abortu seguru, legezko eta merkea lortzeko borrokan atzera egiten badugu, atzera egingo dugu ugalketarekin loturiko beste arlo guztietan ere.

      Erabakitzearen aurkako mugimendua mugimendu antifeminista bat da funtsean. Emakume batek erabaki dezake inoiz ez abortatzea, baina, feminismoarekin leialak izan nahi badugu, beharrezkoa da inoiz abortatuko ez duenak ere erabakitzearen alde egitea, hau da, abortatzeko beharra duten emakumeen erabakitzeko eskubidearen alde egitea. Antikontzeptibo eraginkorrak erabiltzeko aukera izan duten emakume gazteek —hau da, legez kanpoko abortuen ondoriozko tragediarik ezagutu ez dutenek— ez dakite zer den botererik ez izatea eta esplotazioaren aurrean zaurgarri sentitzea ugalketa-eskubideak bermatzen ez zaizkielako. Beraz, adin guztietako emakumeak eta borroka-aliatu ditugun gizonak ugalketa-eskubideen garrantziaz jabetu daitezen, beharrezkoa da etengabe eztabaidatzea ugalketa-eskubideen aterki zabalaren azpian biltzen diren gai guztiez: horra ugalketa-eskubideak emakume guztien eskubide izatea lortzeko daukagun konpromisoaren oinarria. Gure askatasuna babesteko eta hari eusteko, beharrezkoa da ugalketa-eskubideen gaia feminismoaren lehentasuna izatea.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018