|
Feminismoa denon kontua da
—BEDERATZI— Emakumeak lanean
Estatu Batuetan, emakume guztien erdiak baino gehiago ari dira lanean. Mugimendu feminista garaikidea sortu zenerako, emakumeen heren bat baino gehiago ari zen lanean. Nire ingurune afro-amerikarra langile-klasekoa izaki, ezagutzen nituen emakume gehienak lanean ari ziren, eta, mugimendu feministaren hastapenetan pentsalari erreformistek proposaturiko ikuspegiaren aurrean, ni neu izan nintzen haren aurkako ahots gogorrenetako bat, emakumeak gizonen nagusikeriatik askatzeko bidea lana zela aldarrikatzen baitzuen. Duela hamar urte baino gehiago, zera idatzi nuen feminist theory: from margin to center liburuan:
Lana emakumeen askapenerako giltzatzat hartzen zenez, aktibista feminista zuri askok azpimarratu zuten lanean ari ziren emakumeak “askeak zirela”. Baina, egiaz, zera esaten ari zitzaizkien emakume langile gehienei: “Mugimendu feminista ez da zuen kontua”.
Baina nik lehen eskutik nekien soldata baxuen truke lan egiteak ez zituela emakume pobreak eta langile-klasekoak askatuko gizonen nagusikeriatik. Klase pribilegiatuko pentsalari feminista erreformisten helburu nagusia beren klase bereko gizonekiko berdintasun soziala lortzea zen, eta, lana eta askapena maila berean paratu zituztelarik, ongi ordaindutako lanak zituzten buruan. Baina haiek lanaz zuten ikuspegiak ez zuen ia baliorik emakume gehienentzat. Dena den, feminismoak ardaztzat hartu zuen emakume guztiei zegokien eskaera bat: lan beraren truke, soldata bera. Protesta feministei esker, emakumeek eskubide gehiago lortu zituzten soldaten eta lanpostuen esparruan, baina genero-diskriminazioa ez zen guztiz desagertu. Gaur egun ere, unibertsitate askotako emakume eta gizon ugarik uste dute mugimendu feminista ez dela garrantzitsua, emakumeak berdintasunean bizi direlakoan. Ez dakite emakume gehienek oraindik ez dutela batez beste soldata bera jasotzen lan beraren truke: gizon batek jasotzen duen dolar bakoitzeko, hirurogeita hamahiru zentimo jasotzen ditugu guk, gutxi gorabehera. Orain badakigu lanak ez dituela emakumeak gizonen nagusikeriatik askatzen. Badira diru asko irabazten duten emakume profesional asko, emakume aberats asko, gizonekin harremanak dituztenak baina betiere gizonen nagusikeria araua izanda. Zorionez, badakigu emakume batek ekonomikoki burujabea izateko aukera izan eta askapenaren bidea aukeratzen badu segur aski bertan behera utziko dituela gizonen nagusikeriaren araupean eraikitako harremanak. Bertan behera utziko ditu, ahal duelako. Pentsamolde feministarekin konprometitzen diren emakume askok askapenaren bidea aukeratzen dute, baina ekonomikoki lotuta daude gizon patriarkalekin, eta, horrela, zaila da —ezinezkoa ez esateagatik— halako harremanetatik ateratzea. Emakume gehienek orain badakite mugimenduaren hastapenetan gutariko batzuok ere bagenekien zerbait: lanak ez gaituela nahitaez askatuko baina horrek ez duela aldatzen burujabetza ekonomikoa beharrezkoa izatea emakumeak askatzeko. Beraz, burujabetza ekonomikoa aipatzen badugu —lana baino gehiago— askapenerako bide gisa, hurrengo pausoa izan behar litzateke zehaztea zer lan motak askatuko gaituen. Gauza ageria da ongi ordaindutako enpleguek eta ordutegi erosoak eskaintzen dituztenek askatasun handiagoa ematen dietela langileei. Emakume asko eta asko suminduta daude, feminismoak sinetsarazia baitzien lanean hasiz gero askapena lortuko zutela. Haietariko gehienek ikusi dute lanordu asko egin behar dituztela etxean zein etxetik kanpo. Mugimendu feministak emakumeak etxetik kanpo lan egiteko adoretu aurretik ere, krisi ekonomikoaren beharrizanek dagoeneko ekarria zuten aldaketa hori. Mugimendu feminista garaikidea sortu ez balitz ere, emakumeok berdin-berdin sartuko ginatekeen lan-munduan, baina uste izatekoa da feministek genero-diskriminazioari aurre egin ez baliote ez genituzkeela izango orain ditugun eskubideak. Emakume askok pentsatzen dute feminismoa dela berek lan egin behar izatearen “erruduna”, baina oker daude. Egiari zor, kapitalismo kontsumistak bultzatu zituen emakume gehienak lan-munduan sartzera. Krisi ekonomikoaren eraginez, erdiko klaseko familia zuriei ezinezkoa izango zitzaiekeen beren klase-estatusari eta bizimoduari eustea emakumeek etxekoandre soil izateko ametsari eutsi eta etxetik kanpo lan egitea aukeratu ez balute. Ikerketa feministetan dokumentatu bezala, emakume askok eta askok lan-munduan sartzeari esker lorturiko onurek zerikusi handiagoa dute autoestimua hobetzearekin eta komunitatean gehiago parte hartzearekin. Klasea gorabehera, etxean lanean geratzen ziren emakumeak bakartuta, bakarrik eta depresioak jota egoten ziren askotan. Langileak, ordea —izan emakume, izan gizon—, nahiz lanean seguru ez sentitu, zerbait handiagoaren parte sentitzen dira. Etxeko arazoek estres handiagoa dakarte, eta zailak dira konpontzen; lanekoak, aldiz, edonori konta dakizkioke, eta konponbideak bilatzea ez dago pertsona bakar baten esku. Etxetik kanpo gehienbat gizonek lan egiten zutenean, emakumeek buru-belarri lan egin behar izaten zuten etxean, gizonek leku eroso eta lasai bat izan zezaten. Senarra eta seme-alabak etxean ez daudenean, etxea leku lasai bat da emakumeentzat, baina orduan bakarrik. Denbora guztian besteen beharrak asetzen ibili behar dutenez, etxea lantokia da etxean geratzen diren emakumeentzat, eta ez lasaitzeko, eroso egoteko eta gozatzeko leku bat. Etxetik kanpo lan egitea, beraz, askatzaileagoa izan da emakume ezkongabeentzat (haietariko asko bakarrik bizi dira, eta litekeena da gehienak heterosexualak ez izatea). Emakume gehienek ez dute lortu gogoko lan bat izatea, eta lan-munduan parte hartzeak beren etxeko bizitzaren kalitatea kamustu du. Feminismoak enplegu-diskriminazioaren esparruan lorturiko aldaketei esker, goi-mailako ikasketak zeuzkaten emakume pribilegiatu batzuek, lehenago langabezian egonak edo lan prekarioetan arituak berak, lan gogokoagoetan aritzeko aukera lortu zuten, eta hori oinarrizkoa izan da burujabetza ekonomikorako. Dena den, horrek ez du aldatzen gainerako emakumeen patua. Duela zenbait urte, gai horretaz idatzi nuen feminist theory: from margin to center lanean:
Kontuan izanik mugimendu feministaren helburu nagusietako bat emakumeen lan-baldintzak hobetzea izan dela, eta baita ongi ordaindutako enpleguak lortzea eta klase guztietako emakume langabeentzat enplegua bilatzea ere, emakume guztion kezkei aurre egiten dien mugimendu gisa ikusi behar genuke feminismoa. Feminismoak lehentasuna eman zionez karrera profesionalari eta emakumeek ongi ordaindutako lanetan jarduteari, mugimendu feministako emakume asko eta asko alienatuta sentitu ziren, baina ez hori bakarrik: aktibista feministak ez ziren ohartu gero eta emakume burges gehiago lan-munduan sartzeak ez zuela esan nahi emakumeen botere ekonomikoa areagotzen ari zenik. Emakume pobre eta langile-klasekoen egoera ekonomikoari erreparatu izan baliote, berehala ikusiko zuketen gero eta langabe gehiago eta klase guztietako gero eta emakume pobre gehiago zegoela.
Pobrezia emakumeen arazo nagusietako bat da gaur egun. Patriarkatu supremazista zuri kapitalista gure gizarteko ongizate-sistema suntsitzen ahalegindu da, eta horrek bizitzeko oinarrizko premiak ere ez asetzea ekarriko die emakume pobre eta behartsuei: etxebizitza eta elikadura. Horren aurrean, gizonen mendeko etxe patriarkalera itzultzea eta gizonak diru-iturri bakarra izatea proposatzen dute politikari kontserbadoreek konponbide gisa; bistan da ez dutela kontuan hartzen, batetik, zenbat emakume eta gizon dauden langabezian, eta, bestetik, ez dagoela diru-iturri bakarrarekin bizitzerik eta gizon askok ez dituztela beren emazte eta seme-alabak ekonomikoki mantendu nahi, soldata ona izanda ere. Gaur egun ez dago egitasmo feministarik emakumeei irtenbiderik edo lanaren arazoa birpentsatzeko modurik eskaintzen dienik. Gure gizarteko bizi-kostua altua izanik, lanak ez die ematen burujabetza ekonomikorik langile gehienei, emakumeak izan zein ez. Era berean, burujabetza ekonomikoa beharrezkoa da emakume guztiontzat, baldin eta aukeratzeko askatasuna izan nahi badugu gizonen nagusikeriaren aurrean eta guztiz autorrealizatu nahi badugu. Burujabetza ekonomiko handiagoa lortzeko bideak nahitaez eraman behar gintuzke bizimodu alternatiboetara, hau da, hedabide patriarkal supremazista zuri kapitalistek bizitza onaz ematen diguten irudiaz bestelakoetara. Betetasunez eta ongi bizitzeko, batetik autoestimua eta geure buruarenganako errespetua eta bestetik bizitzeko soldata bat eskaintzen dizkigun lan bat izateko, enpleguak partekatzeko neurriak beharko ditugu. Irakasleek eta gizarte-langileek soldata altuagoak jaso behar lituzkete. Estatuak diru-laguntza bat eman behar lieke etxean geratu eta seme-alabak hazi nahi dituzten emakume eta gizonei, eta, horretaz gainera, etxean eskolatzeko programak sustatu behar lirateke, etxean bertan Batxilergoa amaitzeko eta unibertsitate-ikasketak egiteko. Teknologia aurreratua erabiliz, etxean geratu nahi dutenek aukera izan behar lukete unibertsitateko eskolak bideoz ikusteko, eskola presentzialekin uztartuta. Gure gobernuak ongizatea lehenetsiko balu gastu militarra lehenetsi beharrean eta herritar guztiek legez aukera izango balute enplegurik aurkitu ezin dutenean Estatuaren laguntza jasotzeko urte batean edo bitan, gizarte-laguntzen gaineko estigma desagertuko litzateke. Eta, gizonek ere aukera bera izango balute halako laguntzak jasotzeko, generoaren estigma ere desagertuko litzateke. Klaseen arteko arrakala gero eta handiagoak elkarrengandik banantzen ditu emakume pobreak eta emakume pribilegiatuak. Areago, eliteko emakumeek beste emakume batzuen askatasunaren bizkar lortu dute klase-boterea gure gizartean, batik bat aberatsek. Klase-boterea duten emakume gutxi batzuk, baina, dagoeneko hasiak dira neurri ekonomikoak bultzatzeko zubiak eraikitzen, pribilegio gutxiagoko emakumeei laguntzeko eta babesa emateko asmoz. Zenbait emakume aberatsek, bereziki aberastasuna jarauntsi dutenek, konpromisoa agertu dute emakumeen askapenarekiko, eta ekonomia parte-hartzailerako estrategiak garatzen ari dira. Horrek erakusten du emakumeok badutela kezka eta solidaritatez jokatu nahi dutela klase-botererik ez duten emakumeekin. Gaur egun, oso gutxi dira hala jokatzen dutenak, baina, haien jarrera jendearen artean ezagunago egin ahala, gero eta eragin handiagoa izango dute. Duela hogeita hamar urte, feministek ez zuten aurreikusi zer aldaketa izango ziren gure gizartean lanmunduari dagokionez. Ez ziren ohartu masa-langabezia arau bilakatuko zenik eta emakumeek berez existitzen ez ziren enpleguetarako prestakuntza jasoko zutenik. Ez zuten espero kontserbadoreek eta, batzuetan, liberalek halako erasorik egitea ongizatearen aurka, ezta dirurik ez zuten emakume ezkongabeei beren zailtasun ekonomikoen errua egoztea eta haiek laidoztatzea ere. Aurreikusi gabeko errealitate guztion kariaz, pentsalari feminista aurrerakoiak behar ditugu askapenaren eta lanaren arteko harremanaz berriro gogoeta egiteko. Ikerketa feminista askotan landu da zer rol duten emakumeek gaur egun lan-munduan eta nola aldatu duen horrek emakumeok beren buruaz duten pertzepzioa eta etxean duten rola; alabaina, oraingoz, inongo lanek ez du aztertu ea emakume gehiagok lan egiteak ezertan aldatu ote duen —onerako aldatu ere— gizonen nagusikeria. Gizon askok emakumeak jotzen dituzte langabeziaren erruduntzat, hornitzaile patriarkalaren identitate egonkorra galarazteagatik, nahiz identitate hori fantasia hutsa izan egiaz, bai lehen, bai orain. Etorkizunera begira, feminismoaren helburu garrantzitsuenetako bat izan behar litzateke gizonei ikuspegi errealista batetik azaltzea zertan datzan emakumeen eta lanaren arteko harremana, ikus dezaten lan egiten duten emakumeak ez direla haien etsaiak. Emakumeok aspaldi sartu ginen lan-munduan. Soldata altua izan zein baxua izan, emakume askoren ustez, lan egitea ez da ikuspegi feminista utopikoek zioten bezain esanguratsua. Emakumeok dirua irabazteko eta hartara gehiago kontsumitzeko lan egiten badugu, eta ez maila guztietan kalitate hobeagoko bizitza bat izateko, lanak ez digu ekarriko burujabetza ekonomikorik. Diru gehiago izateak ez du esan nahi askeagoak izango garenik, ez behintzat diru hori gure ongizatea hobetzeko erabiltzen ez bada. Lanaren esanahia birpentsatzea zeregin garrantzitsua izango da etorkizuneko mugimendu feministarentzat. Mugimenduak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da, batetik, emakumeak pobreziatik ateratzeko bideak bilatzea, eta, bestetik, ongi bizitzeko estrategiak pentsatzea, oso baliabide gutxi eduki arren. Mugimendu feministaren hastapenetan, burujabetza ekonomikoa ez zen lehentasun bat. Alabaina, emakumeen egoera ekonomiko larriari heltzea abiapuntu aparta izan liteke feministontzat, erantzun kolektibo bat hezurmamitzeko. Eta halaber izan liteke antolaketa kolektiborako esparru bat, topagune komun bat, emakume guztiok batuko gaituen kontu bat.
Feminismoa denon kontua da |