|
Feminismoa denon kontua da
—HEMEZORTZI— Espiritualtasun feminista
Feminismoa beti izan da (eta hala da gaur egun ere) praktika espiritualari balioa aitortzen dion erresistentzia-mugimendu bat. Teoria eta praktika feministari esker, kontzientzia osoa hartu nuen geure burua maitatzearen eta onartzearen premiaz, autorrealizaziorako bide gisa; dena den, aurretik ere ibilia nintzen mezu haietara berberetara ninderamaten bide espiritualetan barrena. Gizonek gidaturiko erlijioak sexistak ziren arren, emakumeok kontsolamendurako eta babeserako eremu bat aurkitu dugu praktika espiritualean. Mendebaldeko Elizaren historian, emakumeek tradizio monastikoetara jo izan dute gizonen bitartekaritzarik gabe Jainkoarekin elkartzeko eta gizonen nagusikeriatik at Jainkoari zerbitzu egiteko leku baten xerka. Norwicheko Ama Juliana idazle mistikoak begirada zoliz eta argitasun jainkotiarrez idatzi zuen honako hau, feminismo garaikidea sortu baino askoz lehenago idatzi ere: “Gure salbatzailea gure egiazko Ama da: harengan sortzen gara behin eta berriz, eta sekula ez gara harengandik aterako”. Alegia, gure salbamena beti eta bakarrik gizon baten esku dagoela dioen ikuspegiaren aurka, feminitate sakratuaren itzulerako bidaia marraztu zuen Norwicheko Julianak, eta horrek erlijio patriarkalen lokarrietatik askatzen lagundu zien emakumeei. Mugimendu feministak hasieratik erlijio patriarkalari egindako kritikak eragin sakona izan zuen gure herrialdean, erlijio-gurtzaren izaera aldatzeraino. Hala, agerian utzi zuen nola baliatzen zen Mendebaldeko dualismo metafisikoa (hau da, mundua kategoria bitarren arabera uler daitekeela beti, beti badirela goragoko bat eta beheragoko bat, bata ona eta bestea txarra) orotariko zapalkuntza kolektiboetarako, sexismorako, arrazakeriarako eta abarretarako oinarri ideologiko gisa, eta nola pentsamolde horixe zegoen sinesmen-sistema judu-kristauen oinarrian. Gure gurtza aldatzeko, beharrezkoa zen espiritualtasuna birplanteatzea. Erlijio patriarkalaren gaineko kritika feministen garai berean, aldaketa kultural orokor bat suertatu zen New Ageko espiritualtasunerantz: mendeetan zehar Mendebaldeko arimak pentsamendu kristau fundamentalistaren mendean egon ondoren, hura alboratu eta Ekialdera jo zuten New Ageko giro espiritualetako praktikanteek, erantzun bila. Bekatuan eta erredentzioan funtsaturiko espiritualtasun patriarkalaren ordez, Kreazioaren espiritualtasuna nagusitu zen. Emakumeek jainkosen irudiak aurkitu zituzten hinduismoan, budismoan, buduismoan eta beste tradizio espiritual batzuetan, eta horrek jainkosak ardatz zituen espiritualtasun batera itzultzeko aukera eman zien. Mugimendu feministaren hasieran, gatazkak piztu ziren aktibista batzuek defendatzen zutelako mugimenduak politikoa behar zuela izan, erlijioa alde batera utzirik. Politika sozialista tradizionaletik feminismo erradikalera iritsi ziren emakume asko eta asko ateoak ziren. Feminitate sakratuaren ikuspegira itzultzea jarrera apolitiko eta sentimentala iruditzen zitzaien. Dena den, mugimenduaren barneko zatiketa horrek ez zuen askorik iraun, emakume asko berehala hasi baitziren ohartzen erlijio patriarkalari aurre egitea eta espiritualtasun askatzailearen alde egitea bat zetozela. Estatu Batuetako herritar gehienek kristautzat daukate beren burua. Kristau-doktrinak, zeinak sexismoa eta gizonen nagusikeria sustatzen baititu, beste edozein fede erlijiosok baino areago gorpuzten du nola gureganatzen ditugun genero-rolak gizarte honetan. Egiatan, gure kulturan ez da izango eraldaketa feministarik gure erlijio-sinesmenak eraldatzen ez baditugu. Kreazioan oinarrituriko espiritualtasun kristauaren pizkundea mugimendu feministarekin batera gertatu zen. Matthew Foxek honela azaldu zuen original Blessing [Jatorrizko bedeinkazioa] lanean: “Erlijio patriarkalak eta erlijioen paradigma patriarkalak nagusi izan dira munduko zibilizazioetan azken 3.500 urteetan gutxienik. Kreazioan oinarrituriko tradizioa feminista da. Halako espiritualtasun motetan, jakinduriari eta erosari balio handiagoa ematen zaie ezagutzari edo kontrolari baino”. Naturaren/ekologiaren eta eskubide zibilen alde diharduten feministen arteko tentsioei dagokienez, Foxek dio halako dualismoak alferrikakoak direla:
Justiziaren aldeko mugimendu politikoak kosmosaren garapenaren goren-gorenean daude, eta natura, berriz, gizakiak autokontzientziarako eta eraldaketarako daukan ahalmenaren gaineko kontzientziara iristeko oinarria da. Askapen-mugimenduek kosmosaren harmoniaren, orekaren, justiziaren eta ospakizunaren zentzua areago garatzea dakarte. Hori dela eta, askapen espiritualak ospakizun eta sendabide kosmikorako erritualak behar ditu, pertsonen eraldaketa eta askapena dakarten heinean.
Askapenaren teologien arabera, talde esplotatu eta zapalduak askatzea funtsezko fede-ekintzak dira, Jainkoaren nahiaren onespenaren erakusgarriak. Patriarkatuaren aurkako borrokak Jainkoak aginduak dira. Erlijio patriarkal fundamentalista oztopo izan da beti (eta hala da gaur egun ere) pentsamendu eta praktika feminista hedatzeko. Ez dago feministak gehiago laidoztatu dituenik fundamentalista erlijioso eskuindarrak baino; areago, pentsalari feministak —batik bat emakumeen ugalketa-eskubideen aldekoak— hiltzea sustatu eta onetsi izan dute. Hasieran, feministek kristautasunari eginiko kritiken ondorioz, emakume ugari mugimendutik aldendu zen. Nolanahi ere, emakume kristau feministak Bibliaren eta kristau-sinesmenen kritika eta interpretazio berriak —Kreazioan oinarrituak— eskaintzen hasi zirenean, emakume asko gai izan ziren feminismoa eta kristau-praktikarekiko konpromisoa uztartzeko. Hala eta guztiz ere, oraindik ez dute lortu mugimendu bat antolatzea kristau sinestunek uler dezaten ez duela zertan gatazkarik egon feminismoaren eta kristau-espiritualtasunaren artean. Gauza bera gertatzen da feminista judu, budista, musulman eta abarrekin. Hori hala den bitartean, erlijio patriarkal antolatuak beti gutxietsiko ditu lorpen feministak. Hasieran, feminismo garaikideak eskubide zibilei eta lorpen ekonomikoei eman zien lehentasuna, espiritualtasuna kontuan hartu gabe. Erlijioaren gaineko kritika feministak lekua izan zuen hedabide nagusietan, baina ez zegoen interesik zenbait emakume feministaren pizkunde espiritualaren berri emateko. Jende askok eta askok gaur egun ere pentsatzen du feminismoa erlijioaren aurka dagoela. Baina, egiaz, feminismoak pentsamendu erlijioso patriarkala eraldatzen lagundu du, eta, horrenbestez, gero eta emakume gehiagok lortzen dute hura sakratuarekin lotzea eta bizitza espiritualari atxikitzea. Maiz, familia edo bikote barneko eraso patriarkalen kalteak sendatzeko saio terapeutikoetan, praktika espiritual feminista aitortzen eta onartzen zen. Alegia, emakume askok terapia feministari esker berretsi zuten beren bilaketa espirituala. Arimaren bilaketa hori esparru pribatuan garatu ohi denez, jendeak ez daki zenbateraino onartzen duten orain aktibista feministek beharrezkoa dela espirituaren eta bizitza espiritualaren premiak kontuan hartzea. Etorkizuneko mugimendu feministan, estrategia hobeak beharko ditugu espiritualtasun feministari buruzko informazioa partekatzeko. Bide espiritual alternatiboak aukeratzeak emakume askori lagundu die bizitza espiritualarekiko konpromisoari eusten, bai eta, aldi berean, erlijio patriarkalari aurre egiten eta hura zalantzan jartzen ere. Esku-hartze feministei esker, Eliza edo tenplu instituzionalizatu patriarkala aldatu da. Dena den, azken urteetan, Eliza atzera egiten hasia da generoekitaterantz lorturiko aurrerapausoetan. Zenbat eta fundamentalismo erlijioso gehiago, orduan eta mehatxu handiagoa espiritualtasun progresistarentzat. Fundamentalismoak, batetik, desberdintasuna “berezkoa” dela sinestera bultzatzen du jendea, eta, horretaz gainera, emakumeen gorputzaren gaineko kontrola beharrezkoa izatea betikotzen du. Horregatik egiten die eraso ugalketa-eskubideei. Era berean, fundamentalismo erlijiosoak sexualitatearen gaineko ikuspegi errepresiboak inposatzen dizkie emakume eta gizonei, hau da, ontzat ematen da orotariko sexu-larderia baliatzea. Garbi dago oraindik ere premiazkoa dela aktibista feministek erlijio antolatua kontuan hartzea, indarrean dagoen kritikarekin eta erresistentziarekin bat egiteko. Gaur egun, feminismoa sostengatzen duten tradizio espiritual ugari daude, zoragarriak denak, baina jende askok eta askok ez dauka modurik halako praktikak ezagutzeko ere. Askotan, jendeari iruditzen zaio erlijio patriarkala dela norberaren ongizate espirituala zaintzeko esparru bakarra. Erlijio patriarkalak trebetasun handiz erabili ditu hedabideak —telebista batez ere— bere mezua zabaltzeko. Bide espiritual alternatiboek ere gauza bera egin behar lukete, baldin eta gezurtatu nahi badugu erlijio patriarkala dela bide bakarra. Espiritualtasun feministak esparru berri bat zabaldu zuen, jendeak sinesmen-sistema zaharkituak zalantzan jar zitzan eta bide berriak ireki zitzan. Jainkoa hainbat eratara irudikatuz eta feminitate sakratua errespetatuz, aurkitu ditugu bizitza espirituala zein garrantzitsua den berresteko (edo berriz berresteko) bideak. Edozein menderakuntza eta zapalkuntzatatik askatzea oinarrizko bilaketa espiritualtzat hartuz gero, lortuko dugu praktika espirituala eta justiziaren eta askapenaren aldeko borrokak uztartzea. Betetasun espiritualaren gaineko ikuspegi feminista da benetako bizitza espiritualaren funtsa.
Feminismoa denon kontua da |