Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—HAMAHIRU—

Gurasotza feminista

 

      Mugimendu feminista erradikal garaikidearen ardatz nagusietako bat haurren gaia izan zen. Emakumeen itxaropena zen haurrak sexismorik gabe haziz gero ez zela mugimendu antisexista baten beharrik izango etorkizuneko munduan. Hasieran, rol sexual sexistei eta rolok haurrei jaiotzen direnetik inposatzeko moduei erreparatu zitzaien. Feminismoak neskatoengan jarri izan du ia beti arreta gehiena, aurreiritzi sexistei aurre eginez eta irudi alternatiboak sustatuz. Noizbehinka, mutikoei heziketa antisexista emateko beharra ere nabarmendu izan da, baina gehienbat gizonen patriarkatua kritikatzeari eta gizonek oro har emakumeek baino aukera hobeagoak dituztela azpimarratzeari eman zaio lehentasuna. Mutikoek neskatoek baino pribilegio gehiago eta botere handiagoa dutela onartzeak arreta nagusia neskatoengan jartzera bultzatu gintuen feministok.

      Pentsalari feministok familia barneko sexismoa lantzean aurrez aurre izan genuen zailtasun nagusietako bat zera izan zen: gehienetan amek transmititzen zutela pentsamolde sexista. Aita zaintzaile heldurik ez zen etxeetan ere, emakumeek pentsamolde sexista irakasten eta transmititzen zieten haurrei. Ironikoa irudi duen arren, jende askok uste du emakumeak buru dituzten familiak matriarkalak direla berez. Gaur egun, gizarte patriarkal honetan familiaburu diren emakumeak errudun sentitzen dira beren etxean gizonik ez dagoelako, eta balio sexistak irakasten dizkiete haurrei, hiperkontzienteki, batez ere mutikoei. Azkenaldian, klase eta arraza guztietako mutil gazteen ekintza biolento andanaren aurrean, hedabide nagusietako sasijakintsu kontserbadoreek iradoki dute emakume ezkongabeak ez direla gai seme osasuntsuak hezteko. Hori ez da egia inolaz ere, bai baitakigu ama ezkongabeek heziak direla gure gizarteko gizon maitagarri eta boteretsuenetako batzuk. Berriz errepikatuko dugu: jende gehienak uste du beren seme-alabak —bereziki semeak— bakarrik hezten dituzten emakumeek ez dutela asmatzen haurrak gizon patriarkal bihurtzen. Baina hori ez da egia.

      Menderakuntzazko kultura supremazista zuri kapitalista patriarkaletan, haurrek ez dute eskubiderik. Justizia sozialaren aldeko mugimenduen artean, mugimendu feminista izan zen lehena aditzera ematen gure kulturak ez dituela haurrak maite, haurrak gurasoen ondasuntzat hartzen direla eta horrenbestez gurasoek nahi dutena egin dezaketela haiekin. Helduek haurren aurka indarkeria erabiltzea ohikoa da gure gizartean. Pentsalari feminista gehienek, baina, ez diote garrantzirik eman nahi izan errealitate horri, sarritan emakumeak baitira —alegia, guraso zaintzaile nagusiak— errudun nagusiak haurren aurkako eguneroko indarkeria horretan. Funtsezkoa eta iraultzailea izan zen mugimendu feministak aditzera ematea gizonek etxean duten nagusikeriaren ondorioz batzuetan autokrazia bat sortzen dela eta gizonek sexualki abusatzen dutela haurrez; baina, beste alde batetik, haur askok eta askok abusu fisiko eta hitzezkoak jasotzen dituzte egunero-egunero emakume zein gizonen aldetik. Amasadismoak haurrez emozionalki abusatzera bultzatzen ditu emakumeak askotan, eta teoria feminista egundaino ez da gai izan kritika eta esku-hartze feminista bat eskaintzeko emakume helduek haurren aurka baliatzen duten indarkeriaren aurka.

      Haurrek eskubide zibilik ez duten menderakuntzazko kultura batean, boteretsuek —hau da, emakume eta gizon helduek— beren botere autokratikoa erabil dezakete haurren aurka. Txosten medikoetan egiaztatu denez, gure gizartean egunero izaten dira haurren aurkako abusu biolentoak. Are bizitza bera arriskuan jartzeraino. Haur asko hiltzen da. Emakumeek gizonek bezainbeste baliatzen dute indarkeria, edo gehiago. Pentsamolde eta praktika feministak hutsune handia izan du arlo horretan, uko egin baitio emakume helduek haurren aurka baliatzen duten indarkeriari aurre egiteari. Dena gizonen nagusikeriari egotziz gero, emakumeentzat —baita pentsalari feministentzat ere— errazagoa da ezkutatzea emakumeek haurrez abusatzen dutela guztiok sozializatu gaituztelako pentsamolde patriarkalaren arabera, menderakuntzaren etikaren arabera, non boteredunek eskubidea baitute boteregabeen gainean agintzeko eta edozein bide erabil baitezakete haiek mendean hartzeko. Patriarkatu supremazista zuri kapitalistan, onartzen da gizonek emakumeak beren mendean hartzea, baina baita helduek haurrak beren mendean hartzea ere. Eta inork ez die benetan erreparatu nahi ama abusu-egileei.

      Askotan kontatu izan dut nola behin afari dotore batera joan nintzen eta emakume bat kontatzen hasi zen nola zigortzen zuen bere seme gaztea atximur mingarriak eginez: haragia atximurkatzen zion, haren gainean kontrola izatea lortu arte. Eta mundu guztiak txalo egin zion, diziplina ezartzeko agertu zuen trebetasunagatik. Orduan, jendaurrean adierazi nuen haren jokamoldea abusu bat zela, beraren semea hazi ahala emakumeez abusatzeko hazia ereiten ari zela potentzialki. Horretaz gainera, entzuleen aurrean aipatu nuen gizon batek kontatuko balu atximur egiten diola emakume bati haren jokamoldea kontrolatzeko abusutzat joko genukeela berehala. Baina, erasoa haurren aurkakoa denean, ontzat ematen da menderakuntza negatiboa. Halakoak ez dira gertaera bakanak; gurasoek askoz indarkeria bortitzagoa erabiltzen dute egunerokoan seme-alaben aurka.

      Herrialde honetako haurrek, beraz, krisi bati aurre egin behar diote: pentsamolde patriarkalaren eta aldaketa feministen arteko talkaren ondorioz, familia gerrarako eremu bilakatu da, are gizonen nagusikeria etxe guztietan arau zen garaian baino gehiago. Mugimendu feminista katalizatzaile bat izan zen, itzalpetik atera eta lau haizeetara zabaldu baitzuen zein larria zen —lehen bezala, orain— gizonek haurrez sexualki abusatzea familia patriarkaletan. Hasieran, tratamendu terapeutikoa jasoa zuten mugimendu feministako zenbait emakume helduk kontatu zuten abusuaren biktimak izanak zirela, hau da, gaia terapiaren esparru pribatutik atera, eta diskurtso publikora ekarri zuten. Lekukotasun haiek testuinguru etiko eta moral positibo bat eratu zuten haurrek gaur egun abusuari aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, besterik gabe esatea gizonek haurrez sexualki abusatzen dutela ez da aski jendeak uler dezan abusua gizonen nagusikeriarekin lotuta dagoela eta patriarkatua deuseztatzea dela modu bakarra arazoa konpontzeko. Gizonek emakumeek baino sarriagotan abusatzen dute sexualki haurrez, eta halako abusuak sarriago salatzen dira emakumeek egindakoak baino, baina gizonen abusua bezain ankertzat hartu behar litzateke emakumeek sexu-larderiaz jokatzea haurren aurka. Eta, mugimendu feministari dagokionez, gizonen abusuak kritikatzen dituen bezain zorrotz kritikatu behar lituzke emakumeenak ere. Sexu-abusuen gaiaz harago, haurren aurkako indarkeria era askotara agertzen da, eta ohikoenak abusu psikologikoak eta hitzezkoak dira.

      Abusuzko umiliazioa beste abusu mota batzuen oinarria da. Mutikoek, askotan, abusuak sufritzen dituzte maskulinitatearen ikuspegi sexisten arabera ez jokatzeagatik; heldu sexistek (bereziki amek) eta beste haur batzuek umiliatzen dituzte. Aita zaintzaileek pentsamendu eta jokamolde antisexistak gorpuzten dituztenean, ordea, neska-mutilek aukera izaten dute feminismoa ekinean ikusteko. Pentsalari eta aktibista feministek haurrei eskaintzen dizkieten heziketa-esparruetan, haien jokamoldea ez da epaitzen aurreiritzi antisexisten arabera, eta, horri esker, neska-mutilek autoestimu osasungarria garatzen dute.

      Mugimendu feministak haurren alde egindako esku-hartze onuragarrienetako bat izan zen kontzientzia kulturala zabaltzea eta ohartaraztea gizonek berdintasunez parte hartu behar dutela gurasotzan, ez bakarrik genero-ekitatearen mesedetan, baizik eta baita haurrekiko harremanak hobetzeko ere.

      Etorkizuneko ikerketa feministetan, dokumentatuta geratuko da nola hobetzen den haurren bizitza aita antisexistei esker. Era berean, gehiago jakin beharra daukagu gurasotza feministari buruz eta orobat haur bat testuinguru antisexista batean heztearen praktikotasunari buruz, eta garrantzitsuena da gehiago arakatu beharra daukagula etorkizunean nolako pertsonak izango diren halako heziketa jasotzen duten haurrak.

      Aktibista feminista aurrerakoiok sekula ez dugu ukatu zenbaterainoko garrantzia eta balioa duten aita zaintzaileek, eta, aldi berean, lanean segitzen dugu amatasunak eta ama diren emakumeek egiten duten lanak aitortza kultural handiagoa izan dezaten. Gizonek gurasotzan parte hartzea goretsi eta amen zaintza-lan ona mespretxatzen badugu eta balioa kentzen badiogu, mesede eskasa egingo diegu emakumeei. Mugimendu feministaren hasieran, feministek gogor kritikatzen zuten amatasuna, beren karrera profesionalen kontra zihoalakoan, karrera horiek baliagarriagotzat jotzen baitzituzten askapena eta autoafirmazioa lortzeko bidean. Nolanahi ere, 1980ko hamarkadaren erdialdean, zenbait pentsalari feministak aurre egin zieten feministak amatasunaren gainean hedatzen ari ziren mespretxuari eta etxetik kanpoko lanaren balioespen gehiegizkoari. Gai horri buruz, zera idatzi nuen feminist theory: from margin to center liburuan:

 

      Emakumeek sexismoa arautzat duen testuinguru sozial batean lan egiten dute, alferrikako lehia eta norbanakoen arteko inbidia, mesfidantza, etsaitasuna eta makurkeria sustatzen dituen testuinguru batean, eta horrek estresagarri, etsigarri eta, maiz, guztiz esker txarreko bilakatzen du lana. Soldatapeko lana gogoko izan eta hartaz gozatzen duten emakume askoren iritziz, denbora gehiegi kentzen die lanak, tarte gutxi geratzen baitzaie bestelako denbora-pasa asebetegarrietarako. Lanak independentzia edo are burujabetza ekonomikoa lortzen laguntzen dien arren, emakume gehienen aburuz ez da modu egokia pertsona gisa dituzten premiak asetzeko. Ondorioz, emakumeek giro zainduetan egindako lan atsegingarriak bilatzen dituzte; alegia, berriz ere, familiaren eta amatasunaren alderdi onuragarrien garrantzia azpimarratzen ari gara.

 

      Ironikoa bada ere, pentsalari feministak amatasunaren irudi orekatuago bat sortzeko ahaleginean ari zirela, kultura nagusi patriarkalak kritika krudel bat abiarazi zuen emakumeak buru zituzten familia gurasobakarren aurka. Kritika hura bereziki gogorra izan zen ongizatearen gaiari dagokionez. Kritika patriarkalak ez zuen aintzat hartu —nahiz datuak baziren— nolako gaitasuna zuten ama ezkongabeek maitatzeko, are diru-sarrera urriak izanda ere, estatuaren laguntzez baliaturik edo soldata baten truke lan eginda; horren ordez, emakumeak buru zituzten familia disfuntzionaletan jarri zuten arreta, ohikoena halako egoerak suertatzea balitz bezala, eta, areago, iradoki zuten arazoa aise konpon zitekeela gizonek halako egoeretan hornitzaile patriarkal eta familiaburu gisa parte hartuz gero.

      Ama ezkongabeen desohore soziala kontraeraso antifeministen artean kaltegarriena izan da haurren ongizaterako. Bi gurasok osaturiko familia patriarkala gainerako aukeren aldean lehenesten duen kultura batean, haurrek desoreka emozionala izaten dute beren familia eredu estandarretik kanpo dagoenean. Familia patriarkalaren gaineko ikuspegi utopikoak bere horretan iraun du, nahiz eta frogatuta dagoen haurren ongizatea ez dela handiagoa gizonak buru dituzten familietan emakumeak buru dituztenetan baino. Haurrak maitasun-giroetan hezi behar dira. Menderakuntza agertuz gero, maitasuna falta izaten da. Guraso maitekorrek —ezkongabe zein bikote, homosexual zein heterosexual, emakume zein gizon— aukera handiagoa dute haur osasuntsu, zoriontsu eta autoestimu altukoak hazteko. Etorkizuneko mugimendu feministan, lan gehiago egin behar dugu gurasoei erakusteko sexismoa deuseztatzeak aldaketa onuragarriak dakarzkiola familia-bizitzari. Mugimendu feminista familiaren aldekoa da. Haurren gaineko nagusikeria patriarkala deuseztatzea (eta berdin du emakumeak ala gizonak nagusitzen diren) da bide bakarra familia esparru seguru bat izan dadin haurrentzat, aske izan daitezen esparru horretan, maitasuna zer den jakin dezaten.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018