|
Feminismoa denon kontua da
—HAMABI— Maskulinitate feminista
Mugimendu feminista abiatu zenean, fakzio bortitz bat sortu zen gizonen aurka. Mugimendura batu ziren emakume heterosexualetako batzuk gizon krudel, zital, oldarkor eta desleialekiko harremanetatik zetozen. Gizon haietako asko pentsalari erradikalak ziren, justizia sozialaren aldeko mugimenduetan zebiltzanak eta langileen, pobreen eta arraza-justiziaren alde aldarri egiten zutenak. Alabaina, generoaren gaiari dagokionez, pentsalari kontserbadoreak bezain sexistak ziren. Emakume haiek haserre zetozen harreman haietatik, eta emakumeen askapenerako katalizatzaile gisa baliatu zuten haserre hori. Mugimenduak aurrera egin ahala eta pentsamolde feminista garatu ahala, mentalitate irekiko zenbait aktibista feminista konturatu ziren arazoa ez zirela gizonak, baizik eta patriarkatua, sexismoa eta gizonen nagusikeria. Zaila izan zen errealitate hori onartzea; alegia, arazoa ez zegoela soilik gizonengan. Teorizazio konplexuagoa behar zela errealitate horri aurre egiteko. Onartu beharra zegoela emakumeek ere laguntzen zutela sexismoari eusten eta hura betikotzen. Zenbat eta emakume gehiago atera gizonekiko harreman suntsitzaileetatik, orduan eta errazagoa zen argazki osoa ikustea. Agerian geratu zen gizon batzuk pribilegio patriarkaletatik askatuta ere bere horretan iraungo zutela patriarkatuaren sistemak, sexismoak eta orobat gizonen nagusikeriak, eta emakumeak berdin-berdin izango zirela esplotatuak eta zapalduak. Hedabide kontserbadoreetan, gizon-gorrotatzaile gisa irudikatzen ziren emakume feministak, etengabe. Mugimenduaren barnean gizonen aurkako fakzio edo sentimenduren bat agertzen zen aldiro, hura hanpatu, eta feminismoa lohitzeko baliatzen zen. Bestalde, gizon-gorrotatzaileen irudia zela eta, esaten zen feminista guztiak lesbianak zirela. Homofobiaz baliaturik, beraz, hedabideek sentimendu antifeminista hauspotu zuten gizonen artean. Mugimendu feminista garaikideak hamar urte bete aurretik, pentsalari feministok aipatzen hasiak ginen nolako kaltea egiten zien patriarkatuak gizonei. Gizonen nagusikeria lehiaz kritikatzen jarraitzeari utzi gabe, feminismoaren ikuspegia zabaldu zen, eta hala onetsi zen patriarkatuak identitate maskulino sexista bat inposatzen ziela gizonei eta horrek zenbait eskubidez gabetzen zituela. Gizon antifeministen ahots publikoak indarra izan du beti. Pentsamolde feministari eta aktibista feministei beldur eta gorroto zieten gizonek azkar bai azkar batu zituzten beren indarrak, eta mugimenduari eraso zioten. Dena den, gizon gutxi batzuek hasieratik onartu zuten mugimendu feminista ere baliagarria zela justizia soziala lortzeko, gure herrialdearen historiako beste mugimendu erradikal batzuk baliagarriak izan ziren era berean, kontuan izanik gizonak berak ere parte hartuak zirela mugimenduotan. Gizon haiek gure burkideak izan ziren gure borrokan, gure aliatuak. Maiz, mugimenduko emakume aktibo heterosexualek harreman intimoak izaten zituzten feminismoa barneratzeko borrokatzen ari ziren gizon haiekin. Maiz, pentsamolde feministarako konbertsioaren aurrean, gizonek aukeratu beharra zeukaten ea erronkari heltzen zioten ala harreman intimoak hausteko arriskua hartzen zuten. Gizonen aurkako fakzioei deseroso zitzaien gizon antisexistak egotea mugimendu feministan, horrek ezeztatu egiten baitzuen gizon guztiak zapaltzaileak zirela edo gizon guztiek gorroto zietela emakumeei. Emakume eta gizonak polarizatzeak eta zapaltzaile/zapaldu kategorien arabera banatzeak mesede egiten zien klase-mugikortasun handiagoa lortu eta botere patriarkalaren egituretan sartu nahi zuten emakume feministen interesei. Gizon guztiak etsaitzat hartzen zituzten, emakume guztiak biktima gisa agertzeko. Arretagune nagusia gizonengan jarriz gero, ez zitzaien hainbeste erreparatzen aktibista feminista haien klase-pribilegioei eta beren klase-boterea areagotu nahiari. Gizonak baztertzen zituzten aktibista haiek ez ikusiarena egiten zieten emakume eta gizonen arteko zaintzazko harremanei edo emakumeak gizon sexistekin lotzen zituzten harreman ekonomiko eta emozionalei (izan positiboak, izan negatiboak). Gizonak burkide gisa onartzeko eskatzen genuen feministok ez genuen lekurik hedabideetan. Gizonenganako etsaigo hori kritikatzeko egin genuen lan teorikoak ere ez zituen aldarazi gizonen aurkako emakume haien ikuspegiak. Areago, erreakzio bat izan zen gizontasunaren irudikapen negatiboen aurrean: zenbait gizonek emakumeen aurkako mugimendu bat sortu zuten. “Gizonen askapenerako mugimendu”az idatzi nuelarik, mugimendu haren oportunismoa nabarmendu nuen:
Gizon haiek sexismoaren biktimatzat zeukaten beren burua, eta gizonen askapenaren alde ziharduten. Rol sexual zurrunak beren biktimizazioaren iturburu nagusitzat jotzen zituzten, eta, maskulinitatearen ikuspegia aldatu nahi bazuten ere, ez zuten kezka berezirik emakumeen esplotazio eta zapalkuntza sexistarekin.
Neurri handi batean, gizonen mugimenduak emakumeen mugimenduaren alderdi makurrenak islatzen zituen. Gizonen aurkako fakzioak urriak izan ziren arren mugimendu feministan, zaila izan da jendearen iruditerian emakume feminista gizon-gorrotatzailearen irudia aldatzea. Jakina, feminismoa gizon-gorrotatzaileen mugimendu gisa aurkeztuta, gizonentzat errazagoa zen arreta desbideratzea beren nagusikeriaren gainean zuten erantzukizunetik. Teoria feministak maskulinitatearen inguruko ikuspegi askatzaile gehiago eskaini balitu, ezinezkoa zatekeen inork mugimendua gutxiestea gizonen aurkakoa zelako. Mugimendu feministak huts egin zuen emakume eta gizon asko erakartzeko orduan; neurri handi batean, gure teoriak ez zuelako eraginkortasunez azaldu zer egin zezaketen gizonek antisexista izateko, baina ez horregatik bakarrik: ez ginen gai izan maskulinitate alternatibo bat zer izan zitekeen esateko. Askotan, mugimendu feministak edo gizonen mugimenduak maskulinitate patriarkalaren alternatiba bakarra proposatzen zuten: gizonak “femeninoago” bilakatzea. Femeninoaren gaineko ideia hori pentsamolde sexistatik zetorren, eta ez zen alternatiba bat harentzat. Maskulinitatearen gaineko bestelako ikuspegi bat behar genuen, eta behar dugu, zeinean norberaren izate bakarrarenganako estimua eta maitasuna izango baitira identitatearen oinarriak. Menderakuntzazko kulturek autoestimuaren aurka jo ohi dute, eta, haren ordez, gure izatearen zentzua besteak menderatzeari loturik dagoela sinetsarazten digute. Maskulinitate patriarkalak gizonei irakasten die besteak menderatzeko ahalmenean dagoela beren buruaren eta identitatearen zentzua, beren izateko arrazoia. Hori aldatzeko, gizonek gizonen nagusikeria kritikatu behar dute, hari aurre egin, izan munduaren gaineko nagusikeria, izan botere apalagoko gizonen gainekoa, izan emakume eta haurren gainekoa. Baina, horretaz gainera, garbi ikusi behar dute zer den maskulinitate feminista. Nolatan izango dira imajinatu ezin dezaketen zerbait? Pentsalari feministok —bai gizonek, bai emakumeok— argi eta garbi zehaztu beharra daukagu ikuspegi hori. Justizia sozialaren aldeko mugimendu iraultzaileetan maiz gertatu ohi den bezala, abilagoak gara arazoari izena jartzen konponbideak planteatzen baino. Badakigu maskulinitate patriarkalak patologikoki nartzizistak eta heldugabeak izatera eramaten dituela gizonak, eta, psikologikoki, gizon jaiotzeagatik berez jaso dituzten pribilegioen mendeko izatera, pribilegiook erlatiboak izan edo ez. Gizon askok sentitzen dute beren bizitzak mehatxupean leudekeela pribilegio horiek galduz gero, ez baitute mamitu inongo oinarrizko identitate esanguratsurik. Hain zuzen, horrexegatik ahalegindu zen gizonen mugimendua gizonei irakasten nola bat egin berriz beren sentimenduekin, nola berreskuratu beren barreneko haur galdua, nola handitu beren arima, beren hazkuntza espirituala. Ez da testu feminista askorik idatzi mutilentzat; ez da askorik idatzi mutilei azaltzeko nola eraiki dezaketen sexismoan errotu gabeko identitate bat. Gizon antisexistek heziketa urria jaso dute mutilen gaztaroaren eta bereziki mutil nerabeen garapenaren gaineko ikuspegi bat emango liekeen kontzientzia kritikoa lantzeko. Gabezia horren ondorioz, mutilen heziketari buruzko eztabaidak herrialde osora hedatu diren arren, ikuspegi feministak toki gutxi edo batere ez du izaten eztabaida horietan. Zoritxarrez, zenbait ustekizun misogino kaltegarri berpizten ari dira, hala nola amek ezin dutela seme osasuntsurik hezi edo mutilei “mesede” egiten dietela maskulinitatearen ikuspegi patriarkal militaristek, zeinek diziplina izatea eta autoritateari obeditzea goratzen baitute. Mutilek autoestimu osasungarria behar dute. Maitasuna behar dute. Eta feminismo zuhur eta maitekor batek eman lezake mutilen bizitzak salbatzeko oinarri bakarra. Patriarkatuak ez ditu sendatuko. Hala balitz, dagoeneko onbideratuta leudeke denak. Identitatea arazo da herrialde honetako gizon gehienentzat. Patriarkatuari atxikitzen bazaizkio ere, sumatzen hasiak dira horixe dela arazoaren ertzetako bat. Enplegu faltaren, lan ordainduak berez dakarren asegabetasunaren eta emakumeen klase-boterearen gorakadaren ondorioz, aberatsak eta boteretsuak ez diren gizonei zaila egiten zaie jakitea non dauden. Patriarkatu supremazista zuri kapitalista ez da gai agindutako guztia emateko. Gizon asko larriminak jota daude ez dutelako bat egin kritika askatzaileekin, hau da, ez direlako gai izan konturatzeko agindutako hori injustizian eta menderakuntzan errotuta dagoela eta gizonek sekula ez dutela arrakastarik erdietsiko hari esker. Askapena gaitzesteak eta aldi berean arima irentsi dien pentsamolde supremazista zuri kapitalista patriarkala erreproduzitzeak galbidera eraman ditu, mutil asko ere bezala. Iparramerikar gizonak eraberritzeko, ikuspegi feminista berri bat behar dugu, maskulinitate feminista aintzat hartuko duena, mutilak eta gizonak maitatuko dituena eta haientzat ere neska eta emakume guztientzat nahi genituzkeen eskubide berak eskatuko dituena. Pentsamolde feministak bereziki justizia eta askatasuna maitatzen irakasten digu denoi, bizitza aberasteko eta sendotzeko. Garbi dago estrategia, teoria eta bide berriak behar ditugula maskulinitate feminista garatuko den mundu bat nola sortu ikasteko.
Feminismoa denon kontua da |