Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—HAMALAU—

Ezkontza- eta
bikote-harremanak askatzen

 

      Mugimendu feminista garaikidea gorengorenean zegoelarik, ezkontzaren instituzioa gogor kritikatzen zen. Emakume heterosexual asko sartu ziren mugimenduan gizonek harreman intimoetan zeukaten nagusikeriak akuilaturik, bereziki iraupen luzeko ezkontzetan, non genero-inekitatea araua baitzen. Hasiera-hasieratik, mugimenduak sexualitate-arau bikoitzari aurre egin zion; izan ere, batetik, birjinak ez ziren emakumeak edo leialak ez ziren maitale eta emazteak gaitzesten ziren, baina, bestetik, gizonen jokamoldea ontzat jotzen zen beti, sexualki egiten zutena egiten zutela ere. Sexu-askapenaren aldeko mugimenduak ezkontzaren aurkako kritika feminista hauspotu zuen, bereziki metodo antikontzeptibo seguru eta merkeak eskatuz.

      Hasieran, aktibista feministek harreman pribatuetan eta etxe barneko harremanetan jarri zuten arreta, esparru horietan igartzen baitzuten klase eta arraza guztietako emakumeek gizonen nagusikeriaren oldarra, izan guraso patriarkalena, izan ezkontide patriarkalena. Gerta zitekeen emakume batek asertibitatez aurre egitea lantokiko ugazaba sexistari edo bera menderatzen saiatzen zen ezezagun bati, eta gero etxera joan eta beraren bikotekidearen mende jartzea. Feminista garaikideek —bai ezkontza luzeetatik zetozen emakume heterosexualak, bai borroka-aliatu lesbianak— esklabotza sexualerako esparrutzat hartzen eta kritikatzen zuten ezkontza. Nabarmentzen zuten harreman sexista tradizionalek ezkontza zekartela berekin eta ezkontza horietan intimitatea, zaintza eta errespetua sakrifikatzen zirela gizonak gainetik egon zitezen beti, hau da, aginte-makilaren jabe ziren patriarkak izan zitezen.

      Hasieran, emakume feminista asko ezkor agertu ziren gizonen aldaketaren aurrean. Emakume heterosexual batzuek zelibatua edo lesbianismoa aukeratu zituzten, nahiago baitzuten hori gizon sexistekin desberdintasunezko harremanak izan baino. Beste batzuen arabera, gizonekiko sexu-monogamiak emakume baten gorputza beraren bikotekide gizonaren jabetzapekoa izatea indartzen zuen. Guk harreman ez-monogamoen alde egin genuen, eta, askotan, uko egin genion ezkontzeari. Gure ustez, gizarte patriarkalaren barnean estatuak onarturiko ezkontzarik tartean izan gabe bikotekide gizon batekin bizitzeak emakumeen autonomia era osasungarri batean errespetatzen laguntzen zien gizonei. Feministek esklabotza sexuala deuseztatzeko eskatu zuten, eta halaber ohartarazi ezkontza barneko bortxaketa oso zabalduta zegoela. Era berean, emakumeok gure sexu-desira adierazteko, sexu-harreman bati ekiteko eta sexualki asebeteak izateko dugun eskubidea defendatu zuten.

      Gizon heterosexual askok, hain zuzen, pentsamolde feministarekin bat egin zuten ez zeudelako sexualki aserik beren bikote-harremanetan, haien bikotekideek ongi ikasia zutelako emakume bertutetsuak ez zirela sexualki aktiboak eta horrenbestez ez zutelako inongo interesik sexuan. Gizon haiek biziki eskertu zuten mugimendu feministak paradigma sexual askatzaile bat eskaintzea emakumeei, horrek sexu-bizitza asebetegarriagoa ziurtatuko baitzien berei ere. Pentsalari feministek ez zuten onartzen emakume baten bertutea beraren sexu-praktiken araberakoa izatea; hala, birjina ez izatearen estigma deuseztatu, eta gizonen maila berean paratu zuten emakumeen sexuongizatea. Emakumeei eskatu zieten sexualki asetzen ez baziren ez zezatela horren itxurarik egin, eta, hala, gizonen gabezia sexualak agerian uzteko mehatxua egin zuen mugimendu feministak.

      Mehatxu hura indargabetu nahian, gizon sexistek behin eta berriz errepikatzen zuten feminista gehienak lesbianak zirela edo “txortaldi on bat” behar zutela zegokien tokira itzularazteko. Egiaz, matxinada feministak agerian utzi zuen emakume askok ez zutela sexu-harreman asegarririk izaten gizonekiko harreman patriarkaletan. Harreman intimoei dagokienez, gizon gehienek errazago onartzen zituzten feminismoak emakumeen sexualitatean eragindako aldaketak —hau da, emakumeak sexualki aktiboagoak izatea— beren sexu-jokamoldea aldaraziko zieten aldaketak baino. Feministen xedeak heterosexualitateari begira jarri zirenean, sexu-jolasik eza izan zen gairik eztabaidatuenetariko bat. Emakume heterosexualak aspertuta zeuden gizonen sexu-larderiaz eta emakumeen plazerarekiko erakusten zuten interes faltaz. Feminismoak sexu-plazeraz ematen zuen ikuspegiak gizonen sexu-jokamoldea kritikatzeko eta zalantzan jartzeko hizkuntza egoki bat eman zien emakumeei.

      Emakumeek aurrerapauso handiak eman zituzten sexu-askatasunaren esparruan. Monogamiaren kritika alde batera geratu zen, zeren sexu-transmisioko gaixotasunak ugaritzearen ondorioz emakumeentzat zailagoa bilakatu baitzen sexu-promiskuitatea aukeratzea. Emakume heterosexualek oztopoak izan dituzte bikotekide bat baino gehiago aukeratzeko orduan; izan ere, bizitza arriskuan jartzen duten gaixotasunak zabaltzen hasi ziren (hiesa, adibidez), batez ere gizonek emakumeei kutsatuak, gizonek emakumeei gezurra esatea aski onetsia zen kultura patriarkal batean. Zalantzarik gabe, patriarkatuaren barneko harreman heterosexual monogamoetan, bikoteei zailagoa zaie paradigma sexistak haustea. Era berean, emakume feminista askok ikusi zuten patriarkatuaren barneko harreman ez-monogamoek botere gehiago ematen zietela gizonei eta aldi berean emakumeak ahultzen zituztela. Emakumeak aske ziren sexu-harremanak izateko beste bikotekide bat —emakumea— zuen gizon batekin, baina, alderantziz, gizonek ez zuten inongo sexu-interesik bikotekidea zuten emakumeekin. Areago, halakoetan, boterea emango zioten emakumearen bikotekideari, inoiz beraren onespena bilatzeraino. Zailtasunak zailtasun, emakumeok aske garen arren ez-monogamo izateko —askatasun horretaz baliatu edo ez—, oraindik ere aurre egin behar zaio emakumeen gorputza gizonen jabetza izateari. Kritika feministak aldaketa onuragarri ugari ekarri ditu sexuplazeraren gaineko ikuspegi sexisten esparrura, eta emakume eta gizonek sexu-harreman asegarriagoak izateko mundu bat sortu du.

      Hasieran, irudi zuen sexu-harremanen izaera aldatzeak bestelako aldaketa batzuk ekarriko zituela etxe barneko harremanetara, hau da, etxeko lanak eta seme-alaben zaintza berdin banatuko zirela gizon eta emakumeen artean. Gaur egun, gizon askok onartzen dute berek ere egin behar lituzketela etxeko lanak (beste kontu bat da hori betetzen duten ala ez), eta emakume gazteek ez dute beharrezkotzat jotzen etxeko lanak banatzeari buruz hitz egitea; besterik gabe, arautzat hartzen dute. Jakina, errealitateak erakusten digu sekula ez dela arau bihurtu eta etxeko lanak eta haurren zaintza batez ere emakumeen ardura direla oraindik ere. Oro har, gizonek errazago onartu eta berretsi izan dute logela barneko berdintasuna etxeko lanen eta haurren zaintzaren esparruko berdintasuna baino. Ez da harritzekoa emakumeek klase-boterea lortu ahala haietariko asko inekitatean erortzea eta zerbitzariak kontratatzea ez berek ez beren bikotekide gizonek egin nahi ez dituzten lanak egiteko. Nolanahi ere, bikote heterosexual batek beste norbaiti ordaintzen dionean pentsamolde sexistak “emakumeen lan”tzat hartzen dituen horiek egin ditzan, emakumeak aukeratzen du normalki nor kontratatu, eta bera arduratzen da haren lana ikuskatzeaz.

      Feminismoak, beraz, amatasuna emakume baten bizitzako helburu asebetegarri bakarra izatea kritikatu zuen, eta horrek beste ezerk baino gehiago aldarazi zituen ezkontza barneko harremanak eta bikote-harreman iraunkorrak. Emakumeen balioa haurrak izatearen eta haztearen arabera neurtzeari utzi zitzaionez geroztik, posible da bikote batean biek etxetik kanpo lan egitea eta seme-alabarik ez izatea eta, horrenbestez, ezkontza-harremana parekideen arteko harreman gisa ikustea. Seme-alabarik gabe, errazagoa da parekideak izatea; izan ere, gizarte patriarkalak berez barneratuta dauka zenbait lan amek egingo dituztela ia beti, eta, horregatik, zailagoa da emakumeek genero-ekitatea lortzea seme-alaben zaintzaren esparruan. Adibidez: adierazgarria da nola mugimendu feminista loratu zenean osasun-sistema patriarkala bat-batean hasi zen edoskitzearen onurak goraipatzen eta are hura aldarrikatzen, nahiz ordura arte garrantzirik ez eman. Izan ere, seme-alaben zaintzaren alderdi horren bitartez, erantzukizun handiagoa ematen zaio, berez, haurraz erditu den emakumeari, izan heterosexuala, izan lesbiana. Emakume asko ohartzen dira gizonekiko harremanetan rol sexistagoak hartzen direla bat-batean, haur bat jaio bezain laster. Baina, bikoteak ahalegina eginez gero esparru guztietan ekitateari eusteko —batez ere seme-alaben zaintzaren esparruan—, lor daiteke: gaia gogotik lantzea da gakoa. Eta gizon gehienek ez dute aukeratu seme-alaben zaintzaren gaia gogotik lantzea.

      Zorionez, feminismoak entzutea eman zien aitek haurren ongizatean eta genero-ekitatean zeukaten balioari eta garrantziari. Gizonek berdintasunez parte hartzen dutenean gurasotzan, emakume eta gizonen arteko harremanak hobeak izaten dira; ez du axola ezkonduta dauden, elkarrekin bizi diren ala banatuta. Mugimendu feministari esker, gero eta gizon gehiagok eta inoiz baino gehiago parte hartzen dute gurasotzan, baina horrek ez du esan nahi genero-ekitaterik lortu dugunik, inondik ere. Badakigu berdintasunez parte hartuz gero gurasotza askoz hobea eta betegarriagoa izango dela denontzat. Eta badakigu, halaber, lanbaldintzak oztopo izaten direla maiz guraso langileek —batez ere aitek— parte-hartze handiagoa izan dezaten seme-alaben zaintzan. Zinezko aldaketarik ikusten ez badugu lanaldien antolaketan, ez dugu lortuko gizonek gurasotzarako denborarik eta espaziorik izatea. Hori lortuko bagenu, gizonek gogo handiagoa izango lukete seme-alabak zaintzeko. Alabaina, gizon langile asko leher eginda daude lanagatik; soldata baxuak dituzte, eta, horrenbestez, gogo onez onartzen dute emakumeek haurren zaintzaren ardura osoa hartzea, haiek ere leher eginda bukatu eta soldata baxua badute ere. Patriarkatu supremazista zuri kapitalistaren lan-munduan, zailagoa da emakumeek dedikazio osoa eskaintzea gurasotzari. Areago, errealitate horrek lan egiteari uko egitera eta etxean geratzera bultzatzen ditu emakumeak. Emakumeak beldur dira ez ote garen “gurasorik gabeko” haurren gizarte bat eratzen ari, eta horrexek bultzatzen ditu etxetik kanpo lanik ez egitera eta etxean geratzera, gizonen nagusikeriaren inguruko pentsamolde sexistak baino gehiago. Emakume asko ohartzen dira lehia profesionalak denbora gutxi uzten duela maitasunezko harremanak lantzeko. Inork ez du esaten gizonek lana utzi behar dutenik seme-alabak denbora osoz zaintzeko; alegia, horrek garbi erakusten du zenbateraino nagusitu den roletan pentsamolde sexista. Gure gizarteko jende gehienak oraindik ere pentsatzen du emakumeek hobeki zaintzen dituztela haurrak gizonek baino.

      Emakumeek, alde batetik, amatasuna kritikatzen zuten, baina, bestetik, gozagarri zitzaizkien amatasunak ematen zizkien estatus berezia eta pribilegioak (batik bat ama-haurren arteko loturari dagokionez); neurri handi batean, ez zeuden prest gurasotzaren ohorezko ardura gizonen esku uzteko, ez behintzat pentsalari feministek espero bezainbeste. Bestalde, esparru guztietako determinismo biologikoa kritikatzen zuten pentsalari feminista batzuek determinismo hutsez jokatzen zuten amatasunari dagokionez. Ez zuten onartzen aitak amak bezain garrantzitsuak direla eta haiek bezain ongi zaindu ditzaketela beren seme-alabak. Halako kontraesanek, pentsamolde sexistarekin batera, nabarmen ahuldu zituzten feministek haurren zaintzan genero-ekitatea aldarrikatzeko eginiko eskaerak.

      Gaur egun, hedabideek behin eta berriz zabaltzen dute ezkontzea indarrean dela berriz. Ezkontza sekula ez da egon modaz kanpo. Askotan, jendeak esaten duenean berriz indarrean dela, egiaz esan nahi du ezkontzaren gaineko ikuspegi sexistak “hemen” direla berriro. Hori kezkagarria da mugimendu feministarentzat, gaur egun —lehen ere bezala— argi baitago oinarri sexisten gainean eraikitako ezkontza-harremanek arazo ugari dakartzatela eta gutxi irauten dutela. Ezkontza-harreman sexista tradizionalak boladan daude, gero eta gehiago. Etxeko harremanetako miseria eta asegabetasuna katalizatzaile izan ziren matxinada feministarentzat, eta, hain zuzen ere, ezkontzak miseria eta asegabetasun horren hazia ereiten baitu, halako loturen iraupen laburra izaten da maiz tradizioa urratzen duena. Jendea gazterik ezkontzen da, eta gazterik dibortziatzen.

      Gure gizartean, dibortzio eta hausturen arrazoi nagusia gizonek ezkontza- eta bikote-harremanetan duten nagusikeria patriarkala da. Ezkontza arrakastatsuei buruzko azken aldiko ikerketen arabera, genero-ekitateak testuinguru egokia sortzen du bikoteko bi kideak errealizatuta senti daitezen. Horri esker, zoriontasuna areagotzen da, eta, ezkontzak betiko iraun ez arren, harremanaren oinarrian dagoen parekideen arteko laguntasunak bere horretan iraungo du. Nabarmentzekoa da etorkizuneko mugimendu feministan denbora gutxiago eman beharko dugula ezkontza-lotura patriarkalak kritikatzen eta ahalegin handiagoa egin beharko dugula alternatibak eskaintzeko, parekideen arteko harremanen eta berdintasunaren eta errespetuaren printzipioen gainean eraikitakoen balioa agerian uzteko, betiere sinetsirik elkarrentzat asegarri izatea eta elkarrekin haztea beharrezkoa dela bikote-harremanak asebetegarriak eta iraunkorrak izan daitezen.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018