|
Feminismoa denon kontua da
—BAT— Feminismoa NON GAUDEN
Laburrean esanda, feminismoa sexismoa, esplotazio sexista eta zapalkuntza deuseztatzeko mugimendu bat da. Definizio horixe eman nuen, duela 10 urte baino gehiago, feminist theory: from margin to center lanean. Garai hartan, espero nuen mundu guztiak definizio orokor hori erabiliko zuela aurrerantzean. Gizonak etsaitzat hartzen ez zituelako atsegin nuen. Arazoa sexismoa dela onartuz, gaiaren muinera iristen zen. Praktikotasunetik begiratuta, definizio horrek pentsamolde eta ekintza sexista guztietan kokatzen du arazoaren muina: emakume zein gizonenak, haur zein helduenak. Definizio aski zabala izanik, sexismo instituzionalizatu sistemikoa zer den ulertzeko ere balio du. Ez da definizio itxi bat. Feminismoa ulertzeko, beharrezkoa da sexismoa ulertzea. Feminismoaren aldezle guztiek ongi dakitenez, jende gehienak ez daki zer den sexismoa, eta dakitenek ere ez dute arazotzat hartzen. Jende askok eta askok uste du emakumeek gizonen berdinak izateko egiten duten ahalegina besterik ez dela feminismoa. Eta gehiengo handi batek uste du feminismoa gizonen aurkakoa dela. Feminismoaren gaineko ezjakintasun horretan islatzen da, hain zuzen, zer-nolako errealitatea jasotzen duen jende gehienak feminismoari buruz hedabide patriarkaletatik. Jendearengana iristen den feminismoa batik bat genero-berdintasunarekin konprometituriko emakumeena da; alegia, lan beraren truke soldata bera izatea eta, batzuetan, baita etxeko lanak eta gurasotza partekatuak izatea ere aldarrikatzen dutenena. Jendeak ikusten du emakume horiek zuriak eta ekonomikoki pribilegiatuak direla. Hedabideetan entzuten du emakumeen askapenaren ardatzak aborturako askatasuna, lesbiana izateko askatasuna, eta bortxaketaren eta etxeko indarkeriaren aurkako borroka direla. Gai guztion artean, jende gehienak bat egiten du langileen arteko genero-ekitatearen ideiarekin: lan beraren truke, soldata bera. Kontuan hartuz gure gizartean kultura kristaua nagusi dela ororen gainetik, oraindik ere jende askok eta askok uste du Jainkoak nahi izan zuela emakumeak gizonen mende egotea etxeko esparruan. Emakume ugari lan-munduan sartu diren arren, emakume asko familiaburu eta familiako diru-iturri bakarra diren arren, gizonak etxean duen nagusikeriaren logikak bere horretan dirau herrialdearen iruditerian, gizonak etxean egon zein ez. Mugimendu feminista gizonen aurkako mugimendutzat hartzen duen ikuspegi okerrak beste uste oker bat ekarri zuen berekin: patriarkatuak eta pentsamolde sexistak emakumeen eremu guztietatik at egon behar dute. Horixe uste zuten emakume askok, are feminismoan ziharduten batzuek ere. Egia da gizonen aurkako sentimendua indartsua zela hasierako aktibista feministen artean, gizonen nagusikeriaren aurka amorruz borrokatzen ziren heinean. Injustiziaren aurkako amorruak eraman zituen, hain zuzen, emakumeen askapenerako mugimendua sortzera. Hasierako aktibista feminista gehienek (zuriak ia guztiak) gizonekin batera klasismoaren eta arrazakeriaren aurka borrokan ari zirela hartu zuten gizonen nagusikeriaren jatorriari buruzko kontzientzia: gizon haiek askatasunaren garrantzia aldarrikatzen zuten munduaren aurrean, baina, aldi berean, emakumeak beren mende jartzen zituzten. Garbi zegoen gizonek lider izan eta emakumeak beren atzetik ibiltzea nahi zutela, izan sozialismoaren izenean borrokatzen ziren emakume zuriak, izan eskubide zibilen eta beltzen askapenaren alde borrokatzen ziren emakume beltzak, izan indigenen eskubideen alde borrokatzen ziren emakume iparramerikar natiboak. Halako askapenborroka erradikaletan aritzearen ondorioz, emakume progresistei matxinadarako eta erresistentziarako grina piztu zitzaien, eta horrek emakumeen askapenaren aldeko borroka garaikidea antolatzera bultzatu zituen. Feminismo garaikideak aurrera egin ahala eta emakumeak konturatu ahala ez zirela gizonak gure gizarteko talde bakarra pentsamolde eta jokamolde sexista sustatzen zutenak —emakumeak ere izan zitezkeen sexistak—, gizonen aurkako sentimendua mugimenduaren kontzientziatik desagertu zen. Beraz, genero-justizia sortzera bideratu zen indar guztia. Baina, gure pentsamolde sexistari aurre egin ezean, ezinezkoa zen emakume guztiok feminismoaren alde elkartzea. Emakumeek elkarrekin lehian jardunez gero, nekez lortuko zen ahizpatasun boteretsurik. Klaseari eta arrazari buruzko eztabaidak errotik aldatu zuen ahizpatasunaren ikuspegi utopikoa, hau da, emakumeak gizonen nagusikeriaren biktima soil gisa hartzen zituen ikuspegia. Klase-desberdintasunei buruzko eztabaidak hasieratik izan ziren feminismo garaikidean, are arrazari buruzkoak baino lehenago ere. 1970eko hamarkadaren erdialdean, Diana Pressek class and feminism [Klasea eta feminismoa] artikulu-bilduma argitaratu zuen, emakumeen arteko klase-bereizketei buruzko ideia iraultzaile sorta bat. Lan horretan, ez zion garrantzirik kendu feminismoak sutsuki defendatzen zuen ideia nagusiari —”ahizpatasuna boteretsua da”—; besterik gabe, nabarmendu zuen borrokan ahizpa izateko bide bakarra zela emakumeok aurre egitea sexua, klasea edo arraza tarteko elkar menderatzeko eta esplotatzeko dauzkagun moduei eta plataforma politiko bat sortzea desberdintasun horiei heltzeko. Emakume beltz batzuek hasieratik parte hartu zuten aktiboki feminismo garaikidean; hala eta guztiz ere, ez ziren mugimenduaren “izarrak” izan, hau da, ez zuten hedabideen arretarik lortu. Askotan, mugimendu feministan ziharduten emakume beltzak feminista iraultzaileak ziren (lesbiana zuri asko bezala). Ez zeuden ados feminista erreformistekin, zeinek kosta ahala kosta eman nahi baitzuten sistemaren barnean emakume eta gizonen arteko berdintasuna besterik lortu nahi ez zuen mugimendu baten irudia. Feministen artean arrazari buruz eztabaidatzen hasi aurretik ere, emakume beltzek —eta haien aliatu iraultzaileek— garbi zeukaten sekula ez zutela berdintasunik lortuko orduko patriarkatu supremazista kapitalista zuriaren barnean. Mugimendu feminista hasieratik egon da polarizatuta. Pentsalari erreformistek genero-berdintasunari indar ematea aukeratu zuten. Pentsalari iraultzaileok, berriz, ez genuen besterik gabe sistema aldatu nahi emakumeok eskubide gehiago izan genitzan. Guk sistema eraldatu nahi genuen, patriarkatua eta sexismoa deuseztatu. Hedabide patriarkalei ikuspegi iraultzailea interesatzen ez zitzaienez, hedabide nagusietan sekula ez zioten ildo horri erreparatu. Alegia, “emakumeen askapen”az jendearen iruditerian geratu zen eta oraindik ere badirauen ikuspegiaren arabera, gizonek zeukatena nahi zuten emakumeek. Eta ikuspegi horixe jasotzea zen errazena. Gure herrialdeko aldaketa ekonomikoen, krisi ekonomikoaren, enplegu-galeren eta abarren ondorioz, testuinguru egokia sortu zen gure herrialdeko herritarrek langileen arteko genero-berdintasuna onar zezaten. Arrazakeria errealitate bat zenez, ulergarria da gizon zuriek borondate hobea izatea emakumeen eskubideak kontuan hartzeko orduan, baldin eta eskubideok bermaturik errazago eutsiko bazioten supremazismo zuriari. Ezin dugu inolaz ere ahaztu emakume zuriak eskubide zibilen aldeko borrokaren ondotik hasi zirela beren askatasuna aldarrikatzen; hain zuzen, arraza-diskriminazioa azkenetan zegoenean eta beltzak —batez ere gizon beltzak— gizon zuriekiko berdintasuna lor zezaketenean langile gisa. Feminista erreformisten pentsamoldeak —hots, langile gisa gizonekiko berdintasuna lortzea lehenesten duen pentsamoldeak— itzalpean utzi zituen feminismo garaikidearen hasierako oinarri erradikalak, hau da, gizarte osoa erreformatzea eta goitik behera berregituratzea gure herrialdea antisexista izan zedin. Areago, emakume gehienek, bereziki emakume zuri pribilegiatuek, feminista iraultzaileen ikuspegiak baztertu zituzten behin botere ekonomikoa lortzen hasi zirenean orduko gizarte-egituraren barnean. Ironikoa bada ere, feminista iraultzaileen pentsamoldeak testuinguru akademikoan izan zuen harrera eta onespen onena; nolanahi ere, testuinguru horretan teoria feminista iraultzailea lantzen jarraitu arren, teoria hori ez zen iritsi jendearengana. Alegia, jende irakurri, ongi hezi eta ekonomikoki pribilegiatuarentzako diskurtso bilakatu zen, eta hala da gaur egun ere. feminist theory: from margin to center liburuak eta, azken batean, eraldaketa feministaren ikuspegi askatzailea ematen dutenek sekula ez dute lekurik izan hedabide nagusietan. Jende askok eta askok ezagutu ere ez du egiten liburu hori. Kontua ez da jendeak haren mezua baztertu duela, baizik eta ez dakiela zein den mezu hori. Nagusi zen patriarkatu kapitalista zuri supremazistaren helburua pentsamolde feminista aurrerakoia azpiratzea zen, hau da, gizonen aurka egiten ez zuen edo emakumeak gizonen berdinak izateko eskubidea helburu ez zuen ikuspegia mendean hartzea, baina feminista erreformistek ere irrikatzen zuten indar horiek isilaraztea. Feminismo erreformista klase-mugikortasunerako bide bat zen; lan-munduko gizonen nagusikeriatik askatu, eta beren bizitzan autodeterminazio handiagoa izateko aukera ematen zien. Sexismoak bere horretan iraun arren, albait askeen bizi zitezkeen sistemaren barnean, eta beti egongo zen emakume menderatu esplotatuen klase baxuago bat berek egin nahi ez zuten lan zikina egiteko. Emakume pobreen eta langile-klasekoen mendekotasuna onartuz eta are defendatuz, patriarkatuarekin eta haren ondoriozko sexismoarekin bat egin zuten, baina ez hori bakarrik, bizimodu bikoitza izateko eskubidea ere aitortu baitzioten beren buruari: gizonen berdinak izatea lanean nahiz etxean, berek hala nahi zutenean. Lesbianismoa aukeratuz gero, lanean gizonen berdinak izateko pribilegioa eskuratzen zuten, eta, aldi berean, klase-boterea erabiltzen zuten etxe barneko bizimoduan, gizonekin harreman gutxi edo batere ez izanda. Bizimodu-feminismoaren funtsa zera da: emakumeak adina feminismo mota egon daitezkeela. Bat-batean, politika feminismotik desagertzen hasi zen, pixkana-pixkana. Ez zuen axola zer ideia politiko zituen emakume batek —izan kontserbadorea, izan liberala—, berdin-berdin txertatuko baitzuen feminismoa bere ohiko bizimoduan. Pentsatzekoa denez, halako pentsamoldeari esker, feminismoa errazago onartu da, bereziki azpimarratzen delako emakumeak feministak izan daitezkeela beren burua edo are kultura ere zalantzan jarri gabe eta aldatu gabe. Esate baterako, har dezagun abortuaren gaia. Mugimendu feministaren helburua baldin bada zapalkuntza sexista deuseztatzea, eta emakumeei ugalketa-eskubideak ukatzea zapalkuntza sexistatzat hartzen bada, ezinezkoa da aukeratzeko eskubidearen aurka egotea eta aldi berean feminista izatea. Emakume bat, behin eta berriz errepikaturik ere berak ez lukeela sekula aukeratuko abortatzea, izan daiteke feminismoaren aldezle, eta, are, babestu dezake emakumeek aukeratzeko eskubidea izatea. Baina ezin da abortuaren aurka egon eta aldi berean feminismoa defendatu. Era berean, ezin da “botere-feminismo”rik egon botere hori beste pertsona batzuk esplotatuz eta zapalduz lortua bada. Feminismoa sostengua galtzen ari da mugimendu feministak galduak dituelako definizio argiak. Baina badauzkagu definiziook. Aldarrikatu ditzagun. Partekatu ditzagun. Has gaitezen berriz. Sor ditzagun kamisetak, pegatinak, postalak eta hip-hop musika, telebista- eta irrati-iragarkiak, esloganak eta kartelak, eta feminismoa munduan barrena zabaltzeko orotariko argitalpenak. Zabaldu dezagun feminismoaren mezu sinple baina boteretsua: feminismoa zapalkuntza sexista deuseztatzeko mugimendu bat da. Has gaitezen hortik. Sor dezagun mugimendua berriro.
Feminismoa denon kontua da |