Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—HAMAIKA—

Indarkeria deuseztatzea

 

      Alde handiz, mugimendu feminista garaikidearen esku-hartze onuragarrienetako bat etxeko indarkeriaren gaineko kontzientzia kulturala handitzeko eta mantentzeko egin duen ahalegina izan da, eta, aldi berean, erakustea zer aldaketa egin behar genituzkeen gure pentsamolde eta ekinbideetan indarkeria hori deuseztatzeko. Gaur egun, toki askotan hitz egiten da etxeko indarkeriaz —hala hedabideetan, nola eskoletan—, eta, maiz, ahaztu egiten dugu mugimendu feminista garaikideak azaleratu eta bistaratu zuela, gordinki, etxeko indarkeriaren errealitatea, zeina puri-purian baitzegoen. Hasieran, gizonek emakumeen aurka indarkeria erabiltzen zutela nabarmendu zuen ikuspegi feministak, baina, mugimenduak aurrera egin ahala, ebidentziek argi utzi zuten bazela etxeko indarkeriarik sexu berekoen arteko harremanetan ere, emakumea abusuen biktima izan zitekeela eta izan daitekeela emakumeen arteko harremanetan ere, eta haurrak ere badirela emakume zein gizon helduen indarkeria patriarkalaren biktimak.

      Etxeko indarkeria patriarkala ustekizun batean oinarritua dago: banako boteretsuago batek besteak larderiaz kontrolatzea onargarria dela. Definizio zabal horretan sartzen dira gizonek emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeria, sexu berekoen arteko indarkeria eta helduek haurren aurka erabiltzen duten indarkeria. Alde horretatik, indarkeria patriarkal terminoa aski erabilgarria da; izan ere, etxeko indarkeriak ez bezala, adierazten du etxean gertatzen den indarkeria sexismoarekin eta pentsamolde sexistarekin dagoela lotuta, gizonen nagusikeriarekin. Etxeko indarkeria termino “leuna” luzaroan baliatu da, luzaroegi, eta iradokitzen du indarkeria giro intimo pribatuetan azaleratzen dela eta ez dela kanpoan gertatzen den indarkeria bezain arriskutsua eta basatia. Baina hori ez da egia, emakume gehiago jotzen eta hiltzen baitituzte etxean etxetik kanpo baino. Horretaz gainera, jende gehienak uste du helduen arteko etxeko indarkeria desberdina dela eta bereizi beharra dagoela haurren aurkako indarkeriatik, baina ez da hala. Askotan, haurrek abusuak sufritzen dituzte amak senarraren edo bikotekide gizonaren erasoren bat jaso eta hura babesten saiatzen direnean; beste batzuetan, kalte emozionalak izaten dituzte indarkeria eta abusua bertatik bertara ikusten dituztelako.

      Herrialde honetako herritar gehienek barneratua dute lan beraren truke soldata bera jaso behar litzatekeela, eta era berean barneratua dute gizonek ez lituzketela emakumeak eta haurrak jo behar. Hala eta guztiz ere, jende horri esanez gero etxeko indarkeria sexismoaren ondorio zuzena dela eta ez dela amaituko sexismoa amaitzen ez bada, ez dira gai jauzi logiko hori egiteko, horrek generoaren gaineko pentsamolde oso oinarrizkoei aurre egitea eta aldatzea eskatzen duelako. Nik uste dut, teorialari feminista gutxik bezala, funtsezkoa dela mugimendu feministaren helburu nagusietako bat horixe izatea; alegia, era guztietako indarkeria deuseztatzea. Emakumeen aurkako indarkeria patriarkalak lehentasunezko kezka izan behar luke ikuspegi feministarentzat. Hala ere, gizonek emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeriari soilik erreparatuz gero, esaten ari gara indarkeria mota hori ankerragoa dela indarkeria patriarkalaren gainerako aldaerak baino, eta hori ez da mugimendu feministaren interesekoa. Izan ere, jarrera horrek ezkutuan uzten du emakume zein gizon sexistek indarkeria patriarkala baliatzen dutela haurren aurka ere.

      Pentsalari feminista erreformistek, hortzez eta haginez gizonek emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeriaz ohartarazteko ahaleginean, oraindik ere emakumeak jotzen dituzte beti indarkeriaren biktima bakartzat. Haurren aurkako eraso asko emakumeek eginak izatea ez dute hain garrantzitsutzat hartzen, ez eta indarkeria patriarkalaren erakusgarritzat ere. Orain badakigu haurrak indarkeriaren biktima direla ez bakarrik indarkeria patriarkalak zuzenean ukitzen dituenean, baizik eta baita indarkeriazko ekintzak bertatik bertara ikustera behartuak direnean ere. Pentsalari feministek sumina agertu izan balute emakumeen indarkeria patriarkalaren aurrean, paratu izan balute gizonek emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeriaren maila berean, jendearentzat zailagoa izango zatekeen (eta hala litzateke orain ere) indarkeria patriarkalari ez ikusiarena egitea, ez bailuke ikusiko gizonen aurkako helburu bat balitz bezala.

      Emakumeen aldetik indarkeria patriarkala sufritu duten helduek badakite emakumeak ez direla ez-biolentoak, nahiz ikerketek dioten ohikoagoa dela emakumeek indarkeriarik ez erabiltzea. Egiari zor, haurrek ez daukate ahots kolektibo antolaturik, eta, beraz, ez dakigu zenbateraino diren emakumeen indarkeriaren biktima. Hainbat eta hainbat haurrek laguntza medikorik eskatuko ez balute emakume eta gizonek eragindako indarkeria dela eta, ez genuke izango inongo frogarik emakumeen indarkeria dokumentatzeko. Halako kezkak feminist theory: from margin to center liburuko “Feminist Movement to End Violence” [Mugimendu feminista indarkeriaren aurka] kapituluan landu nituen lehenbizikoz:

 

      Emakumeenganako indarkeriaren aurkako borroka feministan, funtsezkoa da borroka hori indarkeria deuseztatzeko mugimendu zabalago baten barnean ikustea. Orain arte, mugimendu feministak gizonen indarkerian jarri du arreta, eta horrek sinesgarritasuna eman die ezinbestean estereotipo sexistei; alegia, sinetsarazi dute gizonak oldarkorrak direla eta emakumeak, aldiz, ez; gizonak abusu-egileak direla eta emakumeak, aldiz, biktimak. Pentsamolde horrek ezkutuan uzten du gizarte honetako emakumeek (eta gizonek) zenbateraino onartzen eta gorpuzten duten alderdi edo talde menderatzaile batek boterea izatea menderatuen gainetik eta horretarako larderia erabiltzea. Horrek emakumeek besteen gainean erabiltzen duten larderiazko autoritateari edo indarkeriari berari gaingiroki begiratzea edo ez ikusiarena egitea dakar. Emakumeek indarkeria gizonek bezain maiz ez erabiltzeak ez du esan nahi emakumeek indarkeria baliatzen ez dutenik. Indarkeria deuseztatu nahi badugu, ohartu behar dugu gizarte honetan gizonek zein emakumeek baliatzen dutela indarkeria.

 

      Gerta daiteke ama batek sekula ez jokatzea indarkeriaz baina bere seme-alabei —batez ere semeei— irakastea indarkeria baliabide onargarria dela kontrol sozialerako; kasu horretan, ama hori indarkeria patriarkalarekin bat egiten ariko da. Haren pentsamoldea aldatu beharra dago.

      Garbi dago emakume gehienek ez dutela indarkeria erabiltzen gizonak mendean hartzeko (nahiz badiren beren bizitzan zehar gizonak egurtzen dituzten emakume gutxi batzuk), baina emakume askok uste dute autoritatea duen pertsona batek eskubidea duela indarra erabiltzeko autoritate horri eustearren. Guraso gehienek erabiltzen dituzte eraso fisiko edo hitzezkoak haurren aurka. Gaur egun, emakumeak izaten dira haurren zaintzaile nagusiak; horrek (eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak) boterea ematen die menderakuntzazko kulturaren barneko sistema hierarkiko horretan, eta, ondorioz, maizegi baliatzen dira larderiaz nagusikeria horri eusteko. Menderakuntzazko kultura batean, indarkeria kontrol sozialerako baliabide onargarritzat hartzeko moduan sozializatzen gaituzte pertsona guztiok. Talde menderatzaileek mehatxu bidez lortzen dute botereari eustea (nahiz gero ez den beti betetzen): egitura hierarkikoak kolokan jarriz gero — izan emakume eta gizonen arteko harremanetan, izan guraso eta seme-alaben artekoetan—, abusuzko zigor bat etorriko da, fisikoa edo psikologikoa.

      Gizonek emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeriak leku handia hartu izan du hedabideetan (besteak beste, epaiketa batzuek izandako garrantziagatik, hala nola O. J. Simpsonen aurkakoak), baina iparramerikarren artean ez da sortu nahikoa kontzientzia indarkeria horren sakoneko kausei aurre egiteko, patriarkatuari aurre egiteko. Pentsamolde sexistak gizonen nagusikeria babesten du oraindik ere, baita haren ondoriozko indarkeria ere. Gizon langabe eta langile-klaseko asko eta asko ez dira boteretsu sentitzen beren enpleguetan, patriarkatu supremazista zuriaren barnean, eta, orduan, guztizko autoritatea eta errespetua edukitzeko geratzen zaien esparru bakarra etxea dela sinetsarazten diete. Klase menderatzaileko gizonek lan-esparru publikoan menderatuak izatea onar dezaten sozializatzen dituzte gainerako gizonak, eta etxeko esparru pribatuan eta harreman intimoetan berreskura dezaten maskulinitatearekin lotzen duten botere-sentipena. Gero eta gizon langile gehiago dagoenez eta gero eta gehiagok soldata baxuak dituztenez, eta gero eta emakume gehiago dagoenez lan-munduan, gizon batzuentzat indarkeria erabiltzea da boterea eta nagusikeria ezartzeko eta hari eusteko bide bakarra rol sexualen hierarkia sexistaren barnean. Beren pentsamolde sexista —hau da, eskubidea dutela emakumeen gainean agintzeko edozein baliabide erabiliz— desikasten ez badute, gizonek emakumeen aurka indarkeria erabiltzea ohikoa izango da aurrerantzean ere.

      Pentsamolde feministaren hastapenetan, aktibistek ez zuten lortu maila berean paratzea gizonek emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeria eta militarismo inperialista. Gizonen indarkeriaren aurka zeuden askok militarismoa onartzen eta are babesten zutenez, ez zen halako loturarik egiten. Pentsamolde sexistak “hiltzaile” izateko sozializatzen ditu mutilak, izan onen eta gaiztoen arteko jolasen bitartez, izan inperialismoaren soldadu gisa gainerako herrialdeen gaineko botereari larderiaz eutsiz, eta, hori hala den bitartean, emakume eta haurren aurkako indarkeriak bere horretan iraungo du. Azken urteotan, askotariko klaseetako mutil gazte askok indarkeriazko ekintza ankerrak egin dituzte, eta, herrialde osoak gaitzetsi dituen arren, saiakera gutxi egin da indarkeria mota hori pentsamolde sexistarekin lotzeko.

      feminist theory: from margin to center liburuko indarkeriari buruzko kapituluaren amaieran, nabarmendu nuen gizonak ez direla bakarrak indarkeria onartzen, onesten eta gauzatzen, indarkeriaren kultura sortzen. Emakumeek ere beren erantzukizuna onartu behar dute indarkeriaren onespenean jokatzen duten rolagatik:

 

      Soilik gizonek emakumeen aurka indarkeria erabiltzeari erreparatzen badiogu edo militarismoa gizonen indarkeriaren beste erakusgarri bat balitz bezala ikusten badugu, ez diogu behar bezala helduko indarkeriaren arazoari, eta zaila izango da erresistentziarako estrategia eta konponbide bideragarririk aurkitzea... Batetik, ezin diogu garrantzirik kendu gizonek emakumeen edo herrialdeen eta munduaren aurka indarkeria erabiltzeari, eta, bestetik, kontuan izan behar dugu gizon zein emakumeek indarkeriaren kultura nagusi bilakatu dutela Estatu Batuetan eta elkarrekin lan egin behar dugula kultura hori eraldatzeko eta birsortzeko. Indarkeria kontrol sozialerako baliabide gisa erabiltzearen aurka agertu behar dute bai emakumeek bai gizonek, maila guztietan: gerra, gizonen indarkeria emakumeen aurka, helduen indarkeria haurren aurka, nerabeen indarkeria, indarkeria arrazista, eta abar. Feministek emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko egindako ahaleginak indarkeria mota oro deuseztatzera bideratu behar dira.

 

      Eta bereziki garrantzitsua da gurasoek beren seme-alabak indarkeria ezaren bitartez hezten ikastea. Gure seme-alabak ez dira indarkeriatik urrunduko baldin eta indarkeria bada egoera zailei aurre egiteko ezagutzen duten modu bakarra.

      Gure herrialdean, jende asko eta asko dago kezkatuta indarkeriarengatik, baina uko egiten zaio indarkeria hori pentsamolde patriarkalarekin edo gizonen nagusikeriarekin lotzeari. Pentsamolde feministak badauka horretarako konponbide bat, eta gure esku dago konponbide hori denon eskura jartzea.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018