|
Feminismoa denon kontua da
—SEI— Kanpoko eta barneko edertasuna
Emakumearen gorputzari buruzko pentsamolde sexistari aurre egitea mugimendu feminista garaikidearen esku-hartzerik indartsuenetariko bat izan zen. Emakumeen askapenaren aurretik, pentsamolde sexistaren bidez sozializatzen gintuzten emakume guztiak —gazte zein adineko—, sinetsarazteko gure balioa itxuraren mende zegoela, bestek —batez ere gizonek— gu eder ala itsusi ikustearen mende. Onarturik emakumeok sekula ez genuela askapenik lortuko geure buruarenganako estimu eta maitasun osasungarririk garatu ezean, pentsalari feministek arazoaren muinera jo zuten zuzen-zuzenean: ikuspuntu kritiko batetik aztertu zuten nola sentitzen garen eta nola pentsatzen dugun gure gorputzei dagokienez, eta hori aldatzeko estrategia konstruktiboak proposatu zituzten. Atzera begiratuz, ohartzen naizelarik zein eroso bizi izan naizen azken urteotan bularretakoa janztea ala ez janztea libre erabakirik, gogora datorkit zein erabakigarria izan zen hori duela 30 urte. Emakumeok bularretako, gerruntze, kortse, galtzari eta halako arropa kaltegarri, deseroso eta estugarriak erantzi genituen: emakumeon gorputzaren osasuna eta loria erradikalki eta modu erritualizatu batean aldarrikatzeko ekintza bat izan zen. Halako mugarik bizi izan ez duten emakumeei esaten diegularik aldarrikapen hura erabakigarria izan zela, gurekin fidatzea besterik ez zaie gelditzen. Sakonago joz gero, emakumeok erritual hari esker lortu genuen arropa erosoa janztea gure bizitzako arlo guztietan. Lantokira galtzak jantzita joatea lorpen ikaragarria izan zen etengabe makurtzen ibili behar izaten zuten emakumeentzat. Soinekoa eta gona jantzi behar izateagatik ordura arte deseroso ibiliak ziren emakumeentzat ere, aldaketa itzela izan zen. Gaur egungo ikuspegitik, garrantzirik gabeko kontuak izan litezke txikitatik zer jantzi nahi duten askatasunez erabakitzeko aukera izan dutenentzat. Emakume heldu askok oinetako takoidunak erabiltzeari utzi zioten, hain baitziren galgarriak eta deserosoak. Ondorioz, oinetakoen industria emakumeentzako oinetako baxu erosoak diseinatzen hasi zen. Makillatzeko ohitura sexista behartutik askaturik, emakumeok, geure buruari ispiluan begiratu, eta garen bezalakoak onartzen ikasi genuen. Arropen aferari eta feministen ekintzek ekarri zuten iraultzari esker, emakumeok ederki ikasi genuen gure haragiak maitasuna eta mirespena merezi dituela bere horretan; ez da beharrezkoa deus ere eranstea, non eta emakumeok ez dugun aukeratzen bestelako apaingarririk janztea. Hasieran, kosmetikaren eta modaren industriako inbertitzaile kapitalistak beldur izan ziren feminismoak ez ote zien negozioa hondatuko. Orduan, emakumeon askapenari garrantzia kendu nahian, zenbait kanpaina bultzatu zituzten hedabideetan, feministak emakume lodi, hipermaskulino, zahar eta itsusiak zirela iradokitzen zuten irudiak erakutsiz. Egiaz, mugimendu feministan parte hartzen genuen emakumeok orotariko itxura eta neurritakoak ginen. Denetarik bazen gure artean. Eta ikaragarria zen libre izatea gure arteko desberdintasunak aintzat hartzeko inongo epai edo lehiarik gabe. Feminismoaren hasieran, aktibista askok uko egin zioten modarekin eta itxurarekin zerikusia zuen guztiari. Askotan, gogor kritikatzen zituzten emakume-arropa friboloak edo makillajea erabiltzen zituzten emakumeak. Aukeratu ahal izate hutsa ikaragarria zen gutariko gehienontzat. Askok, orduan, eroso eta laxo ibiltzeko hautua egin genuen. Emakumeontzat, sekula ez da erraza izan edertasuna eta estiloa erosotasunarekin eta laxotasunarekin uztartzea. Hortaz, modaren industriari —zeina garai hartan gizonen mendean baitzegoen osotara— eskatu behar izan genion arropa-estilo desberdinak sortzeko. Aldizkariak ere aldatu ziren: emakume gehiagok gai serioei buruzko artikuluak idazteko eskatu zuten aktibista feministek. Gure herrialdearen historian lehen aldiz, emakumeok ohartarazita geunden nolako balioa zuten gure kontsumitzaile-dolarrek, eta botere hori baliatu genuen aldaketa onuragarriak lortzeko. Moda sexistaren industriari aurre eginez, emakumeok gure bizitzan lehen aldiz aztertzen hasi ginen itxurarekiko obsesioak berekin dakartzan ezaugarri patologikoak, zeinek arriskuan jartzen baitzuten gure bizitza bera. Konpultsiboki jateko eta goseak egoteko gaitzak azaleratu ziren. Haiek era guztietako loofeak sortzearekin batera, bizitza arriskuan jartzen zuten adikziook sortu ziren. Mugimendu feministak, orduan, halako arazoak aintzat hartzera behartu zuen garai hartako osasun-sistema sexista. Hasieran, ez zieten jaramonik egin kritika feministei, baina, feministak berak osasun-zentroak sortzen hasi zirenean —soilik emakumeentzako osasun-arreta ematen zuten, doakoa—, industria medikoan ohartu ziren modaren sektorean gertatu zen bezala emakume askok halako osasun-zerbitzuetara bideratuko zituztela beren kontsumitzaile-dolarrak, hau da, emakumeen gorputza hobeki zaintzen, mainatzen eta errespetatzen zuten lekuetara. Borroka feministari esker, beraz, osasunsistemak jarrera aldatu zuen emakumeon gorputzari eta osasun-zaintzari dagokienez. Dena den, osasunzaintzaren arloan, emakumeok oraindik ere aurre egin behar diogu industria medikoari, gure gorputzak serioski har daitezen. Esparru gutxitan lortu du borroka feministak hainbeste emakume biltzea, izan feminismoarekin konprometituak, izan konprometitu gabeak. Emakumeon botere kolektiboa osasunarekin loturiko kontuetan azaleratzen da, batez ere ginekologiaz, emakumeei gizonei baino gehiago erasaten dieten minbiziez (batik bat bularrekoa) eta, azkenaldian, bihotzeko gaixotasunez ari garenean. Elikadura-nahasmenduen aurkako borroka feminista etengabekoa da, adin guztietako emakumeak itxuraren arabera epaitzeko obsesioa ez baita inoiz desagertu gure herrialdean. Areago, gure iruditeria kulturalaren parte da oraindik ere. 1980ko urteen hasieran, emakume asko feminismotik urrundu ziren. Denok baliatu genituen arren ekintza feministen onurak, edertasunari buruzko ikuspegi sexistak berriz bere egiten hasi ziren gero eta emakume gehiago. Mugimendu feminista garaikidearen hasieran hogei urte inguru zituzten emakumeetako batzuk berrogei eta berrogeita hamar urteen bueltan zebiltzan. Feminismoak emakumeon gorputzari begiratzeko modua aldarazi zuen, eta, horri esker, zahartzea bizipen positiboagoa izan da guretzat; hala eta guztiz ere, gizarte patriarkalean zahartzearen errealitateari —bereziki biologikoki haurrik ezin izateari— aurre egin beharrak emakumeen edertasunarekin loturiko ikuspegi sexista zaharretara bultzatu zituen berriz ere emakume asko. Gaur egun, gure herrialdearen historian inoiz baino gehiago, berrogei urtetik gorako emakume heterosexual ezkongabe andana dago. Emakume ezkongabeok, gizonen arreta erakarri nahian, lehian sartzen dira emakume gazteagoekin (emakume gazte horietariko asko, gainera, ez dira feministak izaten, eta ez dira inoiz izango), eta emakumeen edertasunaren errepresentazio sexistak antzeratzen dituzte sarritan. Egiaz, modaren eta kosmetikaren industria supremazista zuri kapitalista patriarkalari biziki komeni zitzaion edertasunaren ikuspegi sexistei berriz glamourra ematea. Eta hedabideak ere joko berean sartu dira. Filmetan, telebistan eta publizitatean, arau bilakatu dira emakume ilehori tindatu ikaragarri argalak, zeinak irudi baitu prest leudekeela edonor hiltzeko otordu on baten truke. Emakumeen edertasunaren irudi sexistak mendeku-gosez itzuli dira, erruz eta mehatxari, feministen ekintzek lorturiko aurrerapenak desegiteko prest. Zoritxarrez, emakumeok sekula baino kontzienteagoak garen arren zein hedatuta dagoen bizitza arriskuan jartzen duten elikadura-nahasmenduen arazoa gure herrialdean, askok —gazte zein zahar— jateari uko egiten diote argalak izatearren. Anorexia ohiko gai bihurtua da, bai liburuetan, bai filmetan, eta abarretan. Hala eta guztiz ere, emakumeek barneratua dute argala izateak edo ez izateak baldintzatzen dituela beren meritua, edertasuna eta balio intrintsekoa, eta alferrik da inongo aholkurik ematea hori saihesteko. Gaur egungo moda-aldizkarietan, gerta daiteke anorexiaren arriskuei buruzko artikulu bat argitaratzea eta aldi berean irakurleak bonbardatzea gorputz gazte zargalduen irudiekin, edertasunaren eta desiragarritasunaren gailurra balira bezala. Mezu nahasgarri hori are kaltegarriagoa da sekula feminismoa aldarrikatu ez dutenentzat. Hala, azkenaldiko ekintza feministetan, emakume-gorputzen berezko edertasuna berresteko ahaleginak eraberritzea izan da helburua. Gaur egungo neskek, askotan, beren gorputza gorrotatzen dute, feminismoaren aurretik bezalaxe. Mugimendu feministak emakumeen aldeko aldizkari mota ugari sortu zituen, baina ez zegoen moda-aldizkari feminista bakar bat ere emakumeoi edertasunaren gaineko ikuspegi alternatiborik eskaintzen zigunik. Irudi sexistak kritikatzea horren alternatibarik eskaini gabe hankamotz geratzen da. Kritikak, bere-berez, ez dakar aldaketarik. Ildo horretan, edertasunaren gaineko kritika feminista askok emakumeak nahasi besterik ez dute egin aukera osasungarri bat zer den erabakitzeko orduan. Emakume heldua izaki eta nire bizitzan inoiz ez bezala gizentzen ari naizen heinean, kiloak galdu nahi ditut nire gorputzarekiko autogorroto sexistan erori gabe. Gaur egun, modaren munduan, kontsumitzaileen aldean batik bat, neska nerabeen gorputz ikaragarri argalentzat diseinatua dirudien arropa da araua; alegia, adin guztietako emakumeok kontzienteki edo inkontzienteki sozializatzen gaituzte gure gorputzen gainean antsietatea izan dezagun, gure haragia arazo gisa ikus dezagun. Zorionez, zenbait dendatan, neurri eta forma guztietako emakume-arropa polita saltzen dute; alabaina, askotan, halako arropa askoz garestiagoa izaten da moda-industriak jende gehienari eskaintzen dion arropa merkeagoa baino. Gaur egungo moda-aldizkariek gero eta antz handiagoa dute garai bateko aldizkariekin. Sinatzaileak gizonak izaten dira, gero eta gehiago. Artikuluak gutxitan idatziak dira ikuspegi feminista batetik edo gai feministei buruz. Eta ordezkatzen duten moda motari sexismoa dario. Aldaketa guztioi ez ikusiarena egin zaie jendaurrean, helduarora iritsiak diren emakume feminista askok aukeratzeko askatasuna baliatzen dutelako eta edertasun-eredu alternatibo osasungarriak bilatzen dituztelako. Hala eta guztiz ere, alde batera uzten badugu edertasunari buruzko ikuspegi sexistak guztiz deuseztatzeko borroka, gure gorputza eta geure burua onartzen eta maitatzen irakatsi ziguten esku-hartze feminista bikainak hondatzeko arriskuan egongo gara. Nahiz eta emakume guztiok kontzientegoak garen emakumeen edertasunaren gaineko ikuspegi sexistekin bat egiteak dakartzan arazo eta arriskuez, ez dugu nahikoa egiten arriskuok ezabatzeko eta alternatibak sortzeko. Joera patriarkalek edertasunaren industria alderdi guztietatik gidatzea onartzen badugu, neska gazte eta nerabeek ez dute jakingo pentsalari feministok ere aintzat hartzen ditugula edertasunaren eta apainduriaren balioa. Emakumeek edertasunarekiko duten jaidura zorrozki gaitzesteak feminismoa ahuldu du. Hedabideek gaitzespen hori erakutsi ohi dute feministen pentsaeraren ezaugarritzat, nahiz ez den pentsaerarik ohikoena. Feministok edertasunaren industriara eta modara itzuli eta iraultza etengabeko eta iraunkor bat bultzatzen ez dugun bitartean, ez gara aske izango. Ez dugu jakingo nola maitatu gure gorputzak eta geure burua.
Feminismoa denon kontua da |