|
Feminismoa denon kontua da
—BI— Kontzientzia hartzea JARRERA ETENGABE ALDATZEN
Feministak egin egiten dira; ez dira hala jaiotzen. Ez dugu feminismoa aldarrikatzen soilik emakume jaiotzeko pribilegioa izan dugulako. Jarrera politiko guztietan bezala, hautuz eta ekitez hasten gara feminismoan sinesten. Emakumeak lehen aldiz elkartu zirenean sexismoaz eta gizonen nagusikeriaz hitz egiteko, argi zeukaten emakumeok gizonak bezalaxe sozializatzen gintuztela pentsamolde eta balio sexistak barneratzeko; desberdintasun bakarra zen gizonek etekina ateratzen ziotela sexismoari, emakumeok ez bezala; ondorioz, ez zuten halako beharrik pribilegio patriarkalei aurre egiteko. Emakumeok patriarkatua aldatzeko, baina, guk geuk aldatu behar genuen lehenbizi; alegia, kontzientzia hartu behar genuen. Feminista iraultzaileek kontzientzia hartu zutelarik, nabarmen geratu zen agerian zein garrantzitsua den ohartzea patriarkatua menderakuntzazko sistema bat dela, ohartzea nola instituzionalizatu den, nola betikotzen eta mantentzen den. Gizonen nagusikeria eta sexismoa eguneroko bizitzan nola azaleratzen diren ulerturik, emakumeok kontzientzia hartu genuen gure aurkako biktimizazioaz, esplotazioaz eta, kasurik makurrenetan, zapalkuntzaz. Mugimendu feminista garaikidearen hasieran, kontzientziatze-taldeak emakumeek biktimizazioaren ondorioz pilaturiko etsaikeria eta amorrua askatzeko bideak izan ziren maiz, eta esku hartzeko eta eraldatzeko estrategiek leku gutxi zuten, edo batere ez. Funtsean, emakume kaltetu eta esplotatu askok terapia gisa baliatu zituzten kontzientziatze-taldeak, hau da, beren barreneko zauriak azaleratzeko eta besteen aurrean erakusteko. Aitorkizun modu hori erritu sendagarri gisa baliatu zen. Kontzientzia hartzearen poderioz, emakumeek kemena bildu zuten indar patriarkalei aurre egiteko, hala lanean nola etxean. Dena dela, garrantzitsua da kontuan hartzea emakumeok pentsamolde sexista aztertzearekin eta gure jarrerak eta usteak aldatzeko estrategiak asmatzearekin batera hasi zela kontzientziatze-taldeen lana, pentsamolde feministara konbertitu eta feminismoarekiko konpromisoa hartzearen bidez. Kontzientziatze-taldeak feminismora konbertitzeko guneak izan ziren batik bat. Masa-mugimendu feminista bat eraikitzeko, emakumeek antolatu beharra zeukaten. Kontzientziatze-saioak norbaiten etxean egiten ziren beti (toki publikoetan baino gehiago, halakoak errentan hartu behar izaten baitziren, edo norbaitek dohainik utzi). Hala, pentsalari eta aktibista feminista zailduek konbertitu berriak erakartzeko guneak ziren. Aipatzekoa da komunikazioa eta elkarrizketa zirela kontzientziatze-saioetako ardatz nagusiak. Talde askoren araua zen edonork izatea hitz egiteko aukera. Emakumeek txanda hartzen zuten hitz egiteko, denen ahotsa entzun zedin. Eztabaidarako eredu ez-hierarkiko bat eratzeko saiakera hark aukera eman zigun emakume guztioi hitz egiteko, baina, zenbaitetan, ez zen lortu elkarrizketa konprometitu baterako testuingururik sortzea. Hala eta guztiz ere, gehienetan, eztabaida eta elkarrizketa sortzen zen emakume parte-hartzaile guztiek gutxienez behin hitz egin eta gero. Kontzientziatze-taldeetan, ohikoak ziren argudioetan oinarrituriko eztabaidak, gizonen nagusikeriaren jatorria era kolektibo batean ulertzea baitzen gure helburua; azken batean, soilik eztabaidatuz eta desadostasunak agertuz erdietsiko genuen ikuspuntu errealista bat genero-esplotazioari eta -zapalkuntzari heltzeko. Pentsamolde feminista talde txikitan landu zen hasieran, eta, askotan, parte-hartzaileak elkarren ezagunak ziren (lankideak edo lagunak); gero, argitalpenen bidez teorizatzen hasi ziren, hartzaile gehiagorengana iristeko, eta, orduan, taldeok desegin ziren. Emakume-ikasketak diziplina akademiko gisa sorturik, bestalde, emakumeek beste esparru bat erdietsi zuten pentsamolde eta teoria feministei buruz informatzeko. Emakume-ikasketak unibertsitateetan txertatzeko ahalegina egin zuten emakumeetako asko aktibista erradikalak izanak ziren eskubide zibilen aldeko borroketan, gayen eskubideen alde eta hasierako mugimendu feministan. Haietariko asko ez ziren doktoreak ere; alegia, beste diziplina batzuetako lankideek baino soldata baxuagoak eta lanordu gehiago zituztela sartu ziren instituzio akademikoetan. Graduatu berriek ikerketa feministak unibertsitatean legitimatzeko ahaleginarekin bat egin zutenerako, bagenekien garrantzitsua zela maila goragoko titulazioak lortzea. Gutariko gehienok ekintza politikotzat hartu genuen emakume-ikasketekiko konpromisoa; alegia, prest geunden sakrifizio bat egiteko mugimendu feministarentzako oinarri akademiko bat lortzearren. 1970eko urteen amaierarako, emakume-ikasketak diziplina akademiko gisa onartzeko bidean ziren. Garaipen horren ifrentzu gisa, baina, emakume-ikasketak instituzionalizatzeko bidea ireki zuten emakume asko kaleratu zituzten, master-ikasketak zituztelako, eta ez doktoregokoak. Orduan, gutariko asko unibertsitatera itzuli ginen doktoregoa erdiesteko asmoz, baina ez denak: gure arteko emakume on eta bikainenetariko batzuk etsiak jota geratu ziren unibertsitatearekin, lan-zama handiarekin gainezka eginda, eta are desengainuak jota eta amorratuta ere, ikusirik erreformismo liberalak hartua zuela emakume-ikasketen oinarriko politika erradikalaren tokia. Handik gutxira, emakume-ikasketek hartua zuten denontzako irekiak ziren kontzientziatze-taldeen tokia. Hala, kontzientziatzetaldeetan, askotariko jatorrietako emakumeak biltzen ginen, hala etxekoandreak eta zerbitzuen sektoreko langileak nola lehen mailako profesionalak; unibertsitatea, aldiz, klase-pribilegiorako esparru bat zen, eta hala da orain ere. Erdiko klaseko emakume zuri pribilegiatuak gehiengoa ziren kopuru aldetik, baina ez ziren preseski mugimendu feminista garaikidearen lider erradikalenak; hala ere, hedabideetan borrokaren ordezkari gisa agertu ohi zirenez, haiek nabarmendu ziren batez ere. Mugimenduak hedabide nagusien arreta bildu ahala, kontzientzia feminista iraultzaileko emakumeek, asko lesbianak eta langile-klasekoak, ikusgaitasuna galdu zuten. Areago, behin emakumeikasketak unibertsitateetan finkatu zirenean —kontuan izanik egitura kontserbadore korporatiboak direla—, guztiz baztertuta geratu ziren. Beraz, emakume-ikasketak kontzientziatze-taldeak ordezkatu zituztenean pentsamolde feminista eta aldaketa sozialerako estrategiak transmititzeko gune nagusi gisa, mugimenduak indarra galdu zuen masa-mugimendu gisa. Handik berehala, gero eta emakume gehiago hasi ziren beren burua feministatzat hartzen edo genero-diskriminazioaren erretorika erabiltzen beren estatus ekonomikoa aldatzeko. Ikasketa feministak instituzionalizatzeak unibertsitatean eta argitalpenen munduan zenbait lanpostu sortzea ekarri zuen. Aldaketa profesionalok oportunismoa ekarri zuten berekin, eta ordura arte masa-borroka feministarekin konpromisorik agertu ez zuten emakume batzuk feminismoaren jarrera eta hizkera bereganatzen hasi ziren, beren klase-mugikortasunaren mesedetan. Kontzientziatze-taldeak desegitearekin batera, funtsezko ikuspegi bat baztertu zen: feminismoaren alde egoteko beharrezkoa zela feminismoaz ikastea eta hautu kontziente bat egitea feminismoaren alde. Emakumeak kontzientziatze-talderik gabe geratu ziren, hau da, emakumeek berek beste emakume batzuen aurka zerabilten sexismoari aurre egiteko esparrurik gabe, eta, horrenbestez, mugimendu feministaren norabidea lan-munduko berdintasunerantz eta gizonen nagusikeriaren aurkako borrokarantz aldatu zen. Gero eta gehiago, genero-berdintasunaren “biktima”tzat eta, beraz, erreparazioa merezi zuen pertsonatzat hartzen zen emakumea (izan lege diskriminatzaileak aldatuz, izan diskriminazio positiboko politikak abiaraziz), eta, ondorioz, emakumeek feminista bilakatzeko lehenbizi beren sexismo barneratuari aurre egin behar ziotelako ideiak indarra galdu zuen. Adin guztietako emakumeek, beraz, gizonen nagusikeria eta genero-berdintasuna kezkaz edo amorruz jorratzeari ekin zioten, hori nahikoa balitz bezala “feminista” bilakatzeko. Sexismo barneratuari aurre egiten ez ziotenez, bandera feminista altxatu zuten emakumeek kausari traizio egiten zioten maiz beste emakumeekiko harremanetan. 1980ko hamarkadaren hasieran, ahizpatasun politizatuaren aldarriak —zeina funtsezkoa izan baitzen mugimendu feministaren hastapenetan— esanahia galdu zuen; feminismo erradikala ahuldu, eta bizimoduan oinarrituriko feminismoa nagusitu zen, hau da, edozein emakume izan zitekeen feminista, haren iritzi politikoak gorabehera. Ez dago esan beharrik pentsamolde horrek teoria eta praktika feministak —alegia, feminismoa— higatu zituela. Egunen batean mugimendu feminista eraberritzen delarik, eta edonoren aurkako sexismoa eta esplotazio eta zapalkuntza sexista deuseztatuko dituen masa-mugimendu bat sortzeko estrategiak indartzen direlarik, orduan, kontzientzia hartzeak hasierako garrantzia berreskuratuko du. Alkoholiko Anonimoen bileren ereduari segituz, kontzientziatze-talde feministak komunitatetan biltzen hasi ziren, pentsamolde feministak denontzat behar duela aldarrikatzeko, klasea, arraza edo generoa zeinahi izanik ere. Identitate partekatuetan oinarrituriko talde espezifikoak agertu arren, norbanakoak talde mistoetan egongo ziren azkenean. Gizonek kontzientzia feminista hartzea ere emakume-taldeak bezain funtsezkoa da mugimendu iraultzailearentzat. Gizon-taldeak sortu izan balira mutil eta gizonei esplikatzeko zer den eta nola alda daitekeen sexismoa, hedabideek ez zuketen modurik aurkituko mugimendu feminista gizonen aurkako mugimendu gisa aurkezteko. Horretaz gainera, gizonek ez zuketen sortuko inongo mugimendu antifeministarik. Askotan, sexismoa eta gizonen nagusikeria aintzat hartzen ez zituen feminismo garaikidearen lorratzari segituz sortu ziren gizon-taldeak. Bizimoduan oinarrituriko feminismoan bezala, gizon-taldeok bilgune terapeutiko bilakatu ziren maiz, non gizonek beren zauriei aurre egiten baitzieten patriarkatua kritikatu gabe edo gizonen nagusikeriaren aurkako erresistentzia-plataformarik eratu gabe. Etorkizuneko mugimendu feministak ez du errepikatuko halako akatsik. Adin guztietako gizonek beren espazioak behar dituzte sexismoaren aurkako beren erresistentzia berresteko eta balioesteko. Gizonak borrokara batzen ez badira, mugimendu feministak ez du aurrera egingo. Hori hala izanik, lan handia dugu egiteko feminismoa gizonen aurkakoa delako ustea zuzentzeko, sustrai sakonak baititu psike kulturalean. Feminismoa antisexismoa da. Gizonen pribilegioei uko egin eta feminismoa bere egiten duen gizona borrokarako burkide baliotsu bat da, ez inolaz ere feminismorako mehatxu bat; mugimendu feministan pentsamolde eta jokamolde sexistaren arabera jarduten duen emakumea, aldiz, bai, mehatxu arriskutsu bat da. Oso adierazgarria da kontzientziatze-taldeen esku-hartze indartsuena izana aldarrikatzea emakume guztiek egin behar diotela aurre beren sexismo barneratuari eta pentsamolde eta ekinbide patriarkalarekiko atxikimenduari, eta konpromisoa hartu behar dutela feminismorako konbertsioarekin. Halako ekintzak beharrezkoak dira oraindik ere. Feminismoa hautatzen duen orok eman beharreko pauso bat da. Kanpoko etsaiari aurre egiteko, barneko etsaia eraldatu beharra dago lehenbizi. Mehatxua, etsaia, pentsamendu eta jokamolde sexistak dira. Emakumeek feminismoaren bandera altxatzen segitzen badute beren sexismoa landu eta eraldatu gabe, mugimendua ahuldu egingo da.
Feminismoa denon kontua da |