|
Feminismoa denon kontua da
—ATARIKOA— Hurbildu zaitez feminismora
Noan lekura noala, nor naizen eta zer egiten dudan jakin nahi duen jendeari harrotasunez esaten diot idazlea, teorialari feminista eta kultura-kritikaria naizela. Filmei eta herri-kulturari buruz idazten dudala, hedabideen mezuak analizatzen ditudala. Jende gehienarentzat erakargarria da hori, eta gehiago jakin nahi du. Denok joaten gara zinemara, denok ikusten dugu telebista, denok ibiltzen gara orri-pasa aldizkarietan, eta denok badugu iritzirik jasotzen ditugun mezuei buruz, ikusten ditugun irudiei buruz. Parean suertatzen zaizkidan publiko askotarikoek aise ulertzen dute kultura kritikatzean datzala nire jarduna, pasioz idazten dudala (jende askok idatzi nahi du, eta idazten du). Baina, teoria feministaz denaz bezainbatean, ez dute deus galdetzen. Eta denetarikoak entzuten ditut feminismo sorginaz eta feminista gaiztoez: gizonak gorrotatzen dituztela, naturaren eta are Jainkoaren aurka egin nahi dutela, denak lesbianak direla, enplegu guztiak bereganatzen ari direla eta gizon zuriei bizitza zailtzen dietela, deusetarako aukerarik gabe geratzen ari direlakoan. Pertsona horiei galdetzen diedanean ea zer liburu edo aldizkari feminista irakurri dituzten, ea zer hitzaldi feminista entzun dituzten, ea zer aktibista feminista ezagutzen dituzten, haien erantzunetatik ondorioztatzen dut zeharbidez jaso dutela feminismoaz dakiten guztia, ez direla nahikoa hurbildu mugimendu feministara benetan zer gertatzen den jakiteko, feminismoa zertan den jakiteko. Gehienek pentsatzen dute feminismoa gizonak bezalakoak izan nahi duten emakume haserretuen multzo bat dela. Ez dute pentsatzen feminismoak eskubideez diharduenik, emakumeok eskubideak lortzeaz diharduenik. Feminismoaz hitz egiten dudanean, gertutik eta bertatik bertara ikusita dakit gogo onez entzuten didatela; nolanahi ere, gure elkarrizketak amaitu orduko esaten didate desberdina naizela, gizonak gorrotatzen dituzten “benetako” feminista haserretu horiek ez bezalakoa. Azaltzen diet edozein feminista bezain erreala eta erradikala naizela ni ere eta feminismora hurbiltzen ausartuz gero ikusiko dutela ez dela pentsatzen duten bezalakoa. Halako topaketa batetik ateratzen naizen aldiro, esku artean izan nahi nuke liburu bat, entzuleei esateko: “Irakurri liburu hau, eta ulertuko duzu zer den feminismoa, zertan datzan mugimendua”. Liburu zehatz, irakurterraz eta ulergarri bat; ez luzea, hizkera eta hizkuntza akademiko zailekoa, baizik eta irakurtzen erraza, sinplista izan gabe. Pentsamendu, politika eta praktika feministek bizitza aldatu zidatenetik nahi izan dut halako liburu bat, maite dudan jendeari eskaintzeko, hobeki uler dezaten gure kausa, nire uste osoa duen feminismoa, nire bizitza politikoaren funtsa. Beti nahi izan dut jendeak erantzun bat izatea “Zer da feminismoa?” galdetzen duenean, beldurrik edo fantasiarik gabeko erantzun bat. Beti nahi izan dut jendeak honelako definizio bat izatea eta behin eta berriz errepikatzea: “Feminismoa sexismoa, esplotazio sexista eta zapalkuntza deuseztatzeko mugimendu bat da”. Maite dut definizio hori. Duela hamar urte baino gehiago argitaratu nuen, feminist theory: from margin to center [Teoria feminista: bazterretik erdigunera] liburuan. Maite dut, argi eta garbi azaltzen duelako mugimenduaren funtsa ez dela gizonen aurkakoa izatea. Garbi uzten duelako arazoa sexismoa dela. Eta argitasun horrek laguntzen digu gogoratzen denok, emakume zein gizon, jaio ginenetik sozializatu gaituztela pentsamolde eta ekintza sexistak onartzeko. Alegia, emakumeak gizonak bezain sexistak izan daitezkeela. Hori ez da aitzakia edo arrazoi bat gizonen nagusikeria zuritzeko, baina ikuspegi ezjakina eta okerra litzateke mugimendua hain era sinplistan ulertzea, hau da, emakumeek gizonen aurka mamitutako mugimendu gisa ulertzea. Patriarkatua deuseztatzeko (horra sexismo instituzionalizatua izendatzeko beste modu bat), argi izan behar dugu denok betikotzen dugula sexismoa eta hala izango dela harik eta gure pentsamendu eta ekintza sexistak alboratu eta haien ordez pentsamendu eta ekintza feministak hautatzen ez ditugun arte. Gizonek, talde gisa, patriarkatutik jasotzen dute batez ere etekina, barneratuta baitaukate emakumeon gainetik daudela eta gure gainetik agin dezaketela. Baina etekinok badute prezioa. Gizonek, patriarkatutik jasotzen dituzten opari horien truke, emakumeok beren mendean hartu, esplotatu eta zapaldu behar gaituzte, indarkeriaren bitartez, baldin eta patriarkatuari bere horretan eutsiko badiote. Gizon askorentzat, zaila da patriarkala izatea. Gizon gehienentzat eragozgarria da emakumeek gorrotoa eta beldurra sentitzea, gizonek emakumeen aurka indarkeria erabiltzea, are indarkeria hori betikotzen duten gizonak egotea. Baina beldurra diote abantailok galtzeari. Ez dakite zer gertatuko litzatekeen beren gertuko munduan patriarkatua aldatuko balitz. Hori dela eta, errazagoa zaie, pasiboki bada ere, gizonen nagusikeria babestea, nahiz eta badakiten, buru-bihotzez jakin ere, oker daudela. Gizonek behin eta berriz esan izan didate ez daukatela arrastorik ere zer nahi duten feministek. Sinesten diet. Sinesten dut gai direla aldatzeko eta garatzeko. Eta sinesten dut feminismoaz gehiago jakingo balute ez lioketela beldurrik izango, mugimendu feministan aurkituko luketela patriarkatuaren kateetatik askatzeko esperantza. Gizon horientzat, gazte zein adineko, eta gu guztiontzat idatzi dut eskuliburu labur hau, hainbeste urtean itxaron dudan liburua. Idatzi beharra neukan, haren zain egon naizen arren ez baitzen agertzen. Eta, halako libururik gabe, ez geneukan modurik herrialde honetako jendearengana iristeko, eta, bien bitartean, jende horrek guztiak egunero jasotzen ditu kontraeraso antifeministak, mugimendua gorrotatzeko eta haren aurka paratzeko deiak, mugimenduaz deus gutxi jakin arren. Liburuxka feminista gehiago behar genituzke, panfleto eta liburu irakurterraz gehiago, feminismoaz dena kontatzen digutenak; liburu hau feminismoaren aldeko beste ahots pasioz beteriko bat litzateke. Feminismoaren ahotsa zabaltzeko eta munduak hartaz gehiago jakiteko, kartelak behar genituzke, eta iragarkiak aldizkarietan, iragarkiak autobus, metro eta trenetan, iragarkiak telebistan. Oraindik ez gara horretara iritsi. Baina horixe behar dugu feminismoa zabaltzeko, mugimendua denon buru-bihotzetan sar dadin. Aldaketa feministak gure bizitza guztiak ukituak ditu jada, onerako ukitu ere. Eta, hala ere, haren alde onak ahazten zaizkigu, gauza txarrak besterik ez baitugu entzuten feminismoaz. Gizonen nagusikeriari aurre egiten hasi nintzenean, pentsamolde patriarkalari (eta nire bizitzako ahots patriarkal indartsuenari, hots, nire amarenari) aurre egiten hasi nintzenean, nerabe bat besterik ez nintzen, suizida, depresioak joa, galdua, ez bainekien nola zentzua topatu nire bizitzari, nola leku bat topatu niretzat. Feminismoa behar nuen, berak emango baitzidan berdintasunaren eta justiziaren oinarria. Nire amak ere bat egin zuen pentsamolde feministarekin. Konturatu da beraren sei alabok hobeki bizi garela feminismoari esker. Konturatu da zein diren mugimendu feministaren promesak eta itxaropenak. Eta promesa eta itxaropen horiexek partekatu nahi nituzke zuekin, denokin, liburu honetan. Imajinatu bizi garen munduan ez dagoela menderakuntzarik, emakumeak eta gizonak ez direla beti berdinak baina mutualitatearen ikuspegia dela gure arteko harremanak itxuratzen dituen ethosa. Imajinatu bizi garen munduan denok izan gaitezkeela garen hori, bakea eta aukeratzeko eskubidea nagusi direla. Halako mundu bat ez du iraultza feministak bakarrik sortuko; beharrezkoa dugu arrazakeria, klase-elitismoa eta inperialismoa deuseztatzea. Dena den, iraultza feministari esker, emakumeok eta gizonak guztiz autorrealizatuko gara, eta gai izango gara maitasunezko komunitate bat eratzeko, elkarrekin bizitzeko, gure askatasun- eta justizia-ametsak betetzeko, denok “berdin sortuak” garela dioen egia gorpuzteko. Hurbildu zaitez. Ikusi nola eragiten eta aldatzen duen feminismoak zure bizitza, denon bizitza. Hurbildu zaitez, eta ezagutu lehen eskutik zertan datzan mugimendu feminista. Hurbildu zaitez, eta konturatuko zara: feminismoa denon kontua da.
Feminismoa denon kontua da |