Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—HAMABOST—

Sexu-politika feminista

ELKARREKIKO ASKATASUNEAN OINARRITURIKO ETIKA

 

      Mugimendu feministaren aurretik, sexuaskapenaren aurretik, emakume gehienentzat zaila zen, are guztiz ezinezkoa, burujabetza sexual osasungarri bati eustea. Pentsamolde sexistak jaiotzetik irakatsi digu emakumeoi sexu-desira eta -plazera gizonen kontuak direla bakarrik, sexu-premia edo -gosea aldarrikatzen duten emakumeak ia bertuterik gabeak edo guztiz bertuterik gabeak direla. Pentsamolde sexistaren eraginez birjinaren edo emagalduaren rolen artean erdibiturik, emakumeok ez geneukan inongo oinarririk sexu-identitate osasungarri bat eraikitzeko. Zorionez, mugimendu feministak berehala aurre egin zien sexu-estereotipo sexistei. Garai hartan, gainera, metodo antikontzeptibo fidagarriak denon eskura zeuden gure herrialdean, eta hori lagungarria izan zen mugimendu feministarentzat.

      Metodo antikontzeptibo fidagarrien aurretik, emakumeen sexu-asertibitateak nahi gabeko haurdunaldien eta legez kanpoko abortuaren arriskuaren “zigorra” ekar zezakeen beti berekin. Ez dugu nahikoa lekukotasun bildu munduari azaltzeko zer sexu-patologia eta lazgarrikeria jasan behar izan zituzten emakumeek metodo antikontzeptibo fidagarriak izan aurretik. Ikarak goitik behera hartzen nau imajinatzen dudalarik zer litzatekeen emakumeontzat sexu-harreman bat daukagun aldiro haurdun geratzeko arriskua izatea, zer litzatekeen gizonek sexu-harremanak izan nahi izatea eta emakumeok horren beldur izatea. Mundua halakoa balitz, emakumeek, desira izanez gero, desira horren eta beldurraren arteko gurutzaketa bilatu behar lukete. Ez daukagu nahikoa lekukotasun jakiteko zer egiten zuten emakumeek gizonen sexu-proposamenei muzin egiteko, nola borrokatzen ziren ezkontza barneko bortxaketa errepikatuen aurka, nola moldatzen ziren heriotza-arriskuaren aurka eta nahi gabeko haurdunaldien aurka egiteko. Baina badakigu emakumeen sexualitatearen mundua behin betiko aldatu zela sexu-iraultza feministarekin batera.

      Gutariko batzuok bertatik bertara bizi izan genuen gure amen oinaze eta garraztasun sexuala, sexualitateari zioten erabateko beldurra eta gorrotoa; horregatik, guretzat zoragarria izan zen ikustea nola agertu zen mugimendu bat askatasuna, plazera eta gozamena agintzen zizkiguna, hain justu ere gure sexualitatea garatzen ari ginen unean. Gaur egun, emakumeek oso oztopo gutxi dituzte beren sexudesira adierazteko, eta, ondorioz, badago arriskua patriarkatuak emakumeon gorputzei eta sexualitateari egin dien erasoa gure kulturaren memoria historikotik ezabatzeko. Ahanzturaren eremu horretan, gerta daiteke abortua legez kanpo uzteko ahaleginetan ari direnek gai bakar batera bideratzea eztabaida, hau da, ea bizitza bat akabatu behar den ala ez, zalantzan jarri ere egin gabe zer ondorio galgarriak izango lituzkeen emakumeon sexualitaterako legezko abortua debekatzeak. Oraindik ere, belaunaldi askotako emakumeek ez dakite zer den sexu-plazera: sexuak galera, mehatxua, arriskua, suntsipena esan nahi du berentzat.

      Emakumeen sexu-askatasunak beharrezko ditu metodo antikontzeptibo fidagarri eta seguruak. Bestela, emakumeek nekez izango dituzte kontrolpean beren sexu-jardueraren ondorioak. Baina emakumeen sexu-askatasunak beharrezko du, halaber, emakumeok gure gorputza ezagutzea, osotasun sexuala zer den ulertzea. Sexualitatearen inguruko aktibismo feministaren hastapenetan, lehentasunez aldarrikatzen zen beharrezkoa zela politika bat sortzea emakumeok nahi dugunean eta nahi dugunarekin sexu-harremanak izateko daukagun eskubidearen alde, eta, ondorioz, alde batera utzi zen kontzientzia kritikorako heziketa feminista, hau da, ez genuen ikasi nola errespetatu gure gorputza antisexismotik abiatuz, ez genuen ikasi nolakoa izan litekeen sexualitate askatzailea.

      1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran, sexu-askatasuna eta sexu-promiskuitatea elkarren sinonimotzat hartzera bultzatzen gintuzten maiz emakumeok. Garai hartan, eta baita, neurri batean, gaur egun ere, gizon heterosexual gehienen ustez sexualki askaturiko emakumeak ziren istilurik sortu gabe sexu-harremanak izateko prest zeuden bakarrak, hau da, deus eskatuko ez zutenak, batik bat arlo emozionalean. Eta ikuspegi oker berekoak ziren feminista heterosexual asko eta asko ere, gizon patriarkalen ereduen arabera jokatzen baitzuten. Hala eta guztiz ere, emakumeak berehala konturatu ziren sexu-promiskuitatea eta sexu-askapena ez zirela eta ez direla gauza bera.

      Mugimendu feminista “bero-bero” zegoela, aktibista lesbiana erradikalek etengabe aldarrikatzen zuten emakume heterosexualek birplanteatu behar luketela zer-nolako harremanak dituzten gizonekin; hala, berriz azaleratu zen ea posible ote zen emakumeek bizipen heterosexual askerik izatea testuinguru patriarkal batean. Zalantza hori oso erabilgarria izan zen mugimenduarentzat. Izan ere, batetik, beren praktika heterosexualak etengabe eta ikuspegi kritiko batetik aztertzera bultzatu zituen emakume heterosexualak; bestetik, agerian geratu zen nolako indarra zuten lesbianek, baina baita zer ahulgune zituzten ere. Zenbait emakumek, gizonekin harremanak izateari utzi, eta emakumeak aukeratu zituzten, harako eslogan ospetsuak erakarririk: “Feminismoa teoria da; lesbianismoa, praktika”. Nolanahi ere, berehala konturatu ziren harreman lesbikoek ere, beste guztiek bezala, asko eskatzen zietela emozionalki eta zailak zirela.

      Harreman lesbikoak harreman heterosexualak bezain onak edo hobeak zenbateraino ziren esateko, kontua ez zen harremaneko bi kideak sexu berekoak izatea, baizik eta kideok konpromisoa hartzea menderakuntza sadomasokistaren kulturan oinarrituriko harremanen eta erromantikotasunaren ikuspegiak bertan behera uzteko, hau da, harreman guztietan menderatzaile bat eta menderatu bat egotea ezinbestekoa dela baztertzeko. Lesbianen sexu-promiskuitatea ezin zen sexu-askapenaren parean jarri, ezta praktika heterosexualaren parean ere. Beren sexu-aukera gorabehera, biok maila berean jartzeagatik sufritu zuten emakumeek etsia hartu zuten sexualitateari dagokionez. Eta, gizonen nagusikeriaren eta sexu-indarkeriaren arteko loturaz ari garela, ez da harritzekoa batik bat harremanak gizonekin zituzten emakumeek adieraztea gehien beren zoriontasun sexualik eza.

      Sexu-askatasunaren ametsarekiko etsipen horren ondorioz, pentsalari feminista askok uko egin zioten halako bizipenei edo beren emakume lagun edo burkideek jasandako ondorio kaltegarriei aurre egiteari, eta horrek halako erresumin bat eragin zien sexu-jarduera ororen aurka, bereziki gizonekiko kontaktu sexualaren aurka. Garai batean, lesbiana erradikalak izan ziren ahotsa altxatu zuten bakarrak emakumeak “etsaiarekin oheratu” ez zitezen, eta, gero, emakume heterosexualek haiekin bat egin zuten, zeren sexu berekoen arteko harremanak aukeratzen hasi ziren, gizonekin guztiz etsia harturik. Bat-batean, sexualitateari buruzko eztabaidetan —bereziki sexu-harremanei buruzkoetan—, bazirudien koito oro sexu-larderiatzat hartzen zela, gizon batek emakume bati zakila sartzea bortxaketa zela beti. Halako teoriek eta teoriok zabaltzen zituzten emakume karismatikoek eragin sakona izan zuten emakume gazteen kontzientzian, sexu-identitate berri eta ezberdinak taxutzen saiatzen ari ziren heinean. Emakume gazte haietako askok bisexualitatea aukeratu zuten azkenean, baita gizonekin harremanak izatea ere, betiere baldintza gisa jarrita emakumeak erabakiko zuela beti nolakoa izango zen sexu-jarduera bakoitza. Emakume gazte asko eta asko, ordea, pentsamolde feministatik aldendu ziren, eta berriz heldu zieten sexu-askatasunari buruzko ikuspegi sexista zaharkituei, are mendekuz ere, batzuetan.

      Ez da harritzekoa gero eta kontraesan eta gatazka gehiago sortzea sexu-plazeraren eta arriskuaren edo sexu-askatasunaren eta sexu-esklabotzaren arteko tentsioaren eraginez; ondorioz, erakargarria gertatu zen sexu-sadomasokismoa probatzeko aukera. Azken batean, feministek sexualitatearen inguruan planteatzen zituzten zalantzak boterearekin lotuta zeuden. Ez zuen axola pentsalari feministek berdintasunari buruz hainbeste hitz egitea; sexu-desirari eta sexu-grina gorpuzteari dagokienez, sexualitatearen esparruko boterearen eta botere-gabeziaren dinamikek hankaz gora jarri zituzten zapaltzailearen eta zapalduaren ikuspegi sinplistak. Feminista lesbianek sexu-sadomasokismoaren alde egitea, kontuan izanik hura menderatzailez eta menderatuz beteriko mundu bat zela eta onargarritzat hartzen zituela boteredunaren eta boteregabearen posizioak, beste ezerk baino gehiago harrotu zituen hautsak heterosexualitatearen aurkako kritika feministaren barnean.

      Mugimenduko emakumeak eztabaidatzen hasi zirenean ea bateragarriak ote ziren emakume askeak izatea —izan lesbiana, izan heterosexuala— eta sexusadomasokismoa praktikatzea, sexualitateari buruzko eztabaida feminista erradikalak eten egin ziren ia. Horrekin lotuta, iritzi desberdinak zeuden pornografia patriarkalaren esanahiaren eta garrantziaren inguruan. Halako gaiei heltzeak mugimendua zatitzea eta hondatzea ekar zezakeenez, feminista erradikalen elkarrizketa gehienek publiko izateari utzi zioten 1980ko hamarkadaren bukaerarako, eta esparru pribatura igaro ziren. Sexualitateaz jendaurrean hitz egiteak mugimendua erraustu zuen.

      Sexualitateaz jendaurrean hitz egiten segitu zuten emakume gehienak kontserbadoreak ziren; batzuetan, are puritanoak eta sexuaren aurkakoak ere. Mugimendua errotik aldatu zen: emakumeen sexu-askapena aldarrikatzeko eta goratzeko gune bat izatetik sexu-indarkeria eta biktimizazioa ardatz hartuta sexualitateaz jendaurrean eztabaidatzeko gune izatera igaro zen. Adineko betiko feminista batzuk, zeinak emakumeen sexu-askatasunaren aldezle sutsuak izanak baitziren garai batean, sexu-plazerari garrantzia kentzen hasi ziren, zelibatuari balioa emanez. Sexu-desiraz eta -praktikaz luze eta zabal hitz egin eta idatziak ziren emakume askok, gero eta gehiagok, sexu-politika feminista baztertu eta hartatik aldentzea erabaki dute gaur egun. Eta, inoiz baino gehiago, sexuaren aurkako mugimendu gisa ikusten da oroz gain mugimendu feminista. Sexu-grinari eta sexu-plazerari buruzko diskurtso feminista aurrerakoia baztertuta geratu da, kasik ahaztua. Ondorioz, emakume-gizonek sexu-askatasunaren eredu patriarkalen mende segitzen dute.

      Sexu-iraultza eta mugimendu feminista gorabehera, badakigu emakume heterosexual askok sexu-harremanak dituztela gizonek hala nahi dutelako, emakume zein gizon homosexual gazteek oraindik ez daukatela babes publiko edo pribaturik beren sexuaukera berresteko, “birjina edo emagaldua” ikonografia sexistak bizirik dirauela emakume zein gizonen iruditeria erotikoan, pornografia patriarkala nagusi dela hedabide guztietan, gero eta nahi gabeko haurdunaldi gehiago dagoela, nerabeek sexu-harreman asegabeak eta arriskutsuak izaten dituztela maiz, emakumeek ez dutela sexu-harremanik izaten iraupen luzeko ezkontza eta harremanetan —sexu berekoen zein heterosexualen artekoetan—. Begien bistakoa da, beraz, beharrezkoa dugula sexualitateari buruzko diskurtso feminista eraberritu bat. Oraindik ere, ikasi beharra daukagu zertan datzan sexualitate askatzailea.

      Elkarrenganako errespetua funtsezkoa da sexualitate askatzaile baterako, eta ziurtzat eman behar dugu sexu-plazera eta sexu-betetasuna aiseago lortzen direla elkarrekin adostuz eta borondatez aukeratuz gero. Gizarte patriarkalean, emakume eta gizonek beren pentsamolde sexistari uko egin ezean, ezin zaio zoriontasun heterosexualari eutsi. Emakume eta gizon askok oraindik ere uste dute gizonen sexu-jarduna beren zakilen gogortasunaren eta erekzioen iraupenaren mende dagoela. Ikuspegi hori ere pentsamolde sexistarekin loturik dago. Gizonek, beraz, bertan behera utzi behar dituzte beren ideia sexistak; esate baterako, emakumeen sexualitatearen funtzioa beren premien zerbitzura egotea eta berei gozamena ematea dela. Aldi berean, baina, emakume askok sarketaz harago begiratzen jakin behar dute.

      Sexu-askapenaren eta mugimendu feminista garaikidearen une gorenean, emakumeak ohartu ziren gizonak askotan prest zeudela berdintasuna sexualitatean ez beste arlo guztietan onartzeko. Gizon askok sexu-desira handiko emakumeak nahi zituzten ohean, plazera emateko eta partekatzeko gogoa zutenak, baina, azken batean, ez zioten uko egiten emakumeen sexu-jarduna (sexu-harremanak izateko gogoa izan zein ez izan) gizonen desiraren mende zegoelako ideia sexistari. Dibertigarria zitzaien sexu-harremanak izatea emakume beroti eta askatuekin, baina ez zitzaien hain dibertigarria iruditzen emakumeok leku bat eskatzea sexualitateaz haragoko eremuetan ere. Horren ondorioz, askotan, gizon heterosexualek argi utzi zuten berek beste nonbait askatu beharra zutela beren sexu-irrika; horrek emakumeon gorputzaren gaineko jabegoaren paradigma sexista indartu zuen, eta, horretaz gainera, berretsi gizonek aski zutela edozein emakume-gorputz. Harreman heterosexual edo homosexual askatzaileetan, bi kideek aske behar lukete izan erabakitzeko noiz eta zer maiztasunekin izan nahi dituzten sexu-harremanak, inongo zigorrik jasotzeko beldurrik gabe. Gizon guztiek burutik kendu beharra daukate beste norbait behar dutela beti beren sexubeharrak asetzeko; bestela, beren bikotekideei sexualki mendeko izateko eskatzen segituko dute.

      Egiazko sexu-politika feminista askatzaile batean, ardatza beti izango da emakumeon burujabetza sexuala aldarrikatzea. Baina, emakumeok uste badugu gure gorputz sexualak beste norbaiten zerbitzura egon behar duela beti, sekula ez dugu halakorik erdietsiko. Askotan, prostituta profesionalek eta orobat emakumeek beren askapenaren adierazgarritzat hartzen dute beren alua ondasun edo zerbitzuen truke eskaintzea. Ez dute onartzen dirua irabazteko beste modurik ez duten emakumeak prostituitzea arriskutsua dela beren osotasun sexualerako, hau da, beren gorputza kontrolatzeko.

      Emakume heterosexual askok eta askok oraindik ez dute lortu alde batera uztea uste sexista hau: beren sexualitateari balioa eta esanahia emateko ezinbestekoa dela gizonek hura beti irrikatzea. Horretarako, sinetsi beharra daukate sexu berekoen arteko sexu-harremanak, masturbazioa eta zelibatua gizonekiko sexu-harremanak bezain beharrezkoak eta onuragarriak direla kultura patriarkal batean. Adineko emakumeak, behiala aldaketa feministaren alde egin bazuten ere, askotan ohartzen dira feminitatearen eta sexu-desiragarritasunaren ikuspegi sexistak onartu behar dituztela gizonekin sexu-harremanak izateko eta berak beste emakume gazteago bat bilatuta ez ordezteko. Neurri batean, pentsalari feminista erradikalek arrazoi zuten duela zenbait urte esaten zutelarik emakumeok egiazko sexu-askapena erdiesteko beharrezkoa genuela geure burua gai ikustea balio eta burujabetza sexuala izateko gizonen desiraren objektu izan gabe. Berriz ere, beharrezkoa dugu teoria feministak irakastea nola adierazi gure sentimendu eta identitate sexuala oraindik ere nabarmen patriarkala den gizarte honetan.

      Diskurtso feministak mugak dauzkan arren sexualitateaz hitz egiteko orduan, feminismoa da oraindik ere justizia sozialaren aldeko mugimendu bakarra teoriaren eta praktikaren bidez elkarrenganako ongizatea eskaintzen duena. Erotismoaren oinarrizko printzipioa gorputzak hala eskatzen digunean sexudesira adierazteko eskubidea izan behar litzateke, baita sexu-plazerean bizitzari eusteko ethos bat bilatzekoa ere. Harreman erotikoek komunitateko bakardadetik eta alienaziotik ateratzen gaituzte. Sexu-irrikaren adierazpen positiboek elkarrengana lotuko gaituzten mundu batean, denok aske izango gara aukeratzeko zer sexu-praktika nahi ditugun pertsona gisa hazteko. Aukeratu genezake promiskuitatea edo zelibatua; aukeratu genezake sexu-identitate eta -hautu jakin bat, edo desira ezezagunak txandakatzea soilik pertsona jakin batzuekin harremanak izanez eta haiekin konprometituz, erotismoaren txinparta sentituz, haien sexua, arraza, klasea eta are sexu-aukera gorabehera. Mahai gainean jarri behar ditugu sexualitateari buruzko diskurtso feminista erradikalak, sexu-askatasunaren aldeko mugimendua berriz abian jar dadin.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018