|
Feminismoa denon kontua da
—HIRU— Ahizpatasuna
“Ahizpatasuna boteretsua da” goiburua lehenbizikoz erabili zenean, zirraragarria izan zen. Unibertsitateko bigarren mailan hasi nintzen mugimendu feministan bete-betean parte hartzen. Stanfordeko Unibertsitatean sartu aurretik, urtebete eman nuen emakumeentzako fakultate batean, eta lehen eskutik nekien zer desberdintasun zegoen sexu bereko pertsonen ikasgelen eta ikasgela mistoen artean emakumeen autoestimuari eta asertibitateari dagokienez. Stanforden, gizonak nagusitzen ziren egunerokoan, eskola guztietan. Emakumeek gutxiago hitz egiten zuten; iniziatiba gutxiago zuten, eta, askotan, hitz egiten zutenean, nekez entzuten zen zer ari ziren esaten. Haien ahotsetan ez zen sumatzen ez indarrik ez konfiantzarik. Are okerrago, irakasle gizonek behin eta berriz esaten ziguten ez ginela gizonak bezain adimentsuak eta sekula ez ginela izango pentsalari edo idazle “handiak”. Halako jarrerek asaldatu egiten ninduten; izan ere, emakume-ingurune batetik nentorren, eta, han, gure maila eta balio intelektuala etengabe berresten ziren, irakasleek —gehienak emakumeak— guretzat zein beren buruarentzat ezarritako bikaintasun akademikoaren mailaren arabera. Esan beharra daukat zorretan nagoela Ingeleseko nire irakasle begikoarekin —zuria eta emakumea—: berak zioenez, emakumeen unibertsitatean ez nintzen jasotzen ari orientabide akademiko egokia, han ez baitzegoen idazketa berariaz lantzeko programarik. Berak animatu ninduen Stanfordera joan nendin. Uste zuen pentsalari eta idazle garrantzitsua izango nintzela egunen batean. Stanforden, baina, nire gaitasuna etengabe jartzen zuten zalantzan. Neure buruaz duda egiten hasi nintzen. Orduan, mugimendu feministak campusa astindu zuen. Ikasle eta irakasle emakumeak ikasgela barneko zein kanpoko generodiskriminazioa deuseztatu behar zirela aldarrikatzen hasi ziren. Ene, a zer garai bizi eta zirraragarria. Han, emakume-ikasketetako lehen eskolak jaso nituen, Tillie Olsen idazlearekin: lehenik eta behin, langileklaseko emakumeen etorkizunaz pentsatzeko eskatu zigun ikasleoi. Han, Diane Middlebrook-ek —akademikoa eta Anne Sextonen biografoa— nire poema bat banatu zuen Poesia Garaikideko eskolan, norena zen esan gabe, eta galdetu zigun ea nork idatzia ote zen gure ustez: emakume batek ala gizon batek. Esperimentu hark gogoeta kritikoa egitera bultzatu gintuen, ohartu baikinen nolako eragina duten genero-aurreiritziek testuen balioa epaitzeko orduan. Han, nire lehen liburua idazten hasi nintzen, 19 urte nituela: ain't i a woman: black women and feminism [Ez al naiz emakume bat? Emakume beltzak eta feminismoa]. Bada, mugimendu feministak emakumeen arteko solidaritaterako oinarri bat eratu izan ez balu, ez zatekeen inoiz gertatuko eraldaketa harrigarri haietariko bakar bat ere. Oinarri haren funtsa garai hartan “barneko etsaia” esaten genion horren kritika zen. Gure sexismo barneratuaz ari ginen. Emakumeok lehen eskutik genekien pentsamolde patriarkalaren arabera sozializatu gintuztela geure burua gizonak baino gutxiagotzat hartzeko, geure burua beti beste norbaiten lehiatzailetzat hartzeko patriarkatuaren onespenaren bila, elkarri jeloskortasunez, beldurrez eta gorrotoz begiratzeko. Pentsamolde sexistak inongo gupidarik gabe elkar epaitzera eta gogor zigortzera bultzatzen gintuen. Orduan, pentsamolde feministak emakumeon autogorrotoa desikasten lagundu zigun. Gure kontzientzian txertatua genuen pentsamolde patriarkaletik askatzeko modua eman zigun. Gizonek elkar hartzea onartua eta finkatua zegoen kultura patriarkalean. Alegia, gauza jakintzat ematen zen gizonak, taldean egonez gero, bat eginda agertuko zirela beti, elkar babestuko zutela, talde berean jokatuko zutela, taldearen onura bilatuko zutela banakoaren abantailen eta aitorpenaren gainetik. Emakumeek elkar hartzea, berriz, ez zen posible patriarkatuaren barnean: traiziozko ekintza bat zen. Mugimendu feministak, baina, testuinguru bat sortu zuen emakumeok elkar har genezan. Eta ez genuen elkar hartu gizonen aurka, baizik eta emakumeon interesak babestearen alde. Irakasleei aurpegiratu genienean ez zutela emakumeek idatzitako libururik aipatzen eskolak ematean, ez zen izan irakasleok gogoko ez genituelako (kontrara, gogoko baikenituen haietariko asko), baizik eta ikasgelako eta curriculumeko genero-aurreiritziak deuseztatu nahi genituelako. 1970eko hamarkadaren hasieran gure unibertsitate mistoan gertatzen ari ziren eraldaketa feminista berak etxearen eta lanaren esparruetan ere ari ziren gertatzen. Lehenik eta behin, geure burua eta gorputzak gizonen jabetzapean ez ikustera bultzatu gintuen mugimendu feministak. Gure sexualitatearen, metodo antikontzeptibo eraginkorren eta ugalketa-eskubideen gaineko kontrola aldarrikatzeko eta bortxaketa eta sexu-jazarpena deuseztatzeko, beharrezkoa genuen solidaritatez jokatzea. Emakumeen aurkako enplegu-diskriminazioa aldatzeko, beharrezkoa genuen presio-talde gisa indarra egitea politika publikoa aldatzearen alde. Emakumeen pentsamolde sexistari aurre egitea eta hura aldatzea lehen pausoa zen azkenerako gure herrialdea astinduko zuen ahizpatasun boteretsu bat eratzeko bidean. Eskubide zibilen aldeko borrokaren urratsei jarraituz, mugimendu feministak gure herrialdearen aurpegia aldatu zuen 1970eko eta 1980ko urteetan. Aldaketok eragin zituzten aktibista feministek emakume guztion ongizatea babestu zuten. Ulertu genuen emakumeon arteko solidaritate politikoa ahizpatasunaren bidez adieraztea emakumeon bizipenak onestetik harago doala, eta emakume guztion sufrimenduarekiko sinpatia ere aldarrikatzen duela. Ahizpatasun feministaren oinarrian, injustizia patriarkalaren aurka borrokatzeko konpromiso partekatu bat dago, injustiziak zeinahi forma hartzen duela ere. Emakumeon arteko solidaritate politikoak sexismoa ahultzen du beti, eta patriarkatua eraisteko bidea prestatzen. Adierazgarria da ez genukeela sekula arrazaz eta klaseaz gaindiko ahizpatasunik lortuko baldin eta emakumeak berak prest egon izan ez balira emakume-talde subordinatuak menderatzeko eta esplotatzeko botereari uko egiteko. Izan ere, emakumeek klase- edo arraza-boterea baliatuz gero beste emakume batzuk mendean hartzeko, ezinezkoa da ahizpatasun feminista bete-betekorik eratzea. 1980ko hamarkadan, gero eta emakume gehiago hasi ziren feminismoa oportunismo hutsez aldarrikatzen, beren sexismoari uko egiteko kontzientzia feministarik batere hartu gabe, eta, orduan, boteredunak ahula gobernatu behar duelako aurreiritzi patriarkalaren arabera eraiki zituzten beste emakumeekiko harremanak. Emakume batzuk —bereziki lehenago inongo eskubiderik ez zuten emakume zuri pribilegiatuak— beren sexismo barneratuari uko egin gabe ere klase-boterea eskuratzen hasi zirelarik, emakumeen arteko zatiketa areagotu zen. Koloreko emakumeak gizartearen arrazakeria kritikatzen hasi zirelarik eta ohartarazi zutelarik arrazakeria zegoela teoria eta praktika feministen muinean eta izatean, emakume zuri askok bizkarra eman zioten ahizpatasun-ikuspegiari, beren buru-bihotzak itxiz. Eta gauza bera gertatu zen emakumeen arteko klasismoaren gaia lantzen hasi zirenean. Gogoan dut nola emakume feministak —batik bat klase-pribilegioak zituzten emakume zuriak— eztabaidan aritzen ziren ea komeni zen etxeko zerbitzua kontratatzea, hartara pribilegio gutxiagoko emakumeen mendekotasuna eta deshumanizazioa ez bultzatzeko bideren bat aurkituko zutelakoan. Emakume haietako batzuek lortu zuten kontratatzen zituzten emakume haiekin harreman onuragarriak mamitzea; alegia, aurrerapausoak izan ziren, bi aldeetatik, desberdinkeriazko testuinguru zabal hartan. Izan ere, ikusirik ezinezkoa zela egoera utopikorik erdiestea, ez zioten uko egin ahizpatasun-ikuspegiari; aitzitik, ahizpatasun erreal bat eratu zuten, hau da, pertsona guztien premiak kontuan hartzen zituen ahizpatasun bat. Horra emakumeen artean solidaritate feminista lortzeko lantegi gogorra. Tamalez, feminismoaren barnean oportunismoa indartu ahala, feminismoaren lorpenak ohiko bihurtu eta gauza ziurtzat jo ahala, emakume askok uko egin zioten solidaritatea sortzeko eta hari eusteko gogor lan egiteari. Emakume ugarik ahizpatasunaren ikuspegia baztertu zuten. Patriarkatua kritikatu eta hari aurre eginak ziren zenbait emakume gizon sexistekin lerrokatu ziren. Emakumeen arteko lehia galgarri ankerraren ondorioz beren burua traizionaturik ikusi zuten emakume erradikalek erretira egin zuten maiz, besterik gabe. Ondorioz, mugimendu feminista, zeina emakume guztien bizitza hobetzeko sortua baitzen, areago estratifikatu zen. Ordura artean, ahizpatasuna mugimendu feministaren gerra-irrintzia izana zen, baina bazirudien emakume askori ez zitzaiela jada axola. Emakumeen arteko solidaritate politikoa ere, zeinari esker aldaketa onuragarri ugari izan baitziren, ahulduta eta mehatxupean geratu zen, eta hala dirau gaur egun ere. Ondorioz, solidaritate politikoarekiko konpromisoa eraberritu beharrean gaude, mugimendu feminista garaikidea sortu zenean bezalaxe. Mugimendu feminista garaikidearen hastapenetan, ahizpatasun-ikuspegiaz jarduten genuenean ez genekien zehazki zer lan egin behar genuen solidaritate politikoa egikaritzeko. Arian-arian, eta, bai, gure hutsune eta akatsetatik ikasiz, orain badugu teoria- eta praktika-corpus komun bat, eta, hartara, badugu modua feminismora konbertitu berriei irakasteko zer egin daitekeen eta zer egin behar litzatekeen gure arteko solidaritatea sortzeko, babesteko eta iraunarazteko. Emakume gazte askok eta askok deus gutxi dakite feminismoaz, eta askok, gainera, uste dute —okerki uste ere— sexismoa ez dela arazo bat gaur egun; hortaz, kontzientzia kritikoa esnatuko bada, heziketa feminista etengabe landu behar da. Pentsalari feminista zaharragoek ezin onartu dute emakume gazteek helduarora gerturatu ahala jasoko dutela, berez, feminismoari buruzko ezagutza. Laguntza behar dute. Oro har, gure gizarteko emakumeek ahaztuak dituzte ahizpatasunaren balioa eta boterea. Mugimendu feminista eraberritu behar dugu, berriz ere lau haizeetara zabaltzeko “ahizpatasuna boteretsua dela”. Emakume erradikalen taldeetan, ahizpatasuna eraikitzeko eta emakumeen arteko solidaritate politiko feminista egia bihurtzeko konpromisoari eutsi diogu. Gure artean arrazaz eta klaseaz gaindiko loturak finkatzeko lanean ari gara. Pentsamolde eta praktika antisexistak aplikatzen segitzen dugu, sinesten baitugu emakumeok gai garela autorrealizatzeko eta arrakasta lortzeko elkar menderatu gabe. Eta zorionekoak gu, gure bizitzetan egunero ikasten dugulako ahizpatasuna ezbairik gabe posible dela, ahizpatasuna boteretsua dela oraindik.
Feminismoa denon kontua da |