Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—HAMAZAZPI—

Berriz maitatzea

FEMINISMOAREN BIHOTZA

 

      Gizon eta emakumeok maitasuna zer den jakin nahi badugu, feminismoa irrikatu behar dugu. Izan ere, pentsamolde eta praktika feministarik ezean, ez dugu izango oinarririk maitasunezko harremanik eratzeko. Hasieran, harreman heterosexualek sorturiko desengainuak bultzaturik hartu zuten emakume askok askapenaren bidea. Haietariko asko traizionatuta sentitzen ziren: beren gizonak, maitasunezko promesak eginik eta betiko bizitza zoriontsua agindurik, ezkondu ondoren berehalakoan aldatu, eta printze xarmagarri izatetik etxeko jaun patriarkal izatera igarotzen ziren. Emakume heterosexualok garraztasuna eta amorrua ekarri zituzten mugimendura. Haien larriminak bat egin zuen emakume lesbianenarekin, zeinak balio patriarkaletan oinarrituriko lotura erromantikoek traizionatuta sentitzen ziren halaber. Ondorioz, maitasunaren gaiari dagokionez, mugimenduaren hasierako feministen aburuz emakumeok maitasun erromantikoari uko egitea zen askatasuna lortzeko modu bakarra.

      Kontzientziatze-taldeetan esaten zigutenez, maitasuna irrikatzea sedukziozko iruzur bat besterik ez zen: maitale —emakume zein gizon— patriarkal batekin maitemintzera bultzatuak ginen, baina maitaleok gu azpiratzeko eta menderatzeko baliatzen zuten gero maitasun hori. Ni gizon batekin lehen sexu-harremana izan aurretik sartu nintzen mugimendu feministan, eta zur eta lur geratu nintzen emakume haiek gizonengana adierazten zuten gorroto eta amorru bizia ikusirik. Hala eta guztiz ere, ulertu nuen nondik zetorren amorru hura. Nire kasuan ere, nerabezaroan pentsamolde feministara konbertitzea aitak gure etxean denon gainetik zeukan nagusikeriari emandako erantzun bat izan zen. Militarra zen, atleta, elizako diakonoa, diru-hornitzailea, gonazalea: arau patriarkala gorpuzten zuen. Bertatik bertara ezagutu nuen nire amaren samina, eta altxatu egin nintzen. Amak sekula ez zuen adierazi ez haserrerik ez amorrurik genero-injustizia harengatik, aitaren umiliazio gogorren eta indarkeriaren despit.

      Lehen aldiz kontzientziatze-talde batera joan eta nire amaren adineko emakumeei entzun nielarik beren mina, sufrimendua eta amorrua adierazten, zentzuzkoa iruditu zitzaidan azpimarratzea emakumeok maitasunetik aldendu beharra genuela. Nik, ordea, gizon on baten maitasuna nahi nuen, eta sinetsita nengoen aurkituko nuela. Nolanahi ere, garbi neukan gizon horrek konprometituta beharko zuela egon feminismoarekin. 1970eko hamarkadaren hasieran, gizonekin harremanak izan nahi zituzten emakumeek ahalegina egin zuten gizonak pentsamolde feministara konbertitzeko. Gizonak feministak ez baziren, bagenekien zoriontasunak ez zuela iraungo.

      Kultura patriarkalean jende gehienak maitasun erromantikotzat hartzen duen horrek kontzientzia ezera garamatza, eta boterea eta kontrola galtzera. Pentsalari feministek nabarmendu zuten maitasunaren ikuspegi hori gizon eta emakume patriarkalen interesen zerbitzura zegoela. Izan ere, ikuspegi horren arabera, pertsona batek edozer gauza egin dezake maitasunaren izenean: beste norbait jo, haren mugimenduak mugatu, eta are “pasiozko krimen” batean hil eta gero esan “hainbeste maite nuen, hil behar izan bainuen”. Kultura patriarkalean, jabegoarekin, menderakuntzarekin eta sumisioarekin lotzen zen maitasuna, eta onartzen zen pertsona batek maitasuna ematea eta beste batek jasotzea zela kontua. Patriarkatuan, harreman heterosexisten oinarria zen emakumeek zaintzarako sena zeukatela eta horrenbestez maitasuna eman behar zietela gizonei, eta gizonek, aldiz, boterea eta indarra izanik dirua eta babesa eman behar zietela emakumeei. Dena den, familia heterosexual askotan, gizonek ez zuten behar bezala erantzuten zaintzaren aurrean: beren boterea emakumeak larderiaz zapaltzeko eta kontrolatzeko erabiltzen zuten tiranoak ziren. Hasieratik, emakume heterosexualak beren bihotz-minak gainditzeko etorri ziren emakumeen askapenerako mugimendura, hau da, maitasunaren lokarriak eteteko.

      Bestalde, emakumeok berriz ere azpimarratu zuten garrantzitsua zela erabat seme-alabei begira ez bizitzea. Haien ustez, seme-alaben kontua maitasunaren beste trikimailu bat besterik ez zen, emakumeak guztiz autorrealizatzea eragozteko. Feminismoak ohartarazi zigun beren seme-alaben bitartez bizitzen ahalegintzen ziren amak munstro inbaditzaile menderatzaileak zirela eta gai zirela zigor anker eta bidegabeak ezartzeko. Feminismoan engaiatzen ziren neska gazteak beren ama menderatzaileen aurka altxatzen ziren maiz. Guk arras bestelako bizitza bat nahi genuen. Eta horretarako modu bat zen, hain zuzen, seme-alabarik ez izatea.

      Hasieran, feminismoak maitasunari egiten zion kritika ez zen behar bezain konplexua. Maitasunari buruzko ustekizun patriarkal okerrak berariaz zalantzan jarri beharrean, maitasuna bera hartzen zen arazotzat. Maitasunari uko egin, eta haren ordez eskubideak eta boterea lortzeko borrokatzen ginen. Garai hartan, inork ez zuen kontuan hartzen gure bihotza era hartan gogortzeak bazuela arriskurik eta emozionalki ixtea ekarriko zigula, matxinada feministaren izenean baztertzen genituen gizon patriarkalen edo marigizonen antzera. Eta horixe gertatu zen. Maitasuna birpentsatu eta haren garrantzia eta balioa azpimarratu beharrean, maitasunari buruzko diskurtso feminista eten zen, besterik gabe. Maitasuna nahi zuten emakumeek —bereziki gizonen maitasuna nahi zutenek— beste toki batzuetara jo behar izan zuten maitasuna nola aurkitu zezaketen ulertzeko. Emakume haietariko asko feminismotik urrundu ziren, maitasunaren, familiaharremanen eta komunitatean bizitzearen garrantzia ukatzen zitzaiela sentitzen baitzuten.

      Horretaz gainera, pentsalari feminista aurrerakoiek ere ez zekiten zer esan emakumeei maitasunari buruz. feminist theory: from margin to center liburuan idatzi nuenez, beharrezkoa zen lider feministek maitasunaren espiritua ekartzea aktibismo feministara: “Gai izan behar lukete maitasuna eta errukitasuna agertzeko, beren ekintzen bitartez maitasuna agertzeko, eta lortu behar lukete horri buruzko elkarrizketa aberasgarri bat bideratzea”. “Maitasunak menderakuntza eraldatzen du”ela agertu nuen arren, ez nuen askorik sakondu zein garrantzitsua zen denoi maitasunaren ikuspegi askatzailea eskainiko zigun teoria feminista bat sortzea.

      Atzera begiratuz, agerikoa da maitasunari buruzko teoria feminista positibo bat sortzen ez badugu (batez ere maitasun heterosexualari buruzkoa) hedabide patriarkalek gorrotoan eta ez maitasunean oinarrituriko politika gisa irudikatuko dutela mugimendu feminista osoa. Gizonekin harremanak izan nahi zituzten emakume askori ezinezkoa iruditzen zitzaien beren harremanak elikatzea eta aldi berean mugimendu feministarekin konprometituta egotea. Egiaz, lau haizeetara zabaldu behar genukeen feminismoan ere posible zela emakume eta gizonek elkarren maitasunaz gozatzea. Orain, badakigu.

      Feminismo aurrerakoia politika zentzudun eta maitasunezkoa da. Gure politikaren funtsa menderakuntza deuseztatzeko konpromisoa da. Maitasunik sekula ez da sustraituko menderakuntzan eta larderian oinarrituriko harreman batean. Maitasunaren ikuspegi patriarkalen gaineko kritika feminista erradikala ez zebilen oker. Hala eta guztiz ere, emakumeok eta gizonek beste zerbait behar genuen maitasunaren bidean oker ibiliak ginela kritikatzeaz harago: ikuspegi feminista alternatibo bat behar genuen. Gutariko asko maitasuna ezagutzen hasiak ginen gure bizitza pribatuan, praktika feministan sustraituriko maitasuna, baina ez genuen sortu maitasunari buruzko diskurtso feminista orokorrik, hots, ez geneukan maitasunaren aurkako fakzio feministei aurre egiteko diskurtsorik.

      Gure ikuspegi alternatiboaren muina egia funtsezko eta beharrezko bat da oraindik ere: ezin da maitasunik egon menderakuntza dagoenean. Pentsamolde eta praktika feministak azpimarratzen du elkarrekin hazteak eta autorrealizatzeak balio handia duela bikote-harremanetan eta gurasotzan. Gure ikuspegiaren arabera, beharrezkoa da harreman bateko kide guztien premiak errespetatzea, kide guztiek eskubideak izatea eta inork ez izatea menderatua izateko edo abusuak sufritzeko inongo beldurrik; alegia, patriarkatuak sustatzen duen harreman-egitura ororen aurka gaude. Gutariko askok gizonen nagusikeria sufritu dugu edo sufrituko dugu gure bizitza intimo pribatuan, gure zaintzaile gizon, aita edo anaien aldetik, edo, emakume heterosexualen kasuan, bikotekideen aldetik. Egiaz, emakume eta gizonen ongizate emozionala nabarmen hobetuko litzateke bikotekideek beti bat egingo balute pentsamolde eta praktika feministarekin. Egiazko feminismo batek beti eramango gaitu lotutasunetik askatasunera, maitasun faltatik maitasunera. Eta, gure gizarteko justizia sozialaren aldeko mugimenduen artean, praktika feminista da bakarra mutualitatea elikatzeko aukera ematen duena.

      Onartzen badugu egiazko maitasuna elkarren aitortzan eta onespenean sustraitua dela, onartzen badugu maitasunak begirunea, zaintza, ardura, konpromisoa eta jakintza uztartzen dituela, ulertuko dugu ezin dela maitasunik egon justiziarik ez badago. Horretaz kontziente izanez gero, ulertuko dugu maitasunak baduela gu eraldatzeko ahalmena eta indarra ematen digula menderakuntzaren aurka egiteko. Feminismoa aukeratzea, beraz, maitasuna aukeratzea da.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018