|
Feminismoa denon kontua da
ARGITALETXEAREN OHARRA
Pasio hutsa
Diotenez, sor Juana Ines de la Cruz (1650-1645) hil zenean, bukatu gabeko poema bat aurkitu zuten beraren zeldan. Infekzio batengatik hil zen. Berrogeita bost urte zituen, eta bere komentuko ahizpa gaixoak zaintzeaz arduratzen zen. De la Cruz bere gaitasun intelektualengatik eta bere garaiko emakumeek zituzten muga batzuk gainditzeagatik izan zen ezaguna, eta bere ezizenen artean zeuden ameriketako fenixa eta hamargarren musa. Sasiko alaba izan zen, eta horregatik ez dakigu zein den, zehazki, haren jaiotza data. Baina badakigu haren aita militar euskaldun bat zela, eta ama kreole mexikar bat. Lau urterekin ikasi zuen irakurtzen; zortzi urterekin, bere amaren aitaren liburutegi osoa irakurrita zeukan, eta gizonez jantzi zen unibertsitatean izena emateko. Bestela ikasterik ez zuenez, hemezortzi urterekin karmeldarren komentu batean sartu zen. Handik hilabete batzuetara alde egin zuen, gaixorik, hango diziplinek eta autoflagelazioek ez zutelako ordenaren fundatzailearen izpirituarekin, Teresa deunarekin, deus ikustekorik. Hemeretzi urterekin, jeronimotarren ordenako moja egin zen. Haren olerkigintza eta antzerkigintza oso goraipatuak izan ziren (gabon kantak egin zituen gaztelania barrokoko eta nauhatleko esamoldeak nahastuta). Honela zioen Juanak bere olerki batean:
ez naiz uste duzuena, ez bada han beste izate bat eman didatela zuen lumek eta beste hats bat zuen ezpainek.
Ez al da sor Juana de Ines de la Cruzek idatzi zuen hori bera gertatzen feminismoarekin zehazki eta mugimendu eraldatzaileekin oro har? Hezur-haragizko bertsioarekin batera beste bizpahiru harri-kartoizko dabiltzala kalean? “Benetako” feminismoa estaltzen dela lastozko karikaturekin eta argizarizko imitazioekin? Bada, horretara dator liburu hau: lastozko karikaturen eta argizarizko imitazioez ahaztu, eta askapena nahi ez dutenen lumen eta ezpainen gainetik hezurharagizkoa aurkeztera. Eta liburu gutxik duten bertute batekin, gainera: balio du feminismoan murgilduta dagoenarentzat eta balio du feminismoari orain arte oso urrundik segitu dionarentzat, balio du digitalki soilik jaso duenarentzat eta eskuetan kotoiak eta margoa hartuta pankartak margotzen eskuak zikindu dituenarentzat, balio du gaiari buruzko hamaika solasalditan egon denarentzat eta berriki jakin-mina izan duenarentzat.
Iparrorratza bell hooksek feminismoak eraldatu nahi duen munduaren eskema osoa egiten du: zein da feminismoaren joko zelaia? Zer harreman dago feminismoaren eta sexualitatearen artean? Eta gurasotzarekin zer harreman du? Eta amatasunari buruz zer eztabaida egon dira? Eta gizonek zer toki izan behar dute honetan guztian? Eta plazerarekin zer egingo dugu? Zer ibilbide egin du feminismoak? Zer muga izan ditzake? Zer harreman dago generoaren eta klasearen artean? Eta ordezkaritzaren eta eraldaketaren artean? Zer zerikusi dute feminismoak eta espiritualtasunak? Liburu honek badu, gainera, beste bertute bat: darabilen ahotsa. Tresna arriskutsu bat erabiltzen du hooksek: hirugarren pertsonan emandako azalpen orokorretik lehenengo pertsonara jauzi egiten du. Arriskutsua da gizartearen eraldaketa sakonen tempoa eta norberaren bizitzarena ez daudelako frekuentzia berean, ziklo historikoak luzeagoak direlako. Baina hooksen lehenengo pertsona horrek beraren gogoeten gertuko lekuko izatea ahalbidetzen digu; berak feminismoan zehar egindako bidaiaren esperientziaren, izan zituen eta dituen eztabaiden eta tentsioen narrazioak feminismoaren sakonera eramango gaitu. Guk geuk biziko ditugu esperientzia horiek. Baliabide hori ezin du edonork erabili, baina, hemen, hogeita hamar liburu idatzi dituen emakume batez ari gara, teklatuari lotutako ekoizle batez. Topiko triste bat da liburu bat tresna bat dela esatea. Baina bistan da honako hau tresna ia hutsezina dela: lur orotako ibilgailu bat da.
Orain da gure garaia: 2018-03-08 Duela bi urte eta erdi liburu hau argitaratu izan balitz, salbuespen bat litzateke euskal edizioaren testuinguruan. Argitaratu berriak ziren gure genealogia feministak (Miren Aranguren, Edur Epelde eta Iratxe Retolaza: 2015), eta jada tamalez gure artean ez dagoen Edo! argitaletxeak bere ibilbidea hasi zuen Genero-ariketak (2013) eta Dalloway andrea eta Emakumeen lanbideak edo Etxeko aingerua hiltzea (Virginia Woolf, Itziar Diez de Ultzurrunek eta Ana Isabel Moralesek itzulita: 2014) liburuekin. Baina, osterantzean, hutsune nabarmena zegoen testu feministen artean, bereziki mundutik zetozen ahotsetan. Are gehiago, feministen testuak alde batera utzi eta emakumeek sortutakoei begiratuta, nola zen posible, adibidez, zalapartarik sortu gabe Klasikoak bilduma ederrean 130 liburutatik 4 soilik izatea emakumeek idatziak (Hannah Arendt, Dian Fossey, £ve Curie eta Rachel Carson)? Zorionez, 2016ko udazkenetik, salbuespen hura bestelako kadentzia bat hartzen hasi da. Susa argitaletxearen Lisipe bildumarekin, batetik (testu originalekin eta itzulpen batzuekin), eta Jakinen eta Elkarren Eskafandra bildumarekin, bestetik (feminismoaren klasikoen itzulpenekin), euskarazko saiakera feministaren ekoizpena aldatzen ari da. Asko zabaldu zen Chimamanda Ngozi Adichieren guztiok izan beharko genuke feminista ere (Hik Hasi: 2017). Antzerako joera ikus dezakegu definizioz feministak ez diren bilduma berrietan ere; esaterako, Munduko Poesia Kaieretan, Klasikoetatik urrun, lehenengo 24 kaieretatik 10 dira emakumeek idatziak. Hala ari gara geu ere Iruñerritik ahalegintzen: behar dugun beste mundu hori zelulosatik ere hazten. Tamalez, ez da feminismoa saiakeran lantzeke dagoen gai bakarra (ekonomia, filosofia, marxismoa, energia ereduen krisia... baditugu Jakin eta Gaiak, baina tokitan gaude geure liburu-dendetako beste erdaretako ekoizpenetatik). Segi dezagun, beraz, lanean, liburu honentzat Mari Luz Estebanek idatzi duen hitzaurre argigarria lagun, dauzkagun aukerekin eta erronkekin serio. Kontinente guztietan ari dira politikatik munstro nardagarriak indartzen, baina hau da, baita ere, duela hiru bat hamarkadatatik hona emantzipazio hipotesi indartsu bat sortzen ari den unea. Mundu mailan ari da gertatzen, baita Bidasoaren bi hegietan ere, nabarmen, 2018ko martxoan edo Manadaren epaiketan ikusi dugun bezala Iruñerrian. Hemen dago hipotesi morea: hura elikatzeko eta indartzeko garaia da, Iturramako tekno-pop talde hark dantzatzen zuen bezala. Iruñea 2018ko azaroa
Feminismoa denon kontua da |