|
Feminismoa denon kontua da
HITZAURREA
Feminismoa eraberritzeko
Iraganetik ikasteko ausardia izan eta gure garaia aurreratzeko aukerak irudikatzea. Hori da bell hooksek liburu honetan proposatzen diguna, eraberritze lanari etenik gabe ekiten dion feminismo baten alde eginez, zeinean emakumeak ez ezik gizonak eta umeak ere aske izan daitezkeen. Feminismoa singularrean, guztiona, nahiz eta bere baitan proposamen ezberdinak egon edo gatazkak bizi izan. Horretarako, berak ondo ezagutzen duen Ipar Amerikako mugimendua hartzen du aztergai; hori bai, feminismo erradikala eta kontserbadorea bereiziz eta bere burua lehenengora lerratuz; izan ere, beraren ustez, urteen joanean, borroka feminista pultsu erradikala galdu eta patriarkatu kapitalista konbentzionalaren menpe gelditu da. Bide hori egiteko, hainbat ideia eta erronka aletzen joaten da lerroz lerro, baina, hasteko, politika feminista aurrera eramateko aipatzen duen zailtasun orokor bat nabarmenduko nuke: ustezko etorkizun batean posible litzatekeena gaur egungo gizartean ahokatu nahi dugula, errealitatea eta egiturak kontra izan arren. Honela dio: “Nolatan izango dira imajinatu ezin dezaketen zerbait? (...) Justizia sozialaren aldeko mugimendu iraultzaileetan maiz gertatu ohi den bezala, abilagoak gara arazoari izena jartzen konponbideak planteatzen baino” (125. or.). Ipar Amerikako eta Euskal Herriko feminismoen artean badago alde franko. Gure herria txikia da, eta horrek kanpotik datorrenari begira egotera eramaten gaitu; halere, feminismoa, gurean, ia edozein eremutan dago txertatuta, indarra eta sormena baditugula ere aise erakutsi dugu, eta erradikaltasun maila bat behintzat mantendu dugu. Beste alde batetik, ohikoa izan dugun kultura politikoa tarteko, asmatu dugu elkarrekin egoten (edo behintzat elkarri muturka denbora guztian egon barik), beste leku askotan gertatzen ez den bezala. Eta horrek dituen abantailen artean nabarmenduko nuke posizio feministen hibridazio interesgarriak gauzatuz joan garela. Aldeak alde, liburu honetan dagoen begiradak interes handia dauka edozein feministarentzat. Originala da hooks, termino horren zentzurik positiboenean, planteamendu kritikoa, zabala eta propioa duena. Eta, ados egon edo ez, ezin iradokitzaileagoak dira beraren argudioak. Gainera, gai guztiak kabitzen dira autore honen proposamenean, ohikoak direnak eta hain ohikoak ez direnak: harreman lesbiko eta heterosexualen teoria feminista berri eta konplexu baten aldarritik erlijio patriarkala zalantzan jartzen duen osotasun espiritual feministara; umeen zaintza eta hazkuntza feministatik maskulinitate feministara; emakumeen gorputzak bereizteko eta kontrolatzeko interbentzioak (ablazioa, kirurgia estetikoa. ) herrialdeen arabera mailakatzen dituen paternalismo neokolonialaren kontrako jarreratik benetako feminismo global baten aldeko apustura. Eta, egiten duen diagnostikoa beste testuinguru bati dagokion arren, haren hausnarketak baliagarriak iruditzen zaizkit gurean ere aplikatzeko. Hain justu, hori da nire helburua hitzaurre honetan, geurean ere erabilgarriak izan daitezkeen zenbait ideia azpimarratzea. Arrazaren gaiak lehentasun osoa dauka autore honen ibilbidean. Nahiz eta Euskal Herrian Angela Davis ezagunagoa izan, bell hooksen ekarpena funtsezkoa izan da arlo horretan, 1981. urtean Ain't i a woman: black women and feminism [Ez al naiz emakume bat? Emakume beltzak eta feminismoa] liburua argitaratu zuenetik. Gainera, generoa, arraza eta klasea ezin hobeto txirikordatzen ditu bere planteamenduan. Esate baterako, liburuaren egileak salatzen du Ipar Amerikan klase-pribilegioak zituzten emakume zuri erreformistek beren klase bereko gizonen eskubideak eta boterea lortzeari eman ziotela lehentasun osoa, emakume beltz eta pobreen interesen defentsa alboratuz. Euskal Herrian, feminista abertzaleek zapalkuntza hirukoitzaz (generoa, nazioa eta klasea) hitz egin dute, eta, azken denboran, indarra hartzen ari da arrazaren eztabaida (tentsioen iturri ere izanik), feminismo beltzaren eta postkolonialaren uztarketaren garapena den feminismo dekolonialaren jarraitzaileen eskutik. Argi dago badugula zer eztabaidatu eta zer aztertu eremu horietan, baina esango nuke faktore gehiago sartu eta elkarrekin harremanetan jarri behar ditugula analisian. Izan ere, migratzaile/pertsona arrazializatuen eta errefuxiatuen auziarekin batera, Europan dauden bestelako barne-hierarkiak ere aintzat hartu behar lirateke, hala nola hizkuntza minorizatuen edota independentzia nahi duten herrien auzia, eta horrek nahitaez anizkoizten, konplikatzen eta zailtzen digu azterketa eta jardun politikoa. Enpleguaren arloan ere, gogoeta egiteko gonbita egiten digu bell hooksek. Haren abiapuntua funtsezkoa da: enpleguaren bidez bakarrik ez da etorriko gure askapena, baina, aldi berean, independentzia ekonomikoa nahitaezkoa da. Kapitalismo neoliberalaren garaian, zail samarra egiten zaigu defendatzea emakumeok enpleguaren kate basatian geure burua immolatu behar dugunik, are gutxiago jakinda zein diren enplegu askotako lan-baldintzak. Baina, niri behintzat, kezka iturri zaizkit, esate baterako, amatasunaren ideologia intentsibo batean oinarriturik emakumeen autonomia edota etorkizun ekonomikoa bigarren mailan kokatzen dituzten emakumeen/feministen diskurtsoak. Beste gai batera etorriz, oso kritiko agertzen da bell hooks unibertsitate-ikasketa feministen eremuan Ipar Amerikan gertatu denarekin. Emakumeen ezagutza eta lan akademikoa aitortzeko eta pedagogia eta curriculum arloan dauden genero-ezberdintasunen aurka borrokatzeko egindakoa baloratzen du, baina hainbat ondoriorekiko zalantza erakusten du: “Ironikoa bada ere, feminista iraultzaileen pentsamoldeak testuinguru akademikoan izan zuen harrera eta onespen onena; nolanahi ere, testuinguru horretan teoria feminista iraultzailea lantzen jarraitu arren, teoria hori ez zen iritsi jendearengana” (37.-38. or.). Ikasgelak lehenago kontzientziatze-taldeak izan zuen lekua bereganatu zuen; leku pribilegiatua eta klaseak markatua bihurtu zen, eta, ondorioz, eztabaidatzeko eta ikasteko eredu horrek zeukan masa-potentziala galdu zuen. Argi dut ikasketa horiek Euskal Herrian ere hedatu izana feminismo osoaren lorpen eta legitimaziotzat hartu behar dela. Izan ere, hainbat gaztek, antolatuak zein ez, beren formakuntza feminista osatzeko eta lan-merkatuan sartzeko aukera ikusi dute graduondokoetan. Baina egia da unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo garatu den ikerkuntza feministak, sakontze eta sofistikazio teorikoa elikatzeko balio izan duen era berean, jakintzaren espezializazioa eta bereizketa ekarri, aditu feministen sistema indartu eta ezagutza-zirkuituen distortsioa eragin duela, non, oro har, ikusezin bihurtzen diren ikerketa-esparruetatik kanpo dauden feministen ekarpenak, jakintza bera pobretuz eta elitizatuz. Sexualitateari dagokionez, XXI. mendera begirako teoria feminista berri baten premia ikusten du, gaurkotuagoa, konplexuagoa. Jakitun da teoria berritzaileak egon badaudela, baina, beraren esanetan, praktika sexual askatzailea zer den jakin barik jarraitzen dugu. Iraultza sexualak emakumeoi bizitza aldatu zigun, bai, baina gizonek horretaz egin zuten eta egiten jarraitzen duten irakurketa murritza salatzen du: askok eta askok emakumeak sexualki burujabeak eta aktiboak izate hutsarekin lotu ohi dute, berek harreman batean hartu behar dituzten inplikazioei muzin eginez. Eta sexu-ordena berriaren beharra aldarrikatzen du. Halaber, erromantikotasunaren arriskuen eta monogamiaren kontrako teorizazio feminista zabalduz doan testuinguru batean, formula ezberdinak egon daitezkeela iradokitzen du. Garrantzitsuena, berarentzat, berdintasunean eta elkar-aitortzan oinarrituko liratekeen pareen harremanak zelakoak izan behar diren zehaztea litzateke. Feminismoa denon kontua da. Hori da liburuan zehar sakonduz doan gidalerroa. Horrela, umeen eskubideen defendatzaile eta umeen menderakuntza patriarkalaren salatzaile amorratua da, neskek eta mutilek maitasuna ezagutu eta ziur eta aske bizitzea ahalbidetzen duen familia baten alde oihu eginez. Eta gai ahaztuenetan eta delikatuenetan ere sartzen da, adoretsu. Gisa honetan, emakumeok indarkeria mota guztien eta bereziki indarkeria matxistaren justifikazioan dugun ardura gure gain hartzera animatzen gaitu, emakumeen arteko ahizpatasuna goraipatzeaz gain gure sexismo barneratuaren eta patriarkatuarekiko leialtasunaren kontra borroka eginez. Beste alde batetik, maskulinitate feminista barne hartzen duen ikuspegia aho betean aldarrikatzen du. Problema ez datza gizonengan, gogorarazten digu. Hain justu, jarraitzen du, patriarkatu kapitalista supremazista zuriari gizonen kontrakoa ez den pentsamendu feminista deuseztatzea interesatu zaio eta interesatzen zaio batez ere. Beste era batera esanda, gizonek dituzten eskubideak lortzea baino gehiago, sistema errotik aldatzea litzateke erronka. Horrekin loturik, emakumeekin identifikatzen den emakumearen figura aztertzen eta mahaigaineratzen du, bere sexu-aukeretatik harago existentzia ontologikoa gizonen aitortzatik libre eraikitzen duen emakumea. Ez da horretarako lesbiana izan behar, nahiz eta berak ikaspen hori lesbiana boteretsu eta eskuzabalengandik jaso, jakitun baita portaera sexualek, transgresoreenek ere, ez zaituztela berez politikoki aurrerakoi bilakatzen. Eragiteko esparru berrien edo berrituen inguruko gogoetak ere oparitzen dizkigu bell hooksek. Horren adibide bat modaren arloari buruzkoa da. Emakumeen gorputzaren gaineko pentsamendu sexista zalantzan jarri izana esku-hartzerik boteretsuena iruditzen zaion era berean, edertasunaren eta modaren industria okupatzearen aldekoa da, patroi patriarkalei aurre egin eta benetako askatasuna erdieste aldera. Eta horretaz oso gutxi hausnartu izan dugu. Erregu moduko bat ere egiten digu: “Feminismoa sostengua galtzen ari da mugimendu feministak galduak dituelako definizio argiak. Baina badauzkagu definiziook. Aldarrikatu ditzagun. Partekatu ditzagun. Has gaitezen berriz. Sor ditzagun kamisetak, pegatinak, postalak eta hip-hop musika, telebista- eta irrati-iragarkiak, esloganak eta kartelak, eta feminismoa munduan barrena zabaltzeko orotariko argitalpenak. Zabaldu dezagun feminismoaren mezu sinple baina boteretsua: feminismoa zapalkuntza sexista deuseztatzeko mugimendu bat da. Has gaitezen hortik. Sor dezagun mugimendua berriro” (39.-40. or.), dio une batean. Eta, azken urteetan, Espainiako estatuan eta Euskal Herrian bizitzen ari garen mobilizazioei erreparatuta, erraza litzateke pentsatzea oker dabilela. Ez nago ziur. Gertatzen ari dena mugarri bat da, ez dut dudarik, eta ez bakarrik mobilizazioek hartu duten tamaina eta tankeragatik, edo feminismora batu diren emakume gazteengatik. Gertatzen ari denak ez du atzera martxarik, ez epe laburrean, behintzat. Baina, euforia eta diagnostiko positiboegiak alde batera utzirik, zalantza eta ziurgabetasun asko zabaldu zaizkigula ere uste dut. Batetik, ez dakigu zein izango den indar kontserbadore eta neoliberalen (edota inguruan ditugun gizonen) erreakzioa; bestetik, ez dago argi nola bateratuko ditugun espontaneotik asko duen protesta eredu bat eta gure aldarriak sortzeko eta denboran mantentzeko gaitasuna; hirugarrenik, gehituko nuke alde handia dagoela mobilizazio horien guztien handitasunaren eta beren emaitza praktikoen artean. Azken batean, aldarri zehatzetan edota neurri legal edo sozialetan ez dugu hainbeste aurreratu, eta neure buruari galdetzen diot ea zergatik ez ote dugun dagoeneko aprobetxatu sortu dugun indarra gure artean adosteko eta gizarteratzeko neurri-sorta zehatz eta gutxieneko bat. Zeren zain gaude? Aipaturiko ideia guztien osagarri litzatekeen hausnarketa batekin amaituko dut. Ipar Amerikan feminismoa bizimodu bihurtu zela dio eta, horren bidez, emakume gehiagorengana heltzea erraztu bai baina ondorio ezkor bat ere sortu zela: pentsatzea posible zela feminista izatea kulturaren edo gizartearen muina auzitan jarri gabe. Ez ote da gertatzen ari gurean antzerako zerbait? Irakurraldi on! Mari Luz Esteban Basauri, 2018ko urria
Feminismoa denon kontua da |