Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—HAMASEI—

Zorion betea

LESBIANISMOA ETA FEMINISMOA

 

      Batzuetan, zaila da jakitea zer izan zen lehenago: emakumeen askapenerako mugimendua ala sexu-askapena. Aktibista batzuen iritziz, aldi berean gertatu ziren biak, nahasian. Hala pentsatzen zuten lehen abangoardia feminista garaikidean parte hartu zuten emakume bisexual eta lesbiana askok. Emakume haiek ez ziren feminista egin lesbianak zirelako. Lesbiana asko ez ziren politikan “sartzen”; areago, kontserbadoreak ziren, eta ez zuten erradikalki jokatu nahi inolaz ere. Baina emakumeen askapenerako abangoardia eratzen lagundu zuten emakume lesbiana eta bisexual batzuk feminista egin ziren ordurako konpromisoa zeukatelako ezkerreko politikarekin eta klase-, arraza- eta sexualitate-mugen aurka egiten ari zirelako. Alegia, emakumeen askapena psikologikoki dagoeneko aldarrikatua zuten zerbait zen, generoaren eta desiraren ikuspegi tradizionalen aurka agertuz.

      Lesbiana izate hutsak ez du inor feminista egiten, ezta politiko ere. Talde esplotatu bateko kide izateak ez du inor bultzatzen erresistentziara. Hala balitz, emakume guztiek (lesbiana guztiak barne) parte hartuko zuketen emakumeen mugimenduan. Esperientzia, kontzientzia eta borondatea izan ohi dira emakumeok ezkerreko politikara eramaten gaituzten faktoreak. Askotariko ibilbideetako emakume erradikal batzuk, giro sozialistetan eta eskubide zibilen alde edo Black Power mugimendu militantean lan astunak egin eta isilean pentsamolde erradikala landu ondoren, prest zeuden berentzako justizia lortzeko, hau da, prest zeuden mugimendu feministarako. Eta emakume lesbianak ziren egiazko aurrerakoien eta ausartenen artean prestatuenak, gaur egun ere bezala.

      Ni neu nire lehen sexu-esperientzia izan aurretik iritsi nintzen feminismora. Nerabea nintzen. Emakumeen eskubideez deus jakin aurretik, banekien zerbait homosexualitateaz. Hegoaldeko fundamentalismo erlijiosoaren mundu itxian, arraza-apartheidean, gay jendea ezaguna zen gure komunitate beltzean; askotan, bazuten estatus berezi bat; askotan, klase-boterea zuten gizonak izaten ziren. Gizonen homosexualitatea hobeki onartzen zen lesbianismoa baino. Lesbianak ezkonduak ziren maiz gure komunitate beltz segregatu txikian. Baina berek bazekiten zer ziren. Ate itxien atzean, topaketa eta festa sekretuetan azaleratzen zuten beren egiazko izatea. Lesbiana izateaz akusaturiko emakumeetako bat nire mentorea izan zen. Emakume profesionala zen, irakurzalea, pentsalaria, parrandazalea: miretsi egiten nuen. Nire aitak ez zuen begi onez ikusten gu bion arteko harremana, neska hura “arraroa” baitzen beraren ustetan, baina nire amak aurka egin zion, esanez “jendeak eskubidea duela den bezalakoa izateko”. Behin, mutil nerabe batzuek ankerki iraindu eta laidoztatu zuten gure kalearen beste aldean bizi zen gizon gay bat, eta nire amak, orduan, protesta egin zuen, guztioi esanez gizon hura arduratsua eta bihotz onekoa zela, errespetatu eta maitatu behar genuela.

      feminismo hitza ezagutu aurretik ere, gayen eskubideen alde aritua nintzen. Nire familia beldur zen lesbiana izango ote nintzen, are sekula ezkonduko ez nintzen beldur izan baino askoz lehenago ere. Egiazko elementu arraro bat izateko bidean nengoen, oso argi baineukan beti aukeratuko nuela barrenak eskatzen zidan tokira joatea, edozein tokitara, toki guztietara. Nire lehen liburua idatzi nuenerako (ain’t i a woman: black women and feminism), mugimendu feministara engaiatua nintzen, beste emakume heterosexual, bisexual eta publikoki gay batzuekin batera. Gazteak ginen. Eta, garai hartan, gutariko batzuok halako presio bat sentitu genuen, gure politikak eta gure gorputzak emakumeekin partekatuz erakutsi behar baikenuen erradikalki konprometituta geundela mugimenduarekin. Garai hartan denok ikasi genuen irakaspena izan zen sexu-praktika transgresoreak izateak ez zekarrela nahitaez politikoki progresista izatea. Nire lehen liburua argitaratu zenean, zenbait emakume beltz lesbianak kritikatu ninduten, eta zur eta lur geratu nintzen. Homofoboa izateaz akusatu ninduten, nire liburuan ez nuelako lesbianismorik aipatu. Baina lesbianismoa ez aipatzeak ez du esan nahi homofoboa naizenik. Liburuan ez nuen sexualitateaz hitz egin. Ez nengoen horretarako prestaturik. Artean ez nekien nahikoa gaiari buruz. Eta, gehiago jakin eta gaia liburuan landu izan banu, inork ez nindukeen homofobotzat hartuko.

      Haurra nintzela, bihotz oneko lesbiana indartsuek irakatsi zidaten emakumeok ez dugula zertan gizonen mende egon ongizatea eta zoriontasuna erdiesteko, ez eta zorion sexuala erdiesteko ere. Eta irakaspen horrek gaurdaino iraun dit. Aukera mordo bat zabaldu zitzaigun emakumeoi. Aukerak eta hautuak. Ez dugu sekula jakingo zenbat milioika emakume bizi diren gizon menderatzaile sexistekiko harremanetan, besterik gabe ezin dutelako imajinatu zoriontsu izan daitezkeela gizonik gabe, beren bizitzan gizonekin sexualki eta emozionalki asebeteta egon zein ez. Emakume batek sentitzen badu bere buruaz haragoko beste zerbait behar duela bere existentzia legitimatzeko eta zentzua emateko, bere burua definitzeko ahalmena eta bere burujabetza saltzen ariko da. Emakume lesbianek haurra nintzenetik eman zidaten arnasa neure burua definitzeko espazio bat aldarrikatzeko.

      Jakinduria horixe ekarri zuten pentsalari lesbiana erradikalek mugimendu feministara. Era berean, baziren emakume heterosexual miresgarri batzuk teorian bazekitenak zoriona lor genezakeela gizonen oniritzia jaso gabe ere, gizonen baiespen erotikorik izan gabe ere; nolanahi ere, ez zuten horren zuzeneko lekukotasunik ekarri mugimendura. Mugimendu feminista hasi zenean, “emakumeekin identifikatzen den emakumea” edo “gizonekin identifikatzen den emakumea” esapideak baliatzen genituen lesbianak ez ziren baina beren burua emakumeekin identifikatzen zuten aktibisten artean bereizketak egiteko; horrek esan nahi zuen ez zutela beren existentzia ontologikoa uzten gizonen baiespenaren mende. Gizonekin identifikatzen ziren emakumeen kasuan, printzipio feministek interferentziarik eraginez gero erromantikotasun heterosexualean, berehala alboratzen zituzten printzipiook. Emakume haiek gizonen alde agertzen ziren emakumeen alde baino gehiago, eta gizonen ikuspegitik begiratzen zieten beti gauza guztiei. San Frantziskon emakume-ikasketen lehen eskolak ematen hasi nintzenean, aurrez aurre izan nuen ikasle lesbiana erradikalen talde bat, jakin nahi baitzuten ea zergatik “nengoen” oraindik gizonekin. Egun batean, eskolak amaitu ondoren, liskar bat sortu zen aparkalekuan: ikasle lesbiana beltz heldu bat, sexu-industrian lan egindakoa eta gizonekin sexu-harreman ugari izandakoa nahiz garbi zeukan bera lesbiana zela, nire ohore feministaren alde agertu zen zera esanez: “Emakumeekin identifikatzen den emakume bat da; sexu-harremanak ditu gizonekin, baina eskubidea dauka horretarako, eta kausarekin konprometituta jarraitzen du”.

      1980ko hamarkadaren erdialdean, feminismoari leial izatea eztabaidagai nagusietako bat izan zen giro feministetan, emakume asko giro horietatik ateratzen hasia baitzen. Emakumeek gero eta eskubide gehiago lortu ahala, pentsalari eta aktibista feminista aurrerakoiek mugimenduaren erradikaltasuna itxuratu zuten; hala eta guztiz ere, haien presentzia eta haien ekarpenak ahaztuta geratzen ziren maiz. Mugimenduko lesbiana erradikal eta adoretsuenak langile-klasetik zetozen. Alegia, ez zeukaten titulazio nahikorik esparru akademikoetan gora egiteko. Feminismoaren akademizazioak hierarkia heterosexistak erreproduzitzen zituen: goi-mailako tituluak zeuzkaten emakume heterosexualek errespetu eta begiramen handiagoa izaten zuten, akademiatik kanpo emakumeen mugimenduan sekula parte hartu gabeak baziren ere.

      Desberdintasunarekin eta teoria eta praktika feministan arraza eta klasea txertatzearekin loturik, pentsalari lesbiana aurrerakoiek prestutasun handiagoa izaten zuten beren ikuspegiak aldatzeko. Askotan, beren bizipenetan oinarrituta, bazekiten zer zen arau nagusiak ez betetzeagatik esplotatuak edo zapalduak izatea. Lesbiana aurrerakoi haiek beren burkide heterosexualek baino prestutasun handiagoa zuten supremazismo zuria zalantzan jartzeko. Eta, segur aski, gizonekiko loturak indartu nahi zituzten. Emakume heterosexual gehienak, aldiz, feminista aktiboak izan edo ez izan, kezkatuago zeuden gizonekin zituzten harremanekin.

      Emakumeok askatasuna lortu dugu nor maitatu nahi dugun eta gure gorputzak eta gure bizitza norekin partekatu nahi ditugun aukeratzeko, eta hori emakume lesbiana erradikalak gayen eta emakumeen eskubideen alde borrokatu izanari zor zaio neurri handi batean. Mugimendu feministan, bai lehen, bai orain, lesbianek homofobiari aurre egin behar izan diote, koloreko emakumeek arrazakeriari nola, beren sexu-aukera edo -identitatea gorabehera. Feminismoa aldarrikatu eta aldi berean homofobia sustatzen duten emakumeak oker daude, hipokritak dira, ahizpatasuna aldarrikatu eta aldi berean pentsamendu supremazista zuria sustatzen dutenak bezain hipokritak.

      Hedabide nagusiek emakume heterosexualak aukeratzen dituzte beti mugimendu feminista irudikatzeko: zenbat eta heterosexualago, hainbat hobeki. Zenbat eta glamour gehiago, hainbat eta erakargarriago gizonentzat. Baina, emakumeekin identifikatzen diren emakumeontzat —izan heterosexualak, izan bisexualak, izan lesbianak—, gizonen oniritzia jasotzea ez da lehentasuna. Horregatik gara mehatxu bat patriarkatuarentzat. Mentalitate patriarkala daukaten emakume lesbianak ez dira emakume feministak —gayak zein heterosexualak— bezain mehatxu handia gizonentzat; izan ere, feministok patriarkatutik eta gizon sexistengandik urrundua dugu gure begirada, gure desira.

      Gaur egun, lesbiana gehienek, emakume heterosexualek bezala, ez dute politika erradikalean parte hartzen. Mugimendu feministan aktiboki jarduten duten pentsalari lesbianei, askotan, zaila egiten zaie ulertzea emakume lesbianak emakume heterosexualak bezain sexistak izan daitezkeela. “Feminismoa teoria da; lesbianismoa, praktika” ikuspegi utopikoak talka egiten zuen etengabe errealitatearekin: supremazismo kapitalista patriarkalean bizi ziren lesbiana gehienek emakume heterosexualen menderakuntza- eta sumisio-paradigma berak erabiliz eraikitzen zituzten beren bikote-harremanak. Oso zaila zen bi aldeentzako harreman asebetegarriak eraikitzea bietariko bat bestearen mende egon gabe, bai harreman lesbikoetan, bai heterosexualetan. Agerian geratu zelarik harreman lesbikoetan ere bazela etxeko indarkeria, lehen aldiz konturatu ginen sexu berekoen arteko harremanetan ere ez zela bermatzen emakumeen arteko berdintasuna. Era berean, lesbiana feministek askoz ere prestutasun handiagoa zuten jendaurrean beren sexu-jarduera sadomasokistaz hitz egiteko emakume feminista heterosexualek baino.

      Sexualitatearen ikuspegi kontserbadorea zuten feministek —bai gayek, bai heterosexualek— desegokitzat jotzen zituzten (eta gaur egun ere jotzen dituzte) menderakuntzazko eta sumisiozko sexu-erritu adostuak, are askatasun-ideal feministen traiziotzat jotzeraino ere. Gaur egun, mugimendu feminista gehien ahultzen duen jarrera feminista kontserbadoreon epai apelaezina da, hots, nola ukatzen duten emakumeek eskubidea izatea gehien asebetetzen dituzten sexu-praktikak aukeratzeko. Emakume askok inoiz ez dute ulertuko bi emakumek sexu-harremanak izatea, inoiz ez dute sexu-desirarik sentituko beste emakume batengana; alabaina, emakumeek aukeratzeko eta lesbiana zein bisexual izateko duten eskubideen alde daude. Eta, era berean, emakume lesbiana eta heterosexual batzuk emakume eta pertsona gehienek parte hartu nahi ez luketen sexu-jardueretan aritzen dira, eta berdin-berdin merezi dute aukeratzeko eskubidea. Feminista kontserbadoreek sadomasokismo lesbikoaz egiten zuten kritikaren atzean, homofobia dago. Emakume bat homofobia sustatzen ariko da baldin eta pentsatzen badu lesbianek beti arau moral zorrotzak bete behar lituzketela onartuak izateko edo heterosexualak eroso sentitzeko. Dena den, emakume heterosexualek aitortu ahala berek ere sexu-sadomasokismoa praktikatzen zutela, kritika feminista asko leundu eta bigundu zen, halako jarduerak soilik lesbianen kontua zirela bazterturik.

      Homofobiari aurre egitea beti izango da mugimendu feministaren ardatz bat. Beraz, emakume heterosexualek emakume lesbianak errespetatu ez eta beren mendekotzat hartzen badituzte, ez dugu lortuko emakumeen arteko ahizpatasunik. Mugimendu feminista aurrerakoiak oso aintzat hartzen du aktibista feministen lana. Lesbiana erradikalen ekarpenik gabe, teoria eta praktika feminista ez zatekeen ausartuko heterosexismoaren mugen aurka egiten eta nahi dugun eran aske izateko espazioak sortzen emakume guztiontzat, gure sexu-identitateari edo -aukerari begiratu gabe. Haien ekarpena etengabe aitortu eta eskertu behar litzateke.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018