|
Feminismoa denon kontua da
—ZORTZI— Feminismo globala
Askatasunaren aldeko mundu osoko emakume borrokalariek inoren laguntzarik gabe jardun dute patriarkatuaren eta gizonen nagusikeriaren aurka. Kontuan izanik planetako lehen biztanleak ez zirela zuriak, emakume zuriak ez ziren lehenak izango, seguruenik, gizonen nagusikeriaren aurka altxatzen. Mendebaldeko kultura supremazista zuri kapitalista patriarkalean, pentsamolde neokolonialistak gidatzen ditu praktika kultural asko. Pentsamolde horri axola zaiona zera da: nork konkistatu duen lurralde bat, norena den hau edo bestea, nork duen agintzeko eskubidea. Feminismo garaikidea, baina, ez zen sortu neokolonialismoaren aurkako erantzun erradikal gisa. Klase pribilegiatuko emakume zuriek berehala hartu zuten mugimenduaren “jabetza”, jarraitzaileen posizioan utziz langile-klaseko emakume zuriak, emakume zuri pobreak eta koloreko emakume guztiak. Ez zuen axola langile-klaseko zenbat emakume zuri edo zenbat emakume beltz izan ziren aitzindariak emakumeen mugimendua jarrera erradikaletara eramaten. Azkenean, klase-boterea zuten emakume zuriek adierazten zuten mugimendua berena zela, berak zirela liderrak eta gainerakoak jarraitzaile husak. Neokolonialismo garaikidean, klase-harreman parasitarioek itzalpean utzi zituzten arrazarekin, nazioarekin eta generoarekin loturiko arazoak. Eta feminismoa ere ez zen geratu dinamika horretatik urruti. Hasieran, Estatu Batuetako lider feministek genero-berdintasunaren beharra aldarrikatu zutenean, ez zuten ahaleginik egin jakiteko ea antzeko mugimendurik sortu ote zen emakumeen artean munduan barrena. Aitzitik, askatutzat jo zuten beren burua, eta, horrenbestez, iruditzen zitzaien bazutela zilegitasuna beren ahizpa dohakabeak askatzeko, bereziki “hirugarren mundu”koak. Paternalismo neokolonial hori baliatu zuten, hain zuzen, koloreko emakumeak bazterrean uzteko, emakume zuri kontserbadore eta liberalak ager zitezen feminismoaren benetako ordezkari gisa. Emakume zuri erradikalak ere ez dira “ordezkatuak” izaten, eta, ordezkatuak direnean, bazterreko elementu arraroak balira bezala agertzen dira. Horregatik, ez da harritzekoa 1990eko hamarkadako “botere-feminismo”ak emakume zuri heterosexual aberatsen irudia hartzea arrakasta feministaren adibidetzat. Egia esan, berdintasunari buruzko erretorika feministaren bereganatze hegemoniko horrek klase agintariekiko atxikimendua mozorrotzen lagundu zien patriarkatu supremazista zuri kapitalistaren barnean. Feminista erradikalak lur jota geratu ziren ikusirik nola hainbat eta hainbat emakume (arraza guztietakoak) hizkera feministaz jabetzen ziren aldi berean Mendebaldeko inperialismoarekiko eta kapitalismo transnazionalarekiko konpromisoari eutsita. Estatu Batuetako feministek arrazoi zuten aldarrikatzen zutelarik arreta jarri behar zela emakumeentzako berdintasun globalean; arazoa zen klase-boterea zuten feminista batzuek fantasia inperialistak proiektatzen zituztela munduko gainerako emakumeen gainean. Eta, fantasia horietatik handienaren arabera, Estatu Batuetako emakumeek munduko beste edozein emakume-taldek baino eskubide gehiago zituzten; “askeak” izango dira hala nahi badute, eta, horrenbestez, badute eskubidea mugimendu feminista gidatzeko eta munduko beste emakume guztien helburu feministak ezartzeko, batik bat hirugarren munduko herrialdeetako emakumeena. Pentsamolde hori, baiki, Mendebaldeko gizon menderatzaileen sexismoaren eta arrazakeria inperialistaren ispilu hutsa da. Estatu Batuetako emakume gehienek ez dituzte ez ezagutzen ez erabiltzen kolonialismo eta neokolonialismo terminoak. Iparramerikar emakume gehienek, bereziki emakume zuriek, ez dute beren pentsamoldea deskolonizatu arrazakeriarekin, sexismoarekin eta klase-elitismoarekin loturiko gaietan, halako jarrerei eusten baitiete botere gutxiagoko emakume-taldeen aurrean, bai gure gizartean, bai mundu-mailan. Pentsalari feminista ezjakinek neokolonialismoaren ikuspegitik heltzen zieten genero-esplotazioko eta -zapalkuntzako gai globalei, eta hala da gaur egun ere. Esanguratsua da emakume zuri erradikalek hauxe nabarmendu izana night-vision: illuminating war and class on the neo-colonial terrain [Gaueko ikuspegia: esparru neokolonialistan gerra eta klasea argitara ateratzen] lanean: “Neokolonialismoa ez ulertzea orainean bete-betean ez bizitzea da”. Feminista zuri ezjakinak ez zeuden prest onartzeko patriarkatu supremazista zuri inperialista kapitalistarekin eskuz esku jarduten zutela eta jarduten dutela Estatu Batuetako bizitzako esparru batzuetan; hori dela eta, emakume beltzen eta kolorekoen eta gure ahizpa zuri erradikalen etengabeko protesta eta erresistentzia beharrezkoak izan ziren ukapenaren horma hausteko. Nolanahi ere, aktibista feminista ugarik bere egin bazuten ere arraza, generoa, klasea eta nazionalitatea aintzat hartzen zituen ikuspegia, “botere-feminista” zuriek berenari eutsi zioten, hau da, emakumeen berdintasuna inperialismoarekin lotzen zituen feminismoaren irudi bat proiektatzen jarraitu zuten, eta hala jarraitzen dute gaur egun ere. Mundu osoko emakumeen arazoak garrantzitsuak dira, hala nola emakumeen ablazio behartua, Tailandiako prostituzio-etxeak, emakumeen buruko zapia (Afrikan, Indian, Ekialde Hurbilean eta Europan) eta Txinako neskatoen hilketak. Nolanahi ere, Mendebaldeko emakume feministek pentsamolde eta praktika feministak deskolonizatzeko borrokan dihardute oraindik ere, halako arazoei heltzeko Mendebaldeko inperialismoa erreproduzitu gabe. Errepara diezaiogun nola aurre egin dioten Mendebaldeko emakumeek, zuri zein beltz, Afrikako eta Ekialde Hurbileko emakumeen ablazioaren arazoari. Halako herrialdeak “barbarotzat eta ez-zibilizatutzat” hartzen dira askotan, eta hango sexismoa, Estatu Batuetakoa baino askoz basatiagotzat eta arriskutsuagotzat. Ikuspegi feminista deskolonizatu batek lehenik eta behin aztertuko luke zer lotura dagoen mundumailan praktika sexisten eta emakumeen gorputzen artean. Adibidez: aztertuz gero zer lotura dagoen ablazioaren eta elikadura-nahasmendu larrien artean (zeinak argal egotea edertasun idealtzat inposatzen duen kultura baten ondorio zuzenak baitira), edo ablazioaren eta kirurgia estetiko halaber arriskutsuaren artean, nabarmen geratuko litzateke halako praktiken atzean dauden sexismoa eta misoginia gure herrialdeko sexismo globalaren ispilu direla. Arazoei era horretan helduz gero, ez dugu Mendebaldeko inperialismoa erreproduzituko, eta kapitalismo transnazionalak ez du feminismoa irentsiko Mendebaldeko emakumeen luxuzko produktu bat balitz bezala eta beste kultura batzuetako emakumeek borroka egin behar balute bezala hura kontsumitzeko eskubidea lortzearren. Estatu Batuetako emakume erradikalek aurre egiten ez badiete feministak balira bezala klase-oportunismoz jokatzen duten emakume-taldeei, klase-botere nagusiak gidatuko du Mendebaldeko feminismo globala, aurreiritzi zaharrei eutsiz. Feminista erradikalek mundu zabalean barrena egiten duten lanak emakumeen arteko solidaritate politikoa sendotzen du egunez egun, arrazen, etnizitateen eta nazionalitateen gainetik. Hedabide nagusiek oso bakanka jartzen dute arreta halako esku-hartze onuragarrietan. Zillah Eisensteinek honako ideia hau dakar hatreds: racialized and sexualized conflicts in the 21 st century [Gorrotoak: xxi. mendeko arraza- eta sexu-gatazkak] lanean:
Feminismo transnazionalak (edo transnazionalek) —hau da, arraza- eta genero-muga faltsuak eta “beste”aren eraikuntza faltsua ukatzen dituenak— aurre egiten die nazionalismo maskulinistari, estatu-komunismoaren distortsioei eta merkatu “libre”ko globalismoari. Banakoen aniztasuna onartzen du, baita askatasuna eta berdintasuna ere, eta Ipar/Mendebaldearen eta Hego/Ekialdearen arteko elkarrizketen bidez eta haietatik harago definitzen da.
Feminismo globalaren garapena aztertu duen inork ezin ukatuko luke zein lan garrantzitsua ari diren egiten emakumeak gure askatasunaren alde. Inork ezin ukatuko luke Mendebaldeko emakumeek —batez ere Estatu Batuetakoek— ekarpen handia egin diotela borroka honi eta oraindik eta ekarpen handiagoa egin behar luketela. Feminismo globalaren helburua borroka globalekin kontaktatzea eta elkartzea da, sexismoa, esplotazio sexista eta zapalkuntza deuseztatzeko.
Feminismoa denon kontua da |