Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018

 

—LAU—

Heziketa feminista,
kontzientzia kritikoa garatzeko

 

      Emakume-ikasketak abiatu baino lehen, literatura feminista abiatu baino lehen, emakume batzuek taldetan ikasi zuten feminismoaz. Taldeotako emakumeak izan ziren lehenak teoria feminista sortzen, sexismoa analizatuz, patriarkatuari aurre egiteko estrategiak landuz eta gizarte-harremanetarako eredu berriak garatuz. Bizitza honetan egiten dugun guztiak oinarri teoriko bat izaten du. Kontzienteki aztertuko bagenu zer arrazoi dauzkagun ikuspegi jakin bat hartzeko edo ekintza jakin bat aurrera eramateko, pentsamendua eta praktika antolatzeko sistema bat aurkituko genuke oinarrian. Teoria feministaren hastapenetan, helburu nagusia izan zen emakume eta gizon guztiei esplikatzea nola funtzionatzen duen pentsamolde sexistak eta zer egin genezakeen hari aurre egiteko eta aldatzeko.

      Garai hartan, pentsamolde sexista onartzeko sozializatuak gintuzten gutariko gehienok, bai gurasoek, bai gizarteak. Ez genuen denborarik hartzen gure pertzepzioen jatorria aztertzeko. Pentsamolde eta teoria feministak bultzatu gintuzten horretara. Hasieran, ahoz aho, egunkari merkeen eta panfletoen bidez zabaldu zen teoria feminista. Gero, emakumeen argitaletxeei esker hedatu zen pentsamolde feminista; argitaletxeotan, emakumeek idazten eta argitaratzen zuten dena, ekoizpenaren maila guztiak kontrolatuz, baita marketina ere. Nire lehen liburua, Ain't I a woman: black women and feminism, 1970eko hamarkadan idatzi eta 1981ean argitaratua, kolektibo sozialista xume batean argitaratu zen, South End Press-en: hango kideen erdiak gutxienez emakume feministak ziren, eta kolektiboko kide guzti-guztiak ziren antisexistak.

      Literatura feministaren corpus bat sortzea eta emakumeen historia berreskuratzeko aldarrikatze izan zirena feminismo garaikidearen esku-hartze indartsu eta arrakastatsuenetako batzuk. Historiari begiratzen badiogu, ikusiko dugu emakumeek idatzitako lanek toki gutxi edo batere ez zutela literaturaren eta ikerketa akademikoaren esparruan, genero-diskriminazioaren ondorioz. Mugimendu feministak agerian utzi zituenean curriculumeko aurreiritzi horiek, ordura arte ahaztu eta bazterrean utzitako lan haietako asko zabaldu ziren. Fakultate eta unibertsitateetan emakume-ikasketen programak sortu zirenean, emakumeen lanek legitimitate instituzionala lortu zuten ikuspuntu akademikotik. Beltz-ikasketen ildo beretik, emakumeikasketak generoaz eta emakumeaz ikasteko esparrua bilakatu ziren, betiere aurreiritzirik gabeko ikuspegi batetik.

      Ohiko estereotipoez aldenduz, emakumeikasketetako irakasleek ez zuten eta ez dute kritikatzen gizonek egindako lana; guk pentsamolde sexistan eragin nahi dugu, erakutsiz emakumeen lana gizonena bezain ona eta interesgarria dela, edo are hobea eta interesgarriagoa ere izan daitekeela. Gizonen literatura handia deritzona kritikatzen dugu balio estetikoa ebaluatzean erabiltzen diren aurreiritziak agerian utzi nahi ditugunean, besterik ez. Emakume-ikasketetan, sekula ez dut irakurri edo entzun gizonek egindako lanak garrantzitsuak edo beharrezkoak ez direnik. Ikerkuntzako eta literaturako kanon maskulinoen gaineko kritika feministak generoan oinarrituriko aurreiritziak uzten ditu agerian. Hori guztia oso garrantzitsua izan da emakumeen lana berreskuratzeko eta emakumeen eta emakumeei buruzko lan berrientzako esparru berri bat sortzeko.

      Mugimendu feministak akademian sartzearekin batera hartu zuen indarra. Gazteek herrialde osoko ikasgeletan ikas zezaketen pentsamolde feministari buruz, hari buruzko teoria irakurri eta beren ikerketa akademikoetan erabili. Graduondoko ikaslea izaki eta tesia idazten ari nintzelarik, pentsamolde feministari esker aukera izan nuen garai hartan oso ezaguna ez zen emakume idazle beltz bati buruz ikertzeko: Toni Morrison. Mugimendu feminista sortu aurretik, oso literatura-ikerketa sakon gutxi egiten zen unibertsitatean emakume idazle beltzen lanari buruz. Alice Walker ospetsu egin zenean, Zora Neale Hurston idazlearen lana berreskuratzen lagundu zuen: handik gutxira, hain zuzen, Estatu Batuetako literaturako emakume idazle beltz kanonizatuena bilakatu zen. Mugimendu feministak iraultza bat eragin zuen eskatu zuelarik emakumeen lan akademikoa errespetatzeko, haien lana —iraganekoa zein orainaldikoa— aintzat hartzeko eta curriculumeko eta pedagogiako generoaurreiritziak deuseztatzeko.

      Emakume-ikasketak instituzionalizatu ondotik, lau haizeetara barreiatu zen feminismoaren ahotsa.

      Hala, etengabe pentsaera irekiko jende multzo bat eskainiz, esparru legitimo bat ireki zen konbertsiorako. Emakume-ikasketetako ikasleak ikastera joaten ziren. Gehiago jakin nahi zuten pentsamolde feministaz. Eta eskola haietan ernatu ginen gutariko asko politikoki. Ni neu gure familia patriarkaleko gizonen nagusikeriari aurre eginez iritsi nintzen pentsamolde feministara. Baina sistema esplotatzaile edo zapaltzaile baten biktima izate hutsak edo, are, haren aurka erresistentzia egiteak ez du esan nahi ulertzen dugunik zergatik gertatzen den hori edo zer egin genezakeen hori aldatzeko. Ni neu feminismora konbertitua nintzen unibertsitatera sartu baino askoz lehenagotik ere, baina eskola feministetan ikasi nuen zer ziren pentsamolde feminista eta teoria feminista. Eta han jaso nuen emakume beltzen esperientziaz kritikoki pentsatzeko eta idazteko behar nuen pizgarria.

      1970eko hamarkadan, pentsamolde eta teoria feministak lankidetzan jorratzen ziren: emakumeok etengabe eztabaidatzen genuen ideien inguruan, gure paradigmak aztertuz eta moldatuz. Orduan, emakume beltzek eta koloreko beste emakume batzuek arraza-aurreiritzien gaia mahai gainean jarri zutenean feminismoa itxuratzeko faktore gisa, hasieran, halako erresistentzia bat egon zen klase pribilegiatuetako emakumeen aldetik, ikusi baitzuten okerra izan zitekeela berek ordura arte emakume-izatearen funstzat hartua zutena; denbora baten buruan, ordea, teoria feminista aldatu egin zen. Emakume pentsalari zuri asko gai ziren arren beren aurreiritziak aitortzeko are birpentsatzeko ariketarik egin gabe, aldaketa garrantzitsua izan zen. 1980ko urteen amaierarako, ikerketa feminista gehienetan islatzen zen arraza- eta klasedesberdintasunen gaineko kontzientzia. Mugimendu eta solidaritate feministarekin erabat engaiatuta zeuden emakume akademikoek gogo bizia zuten emakume gehienen errealitateei helduko zien teoria bat lantzeko.

      Legitimitate akademikoa funtsezkoa zen pentsamendu feministak aurrera egiteko, baina bestelako zailtasun batzuk ere ekarri zituen. Bat-batean, gutxiago erreparatzen zitzaion teoriatik eta praktikatik zuzenean eraturiko pentsamolde feministari teoria metalinguistikoari baino, eta hizkera esklusibo bat sortu zen, soilik mundu akademikoarentzat idatzia. Bazirudien pentsalari feminista multzo bat elkartu eta eliteko talde bat sortua zutela “barneko”ek ez beste inork ulertzeko moduko teoria bat idazteko.

      Esparru akademikotik kanpoko emakume eta gizonak ez ziren jadanik hartzaile garrantzitsutzat jotzen. Pentsamolde eta teoria feministak ez zeuden hain lotuta mugimendu feministarekin. Politika akademikoak eta karrera profesionala lehenesteko joerak itzalpean utzi zuten feminismoa. Teoria feminista ghetto akademiko murritz batean zokoratuta geratu zen, kanpoko munduarekiko ia loturarik gabe. Akademian egindako lana aurrerakoia zen (eta da) maiz, eta zaila izaten da halako ezagutzak jende askorengana iristea. Ondorioz, pentsamolde feminista era horretan akademizatzeak mugimendu feminista ahuldu zuen, despolitizazioaren bidez. Desradikalizaturik, beste edozein diziplina akademikoren maila berean geratu zen, desberdintasun bakarra genero-ikuspegia izanik.

      Literatura, lagungarri izango bada jendea informatzeko eta jendeari pentsamolde feminista eta feminismoa ulertarazteko, estilo eta formatu askotan idatzi behar da. Bereziki gazte-kulturari zuzenduriko lanak behar ditugu. Giro akademikoan, ordea, inork ez du halakorik egiten. Ez ditugu, noski, alde batera utzi behar emakume-ikasketen programak —zeinak dagoeneko arriskuan baitaude fakultate eta unibertsitateetan, genero-justiziaren aldeko borroketan lorturiko aldaketak desegin nahi baitituzte kontserbadoreek—, baina oinarri komunitarioko ikasketa feministak behar ditugu. Imajinatu masa-mugimendu feminista bat zeinetan jendea atez ate ibiliko bailitzateke testuak banatzen (talde erlijiosoen antzera) eta jendeari azaltzen zertan datzan feminismoa.

      Mugimendu feminista garaikidearen garai oparoenean, haurren liburuetako aurreiritzi sexistak kritikatu ziren. “Haur libreentzako” liburuak idatzi ziren. Zaindari kritiko izateari utzi genionean, baina, sexismoa berehala azaleratu zen berriz. Kontzientzia kritikoa eratzea helburu izanik, haur-literatura esparrurik funtsezkoenetako bat da heziketa feministarentzat, sinesmenak eta identitateak eraikitze-bidean izaten baitira oraindik haurtzaroan. Eta, sarri askotan, generoari buruzko pentsamolde itxia nagusitzen da jolastokietan. Aktibista feministek, horrenbestez, lan handia egin behar dute haurren hezkuntza publikoaren esparruan, aurreiritzirik gabeko curriculum bat sortzeko.

      Etorkizuneko mugimendu feministak nahitaez ulertu behar du heziketa feminista oso garrantzitsua dela edonoren bizitzan. Zenbait emakume feminista aliatuk lortu badute ere ekonomikoki gora egitea edo aberastasuna metatzea, edo onartu badute ere gizon aberatsek emandako laguntza, ez dugu ideia feministetan oinarrituriko eskolarik sortu neska-mutilentzat eta emakume-gizonentzat. Alegia, ez dugu lortu hezkuntzaren arloan masa-mugimendurik sortzea feminismoa irakasteko; horrenbestez, onartzen ari gara jendeak hedabide patriarkal nagusien eskutik ikastea feminismoari buruz, eta bide horretatik ikasitako gehiena kalterako izaten da. Pentsamendu eta teoria feminista mundu guztiari irakasteak esan nahi du akademiaz eta testu idatziez harago iritsi behar dugula. Jende askok ez dauka gaitasunik liburu feministak irakurtzeko. Audioliburuak, kantak, irratia eta telebista bide apartak dira jakintza feminista zabaltzeko. Eta, jakina, telebista-kate feminista bat behar dugu; ez emakumeentzako telebista-kate bat, ez baita gauza bera. Telebista-kate feminista bat sortzeko funtsak bilduz gero, munduan barrena zabalduko genuke pentsamolde feminista. Eta, halakorik lortu ezin badugu, ordaindu dezagun beste telebista-kateren batean toki bat izateko. ms. aldizkariak urte anitz eman ditu gizonen jabetzapean —eta denak ez ziren antisexistak—, baina, gaur egun, ideia feministekin guztiz engaiaturiko emakumeen eskuetan dago. Horra noranzko egokian emandako pauso bat.

      Saiatzen ez bagara denontzako —emakume zein gizon— heziketa feminista bat eskaintzen duen masamugimendu bat sortzen, hedabide nagusietan ematen den informazio kaltegarriak etengabe ahulduko ditu teoria eta praktika feministak. Halako lorpenak nabarmentzen ez baditugu, nekez jakingo dute herrialde honetako herritarrek zer ekarpen onuragarri egin dizkien mugimendu feministak gure bizitzei. Askotan, kultura menderatzaileak bere egiten ditu gure komunitate eta gizarteen ongizatearen alde egindako ekarpen feminista konstruktiboak, eta, gero, irudi ezkorra ematen du feminismoaz. Jende gehienak ez daki zenbat eta zenbat arlotan aldatu duen —onerako, betiere— feminismoak gure bizitza. Pentsamolde eta praktika feministak partekatzeak arnasa ematen dio mugimendu feministari. Jakintza feminista denon kontua da.

 

Feminismoa denon kontua da
bell hooks

euskaratzailea: Amaia Apaulaza
Katakrak, 2018