|
Feminismoa denon kontua da
—HAMAR— Arraza eta generoa
Pentsalari feministek ezinbestean aintzat hartu behar izan zituzten arraza eta arrazakeria, eta horrek —beste ezerk baino gehiago— errotik aldarazi zuen Estatu Batuetako feminismoa. Herrialde honetako emakume zuriek badakite estatus desberdina dutela, emakume beltzena edo kolorekoena ez bezalakoa. Txikitatik dakite hori, telebista ikusten hasi eta emakume zurien irudiak bakarrik ikusten dituztenetik, aldizkariak irakurtzen hasi eta emakume zurien irudiak bakarrik ikusten dituztenetik. Badakite ez-zurien absentzia edo ikusezintasun horren arrazoi bakarra zuriak ez izatea dela. Herrialde honetako emakume zuriek badakite zuritasuna kategoria pribilegiatu bat dela. Emakume zuriek hori ezkutatzeak edo ukatzeak ez du esan nahi ezjakinak direnik, baizik eta ukazioan ari direla. Emakume zurien artean, eskubide zibilen alde borrokan jardun zuen kontzientzia politiko handiko talde bat izan da bere estatusaren eta emakume beltzenaren arteko desberdintasunak ongien ulertu dituen taldea, Estatu Batuen historiako garai hari buruz emakume zuriek idatzitako eguneroko eta autobiografietan dokumentatu den bezala. Emakume haietariko asko eskubide zibilen borrokatik emakumeen askapenaren aldeko borrokara igaro ziren, eta, mugimendu feministaren buru bilakaturik, desberdintasunaren afera baztertu eta ukatu zuten, nahiz eta lehen eskutik ikusia eta entzuna zuten eskubide zibilen aldeko borrokan. Alegia, arrazakeriaren aurkako borrokan parte hartu izanak ez zuen esan nahi uko egiten ziotenik supremazismo zuriari eta uste ez zutenik emakume beltzen gainetik zeudela eta haiek baino informatuago, ikasiago, prestatuago zeudela mugimendua “gidatzeko”. Neurri handi batean, emakume haiek beren aitzindari abolizionisten pauso berak ari ziren ematen; izan ere, abolizionistek boto-eskubidea eskatu zuten jende guztiarentzat (emakume zurientzat eta beltz guztientzat), baina, ikusi zutenean gizon beltzek bozkatzeko eskubidea lor zezaketela eta berek, generoarrazoiak tarteko, ez, gizon zuriekin bat egitea aukeratu zuten, supremazismo zuriaren babespean. Beltzentzako eskubide gehiagoren aldarrikapena bertatik bertara bizi izan zuten emakume zuri garaikideek une huraxe aukeratu zuten berentzat ere eskubide gehiago aldarrikatzeko. Emakume haietariko batzuek diote eskubide zibilen aldeko lanari esker garatu zutela sexismoaren eta zapalkuntza sexistaren gaineko kontzientzia. Argazki orokorra hori izanik, pentsa genezake desberdintasunaren gaineko kontzientzia politiko azaleratu berri horretatik eratorri zela mugimendu feminista garaikideaz teorizatzeko bidea. Mugimenduan sartu zirenean, desberdintasuna ezabatu eta ukatu zuten; ez zituzten elkarren ondoan jartzen arraza eta generoa, eta, areago, arraza paretik kendu zuten. Generoari lehentasuna emanez gero, emakume zuriak protagonista bilakatuko ziren, eta berena balitz bezala aldarrikatuko zuten mugimendua, nahiz emakume guztiei eskatu zieten berekin bat egiteko. Hasieran, mugimendu feministak ez zituen serioski hartu arraza-desberdintasuna eta arrazakeriaren aurkako borroka; ahizpatasunari buruzko ikuspegi utopiko bat aldarrikatzen zen, eta horrek ez zituen emakume beltz eta kolorekoak erakarri. Hasieratik mugimenduan aktiboki parte hartu zuten emakume beltz gehienek, ordea, hantxe jarraitu zuten. Mugimendu feminista sortu zenean, arraza-integrazioa arraroa zen artean ere. Beltz asko beren bizitzan lehen aldiz ari ziren ikasten nola izan adiskidetasunezko harremanak zuriekin. Ez da harritzekoa feminismora lerraturiko emakume beltz batzuek arrazaren gaineko kontzientzia txertatzeari uko egitea. Txundituta egon behar zuten ikusirik nola aldarrikatzen zuten emakume zuriek ahizpatasuna, ordura arte esplotatzaile eta zapaltzailetzat hartuak zituzten eta. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran, emakume beltz eta kolorekoen belaunaldi gazteago batek aurre egin genion emakume zurien arrazakeriari. Gure aliatu beltz zaharragoak ez bezala, giro nagusiki zurietan heziak ginen. Gutariko gehienok sekula ez ginen egon emakume zurien mendeko posizio batean. Gutariko gehienok sekula lanean aritu gabeak ginen. Sekula gure lekuan egon gabeak. Baldintza hobeak genituen emakumeen mugimenduaren barnean arrazakeria eta supremazismo zuria kritikatzeko. Emakume zuri batzuek zapalkuntza orokorraren ideiaren inguruan antolatu nahi zuten mugimendua, eta aldarrikatzen zuten emakumeok klase edo kasta sexual bat osatzen genuela; horrenbestez, ez zuten onartzen emakumeen artean desberdintasunik zegoenik eta desberdintasunok emakume guztionak ziren esperientziak iluntzen zituztenik. Arraza zen desberdintasunik nabarmenena. 1970eko urteetan, Ain't I a woman: black women and feminism lanaren lehen zirriborroa idatzi nuen. Hemeretzi urte nituen. Sekula ez nuen izan lanaldi osoko enplegurik. Arraza-segregazio handiko hiri txiki batekoa nintzen, Stanfordeko Unibertsitatearen hegoaldekoa. Pentsamolde patriarkalari gogor eginez hazia nintzen, eta unibertsitatean engaiatu nintzen feminismoan. Emakume beltz bakarra nintzen ikasgela feministetan eta kontzientziatze-taldeetan, eta, orduan, arraza eta generoa teorikoki uztartzen hasi nintzen. Han hasi nintzen aldarrikatzen onartu beharra genuela aurreiritzi arrazistak ari zirela pentsamolde feminista taxutzen, eta aldaketarako deia egin nuen. Beste toki batzuetan ere, kritika bera ari ziren egiten zenbait emakume beltz eta koloreko. Garai haietan, arrazakeriaren eta arrazadesberdintasunaren errealitateari aurre egin nahi ez zioten emakume zuriek traidore izatea leporatu ziguten, arrazaren gaia plazara ateratzeagatik. Esan ziguten, okerki esan ere, generoa alde batera uzten ari ginela. Egiaz, baina, eskatzen ari ginen emakumeen estatusari modu errealista batean begiratu behar zitzaiola eta ikuspegi errealista hori baliagarria izango zela benetako feminismo bat sortzeko. Gure asmoa ez zen ahizpatasunaren ikuspegiari garrantzia kentzea. Guk politika solidario jakin bat abiatu nahi genuen, egiazko ahizpatasun bat lortzeko. Bagenekien emakume zurien eta kolorekoen artean ez zela egiazko ahizpatasunik izango emakume zuriek supremazismo zuriari uko egiten ez bazioten, hau da, mugimendu feminista arrazakeriaren aurkako mugimendu gisa planteatzen ez bazen. Arrazaren inguruko esku-hartze kritikoek ez zuten emakumeen mugimendua suntsitu; indartu egin zuten. Behin arrazaren afera ukatzeari utzirik, emakumeok desberdintasunaren errealitateari aurre egin genion, maila guztietan. Azkenean, emakume pribilegiatuen —batez ere zurien— klase-interesak beste emakume guztien gainetik paratzen ez zituen mugimendu bat abiarazten ari ginen. Gure ahizpatasunikuspegian, gure errealitate guztiez hitz egin zitekeen. Pentsalari feministen artean, eztabaida dialektiko bat sortu zen arrazaren gaiaren inguruan, eta horrek, gero, teoria feminista eta praktika birpentsatzea ekarri zuen; justizia sozialaren aldeko beste ezein mugimendu garaikidetan ez da sortu halako eztabaidarik partehartzaileen artean. Mugimendu feministako kideek aurre egin zieten kritikei eta erronkei, betiere justiziaren eta askapenaren ikuspegiarekiko konpromiso irmoari eutsiz: horra mugimenduaren sendotasunaren eta indarraren erakusgarri bat. Horrek agerian uzten digu ez duela axola zein oker zeuden iraganeko pentsalari feministak, indartsuagoa izan baitzen egoera aldatzeko gogoa, borrokarako eta askapenerako testuinguru bat sortzeko gogoa, eta ez ustekizun eta sineskizun okerretan trabatuta geratzekoa. Hainbat urtean, bertatik bertara ikusi nuen nola uko egiten zioten pentsalari feminista zuriek arrazaren garrantzia kontuan hartzeari, nola muzin egiten zioten supremazismo zuria deuseztatzeari, nola ukatzen zuten mugimendu feministak arrazakeriaren aurkako mugimendu bat behar zuela izan baldin eta nahi bagenuen oinarri politiko bat ahizpatasuna gauzatuko zuena. Eta bertatik bertara ikusi nuen zer kontzientziairaultza bizi izan zuten emakumeek ukapenetik askatu zirenean, pentsamolde supremazista zuritik askatu zirenean. Aldaketa txundigarri guztioi esker, mugimendu feministarekiko fedea berreskuratu dut, eta emakume guztienganako sentitzen dudan solidaritatea indartu. Oro har, pentsamolde eta teoria feministari on egin diote arrazaren gaineko esku-hartze kritiko guztiok. Arazo bakarra teoria praktikan jartzea izan da. Emakume zuri batzuek arrazaren gaineko analisia txertatzen dute beren ikerketa feminista gehienetan, baina ideia guztiok ez dute eragin handirik izan emakume zurien eta beltzen arteko eguneroko harremanetan. Zaila da emakumeen artean harreman antirrazistak sortzea, arraza-segregazioa oso nabarmena baita oraindik ere gizartean. Askotariko lan-esparruak sortu diren arren, jende gehiena bere taldeko jendearekin sozializatzen da bakarrik. Arrazakeria eta sexismoa uztartuz gero, harresi arriskutsuak sortzen dira emakumeon artean. Oraingoz, hori aldatzeko estrategia feministak ez dira izan oso baliagarriak. Zenbait emakume zurik eta kolorekok lan handia egin dute zailtasunak gainditzeko eta maitasunerako eta solidaritate politikorako espazio bat sortzeko, baina beharrezkoa da metodo eta estrategia guztiok besteekin partekatzea, arrakastatsuak izan zaizkigun heinean. Ia erreparatu ere ez zaie egiten arraza desberdineko nesken arteko harremanei. Aurreiritzi arrazistekin itsuturiko ikertzaile feministak frogatzen saiatzen dira neska zuriak koloreko neskak baino ahulagoak direla baldintzapen sexistaren aurrean, eta horrek ustekizun supremazista zuri bat betikotu besterik ez du egiten: emakume zurien kezkek eta arazoek arreta handiagoa merezi dutela gainerakoenek baino. Koloreko neskek jokamolde desberdina agertzen badute neska zurien aldean, baldintzapen sexista barneratzen ariko dira, baina ez hori bakarrik: aukera gehiago izango dituzte sexismoaren biktima izateko, eta horrek ez du atzerabueltarik izango. Mugimendu feministak, bereziki aktibista feminista aurrerakoien lanak, arrazaren eta arrazakeriaren gaia birplanteatzeko bidea zelaitu zuen, eta horrek, oro har, eragin onuragarria izan zuen gure gizartean. Kritika sozial nagusietan, baina, gutxitan aipatzen da hori. Feminismoaren barneko arrazaren eta arrazakeriaren auziaz luze-zabal idatzi duen teorialari feminista naizen aldetik, badakit asko dagoela borrokatzeko eta aldatzeko, baina garrantzitsua da orobat lorturiko aldaketa guztiak goraipatzea. Gure garaipenak ulertuz eta eredutzat hartuz, aldaketa horiek oinarri sendo bat izan daitezke masa-mugimendu feminista antirrazista bat eraikitzeko.
Feminismoa denon kontua da |