ANBULANTZIAK
Philip Larkin

Ambulances
euskaratzailea: Juanjo Olasagarre
Volgako Batelariak, 2005-10-20
armiarma.eus, 2022

 

Konfesionarioen antzera itxi, hor doaz
hirietako eguerdi zaratatsuen tartetatik,
irentsitako soei itsu,
griskara brilant, ikurra marrazturik,
edozein espaloi dute geltoki:
denborarekin kale oro bisitatuko dute.

Atari edo karriketan dabiltzan umeek,
edo afari anitzetako usainak zeharkatuz
dendatik datozen emakumeek ikusi egingo dute,
kamila sartu bitarte horretan,
maindire gorri artean bildurik,
aurpegi desegin zurbila.

Eta egiten dugun guztian
datzan hustasun erabakigarria nabarituko dute,
eta instantean jabetuko dira oroz,
horren iraunkor eta huts eta benetako.
Atzera dagite ate tinkoak. Gizajoa
diote bere artean, nahigabeturik;

ze agian, hor intsonorizaturik baitoa
galeraren brausteko danbatekoa
akaberarantz doan zerbait bailitzan,
eta urteetan zehar osaturikoa,
familia eta usadioen nahastura
nabar eta apartekoa, horra

galtzera bidean. Eta horrela
amodioaren gorabeheretatik urruti
gela babesturako bidean doala
trafikoak leku egitean
hurbildu egiten zaigu etortzeko dena
eta ezabatu, urrundu ahala, garena.

 

ANBULANTZIAK
Philip Larkin

Ambulances
euskaratzailea: Juanjo Olasagarre
Volgako Batelariak, 2005-10-20
armiarma.eus, 2022