FEDEZKO SENDATZEA
Philip Larkin

Faith Healing
euskaratzailea: Juanjo Olasagarre
Volgako Batelariak, 2005-10-20
armiarma.eus, 2022

 

Hor da, zutik, anteojuekin, ilea urdin
jantziak beltz, lepokoa zuri, emakume ilara
harengana hurbiltzen. Laguntzaileek
gerturarazten dituzte haren ahots eta eskuetara
non amodiozko ardura lako udaberri euri epelaren pean
hogei segundoz izanen baitira. *Ene alaba maitea
zer duzu?*galdetu du ahots amerikar sakonak,
jarraian, errezo betean hasiko da
jainkoa begi horretara edo belaun horretara zuzenduz.
Burua besarkatuko die zakar; gero, exiliaturik

noragabeko ideiak bailiren, isilean joanen dira; batzuk
ardiak legez barreiatuz, oraindik ez baina,
haien bizitzetara; beste batzuk, ordea, zurrun,
gelditu egin dira malko sakon eta erlatsez espantuka, haien baitan
balute bezala ume mutu, ergel bat
adeitasunez esnatzeko pronto; amets dagite:
ahotsak niri bakarrik dei nazala, eskuek
argi eta kontsola nazatela; eta behin bertan,
mihiak totel, begiak oinaze, erantzun ezohiko
eta beldurgarriak murduskatzen dituzte, pozaren pozez.

Zer duzu? Bibote, soineko loredunarekin, dar-dar batean:
Ai ene, ai ene! Denen baitan datza
bizitza amodioaren legera bizitzeko nahia.
Batzuendako, horrek, beste maitatzeak
ekar zezakeen abantaila baino ez du esan nahi, gehienendako, ordea,
maitatu balituzte eginen zutena agerrarazten du.
Hori ez du ezerk sendatzen. Min izugarria,
lurmentzan paisaia zurrunaren zinkurina bailitzan,
ematuz doakie- hori, eta ahotsa, goitik,
Ene alaba maitea esanez; hori, eta denborak gezurtatu guztia.

 

FEDEZKO SENDATZEA
Philip Larkin

Faith Healing
euskaratzailea: Juanjo Olasagarre
Volgako Batelariak, 2005-10-20
armiarma.eus, 2022