Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HOGEITA BATGARREN KAPITULUA

 

        Sir Thomas Nevil koronela, bere alaba (egun batzuk lehenago ezkondu zena), Orso eta Colomba Pisatik zalgurdian atera ziren apirileko goiz batean, aurkitu berria zen eta kanpotar guztiak bisitatzera joaten zireneko hipogeo etruskoa ikustera. Monumentuaren barnera jaitsi zirenean, Orso eta emaztea lapitza eta papera hartuta pinturak kopiatzen hasi ziren, baina arkeologiaz ardura handirik ez zuten Colomba eta koronelak bakarrik utzi zituzten eta inguruak ikustera paseatuz joan ziren.

        —Colomba maitea —esan zion koronelak—. Garbi dago gure luncheon ordurako ez garela Pisara itzuliko. Ez al duzu goserik? Orso eta bere emaztea hor daude antzinako kontuekin. Biak marrazten hasten direnean, amaitu ezinik ibiltzen dira.

        —Egia da —onartu zion Colombak—. Hala ere, bozeto koskorren bat ere ez dute ekartzen.

        —Nire iritziz —segitu zuen koronelak— hango baserri txiki hartaraino joan behar genuke. Han ogia eskuratuko dugu, agian aleatico delakoa eta baliteke esnea eta marrubiak ere topatzea. Han itxarongo dugu gure marrazkilarien zain.

        —Arrazoi duzu, koronel jauna. Etxeko pertsona zentzudunak garenez, zuk eta nik gaizki jokatuko genuke poesiaz baino elikatzen ez diren maitemindu horien martiri bihurtuta. Emadazu besoa. Ez al zaizu iruditzen gauza asko ikasten ari naizela? Zaldunen besoari heldu, modako kapelua eta soinekoak jantzi, bitxiak eraman... Inola ere ez naiz basati koskorra. Begira zer-nolako graziaz daramadan txal hau... Zure erregimentuko ofizial ilehoria, ezkontzara joan zen hura... Ene Jaungoikoa!... izenik ez zait bururatzen. Luze bat, ile kizkurra duena eta nik ukabilkadaz botako nukeena...

        —Charworth? —gogorazi zion koronelak.

        —Horixe! Nik ezingo dut inoiz ahoskatu. Tira, bada, nitaz erabat maitemindurik dago.

        —Colomba! Oso irtirin ari zara zu bihurtzen. Laster beste ezkontzaren bat izango dugula iruditzen zait.

        —Bai zera! Ni ezkondu? Eta nire iloba nork heziko luke... Orsok bat ematen didanean? Korsikera nork irakatsiko dio? Izan ere, korsikera hitz egingo du eta kapela puntaduna egingo diot, zu haserretzearren.

        —Lehenbizi zuk iloba eduki arte itxaron dezagun, eta gero sastakaia erabiltzen ere irakatsi, nahi baduzu.

        —Bukatu dira sastakaiak! —adierazi zuen alai Colombak—. Orain abanikoa dut gure Herriaz gaizki hitz egiten baduzu behatzetan jotzeko.

        Gisa horretan hizketan ari zirela, baserrira sartu ziren, eta ardoa, marrubiak eta esnegaina topatu zituzten, hain zuzen. Colomba etxekoandre baratzezainari marrubiak biltzen laguntzera joan zen, koronelak aleatico izeneko ardoa probatzen zuen bitartean. Bidezidor baten bihurgunean, Colombak agure bat ikusi zuen eguzkia hartzen aulkian eserita. Gaixo zegoela zirudien, aurpegi zargaldua eta begiak hondoratuak zituelako. Oso argala zen eta zirkinik ere egiten ez zuenez, zurbil eta begiak mugitu gabe zegoenez, biziduna baino gehiago hildakoa zirudien. Minutu batzuetan Colombak oso arretaz begiratu ziolako etxekoandreak hitz egin zion.

        —Gizon zahar gizajo hori zure kide da. Izan ere, zure hizketagatik korsikarra zarela ezagun da, andereño. Bere Herrian hondamen bat izan zuen. Bi semeak oso egoera beldurgarrian hil omen zitzaizkion. Diotenez, eta barkatu, andereño, zure herrikideak ankerrak dira etsaiekin. Gizon hau, beraz, bakarrik geratu zenean Pisara etorri zen, urrutiko senide baten etxera; baserri honen jabearen etxera, hain zuzen. Gizajoa apur bat jota dago. Zoritxarraren eta samintasunaren eragina... Etxekoandreak bisita asko hartzen dituenez eta enbarazu-pixka bat egiten duenez, hona bidali du. Oso otzana da. Ez du inor nekarazten eta egunean hiru hitz ere ez ditu esango. Burutik eginda dago. Medikuak astero bisitatzen du eta laster hilko dela dio.

        —Ah! Etsipena emanda al dago? —galdetu zuen Colombak—. Horrela bada, hobe da bukatzea.

        —Zergatik ez diozu korsikeraz hitz egiten, andereño? Bere hizkuntza entzunda agian alaitu egingo duzu.

        —Batek daki! —kontra egin zion Colombak irribarre maltzurraz.

        Agurearengana hurbildu zen, bere itzalaz eguzkia kendu zioneraino. Orduan ero gizajoak burua altxatu eta finko begiratu zion, beti irribarrez begira zeukan Colombari. Une bat geroxeago, agureak eskua bekokitik pasatu eta begiak itxi egin zituen, Colombaren begiradatik ihes egiteko edo. Gero berriz ireki egin zituen, neurriz gain. Ezpainak dar-dar zituen eta eskuak luzatu nahi zituen, baina Colombaz txundituta, aulkian finkaturik zegoen, zirkinik eta hitzik egin ezinda. Azkenean, malko lodiak etorri zitzaizkion begietara eta bularretik negar-zotin batzuek ihes egin zioten.

        —Lehen aldia da honela ikusten dudana —esan zuen emakumeak—. Andereño hau zure herrikoa da —esan zion agureari—. Zu ikustera etorri da.

        —Izan gupida! —oihu egin zuen ahots zakarraz—. Erruki zaitez nitaz! Ez al duzu aski? Nik erre nuen orri hura... nola irakurri zenuen? Baina zergatik biak?... Orlanduccio... haren kontra ez zenuen ezer irakurri... Bar utzi behar zenidan... bat bakarrik... Orlanduccio... haren izena irakurri ez zenuelako...

        —Biek izan behar zuten —erantzun zion Colombak ahopeka eta korsikeraz—. Zuhaitzaren kimuak ebakita daude, eta sustraia ustelduta egon ez bazen, hura ere erauzi egingo nuen. Ez egin arrangura. Denbora gutxi duzu sufritzeko. Nik bi urtez sufritu nuen!

        Agureak deiadar egin eta burua bularreraino makurtu zitzaion. Colombak atzea eman eta etxeraino poliki itzuli zen, ballata bateko hitz ulergaitzak esanez. «Nik tiro egindako eskua, apuntatutako begia eta pentsatu zuen bihotza behar ditut...»

        Baratzezaina agurea zaintzera zihoan bitartean, Colomba aurpegia gorri eta begiak distiratsu zituelarik koronelaren aurrean eseri zen mahaian.

        —Zer gertatzen zaizu? —galde egin zion koronelak—. Pietraneran jaten ari ginela tiro egin zigutenean bezalako aurpegia duzu.

        —Korsikako oroitzapenak dira. Orain bururatu zaizkit, baina pasatu da. Ni izango naiz amapontekoa, ezta? A zer nolako izen ederrak ipiniko dizkiodan! Ghilfuccio-Tomaso-Orso-Leone!

        Baratzezaina itzuli zen haiengana.

        —Zer izan da? —galdetu zion Colombak patxadatsu— Hil egin al da? Ala zorabioa besterik ez du?

        —Ez. Ez zen ezer, baina harritzekoa da zu ikusita horrela jartzea.

        —Eta medikuak, laster hilko dela al dio?

        —Bi hilabete baino lehen, agian.

        —Ez da galera handia izango —adierazi zion Colombak.

        —Zertaz ari zarete hizketan? —galdetu zuen koronelak.

        —Hemen dabilen gure herriko ero batez —erantzun zion Colombak axola handirik erakutsi gabe—. Noizbehinka zer moduz den galdetuko dut, baina, koronel jauna, nire anaiarentzat eta Lydiarentzat marrubi batzuk utz itzazu.

        Colombak baserritik irten eta zalgurdian abiatu zenean, baratzezaina une batzuetan begira geratu zitzaion, eta gero bere alabari honela mintzatu zitzaion:

        —Ikusten al duzu andereño pertxenta hori? Bada, seguru nago begizkoa egiten duela.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996