Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

LEHEN KAPITULUA

 

                        Pè fa la to vendetta,

                        Sta sigur', vasta anche ella.

                        Zure vendetta egiteko,

                        zaude ziur berarekin aski izango duzu

                                        VOCERO DU NIOLO

 

        181...eko urriaren lehen egunetan, Sir Thomas Nevil koronelak (armada ingeleseko ofizial irlandar ospetsuak) bere alabarekin Marseillako Beauvau hotelean hartu zuen ostatu Italian bidaia eginda bueltan zetorrela. Bidaiari sutsuen etengabeko mirespenak kontralto joera sortarazi du, eta turista askok gaur egun nabarmentzearren Horazioren nil admirari hartu dute banderatzat. Bidaiari konformagaitz horietakoa zen Miss Lydia, hau da, koronelaren alaba balearra. Itxuraldaketa kaskarra iruditu zitzaion, eta irakiten ari zen Vesuvioa, Birminghamgo fabriketako tximiniak baino zertxobait handiagoa. Labur esanda, Italiari aurpegiratzen zion eragozpen nagusia, herri-girorik edo nortasunik ez izatea zen. Ahal duenak hitz hauen esanahia argi beza, zeren nik duela urte batzuk oso ongi banekien ere, orain ez baitakit zer esan nahi duten. Lehenik eta behin, Miss Lydiak Alpeez bestaldera zenbait gauza beste inork baino lehen ikustea espero zuen, gero Jourdain jaunak dioenez jende prestuari esan ahal izateko. Baina aurrez bere herrikideak Italiako bazter guztietan ibiliak zirenez eta ezezagunetik ezer aurkitzeko itxaropenik ez zuenez, laster egin zen oposizioko partaide. Izan ere, gogaikarria da Italiako gauza miresgarriez hitz egitea eta ondotik norbaitek honakoa esanda: «Zuk seguru asko ezagutuko duzu ***ko ***jauregiko Rafael hura, ezta? Italiako ederrena da!», hain zuzen zerorrek horixe ez ikusi izatea. Dena ikusteak luzeegi jotzen duenez gero, errazena nahita dena kondenatzea da.

        Beauvau hotelean Miss Lydiak kolpe latza jasan zuen. Bere ustez marrazkilariek ahaztua zuten Segniko portale pelasgo edo ziklopearraren krokis polita zekarren. Baina Marseillan Lady Frances Fenwich-ekin topo egin zuenean, honek bere albuma erakutsi zion, eta soneto zein lore ihar baten artean hantxe zegoen delako portalea, Sienako lurraz oparo koloreztaturik. Miss Lydiak Segniko portalea bere neskameari opari eman zion eta pelasgoen eraikinekiko zeukan begiramena betiko galdu zuen.

        Gorabehera triste haiek Nevil koronelarengan ere eragina zuten, bere emaztea hil zenez gero guztiari Miss Lydiaren begiak bitarteko zirela so egiten ziolako. Nevil jaunarentzat Italiak akats ikaragarria zuen: alaba gogaitu izana, hain zuzen. Beraz, munduko herri aspergarriena zen. Koadro eta estatuen kontra ez zuen ezer, noski, baina han ehiza negargarria zela eta Erromako landetan eper gorri kaskar batzuk harrapatzeko eguzki-galdatan hamar legoa egin behar zirela esan zezakeen.

        Marseillara etorri eta biharamunean, Ellis kapitaina gonbidatu zuen bazkaltzera; lehen laguntzaile izan zuena eta Korsikan sei aste igarota itzuli berria zena. Kapitainak prestuki kontatu zion Miss Lydiari lapurren historia bat, eta hark bazuen berezitasun estimagarri bat: Erromatik Napolirako bidean hain maiz kontatu zizkioten ohoin-historien ondoan oso bestelakoa zen. Bazkalondoan, bi gizonak bakarrik geratu ziren ondoan Bordeleko botila ardo batzuk zituztela, eta ehizaz hitz egin zuten. Koronelak jakin ahal izan zuenez, ehiza Korsikan baino ederrago, oparoago eta joriago beste inon ez da.

        —Basurde asko dago —zioen Ellis kapitainak—, eta etxeko txerriengandik bereizten jakin behar da, antz handia dutelako. Bestela txerrizainekin liskarrak izaten dira. Hortzetaraino armaturik, han maquis deitzen dioten txaraditik ateratzen dira eta hildako animaliak ordainarazita barre egiten diote ehiztariari. Beste inon ez dagoen mufloia ere han ehiza daiteke. Animalia bitxia, ehiztarientzat estimatua, baina harrapatzen zaila da. Oreinak, adarzabalak, faisaiak, eperrak... Zer ez dago han! Korsikan ehizatzeko ugari diren espezie guztiak ezingo genituzke izendatu. Ehiza maite badu, nire koronela, joan bedi Korsikara. Nire ostalari batek zioenez, birigarrotik pertsonaraino edozer bota ahal izango duzu.

        Tea hartzeko orduan, kapitainak berriz ere Miss Lydia txundituta utzi zuen vendetta transversale batekin (lehengo historia baino harrigarriagoa zen). Irlaren itxura bitxi eta basatia, bertako biztanleen izaera berezia, jendearen abegikortasuna eta ohitura zaharrak deskribatu zizkionean, alaba Korsikaz erabat maitemindurik zegoen. Azkenean Ellis kapitainak Miss Lydiari sastakai polit bat utzi zion. Forma eta kobrezko kirtena bikainak ez baziren ere, jatorria berezia zuen. Lapur famatu batek eman zion Ellis kapitainari, lau giza gorputzetan sartu-irtena egina zela jakinik. Miss Lydiak sastakaia gerrian jarri zuen, gero oheburuko mahaitxoan utzi, eta lo hartu baino lehen bitan atera zuen zorrotik. Koronelak berriz, mufloia ehizatu zuela ikusi zuen ametsetan. Animaliaren jabeak kobratu egin zion. Baita koronelak pozik ordaindu ere, orein-adar eta faisai-isatseko basurde moduko animalia bitxia zelako.

        —Ellisek Korsikan ehiza ugari dela dio —esan zion koronelak alabari bazkaritan—. Hain urruti ez balego, bertan aste pare bat pozik igaroko nuke.

        —Eta, zergatik ez? —ihardetsi zion Lydiak—. Zuk ehizatu bitartean nik marrazkiak egingo nituzke. Nire albumean Ellis kapitainak aipatutako kobazuloaren marrazkia, Bonaparte txikitan ikastera joaten zenekoa, alegia, eduki nahi nuke.

        Koronelak asmo bat adierazi eta alabak ontzat hartzen zioneko lehen aldia izango zen agian. Oso pozik zegoen ustekabeko adostasun hura medio, baina hala ere eragozpen batzuk aipatu zituen Miss Lydiaren zorioneko apeta areagotzeko. Lurralde malkartsua eta emakumeak ibiltzeko neketsua zela esan zion, baina alferrik: alaba ez zen ezeren beldur, zaldiz ibiltzea oso gogoko zuen eta kanpatutako lekuan izarrei begira lo egin nahi zuen. Bestela Ekialde Hurbilera joateko mehatxu egin zion. Kontuak kontu, edozer esanda ere erantzuna prest zuen, eta aurrez Korsikan beste ingelesik izan ez zenez gero, hark joan beharra zeukan. A zer nolako poza izango zuen Saint Jame's Place-ra itzuli eta bere albuma erakutsiko zuenean! «Maitea, zergatik pasa duzu hain marrazki polit hori?» «O! Ez du garrantzirik! Gidari ibili genuen bidelapur korsikarraren apuntea besterik ez da» «Nola? Korsikan izan al zara?...»

        Artean Frantzia eta Korsikaren artean baporeak ez zebiltzanez, Miss Lydiak aurkitu nahi zuen irlara zihoan itsasontziaren bila hasi ziren. Egun hartantxe, koronelak Parisera idatzi zuen ostatu hartu behar zueneko hotelean erreserba bertan behera uzteko, eta belak zabalduta Ajacciora abiatzekoa zen goleta korsikar bateko patroiarekin tratua egin zuen. Goletak itxurazko bi ganbarote zituen. Elikagaiak untziratu zituzten; patroiak zin egin zuen bere marinel zahar bat bouillabaisse deitutako platera maneiatzen parekorik gabeko sukaldaria zela; andereñoa gustura egongo zela, haize ona eta itsaso ona izango zutela.

        Bestetik, eta alabaren asmoa betetzearren, koronelak debekatu egin zion kapitainari aita-alabez kanpo bidaiaririk hartzea. Gainera kapitaina irlako kostaren inguruan ibiliko zen, hango mendiei begiratuz gozatu nahi zutelako.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996