Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMABOSGARREN KAPITULUA

 

        Biharamunean, goizeko seiak aldera prefetaren morroi batek Orsoren atea jo zuen. Colombak hartu zuen. Prefeta abiatzeko prest zela eta Orsoren zain zegoela esan zion. Colombak inolako zalantza-izpirik egin gabe anaia eskaileretan erori eta orkatila bihurritu zuela erantzun zion. Oinez egiterik ez zuela eta prefetari barkamena eskatzen ziola, baina etxera etortzen bazen oso pozik hartuko zuela jakinaraztea eskatu zion. Orso, abisu hura bidali eta laster, jaitsi eta arrebari prefetak mezuren bat ez ote zuen bidali galdetu zion.

        —Zu hemen zain egon zaitezela eskatu dit —esan zuen andereñoak batere ikaratu gabe.

        Barricinitarren inolako mugimendurik sumatu gabe ordu-erdia igaro zen, eta bitartean Orsok Colombari ia ezer aurkitu zuen galdetu zion. Prefetaren aurrean argituko ziola jakinarazi zion. Bare zegoela zirudien, baina jarrerak eta begiek barruko asalduraren berri ematen zuten.

        Azkenean Barricinitarren etxeko atea ireki egin zen. Lehenbizi prefeta atera zen, bidaiarako jantzian, eta ondoren joan zitzaion alkatea bere semeekin. Pietranerako biztanleak egunsentiaz gero zelatan zeuden departamentuko agintari nagusia abiatzen ikustearren, baina hiru Barricinitarrek lagunduta plaza zuzen zeharkatu eta Della Rebbiatarren etxera sartzen ikusi zituztenean, zur eta lur geratu ziren.

        —Bakeak egitera doaz! —esan zuten herriko politikariek.

        —Esaten nuen nik! —erantsi zuen herriko zahar batek— Orso Antonio kontinentean denbora gehiegi egon da gauzak gizon bihozkoiaren antzera egiteko.

        —Hala ere —kontra egin zion Della Rebbiatar batek—, kontuan izan Barricinitarrak joan direla beragana. Mesede eske doaz.

        —Prefetak nahastu ditu denak —erantzun zion zaharrak—. Gaur egun inork ez du adorerik, eta sasikumeak bailiran, gazteei aitaren odola bost axola zaie.

        Prefeta harrituta geratu zen Orso zutik eta oinez lasai egiten zuela ikusita. Colombak bere gezurraren berri eman eta barkamena eskatu zion.

        —Beste edozein etxetan egon bazina, jaun prefeta, nire anaia han izango zen zuri konplimenduak egitera joanda.

        Orso bere burua zuritzen saiatu zen, asko mintzen zuen amarru barregarri hartan parterik ez zuela izan adieraziz. Prefetak eta Barricinitarrek itxuraz ontzat hartu zituzten argibide haiek, nahastuta zegoela eta arrebari errieta egiten ziola ikusita, baina alkatearen semeak ez ziren gustura geratu.

        —Hori guri iseka egitea da —esan zuen entzuteko moduan Orlanducciok.

        —Nire arrebak horrelakorik egingo balit —esan zuen Vincentellok—, laster kenduko nioke berriz egiteko gogoa.

        Hitz haiek eta esateko era ez zitzaizkion Orsori gustatu eta bere borondate ona apur bat moteldu egin zuten. Batere adeitasunik erakusten ez zuten begiradak zuzendu zituen Barricini gazteengana.

        Hala ere, sukalde ondoko atean zegoen Colomba izan ezik denak eseri zirenean, prefeta hizketan hasi zen, eta lurralde hartako aurreiritziei buruz gauza arrunt batzuk esan ondoren, etsaitasun gehienak gaizki ulertzearen ondorio zirela gogorazi zien. Gero alkateari Della Rebbia jaunak aitarik gabe utzi zuen gertaera tristean Barricini familiak, ez zeharka eta ez zuzenean, parte hartu zuenik ez zuela uste jakinarazi zion; bi familien arteko auziari buruz zalantza batzuk izan zituela; zalantzak Della Rebbia jauna denbora luzez kanpoan egon zelako eta jasotako albisteak bereziak zirelako izan zituela; azkenaldiko aitorpenak medio gauzak hobeto zekizkiela; gauzak argitutzat ematen zituela eta Barricini jaunarekin zein bere semeekin lagun gisako harremanak izan nahi zituela.

        Orso behartu itxuraz makurtu egin zen; Barricini jaunak inork entzun ez zituen hitz batzuk murmuratu zituen eta semeek sabaiko habeetara bihurtu zituzten begiak. Bere mintzaldiari jarraipena emanez, prefeta Orsori Barriciniri adierazitakoaren ordaina esatera zihoanean Colomba serio jarri zen bi alderdien erdian, soinekopetik paper batzuk atera zituelarik.

        —Asko poztuko nintzateke gure bi familien arteko gerra amaituko balitz —esan zuen—, baina adiskidetzea zintzoa izan dadin gauzak argitu eta ezer ez da utzi behar ilunpetan. Jaun prefeta, susmagarria zitzaidan, eta arrazoiz izan ere, hain fama txarreko Tomaso Bianchiren aitorpena. Aipatu dizut agian alkatearen semeek gizon hori Bastiako gartzelan ikusia zutela.

        —Hori gezurra da —eten zuen Orlanducciok—. Nik ez dut ikusi.

        Colombak mespretxuz begiratu zion eta itxuraz patxadatsu bere mintzaldiari honela eman zion jarraipena:

        —Zuk aditzera eman duzunez, gaizkile beldurgarri baten izenean Barricini jaunari mehatxu eginda Tomasok bere anaia Théodorek errota mantentzea nahi zuen, gure aitak oso errenta txikian ematen ziolako, ezta?...

        —Horixe, hain zuzen —onartu zion prefetak.

        —Dirudienez Bianchi bezalako miserablea tartean dela, dena argitzen da —esan zuen Orsok, bere arrebaren lasaitasuna ulertu ezinik.

        —Faltsifikatutako gutunak uztailaren 11ko data du —jarraitu zen Colomba, begiak distiratsu zituela—. Tomaso orduan bere anaiarekin errotan zegoen.

        —Bai —baietsi zuen prefetak urduri samar.

        —Beraz, zer interes izan zezakeen Tomaso Bianchik? —adierazi zuen Colombak garaile-itxuraz— Errentamendu-kontratua ordurako amaitua zen eta nire aitak uztailaren 1ean bidalia zuen errotatik. Hona hemen nire aitaren erregistroa, errentamendu amaierako kontua eta Ajaccioko negozio-gizon baten errotari berriaren proposamena.

        Hizketan ari zen bitartean, Colombak prefetari eskuan zituen paperak eman zizkion.

        Une hartan denak harrituta geratu ziren eta alkatea zurbildu egin zen. Orso, bekozkoaz, aurreratu egin zen prefetak arretaz irakurtzen zituen paperen berri izatearren.

        —Hau guri iseka egitea da! —oihu egin zuen berriz Orlanducciok, haserre jaikita—. Goazen hemendik, aita! Ez genuen hona etorri behar!

        Barricini jaunak unetxo bat aski izan zuen bere onera etortzeko. Paperak aztertu nahi izan zituen eta prefetak hitzik ere egin gabe utzi zizkion. Orduan betaurreko berdeak kopetara igota, abokatua arreta handirik gabe irakurtzen hasi zen, Colombak adarzabala kumeen zulora hurbiltzen denean panterak bezala begiratu ziolarik.

        —Baina —jakinarazi zuen Barricinik betaurrekoak jaitsi eta paperak itzultzen zituen bitartean— koronel zena bihotz onekoa zela jakinik... Tomasoren ustetan... zera pentsatuko zuen... alegia, koronelak errota kentzeko erabakia alde batera utziko zuela... Beraz, errotan segitu zuen. Beraz...

        —Nik mantendu nuen han —parte hartu zuen Colombak mespretxuz begiratuta—. Nire aita hila zen, eta nire egoeran familiako bezeroak bideratu egin behar nituen.

        —Hala ere —kontra egin zion prefetak—, Tomaso delako horrek gutuna berak idatzi duela aitortzen du... hori garbi dago.

        —Niretzat garbi dagoena —eten zuen Orsok— zera da: arazo honetan zikinkeria asko dagoela ezkutuan.

        —Oraindik jaun horien baieztapen bati kontra egin behar diot —esan zuen Colombak.

        Sukaldeko atea ireki zuen eta berehala gelara Brandolaccio eta Teologian lizentziatua sartu ziren Brusco txakurrarekin. Bi bidelapurrak itxuraz ez zeuden armaturik. Karrutxera gerrian zuten, baina ezinbesteko osagarri den pistola ez. Gelara sartu zirenean, errespetuz kapelua kendu egin zuten.

        Asmatzekoa da haiek han bat-batean azaldu zirenean sortu zuten giroa. Alkatea atzera erortzeko zorian egon zen eta semeak ausardiaz tartean jarri ziren aita defendatzearren, sastakaiaren bila eskua patrikara eraman zutenarekin batera. Prefeta atera joaten hasi zen eta Orsok Brandolacciori lepotik helduta honela esan zion oihuka:

        —Zertara zatoz hona, miserable hori?

        —Hau segada da! —deiadar egin zuen alkateak atea ireki nahian. Baina Saveriak kanpotik giltzari bi buelta emanda itxia zeukan, gero jakin zenez bidelapurren aginduz.

        —Ez izan beldur, jaunak! —esan zien Brandolacciok—. Aurpegi beltza badut ere, ez naiz uste bezain beldurgarria. Asmo txarrik ez dugu... Zure zerbitzari, jaun prefeta. Ez estutu horrenbeste, nire tenientea, ito egiten nauzu eta. Hona lekuko gisa etorri gara. Mintza zaitez zu, apaiza, nik baino erraztasun handiagoa duzu eta.

        —Jaun prefeta —hasi zen lizentziatua—. Zuk ni ez nauzu ezagutzen. Ez dut ohore hori. Giocanto Castriconi da nire izena eta Apaiza ezizenez deitzen naute... A! Hasi zara konturatzen... Hemen dagoen andereñoak Tomaso Blanchi delakoari buruz zuri argibide batzuk ematea eskatu dit, harekin batera duela hiru aste Bastiako kartzelan atxilotuta egon nintzelako. Honako hau esan behar dizut...

        —Ez nekatu —eten zion prefetak—. Zu bezalako gizonengandik ez daukat ezer entzutekorik... Della Rebbia jauna. Konplot zikin honetan zuk parterik ez duzula uste dut. Baina zure etxean zeuk agintzen al duzu? Ireki dezatela ate hori! Zure arrebak bidelapur horiekin dituen tratuak medio agian kontuak argitu beharko ditu.

        —Jaun prefeta! —oihu egin zion Colombak—. Gizon honek esango duena entzun ezazu mesedez. Zu hemen denontzat justizia banatzeko zaude eta egia aurkitu behar duzu. Mintza zaitez, Giocanto Castriconi...

        —Ez jaramonik egin! —deiadar egin zuten batera hiru Barricinitarrek.

        —Denek batera hitz egiten badute ulertzeko modurik ez dugu izango —esan zuen bidelapurrak irribarrez—. Kartzelan kide nuela nioen. Bai. Delako Tomaso kidea nuen, baina laguna ez. Tomasok maiz izaten zuen Orlanduccio jaunaren bisita...

        —Gezurra! —oihu egin zuten aldi berean bi anaiek.

        —Bi ukazio baieztapen baten pareko dira —aditzera eman zuen Castriconik hotzhotzean—. Tomasok dirua zuen. Onetik jan eta edaten zuen. Niri, egia diotsuet, beti gustatu zait jan-edana, eta alproja harekin ibiltzea batere atsegin ez nuen arren, batzuetan harekin afaltzera joatea onartu nuen. Ordainetan, nirekin batera ihes egitea proposatu nion... Garai batean harremanak izandako... neskatxa batek... horretarako bidea eskaini zidan. Ez dut inor arriskutan jarri nahi. Tomasok nire eskaintzeari uko egin zion. Hura lasai zegoela eta Barricini abokatuak epaile guztiei hitz egin zielako handik salaketa guztietatik, patrika bete diru, garbi aterako zela esan zidan. Nik berriz, haizea hartzera irtetea komeni zitzaidala pentsatu nuen. Dixi.

        —Gizon honek esandako guztia gezur-piloa besterik ez da —berretsi zuen Orlanducciok gogor—. Landetan bakoitza bere fusilarekin bageunde ez luke, ez, horrela hitz egingo.

        —Hori, nire ustetan, tontakeria egitea da! —deiadar egin zuen Brandolacciok—. Ez zaitez Apaizarekin haserretu, Orlanduccio.

        —Behingoz utziko al didazu irteten, Della Rebbia jauna? —galdetu zuen prefetak hankaren orpoaz zolua urduri joz.

        —Saveria! Saveria! —oihu egin zuen Orsok— Ireki atea, arraio demonioa!

        —Itxaron une batez —parte hartu zuen Brandolacciok—. Lehenbizi guk geure bidetik joan behar dugu. Ohitura denez, guztion lagun direnen etxean elkarrizketa izan ondoren ordu-erdiko tregoa errespetatu behar da.

        Prefetak mespretxuz begiratu zion.

        —Zuen zerbitzura —esan zion Brandolacciok patxadaz. Gero txakurrari besoa zabalduta agindua eman zion—: Tira Brusco. Jauzi egin prefetarentzat!

        Zakurrak jauzi egin zuen, bidelapurrek presaka sukaldean beren armak hartu zituzten, eta txistu-hots zorrotza entzun zenean, gelako atea miragarriro ireki egin zen.

        —Barricini jauna —jakinarazi zion Orsok haserre biziz—. Gezurtitzat zauzkat. Gaur bertan bidaliko diot fiskalari zure kontrako demanda faltsifikazioa eta Bianchiren konplize izatea salatuz. Agian salaketa larriagoa ere egin beharko dugu oraindik.

        —Eta nik, Delta Rebbia jauna —kontra egin zion alkateak—, segadagatik eta bidelapurren konplize izateagatik zure aurka ipiniko dut demanda. Bitartean prefetak zure berri emango die jendarmeei.

        —Prefetak bere eginkizuna beteko du —esan zuen zorrotz agintariak—. Pietraneran ordenua mantendu eta justizia egin dadin saiatuko da. Denei ari natzaizue, jaunak.

        Alkatea eta Vincentello gelatik kanpo ziren eta Orlanduccio atzeraka ibiliz ondoren zihoakienean, Orsok ahopeka honakoa esan zion:

        —Zure aita, agure hori, muturreko batez zanpatu egingo nuke. Beraz, zuri eta zure anaiari emango dizkizuet masailekoak.

        Erantzun gisa, Orlanducciok bere sastakaia atera zuen eta haserre biziz joan zen Orsorengana, baina arma erabili baino lehen, Colombak besotik heldu eta gogor bihurritu zion, bitartean Orsok ukabilaz aurpegian jota atzera ate-ertzaren kontra bota zuelarik. Sastakaiak ihes egin zuen Orlanduccioren eskutik, baina Vincentello gelara zetorren berea eskuan zuelarik. Colombak ordea, fusila eskuan hartu eta borrokarako aukera berdinak ez zituztela erakutsi zion. Aldi berean, prefeta borrokalarien artera etorri zen.

        —Laster arte, Ors' Anton'! —deiadar egin zuen Orlanducciok, eta gelako ateari gogor tiratuta, giltzaz itxi zuen erretiratzeko denbora izan zezan.

        Orso eta prefeta ordu-laurdenez egon ziren, bakoitza gelako mutur batean, elkarri hitzik ere egin gabe. Colombak, garailearen harrokeria kopetan nabarmentzen zitzaiolarik, hala batari nola besteari begiratzen zien auzia erabaki zuen fusilean apoiaturik.

        —Hau da Herria, hau! Hau da lurraldea! —oihu egin zuen azkenean prefetak bat-batean jaikiz—. Della Rebbia jauna. Ez duzu zentzuz jokatu. Hitz eman behar didazu indarkeriarik ez duzula erabiliko eta zorigaiztoko arazo honetan justiziak erabaki arte itxaron egingo duzula.

        —Egia da, jaun prefeta: doilor hori ez nuen jo behar, baina azken finean jo egin dut eta eskatu didan ordaina ezin ukatuko diot.

        —Bai zera! Horrek ez du zurekin borrokarik nahi. Baina hiltzen bazaitu... egia esan, zuk horretarako bide eman diozula esan daiteke...

        —Kontuz ibiliko gara —esan zion Colombak.

        —Orlanducciok gizon ausarta dirudi, eta zuk baino iritzi hobea dut, jaun prefeta, mutil horretaz. Sastakaia agudo atera du, baina nik ere agian berdin jokatuko nukeen eta poz hartzen dut nire arrebak andereño finaren ukabilak ez dituelako.

        —Ez duzu duelurik egingo! —deiadar egin zuen prefetak— Debekatu egiten dizut!

        —Barkatu esatea, jaun prefeta, baina ohore-kontuetan nire kontzientzia beste agintaririk ez dut.

        —Ez duzu duelurik egingo!

        —Zure aginduz atxilotuta eraman nazakete... uzten badut, noski. Baina hori gertatuko balitz, ezinbesteko arazo honen irtenbidea atzeratzea besterik ez zenuke egingo. Zu ohoreko gizona zara, jaun prefeta, eta badakizu ezin dela bestela bideratu.

        —Nire anaia atxilotzea aginduko bazenu —erantsi zuen Colombak-, herriaren erdia alde aterako litzateke eta tiroketa-saio ederra ikusiko genuke.

        —Jakinaren gainean jartzen zaitut, jaun prefeta —esan zion Orsok—, eta nire hitzak ez hartu harrokeriatzat, arren, baina Barricinik bere alkate-kargua ni atxilotzeko erabiltzen badu, nik neure burua defendatu egingo dut.

        —Barricinik bere kargua gaur bertan utziko du... —esan zuen prefetak—. Bere burua zurituko duela espero dut... Begira, Della Rebbia jauna. Zutaz interesa dut eta oso gauza gutxi eskatzen dizut: zeure etxean lasai egon zaitez ni Gortetik itzuli arte. Hiru egun besterik ez ditut kanpoan egingo. Fiskalarekin etorriko naiz eta orduan arazo triste hau erabat argituko dugu. Ordura arte borrokarik egin gabe itxarongo duzula hitz ematen al didazu?

        —Ezin dizut ezer agindu, jauna, baldin eta Orlanducciok duelurako erronka botatzen badit.

        —Nola liteke, Della Rebbia jauna? Zu militar frantsesa izanik, gezurti hutsa izan daitekeen gizonarekin duelua egingo zenuke?

        —Jo egin dut.

        —Eta kartzelako presoa jo eta hark ordaina eskatuko balizu, harekin duelua izango al zenuke? Tira, gizona! Are gutxiago eskatzen dizut. Ez ibili Orlanduccioren bila. Hark desafio egiten badizu duelurako baimena emango dizut.

        —Desafio egingo dit, ez dut zalantzarik. Gauza bat aginduko dizut. Duelura behartzeko Orlanduccio ez dut berriz joko.

        —Hau da jendea, hau! —errepikatzen zuen prefetak urrats luzeak emanez harat-honat ibiliz—. Noiz itzuliko ote naiz Frantziara?

        —Jaun prefeta —parte hartu zuen Colombak ahalik eta ahots gozoenaz—. Berandutzen ari da eta gurekin bazkalduko al zenuke?

        Prefetak barreari ezin zion eutsi.

        —Denbora gehiegi egon naiz hemen... batzuen alde nagoela pentsa dezakete... Eta harri madarikatu hori!... Joan egin behar dut... Della Rebbia andereñoa... agian gaur hamaika zorigaizto prestatua izango zara!

        —Gutxienez, jaun prefeta, nire arrebak iritzi sakonak dituela onartuko duzu, eta zuk zeuk ere, orain oinarri sendoan asentaturik daudela pentsatuko duzu.

        —Agur, Della Rebbia jauna —eman zuen despedida keinu bat eginez—. Jendarmeen brigadari zure joan-etorriak zaintzeko agindua emango diot.

        Prefeta joan zenean, Colombak anaiari honela hitz egin zion:

        —Orso. Hau ez da kontinentea. Orlanducciok zure ohore-duelu horietaz deus ere ez daki, eta gainera, doilor horrek ez du merezi ausartak bezala hiltzerik.

        —Colomba. Benetan emakume ausarta zara. Sastakai-kolpe ederretik libratu nauzulako zorretan nauzu. Ekar ezazu zure esku txiki hori. Muin eman nahi diot. Baina utzi niri neure gauzak egiten. Gauza batzuk zuk ez dituzu ulertzen. Atera bazkaria, eta prefeta herritik abiatu bezain azkar deitu Chilina txikiari, mezuak oso ongi eramaten ditu eta. Gutun bat eraman dezan behar dut.

        Colombak bazkari-prestaketak zaindu zituen bitartean, Orsok bere gelara igo eta honako eskutitza idatzi zuen:

 

        «Nirekin egoteko irrikatan izango zara. Ni ere halaxe nago. Bihar goizeko seietan Acquaviva ibarrean elkarrekin egon gaitezke. Ni pistola erabiltzen trebea naiz eta horregatik ez dizut arma hori proposatzen. Zuk fusila maneiatzen omen duzu ongi. Bakoitzak har dezagun bi tiroko fusil bana. Ni herri honetako gizon batekin joango naiz. Zure anaiak zurekin joan nahi badu, beste lekuko bat ere eraman eta niri jakinarazi. Horrela izatera eramango ditut nik ere bi lekuko. Bestela ez.»

Orso Antonio Della Rebbia

 

        Prefeta Corte aldera abiatu zen ondoan jendarme bakarra zuelarik, ordubetez alkateordearekin egon eta Barricinitarren etxean minutu batzuk igaro ondoren. Ordulaurdena barru, Chilinak oraintxe irakurritako gutuna hartu eta Orlanducciori berari eman zion.

        Erantzuna ez zen berehala etorri; ilunabarrean baizik. Barricini aitak sinatua zen eta Orsori haren semeari egindako mehatxuak fiskalari bidaliko zizkiola jakinarazten zion. «Nire kontzientziaren babesaz —zioen bukaeran—, kalumnia hauei buruz justiziak erabakia hartuko duela espero dut.»

        Bitartean, Colombak dei egindako bospasei artzain Della Rebbiatarren dorrea zaintzera etorri ziren. Orsok protesta egin arren, plazarako leihoetan archèreak ipini zituzten eta gau guztian herriko zenbait pertsona bere zerbitzuak eskaintzera etorri zen. Bidelapur teologoaren gutuna ere heldu zen, alkateak jendarmeei laguntza eskatzen bazien haiek ere parte hartzeko prest zeudela jakinaraziz. Gutunak ondoko post scriptuma zuen: «Jaun prefetak nire lagunak Brusco txakurrari emandako heziketa bikainaz zer pentsatzen duen galdetzen utziko al didazu? Chilina izan ezik, ikasle zintzoagorik eta gogotsuagorik ez dut ezagutzen.»

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996