Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

 

        Agur egiteak beti du kutsu solemne samarra; baita egun gutxirako aldendu behar bada ere. Orso bere arrebarekin goizean goiz joatekoa zen eta bezperan gauean Miss Lydia despeditu zuen. Izan ere, bera zela eta alfer-ohiturak aldatuko zituenik ez zuen espero. Agurra hotza eta zeremoniatsua izan zen. Itsasertzean izandako elkarrizketaz gero, Miss Lydia beldur zen Orson arreta handiegia erakutsi ez ote zion. Orso berriz, minduta zegoen isekengatik eta, batez ere, txantxa-giroagatik. Une batez gazte ingelesari adeitasun-sentimendua sumatu zion, baina haren isekez nahastuta, neskarentzat laster ahaztuko zuen ezaguna besterik ez zela pentsatu zuen. Horregatik erabat harritu zen goizean koronelarekin kafea hartzen ari zela Miss Lydia, Colomba ondoren zuela, sartzen ikusi zuenean. Bostetan jaiki zen, eta hori ingelesarentzat (batez ere Miss Nevilentzat) ahalegin handia izaki, lausengu gisa hartu zuen Orsok.

        —Sentitzen dut hain goiz zu ibili izana —esan zion Orsok—. Nik besterik gomendatu badiot ere, arrebak esnatuko zintuen eta gutaz gaizki esaka arituko zara. Hala, dagoeneko urkatuta ikusi nahi al nauzu?

        —Ez —murmuratu zuen Miss Lydiak italieraz, aitak uler ez zezan, noski—. Baina atzo nire amarru gabeko txantxek haserrarazi egin zintuzten eta ez nuen nire oroitzapen txarrik eraman zenezan nahi. Zuek korsikarrak ikaragarriak zarete. Agur bada, eta laster arte.

        Gazteak eskua luzatu zion. Orsoren hasperena izan zen erantzun bakarra. Orduan Colomba inguratu, leihoraino eraman eta mezzaroaren azpian ezkutuan zuen zerbait erakutsiz ahopeka hitz egin zion une batez.

        —Nire arrebak —esan zuen orduan Orsok— opari berezi bat egin nahi dizu, andereño, baina guk, korsikarrok, eskaintzeko gauza handirik ez dugu... denborak ezabatzen ez duen gure adeitasuna izan ezik... Arrebak dioenez, sastakai hau gustatu zaizu. Familiako oroigarria da. Agian aspaldiko kabu batek erabiliko zuen bere gerrian eta hari esker ezagutu zaitut. Colombarentzat preziatua da eta baimena eskatu dit zuri emateko. Nik ordea, ez daukat garbi onetsi behar diodan ala ez, zuk iseka egingo diguzun beldur.

        —Sastakaia oso polita da —erantzun zuen Miss Lydiak—, baina familiako arma da. Ezin dut onartu.

        —Ez da nire aitaren sastakaia —erantsi zuen berehala Colombak—. Teodoro erregeak amaren arbaso bati eman zion. Andereñoak onartzen badu, gu pozik geratuko gara.

        —Begira, Miss Lydia —esan zion Orsok—. Ez ezazu errege baten sastakaia arbuiatu.

        Bildumazalearentzat Teodoro erregearen erlikiek errege ahaltsuenarenek baino askoz ere balio handiagoa dute. Tentazioa handia zen, eta Miss Lydia pentsatzen ari zen bere Saint Jame's Place-ko egoitzan lakazko mahai gainean arma hark zer-nolako itxura izango zuen.

        —Baina —erantsi zuen sastakaia onartu nahi zuenaren zalantza eta Colombarenganako irribarre adeitsua erakutsiz—, Colomba maitea... ezin dut..., ez naiz ausartzen zu desarmaturik joaten uztera.

        —Anaia nirekin da —esan zion harro Colombak— eta zure aitak emandako fusil ederra ere hortxe dugu. Bala kargatu al diozu, Orso?

        Miss Nevilek sastakaia hartu zuen eta Colombak ordainetan bost zentimo eskatu zituen arma zorrotz edo puntadunak lagunen bati emanda izaten den arriskutik libratzeko.

        Azkenean, abiatzeko ordua heldu zen. Orsok beste behin Miss Nevilen eskua estutu zuen. Colombak besarkada eman zion eta gero bere arrosa-koloreko ezpainak korsikarren kortesiaz txundituta zegoen koronelari aurkeztu zizkion. Egongelako leihotik, Miss Lydiak anai-arrebak zaldi gainera igotzen ikusi zituen. Colombaren begiek ordura arte ez bezalako poz maltzurrez zegiten diz-diz. Emakume lirain eta sendo hark, bere ohoreari buruz ikuspegi basatiaz setatsu, kopeta altxaturik eta irri gaiztoaz ezpainak uzkurturik anaia armatuta zeraman zorigaiztoko ibilaldira. Nevil andereñoari Orsoren kezkak gogorazi zizkion eta jeinu gaiztoak galbidera zeramala iruditu zitzaion. Orsok zaldi gainean zegoela burua altxatu eta ikusi egin zuen. Zertaz pentsatzen ari zen igarri ziolako edo azken agurra bidali nahian, kordoi batetik zintzilik zuen eraztun egiptoarra hartu eta ezpainetara hurbildu zuen. Miss Lydia leihotik urrundu egin zen lotsaturik, baina berriz ere bat-batean leihora inguratuz, bi korsikarrak beren zaldi txikietan mendi aldera arrapaladan zihoazela ikusi zuen. Ordu-erdia geroago, eta bere kataloxari esker, koronelak berriz ere erakutsi zizkion, behean, golkoaren ertzean, eta Orsok hiri aldera burua sarri jiratzen zuela konturatu zen Miss Nevil. Azkenean, gaur egun mintegi bihurturiko paduran ezkutatu ziren.

        Ispiluan begiratuta, bere burua zurbil ikusi zuen.

        «Zer pentsatzen ote du gazte horrek nitaz? —galdetu zuen bere kolkorako—. Eta ni, zergatik ari naiz horretaz pentsatzen? Gainera, zergatik pentsatu behar dut? Bidaiako adiskide bat!... Zertara etorri naiz Korsikara? ... O! Nik ez dut maite... Ez, ez. Gainera, ezinezkoa da ... Eta Colomba... Ni vocetatrice baten koinata! Sastakai ikaragarria daramanarena!» Orduan konturatu zen Teodoro erregearena eskuan zuela, eta apain-mahaiaren gainera bota zuen. «Colomba Londresen Almack's-en dantzan!... Ene Jaungoikoa! A zer nolako liona! Arrakasta izango luke agian... Eta berak maite nau, seguru nago. Nobelako heroia da eta bere mentura-karrera nik eten dut... Baina, bere aita korsikarren erara mendekatzeko gogorik benetan ba al du? Konrado baten eta dandy baten arteko zerbait da... Nik dandy huts bihurtu dut. Jostun korsikarrak jantzitako dandy bihurtu ere!»

        Ohean etzan eta lo hartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Nik ez dut haren bakarrizketa errepikatuko, nahiz eta bertan ehun aldiz baino gehiagotan Della Rebbia jauna beretzat ez zela ezer izan, ez zela ezer eta ez zela inoiz ezer izango aitortu.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996