Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMASEIGARREN KAPITULUA

 

        Biharamunean ez zen borrokarik izan. Bi alderdiak zain zeuden. Orso ez zen etxetik atera eta Barricinitarren atea itxita ikusi zuten egun guztian. Pietraneran zeuden bost jendarmeak, plazan edo mendi-guardarekin batera (herri-miliziaren ordezkari bakarrarekin batera) inguruan ibili ziren. Alkateordeak bere banda ez zuen erantzi, baina etsai ziren bi etxeen leihoetako archère delakoak izan ezik, borrokarako arrastorik ez zen sumatzen. Korsikar zenak baino ez zukeen igarriko plazako haritz berdearen azpian emakumeak baizik ez zeudela.

        Afalorduan, Colombak bere anaiari oso pozik erakutsi zion Miss Nevilengandik jaso berria zuen gutuna:

 

        «Colomba andereño maitea: zure anaiaren eskutitzaren bidez jakin berria dut adiskidetu zaretela. Nire zorionik beroenak. Gerraz eta ehizaz hitz egiteko zure anaia hemen ez dagoenez gero, nire aitak ezin du Ajaccioko giroa jasan. Gaur abiatuko gara eta gaua zure senidearen etxean igaroko dugu. Eskutitza dugu berarentzat. Etzi hamaikak aldera zuk diozunez hirikoaren aldean askoz hobea den mendiko bruccio famatu hori eskatuko dizut.

        Agur, Colomba andereño maitea.

        Zure lagun.»

Lydia Nevil

 

        —Ez ote du nire bigarren gutuna hartu? —adierazi zuen Orsok.

        —Haren eskutitzaren data ikusita garbi dago zure gutuna Ajacciora heldu baino lehen Lydia andereñoa abiatua zela. Ez zedila etorri esaten al zenion?

        —Gerra-giroan geundela esaten nion. Gonbidatuak hartzeko ez zait iruditzen egoera egokia denik.

        —Tira! Ingeles horiek bereziak dira. Haren gelan lo egin nuen azken gauean, benetako vendetta ikusi gabe Korsikatik joaten bazen sentituko zuela esan zidan. Zuk nahiko bazenu, gure etsaien etxeari egindako erasoa eskain geniezaioke.

        —Gauza bat ba al dakizu? —erantzun zion Orsok— Zu emakume jaio zinelako naturak huts egin zuen. Militar bikaina izango zinatekeen.

        —Baliteke, baina oraingoz nire bruccioa egitera noa.

        —Alferrik da. Norbait bidali behar da, abiatu baino lehen abisua eman eta bidaia atzera dezaten.

        —A, bai? Dagoen eguraldiarekin mezularia bidali nahi duzu, zure gutun eta guzti errekaren batek eraman dezan... Ekaitza denean, a zer nolako pena ematen didaten bidelapurrek! Eskerrak piloni onak dauzkaten. Ba al dakizu, Orso, onena zer litzatekeen? Ba, ekaitza baretzen badu bihar goizean goiz zu lagun horiek abiatu baino lehen gure senidearen etxera joatea. Miss Lydia beti berandu jaikitzen denez gero, harrapatuko dituzu. Hemen gertatuaren berri emango diozu, eta hala eta guztiz etorri nahi badute, pozik hartuko ditugu.

        Orsok zalantzarik egin gabe onartu zuen proposamena, eta isilune baten ondoren Colomba honela mintzatu zen:

        —Agian nik Barricinitarrei eraso egiteko nioenean txantxetan ari nintzela pentsatuko zenuen. Baina ba al dakizu bitik baterako aldea ateratzen diegula? Prefetak alkatea kargutik kendu duenez gero inguruko gizon guztiak gure alde daude. Txiki-txiki egingo genituzke. Erraza litzateke metxari su ematea. Zuk nahiko bazenu, ni iturrira joango nintzateke eta haien emakumeei iseka egingo nieke. Haiek irten egingo lirateke... Agian... hain koldarrak direnez gero, beren archèreetatik nire kontra tiro egingo lukete. Huts egingo lukete, jakina. Orduan kontua garbi legoke. Erasotzen hasitakoak haiek lirateke. Garaituentzat kalte: tiroketan zein da kolpe ona eman duena bereizteko gauza? Egin jaramon zure arrebari, Orso. Etorriko diren soineko beltzekoek paper ugari zikinduko dute eta alferrikako hitz asko esango dute, baina hortik aurrera ez da ezer garbirik aterako. Azeri zaharrak eguerdian izarrak ikus ditzaten moduren bat izango du. A! Prefeta Vincentelloren aurrean jarri izan ez balitz, bat gutxiago zegokeen.

        Hori guztia Colombak lehentxeago bruccioa prestatu behar zuela zioenean bezain lasai esan zuen.

        Erabat txundituta, Orsok bere arrebari beldurrez kutsatutako mirespenez begiratzen zion.

        —Nire Colomba maitea —jakinarazi zion Orsok mahaitik altxatuta—. Deabru berbera ote zaren beldur naiz, baina zaude lasai. Barricinitarrak urka ditzaten lortzen ez badut, nola edo hala horienak neuk egingo ditut. Palla calda u farru freddu. Konturatuko zinenez, korsikera ez zait ahaztu.

        —Zenbat eta lehenago hobe —esan zuen Colombak hasperen eginez—. Zein zaldi erabiliko duzu bihar, Ors' Anton'?

        —Beltza. Zergatik galdetu didazu?

        —Garagarra eman diezaiotela esateko.

        Orso logelara erretiratu zenean, Colombak Saveria eta artzainei ohera zitezela agindu zien. Bera sukaldean bakarrik geratu zen, bruccioa egiten. Noizbehinka belarriak zorrozten zituen eta bazirudien anaia oheratu zain zegoela. Loak hartu zuela iruditu zitzaionean, ganibeta hartu, zorrotz zegoela egiaztatu, bere hankatxoak zapata handi batzuetan sartu eta isil-isilik lorategira joan zen.

        Jardinak hormak zituen inguruan eta lur handi samar baten ondoan zegoen, han palaxazko itxiturak zeudelarik. Zaldiak edukitzen zituzten han, zeren Korsikako zaldiak ukuilura ez direla sartzen edozeinek baitaki. Normalean mendian uzten dira, jatekoa eta hotzaren zein euriaren kontrako babesa beren kasa topatuko dutelakoan.

        Colombak arreta handiz lorategiko atea ireki eta itxiturara sartu zen. Txistua kontuz jota zaldiak beregana etorri zitzaizkion, ogia eta gatza eman ohi zizkielako. Beltza eskueran eduki zuenean, kimatik ongi heldu eta ganibetaz belarrian ebakia egin zion. Zaldiak berebiziko jauzia egin zuen eta horrelako abereei min biziak inoiz aterarazten dien irrintzia eginda ihes egin zuen. Colomba lorategira pozik itzultzen ari zela, Orsok leihoa ireki eta oihu egin zuen: «Nor dabil hor?». Aldi berean fusila kargatu zuela igarri zion Colombak. Zorionez lorategiko atea ilunpetan zegoen eta pikondo hostotsu batek neurri batean ezkutatu egiten zuen. Berehala, eta anaiaren gelan ikusi zituen noizbehinkako distiren arabera, Colomba anaia kriseilua piztu nahian ari zela konturatu zen. Orduan lorategiko atea bizkor itxi zuen eta hormen kontra joanda bere traje beltza parrako hostaila ilunean disimulatuz, Orso etorri baino lehen sukaldera itzultzea lortu zuen.

        —Zer gertatzen da? —galdetu zion anaiari.

        —Norbaitek lorategiko atea ireki egin duela iruditu zait —esan zion Orsok.

        —Ezin liteke. Txakurrak zaunka egingo zukeen. Baina ikus dezagun.

        Orso lorategian bila ibili zen, eta kanpoko atea ongi itxia zegoela egiaztatu ondoren, gezurrezko larrialdi hura zela eta lotsatu samarturik gelarako bidea hartu zuen.

        —Poz hartzen dut —esan zion Colombak— zure egoerari dagokion zuhurtziaz jabetzen ari zarelako.

        —Zu ari zara ni hezten —erantzun zion Orsok—. Gabon pasa!

        Biharamunean, Orso egunsentian jaiki zen bideari ekiteko asmoz. Bere jantziek gustu eman nahi dion anderearengana doan gizonaren dotoretasuna eta vendetta-giroan bizi den korsikarraren zuhurtzia adierazten zuten. Gorputzera ongi taxututako lebita urdinaren gainean, alboan zetazko kordoi berdeaz zintzilik kartutxoz betetako latorrizko kaxa zeraman. Sastakaia alboko patrikan zeraman eta balaz kargatutako Manton-go fusil ederra zuen eskuetan. Colombak ateratako kafea hartzen zuen bitartean, artzain bat zaldiari zela eta bridak ipintzera joan zen. Orso eta arreba ondoren joan zitzaizkion itxiturara. Artzainak zaldiari heldu zion, baina zela eta bridak oinetan zeuzkan eta izututa zegoen. Zaldiak berriz, bezperako zauria zuen gogoan, eta beste belarrian ere beste horrenbeste egingo ziotelakoan, haserre bizian asaldatuta zebilen ostikoka eta irrintzika.

        —A! Ors' Anton'! Ors' Anton'! Amabirjinaren odola!...

        Artzainak madarikazio ugari bota zuen. Erretolika luzea eta gehiena adierazi ezin daitekeena zen.

        —Zer gertatu da? —galdetu zuen Colombak.

        Denak zaldiarengana hurbildu eta belarrian ebakia zuela eta odolduta zegoela ikusita, harritu eta haserretu egin ziren. Argitu beharra dago korsikarrentzat etsaiaren zaldia zauritzeak mendekua, desafioa eta hiltzeko abisua adierazi nahi duela. «Fusilaren tiroz baino ezin daiteke gaiztakeria hau garbitu». Kontinentean denbora luzez bizitako Orsori irain hark besteei baino gutxiago erasan zion arren, une hartan aurrean Barricinitarren bat izan balu agian etsaiak egindakotzat zeukan irain hura berehala ordainaraziko ziokeen.

        —Koldar alaenak! —deiadar egin zuen—. Niri aurre egiten ausartu ez eta abereari kalte egin behar!

        —Zeren zain gaude? —oihu egin zuen sutsu Colombak—. Gure zaldiak zauritu eta gu xaxatzera etorri eta ez al diegu erantzungo? Gizon al zarete?

        —Mendekua! —erantzun zuten artzainek—. Zaldia herrian erakutsi eta gero etxeari eraso egingo diogu.

        —Dorreari atxikita lastozko sabaia duen oilategia dago —esan zuen Polo Griffo zaharrak—. Nik berehala emango diotsu.

        Beste batek elizako kanpandorreko eskailerak ekartzea proposatu zuen. Beste batek berriz, plazan obra baterako zegoen habe handia ariete gisa hartuta Barricinitarren etxeko ateak txikitzea... Haserretutako ahots haien artean Colombarena entzuten zen, lanean hasi baino lehen berak basokada eder bana anis emango ziela aginduz.

        Zoritxarrez, edo hobeto esan zorionez, Colombak animaliari egindako ankerkeriaz lortu nahi zuen eragina Orsorengana oso moteldua iritsi zen. Orsok zalantzarik gabe zauri basati hura etsaiek egina zela uste zuen eta Orlanduccio jotzen zuen batez ere susmagarritzat. Baina ez zuen uste berak zirikatu eta jotako mutil hark iraina zaldiari ebakia eginda ordaindutzat emango zuenik. Aitzitik, mendeku barregarri eta doilor hark etsaienganako destaina areagotu egin zuen, eta prefetak zioenarekin bat eginez, jendaila hark duelua egiterik ez zuela merezi pentsatu zuen. Orsok hitz egiteko aukera izan bezain azkar, bere jarraitzaileei borrokarako ahalegin haiek utzi egin behar zituztela aditzera eman zien. Entzuleak harriturik zeuden, baina laster etorriko zen justiziak zaldiaren belarriagatik mendeku hartuko zuela esan zien.

        —Hemen nik agintzen dut —adierazi zien serio— eta obeditu egingo duzue. Berriz ere hil edo su ematea inork aipatzen badu, baliteke nik neuk eskarmentua ematea. Kontuz gero! Zaldi grisari zela jar diezaiotela!

        —Baina, Orso! —esan zion Colombak jaikiz—. Gu iraintzen utziko al diezu? Aita bizi zela Barricinitarrak ez ziratekeen gure abererik zauritzera ausartuko.

        —Damutuko dira, bai, baina zaldiaren kontra baizik ausartzen ez diren doilorrak zigortzea jendarme eta kartzelarien kontua da. Esan dut justiziak mendeku hartuko duela... bestela... noren semea naizen ez didazu gogorazi beharko...

        —Pazientzia izango dugu —murmuratu zuen Colombak.

        —Eta gogoan izan, arreba hori —erantsi zuen Orsok—, itzultzen naizenean Barricinitarren kontra ezer egin dela ikusten badut ez dizudala inoiz ere barkatuko! —Eta ahots gozoagoaz honakoa esan zion:— Baliteke koronelarekin eta bere alabarekin etortzea. Gelak prestatuta eduki eta bazkaria ona izan dadila. Gure gonbidatuak giro txarretik ahalik eta gutxiena izan dezatela. Ausarta izatea ongi dago, Colomba, baina horrez gain emakumeak etxea gobernatzen jakin behar du. Tira! Eman musu eta ongi porta zaitez. Zaldiari dagoenekoz zela jarria diote.

        —Ez zara bakarrik joango, Orso.

        —Ez dut inoren beharrik, eta belarrian ebakia egiten ez diet, ez, utziko.

        —O! Gerra-giroan zu bakarrik joaten ez dizut utziko. Polo Griffo! Gian' Francè'! Memmo! Hartu zuen fusilak. Anaiari laguntzera joango zarete.

        Nahikoa eztabaida beroa izan ondoren, Orsok amore eman behar izan zuen eta jarraitzaileekin abiatu zen. Borrokan hasteko gogo handiena erakutsi zuten artzainak aukeratu zituen laguntzailetzat, eta Colombar zein geratu behar zuten artzainei aholkuak eman ondoren, Barricinitarren etxea saihestuz inguruko bidea hartuta abiatu egin zen.

        Pietraneratik urrun zeuden eta bizkor antzean zihoazen zaldiz. Urtegira zihoan erreka bat zeharkatzean, Polo Griffok zerri batzuk ikusi zituen lokatzetan iraulka aldi berean eguzkiaz eta uraren freskuraz gozatzen ari zirelarik. Lodienari apuntatuz, Polok tiro eginda buruan bala sartu eta seko utzi zuen hantxe bertan. Hildakoaren lagunek oso bizkor altxatu zituzten polainak, eta beste artzain batek tiro egin bazuen ere, zerriak onik heldu ziren txaradira eta han ezkutatu ziren.

        —Ergel alaenak! —deiadar egin zuen Orsok— Zerriak basurdetzat hartu dituzue.

        —Ezta pentsatu ere, Ors' Anton' —kontra egin zion Polo Griffok—, baina talde hori abokatuarena da eta gure zaldiak zauritzen ikas dezan hil dut.

        —Nola liteke, pikaro alaenak? —deiadar egin zuen Orsok haserre biziz— Zuen etsaien antzeko doilorkeriak egin behar al dituzue? Utikan, miserable halakoak! Ez dut zuen beharrik. Zerriekin borroka egiteko besterik ez duzue balio. Nire atzetik etortzen bazarete, burua hautsiko dizuet. Zin dagit!

        Bi artzainek txundituta begiratu zioten elkarri. Orsok zaldia ezproiez ziztatu eta arrapaladan ezkutatu zen.

        Hau da, hau! —esan zuen Polo Griffok— Adeitasuna ordaintzeko era polita horixe! Bere aitak, koronelak, errieta eman zizun behin fusilaz abokatua apuntatu zenuelako... Ergela izan zinen tiro egin ez zeniolako!... Semea berriz... ikusi duzu nik beragatik zer egin dudan... Eta ardoak ihes egiten dion zahagia bezala burua hautsiko didala esan dit. Horrelako gauzak ikasten dituzte kontinentean, Memmo!

        —Egia da. Eta zerria zuk hil duzula jakiten badute auzitara eramango zaituzte eta Ors' Anton'ek epaileen edo abokatua ordaintzearen konturik aditu ere ez du egin nahiko. Zorionez inork ez zaitu ikusi eta hortxe dago Santa Nega zu estutasunetik ateratzeko.

        Apur bat eztabaidatzen aritu ondoren, artzainek onena zerria amildegian behera botatzea zela erabaki zuten, eta horixe egin zuten, Della Rebbia eta Barricinitarren arteko gorrotoaren biktima errugabeari bakoitzak zati batzuk ebaki ondoren.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996