Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMABIGARREN KAPITULUA

 

        Orsori, berandu etorri zelako, Colomba kezkatu samarra zegoela iruditu zitzaion, baina anaia ikusi zuenean ohiko baretasun tristea itzuli zitzaion aurpegira. Afarian garrantzirik gabeko gauzez hitz egin zuten, eta Orso, bere arreba patxadatsu ikusita, bidelapurrekin izandako elkarrizketaren berri ematera ausartu zen. Txantxetan aritu zen Chilina txikiak bere osaba eta kide agurgarri zen Castriconi jaunarengandik moral eta erlijio aldetik jasotzen zuen heziketaz.

        —Brandolaccio gizon zintzoa da —baieztatu zuen Colombak—. Castriconi berriz, ez omen da jatorra.

        —Nire ustetan Brandolacciok adina balio du, eta Brandolacciok hark adina —eman zuen iritzia Orsok—. Bai bata eta bai bestea, gerran ari dira gizartearekin. Lehenbiziko delituak egunero beste batzuk egitera behartzen ditu. Hala ere, agian maquisetara joan ez diren beste asko bezain errudun ez dira izango.

        Alaitasun-izpi batek distira egin zuen arrebaren aurpegian.

        —Bai —erantsi zuen Orsok—. Gizajo horiek ohorea beren neurrirakoa dute. Aurreiritzi ankerrak eraman ditu bizimodu horretara, baina zikoizkeria ziztrinak ez.

        Une batez isilik egon ziren.

        —Agian jakingo duzu, anaia horrek —esan zion Colombak kafea zerbitzatzean—, bart Charles-Baptiste Pietri hil dela. Bai. Paludismoz hil da.

        —Eta nor zen delako Pietri hori?

        —Hemengo gizon bat, Madeleineren senarra; gure aita hiltzear zegoela kartera jaso zuenaren senarra, alegia. Alarguna hil-beilara joan eta zerbait kanta dezadan eskatzera etorri zait. Zu etortzea ere komeni da. Gure auzokoak dira eta hain herri txikian horrenbeste egin beharra dugu.

        —Utikan zure hil-beila, Colomba! Nire arreba jendaurrean horrela ikusterik ez dut nahi.

        —Bakoitzak bere hildakoak bere erara ondratzen ditu, Orso —erantzun zion Colombak—. Ballata gure arbasoengandik jaso dugu eta ohitura zahar gisa errespetatu egin behar dugu. Madeleinek ez du dohain hori eta Fiordispina zaharra, inguruko voceratrice onena, gaixo dago. Norbaitek han egon behar du ballatarako.

        —Zer uste duzu? Zerraldo aurrean inork bertso kaxkar batzuk kantatzen ez badizkio Charles-Baptistek beste munduan bere bidea ez duela aurkituko? Nahi baduzu zoaz hil-beilara, Colomba, eta ni ere joango naiz zurekin hala baderitzozu, baina bat-batean ez aritu. Zure adinekoentzat ez da egokia, eta... arren eskatzen dizut.

        —Agindu egin diot. Hemen badakizu ohitura dela, eta, berriz diotsut, hemen bat-batean kantatzeko beste inor ez dutela.

        —Horixe ohitura ergela!

        —Nik asko sufritzen dut horrela kantatzen dudanean. Gure ezbehar guztiak bururatzen zaizkit. Bihar gaixo egongo naiz, baina egin beharra dago. Utz iezadazu. Ajaccion gure ohitura zaharrei iseka egiten dien andereño ingeles hori dibertitzearren eskatu egin zenidan kanta nezan. Eta hemen, zergatik ez diot eskertuko didan jende xume honi kantatuko? Beren nahigabea arindu egingo diet.

        —Tira. Egin ezazu nahi duzuna. Apustu egingo nuke zure ballata osatua duzula eta galtzerik ez duzula nahi.

        —Ez, anaia, hori ez. Nik aurrez prestatzerik ez nuke izango. Ni hildakoaren aurrean jarri eta geratu direnak ditut gogoan. Begietara malkoak etortzen zaizkit eta orduan bururatzen zaidana kantatzen dut.

        Hori guztia hain apal esan zuenez gero, ezinezkoa zen hitz haietan Colomba signorinaren poesi gaitasunik sumatzea. Orsok azkenean amore eman zuen eta arrebarekin Pietritarren etxera joan zen. Hilotza mahai gainean zetzan, aurpegia agerian zuela, etxeko gela handienean. Ateak eta leihoak irekita zeuden eta mahaiaren inguruan piztutako kandela batzuek argi zegiten. Zerraldoaren buruan alarguna zegoen, eta atzean, emakume askok gelaren alderdi bat betetzen zuten. Beste alderdian gizonezkoak zutik zeuden, buru hutsik, begiak gorpuan finko eta oso isilik. Bisitari bakoitzak sartu orduko hildakoari musu ematen zion. Alarguna eta semea burua makurtuta agurtu eta inguruan geratzen ziren hitzik ere egin gabe. Hala ere, noizbehinka baten batek isilunea hautsi egiten zuen hildakoari hitz eginez. «Zergatik utzi duzu zure emazte zintzoa? —zioen emakume batek— Ez al zintuen ongi zaintzen? Ezer falta al zenuen? Zergatik ez duzu beste hilabete itxaron, errainak iloba ekarri arte?»

        Mutiko sendo batek, Pietriren semeak, aitaren esku hotza estututa honela zioen: «O! Zergatik ez zara malemort-ez hil? Mendeku hartuko genukeen!»

        Haiek izan ziren Orsok sartuta entzun zituen lehen hitzak. Ingurukoak leku egin zioten ikusi zutenean eta zurrumurru batek eman zuen bertakoen jakin-minaren berri. Zurrumurrua areagotu egin zen voceratricea ere han zelako. Colombak alargunari musu eman zion, esku bat hartu eta begiak behera bihurtu zituen. Gero, bere mezzaroa atzera bota, hildakoari finko begiratu, hilotz aldera makurtu, eta ia hura bezain zurbil kantatzen hasi zen:

 

                «Charles-Baptiste! Kristok zure arima gorde dezala!

                Bizitzea sufritzea da. Zu bazoaz

                eguzkirik eta hotzik gabeko lekura.

                Ez duzu inauskairik behar;

                ezta aitzur handia ere.

                Lanak amaitan dira zuretzat.

                Hemendik aurrera egun guztiak igande dira zuretzat.

                Charles-Baptiste! Kristok zure arima gorde dezala!

                Zure serieak gobernatzen du etxea.

                Haritza erortzen ikusi dut,

                Libeccio-ak ihartuta.

                Hilda zegoela uste nuen.

                Handik igaro naiz, eta sustraiak

                kimua botata zeukan.

                Kimua haritz bihurtu da,

                eta itzal handia egiten du.

                Adar sendo horien gerizan, Maddelé, hartan atsedena

                eta pentsa ezazu jadanik ez den haritzean.»

 

        Orduan Madeleine negar-zotinka hasi zen, eta bizpahiru gizon ere, pertsonari eperrari bezalaxe tiro egingo lioketen arren, begietatik zerizkien malko lodiak xukatzen hasi ziren.

        Colombak bere bertsoak osatzen segitu zuen denboraldi batez, bai hildakoa eta bai familia aipatuz. Batzuetan, ballatan nahikoa arrunta den prosopopeiaz, lagunak kontsolatzeko edo aholkuak emateko hildakoari hitz eginarazten zion. Colombak bertsoak osatu ahala, aurpegian itxura bikaina erakusten zuen. Azala arrosa-koloreko, garden, bihurtu zitzaion eta hortzen distira zein begi-nini handituen sua gehiago nabarmentzen zitzaizkion. Bere trepeta aurrean zegoen pitonisa zirudien. Hasperen eta itotako zotin batzuk izan ezik, inguruan bildurik zeudenei zurrumurrurik txikiena ere ez zitzaien entzuten. Poesia basati hark gutxiago eragiten bazion ere, Orso laster hunkitu zen gainerakoak bezala. Gelako bazter ilunera erretiratuta, Pietriren semeak bezalaxe negar egin zuen.

        Jendea bat-batean zerbait mugitu egin zen, eta pertsona batzuk pasa ziren. Erakutsitako errespetuagatik eta leku egiteko arretagatik, garbi zegoen pertsona garrantzitsuak zirela eta beren bisitaz etxe hura ohoratu egiten zutela. Hala ere, ballatarekiko errespetuagatik inork ez zien hitz egin. Lehenbizi sartu zenak berrogei bat urte zituela ematen zuen. Lebita beltza, rosetta-dun banda gorria, agintari-jitea eta erakusten zuen konfiantza-aurpegia ikusita, berehala igartzen zen prefeta zela. Makurtutako zahar bat, aurpegi ilunekoa, betaurreko berdeen pean ezkutatu ezin zuen begirada lotsati eta urdurikoa, zuen alboan. Lebita beltza zeraman; zabalegia, zuela urte batzuk josi ziotelako, baina artean berria. Beti prefetaren ondoan zebilen eta haren gerizpean babes bila zebilela ematen zuen. Haren atzetik, azkenean, bi gizon gazte sartu ziren; luzeak eta eguzkiak belztutakoak, aurpegiaren erdia patila zabalen azpian zutelarik. Begirada bizia eta harroaz gain, jakin-min lotsagabea nabarmentzen zitzaien. Orsok bere herriko pertsonen aurpegiak ahazturik zituen, baina betaurreko berdeak zituen agurea ikusi orduko antzinako oroitzapenak etorri zitzaizkion burura. Prefetaren atzetik sartzen ikusita berehala ezagutu zuen. Barricini abokatua zen; Pietranerako alkatea. Bere bi semeekin batera zetorren prefetari ballata erakustera. Orsoren ariman orduan zer gertatu zen definitzea zail samarra litzateke, baina bere aitaren etsaia han egoteak halako ikara bat eragin zion eta hainbestetan borrokatutako susmoek erasoko ote zioten inoiz baino beldur handiagoa zuen.

        Colombari zegokionez berriz, gorroto bizia zion gizona ikusi orduko aurpegian jite gaiztoa agertu zitzaion. Zurbildu, ahotsa zakartu eta hasitako bertsoa ezpainetan ito zitzaion... Baina berehala bere ballatara itzuliz, lehen baino gartsuago segitu zuen:

 

                «Gabiraia habia hutsean

                kexu denean,

                zozoek inguruan egiten dute hegan

                haren samintasuna irainduz. »

 

        Une hartan, irribarrea entzun zen. Bi gazte etorri berriak ziren, inola ere metafora ausartegia iruditu zitzaielako.

 

                «Gabiraia iratzarriko da, hegoak zabalduko ditu,

                eta mokoa odoletan garbituko du!

                Eta zuri, Charles-Baptiste, zure lagunek

                azken agurra egin diezazutela.

                Nahikoa malko isuri dute.

                Zurtz gajoak bakarrik ez du negar egingo.

                Zergatik egin behar du?

                Egun askoren ondoren lo hartu duzu

                zure familiaren baitan,

                eta prest zaude Ahalguztidunaren

                aurrera joateko.

                Umezurtzak negar dagi bere aitagatik;

                hiltzaile koldarrek harrapatutako aitagatik,

                atzetik erasotako aitagatik.

                Aitagatik egiten du negar, bere odola

                adar berdeen pean gorri dagoelarik.

                Baina berak haren odola bildu egin du,

                odol noble eta errugabe hori;

                Pietraneran zabaldu du,

                pozoi hilgarri bihur dadin.

                Eta Pietranerak orban hori izango du

                odol errudunak

                odol errugabearen arrastoa kentzen duen arte. »

 

        Hitz haiek esan zituenean, Colombak bere burua aulki batera erortzen utzi zuen. Mezzaroa buruan ipini eta negarra entzun zitzaion. Emakumeak negar-malkotan bertsolariaren ingurura etorri ziren. Gizon batzuek bekozkoa jarri zioten alkateari eta bere semeei. Zahar batzuk zurrumurruka hasi ziren hara etorrita eskandalua sortu zutelako. Hildakoaren semea laster joan zen alkateari lehenbailehen joan zedila esatera, baina alkateak aurrea hartu zion. Ate aldera zihoan eta jadanik bi semeak kanpoan zeuden. Ia berehala hurbildu zitzaien prefeta, Pietri gazteari doluminak eman ondoren. Orso berriz, arrebarengana joan zen. Besotik heldu eta gelatik atera zuen.

        —Lagun iezaiezue —esan zien Pietri gazteak adiskide batzuei—. Zaindu ezer gerta ez dakien.

        Bizpahiru gaztek beren labanak jakako ezkerreko mahukan ipini eta anai-arrebak beren etxe atariraino eraman zituzten.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996