Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

BIGARREN KAPITULUA

 

        Abiatzeko egunean, goizean dena enbalatu eta ontziratu zuten. Goletak arratsaldeko brisarekin batera itsasoratu behar zuen. Koronela eta bere alaba Canebière-n denbora-pasa zebiltzala, patroia inguratu zitzaien, bere senide bat (hau da, bere seme nagusiaren aitabitxiaren lehengusu txiki bat) ontziratzeko baimen eske. Bere jaioterrira, Korsikara, itzuli beharrean zen presazko arazo batzuk medio, eta ontzirik topatu ezinik zebilen.

        —Oso mutil jatorra da —esan zien Matei kapitainak—, militarra, Guardiako infanteriako ofiziala eta Bestea oraindik enperadore balitz honez gero koronel izango zatekeena.

        —Militarra baldin bada... —esan zion koronelak. «Datorrela gurekin» eranstera zihoan, baina Miss Lydiak hartu zuen hitza ingelesez:

        —Infanteriako ofiziala!... —bere aitak zalditerian zerbitzatu zuenez gero, beste edozein armari destaina egiten zion—. Agian giza legerik gabekoa izango da, mareatu egingo da eta bidaia guztia hondatuko digu!

        Patroiak ingelesez tutik ere ez zekien, baina aho polit apetatsu haren jitea ikusita Miss Lydiak zioena ulertu egin zuela zirudien. Ondorioz, bere senidearen alde laudorioka hasi zen, oso gizon zintzoa zela, etxe onekoa zela (Caporaux edo kabuen etxekoa) eta koronelari inolako enbarazurik egingo ez ziona. Izan ere, patroiak berak ipiniko zuen bazter batean, han zenik ia igarri ere egingo ez zelarik.

        Koronelari eta Miss Nevili harritzekoa iruditu zitzaien Korsikan aita-semeak kabuak zireneko familiak egotea, baina infanteriako kabua zela sinetsita zeudenez gero, patroiak mesede eginda eraman nahi zuen gizajoren bat zela pentsatu zuten. Ofizial izan balitz, hitz egitera eta harekin egotera behartuta egongo ziratekeen, baina kabu izanik, ezeren obligaziorik ez zuten: batere garrantzirik gabeko pertsona da, baionetak fusiletan itsatsita norberak nahi ez duen lekura eramateko bere eskoadrarekin ez dagoenean.

        —Zure senide hori mareatzen al da? —galdetu zuen lehor Miss Nevilek.

        —Inoiz ere ez, andereño. Bai itsasoan eta bai lehorrean, bihotza harria baino tinkoagoa du.

        —Tira. Eraman dezakezu —esan zion neskak.

        —Eraman dezakezu —errepikatu zuen koronelak, eta beren paseoari jarraitu zitzaizkien.

        Arratsaldeko bostak aldera, Matei kapitaina bila joan zitzaien, goletara igo zitezen. Portuan, kapitainaren iolaren ondoan, leporaino lotutako lebita urdinez jantzitako gizon gazte lerden batekin topo egin zuten. Aurpegi beltzarana zuen, begi beltzak, biziak, hondoratuak, eta itxura argi zein bizkorra. Soldadu-jarrera hark eta bibote motz kizkurrak militarra zela adierazten zuten. Izan ere, artean bibotea ez zen asko erabiltzen eta Guardia Nazionalak familia guztietara ez zituen hedatu soldadutzako taxu eta ohiturak.

        Gazteak kapela kendu zuen koronela ikusi zuenean, eta lotsarik gabe, kortesia guztiaz eskertu zion egiten zion mesedea.

        —Pozik gaude, gazte, baliagarri izan gatzaizkizulako —erantzun zion koronelak burua adeitsu makurtuz.

        Eta iolara sartu zen.

        —Harro samarra da zure ingeles hori —murmuratu zion gazteak italieraz patroiari.

        Kapitainak bere behatz erakuslea ezkerreko begira eraman eta ezpain-xokoak jaitsi zituen. Keinuek zer esan nahi duten dakienarentzat, horrek ingelesak italiera bazekiela eta pertsona bitxia zela adierazten du. Gazteak irribarre egin zion, eta Mateiren keinuari erantzunez, bekokia ukitu zuen, ingeles guztiak burutik jo samartuta zeudela aditzera emanez. Gero patroiaren ondoan eseri eta arretaz, baina lotsagabekeriarik gabe, bere bidailagun lirainari so geratu zen.

        —Soldadu frantses hauek ederrak dira —esan zion koronelak alabari ingelesez—. Horregatik erraz bihur daitezke ofizial.

        Gero gazteari frantsesez honakoa galdetu zion:

        —Esadazu, mutil, zein errejimendutan zerbitzatu duzu?

        Gazteak ukalondoaz bere lehengusu txikiaren seme-pontekoaren aita jo zuen, eta irribarre maltzurrari eutsiz Guardiako infanteriako ehiztarietan zerbitzatu zuela eta orduan 7. arinetik zetorrela adierazi zion.

        —Waterloo-n egon al zinen? Oso gaztea dirudizu.

        —Barka, nire koronela, baina nire kanpaina bakarra izan da.

        —Bik adina balio du —erantzun zion koronelak.

        Gazteak ezpainei hozka egin zien.

        —Aita —hitza hartu zuen Miss Lydiak ingelesez—: galde iezaiozu korsikarrek beren Napoleon oso maitea duten ala ez.

        Koronela galdera frantsesera itzuli baino lehen, gazteak doinu nabarmenaz baina nahikoa ingeles onean honakoa ihardetsi zion:

        —Badakizu, andereño, nork bere herrian arrakasta izatea ezinezkoa dela. Guk, Napoleonen herrikideok, agian frantsesek baino gutxiago maiteko dugu. Nik ordea, eta garai batean nire familia harenaren etsai izanagatik, adeitasuna eta miresmena dut Napoleonenganako.

        —Ingelesez badakizu! —adierazi zuen koronelak.

        —Erdipurdi, konturatuko zinenez.

        Lasai samar hitz egiten zuelako apur bat gogaitzen bazuen ere, Miss Lydiari barrea irten zitzaion kabu soila eta enperadorea etsai nola izan zitezkeen pentsatuta. Aurrez Korsikako berezitasunez gozatzen ari zela zirudien eta nolanahi ere pasarte hura bere egunkarian idatziko zuela agindu zion bere buruari.

        —Ingalaterran preso egon al zara? —galde egin zion koronelak.

        —Ez, nire koronela. Ingelesa oso gazte nintzela Frantzian ikasi nuen. Zure nazioko preso batek irakatsi zidan.

        Eta gero Miss Nevili honakoa esan zion:

        —Mateik jakinarazi didanez, zuek Italiatik itzuli zarete. Zu inola ere toscanera garbiaz mintzatuko zara eta gure dialektoa zail samarra gertatuko zaizula uste dut.

        —Nire alabak italieraren dialekto guztiak ulertzen ditu —bota zuen koronelak—. Nik ez bezala, honek hizkuntzetarako erraztasun handia du.

        —Ulertzen al duzu, andereño, gure abesti korsikar batek dioena? Artzain batek beste artzaintsa bati kantatua da:

 

                S'entrassi 'ndru Paradisu santu, santu,

                E nun truviassi a tia, mi n'esciria.

 

        Miss Lydiak ulertu egin zuen, eta esaldia zein harekin batera bota zion begirada ausart samarra iruditu zitzaiolarik, gorrituta erantzun zion:

        —Capisco.

        —Eta zure jaioterrira lizentziaturik itzultzen al zara? —galdetu zion koronelak.

        —Ez, nire koronela. Soldata-erdiaz utzi naute, agian Waterloon izan nintzelako eta Napoleonen herrikidea naizelako. Kantuak dioen bezalaxe, etxera itxaropen eta dirurik gabe noa.

        Koronelak esku bat patrikara sartu zuen, eta behatz artean urrezko txanpon bati birak emanez, etsai gizajoaren eskuetan gizalegez uzteko esaldi baten bila aritu zen.

        —Ba, ni ere soldata-erdiz utzi nautela esan daiteke —bota zuen umoretsu—. Baina zuk... zure soldatarekin tabakoa erosteko lain ere ez duzu izango. Har ezazu hau, kabu hori...

        Eta gazteari ontziaren karelean zeukan ukabilean urrezko txanpona sartzen saiatu zen.

        Anpolaia baino gorriago, korsikar gaztea tentetu eta ezpainei hozka eginez zakarki erantzutera zihoan, baina bat-batean jitea aldatu eta barrez hasi zen. Koronela txundituta zegoen, txanpona eskuan zuela.

        —Koronel hori —erantzun zion gazteak berriz ere serio jarrita—, bi aholku emango dizkizut: batetik, korsikarrari ez inoiz dirurik eskaini, eta bestetik, jendeari eskatzen ez duen titulurik ez eman. Zuk kabu deitu nauzu, eta ni tenientea naiz. Diferentzia ez da handiegia, baina...

        —Tenientea! —oihu egin zuen Sir Thomasek—. Tenientea! Baina patroiak zu kabua zarela esan dit, zure aita eta familiako gainerako gizon guztiak bezalaxe.

        Hitz haiek entzunda, bizkarrari atzera eraginez barrez hasi zen gogotsu. Patroia eta bere bi marinelak ere algaraz hasi ziren.

        —Barkatu, koronela —esan zion azkenean gazteak—, baina quid pro quo hori bikaina izan da. Nire familia harro dago arbaso asko kabu izan direlako, baina Korsikako kabuek ez dute inoiz galoirik eraman. 1100 urte inguruan jauntxo menditarren tiraniaren kontra komuna batzuk altxatu egin ziren eta aukeratu zituzten buruzagiei kabu deitu zieten. Gure irlan ohore handia da tribuno antzeko haien ondorengo izatea.

        —Behin eta berriz bihotzez eskatzen dizut barkamena —esan zion koronelak—. Zergatik huts egin dudan badakizunez gero, barkatuko didazula espero dut.

        Eta eskua luzatu zion.

        —Nire harrokeriak merezi zuen zigorra izan da, koronela —erantzun zion gazteak artean barrez ari zela eskua emanez—. Ez zaitut gorroto, ez. Eta Matei lagunak hain gaizki aurkeztu nauenez, nik aurkeztuko dut neure burua: Orso della Rebbia naiz, soldata-erdiko tenientea. Eta bi zakur eder horiek ikusita zu Korsikara ehizara zoazela pentsatzen dudanez, gure maqui eta mendiak erakusteko ohorea izatea espero dut... oraindik ahaztu ez bazaizkit behintzat —erantsi zuen hasperen eginez.

        Txalupa une hartan goletara heltzen ari zen. Tenienteak Miss Lydiari eskua eskaini eta gero koronelari zubira igotzen lagundu zion. Sir Thomas bere hanka-sartzeaz artean lotsatuta zegoen eta 1100 urteko arbasoak zituen gizon hari bere aldrebeskeria ahaztarazi nahian afaltzera gonbidatu zuen, alabaren onespenaren zain egon gabe eta berriz barkamena eskatuz eskua emanez. Miss Lydiak bekozkoa jarri zion, baina azken finean korsikar kabua zer zen jakiteari ongi irizten zion. Gonbidatuarenganako destainarik ez zuen, eta aristokrazi kutsua hartzen ere hasi zitzaion. Nobelako heroia izateko ordea, itxura argi eta alaiegia zuen.

        —Della Rebbia tenientea, —esan zion koronelak Madeirako baso ardoa eskuan hartuta ingelesen eran— Espainian zure herrikide asko ikusi dut. Tiratzaile gisa infanteria bikaina osatzen zuten.

        —Bai. Asko Espainian geratu ziren —gogorazi zion tenienteak serio.

        —Ez zait behin ere ahaztuko Gasteizko batailan korsikar batailoi batek izan zuen jokaera —erantsi zuen koronelak—. Gogoan izateko nahikoa motibo badut —esan zuen bularra igurtziz—. Egun osoa igaro zuten guri tiroka belardian hesien atzetik. Al dakit zenbat soldadu eta zaldi hil ziguten! Erretiratzea erabaki zutenean, bildu eta arin alde egin zuten. Lautadan guk ordaina eman nahi genien, baina pikaro haiek... barkatu, tenientea... Ausart haiek karratua osatu zuten eta ez zegoen haiek menperatzeko modurik. Karratuaren erdian, oraindik ere gogoan dut, ofizial bat zuten zaldi beltz txiki baten gainean. Arranoaren ondoan zegoen, kafetegian bezalaxe zigarroa errez. Batzuetan, guri iseka egiteko edo, beren musika-bandak zerbait jotzen zuen... Nire lehen bi eskoadroiak bota nizkien... Bah! Karratuaren muturra hautsi ordez nire dragoiak aurretik pasatu egin ziren, gero atzea eman, eta nahasian, zaldi bat baino gehiago zaldunik gabe zelarik... eta beti musika madarikatu hura! Batailoia inguratzen zuen hautsa joan zenean, berriz ere ofiziala ikusi nuen arrano ondoan bere zigarroa erretzen ari zela. Amorruaren amorruz, neu joan nintzen azken kargaren buru. Hainbeste erabilita hautsita zituzten fusilek ez zuten tiro egiten, baina sei ilara osatu zituzten eta zaldien muturretan baionetak zituztela hesia egina zeukaten. Nik nire dragoiak bultzatzen nituen eta zaldia ezproiez ziztatzen nuen aurrera egin zezan... Orduan, delako ofizialak zigarroa ahotik kendu eta eskua luzatuz ni erakutsiz bere gizon bati zerbait esan zion. Nik Al capello bianco! edo antzeko zerbait entzun nion. Nik, izan ere, buruko zuria neraman. Ez nuen besterik entzun, bala batek bularra zeharkatu zidalako. Batailoi bikaina zen, Della Rebbia jauna: 18. errejimendu arineko lehenengoa. Gero esan zidatenez, han denak korsikarrak ziren.

        —Bai —baieztatu zuen kontatzen ari zitzaionean begiak diz-diz eduki zituen Orsok—. Erretiratzen ari zirela erasoari eutsi eta arranoa gorde zuten, baina ausart haietako hirutik bi Gasteizko lautadan dautza.

        —Eta zuk ba al dakizu agintzen zien ofizial hura nor zen?

        —Nire aita zen. Orduan 18.eko maiorra zen, baina egun triste hartan izandako portaera zela eta koronel egin zuten.

        —Zure aita zen, beraz! Oso ausarta, alajaina! Berriz ikusi nahi nuke. Ezagutu egingo nuke. Bai, noski. Bizi al da?

        —Ez, nire koronela —erantzun zion gazteak zerbait zurbildurik.

        —Waterloon izan al zen?

        —Bai, koronela, baina zoritxarrez ez zen batailan erori... Korsikan hil zen... orain dela bi urte... Ene Jaungoikoa! Zein ederra den itsaso hau! Hamar urte bada Mediterraneoa ikusi ez dudala. Mediterraneoa Ozeanoa baino politagoa dela ez al zaizu iruditzen, andereño?

        —Urdinegia da... eta olatuei handitasuna falta zaie.

        —Edertasun basatia gustatzen al zaizu? Beraz, Korsika atsegin izango duzula uste dut.

        —Nire alabari —erantsi zuen koronelak— ohizkanpokoa den edozer gustatzen zaio. Horregatik ez du Italia ederretsi.

        —Italiatik —segitu zuen Orsok— Pisa besterik ez dut ezagutzen. Denboraldi bat egin nuen lizeoan, baina miresgarriak dira Hilerria, Katedrala, Dorre inklinatua... Hilerria batez ere. Gogoan al duzu Orcagna-ren Heriotza? Nire oroimenean hain garbi jaso nuenez, marrazteko gauza izango nintzatekeela uste dut.

        Miss Lydia beldur zen tenientea bere beroaldian luze arituko ote zen.

        —Oso polita da —erantzun zion aharrausika—. Barkatu aita, baina burukomin-apur bat dut eta nire ganbarotera noa.

        Bere aitari bekokian musu eman, Orsori maiestatez burua makurtu eta ezkutatu egin zen. Bi gizonak orduan, ehizaz eta gerraz mintzatzen hasi ziren.

        Waterloon aurrez aurre egon zirela eta agian elkarri bala-mordoxka bota ziotela jakin zuten. Hura guztia zela eta, elkarrekin gero eta hobeto ari ziren konpontzen. Napoleon, Wellington eta Blücher hurrenez hurren kritikatu eta gero ehiza, adarzabalak, basurdeak eta mufloiak aipatu zituzten. Azkenean, gaueko orduak aurrera joan eta Bordeleko azken botila ardoa edan zutenean, koronelak tenienteari bostekoa eman eta gabon esan zion, hain era bitxian hasitako harremanak jarraipena izango zuen itxaropenez. Bakoitza bere ohera joan zen.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996