Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMAHIRUGARREN KAPITULUA

 

        Izerdi patsetan eta akituta, Colomba ez zen hitzik ere esateko gauza. Burua Orsoren sorbaldan apoiatzen zuen eta esku bat anaiaren eskuen artean zeukan. Bere baitan neskaren emanaldia medio haserre samar zebilen, baina Orso kezkatuegia zegoen hari mokoka hasteko. Colombak itxuraz zuen nerbio-krisia amaitu zain isilik zegoen, baina une hartan atea jo zuten eta Saveria aztoratuta etorri zen oihuka:

        —Prefet jauna!

        Entzun zionean, Colomba bere ahuleziaz lotsatuta bezala tentetu eta zutik ipini zen, haren eskuaz nabarmen dardara egiten zuen aulkiaren bizkarrari helduz.

        Prefetak aitzakia batzuk aipatu zituen hasieran bisita ordu desegokian egiten zietelako. Colomba andereñoaz errukitu egin zen, zirrara handien arriskuez hitz egin zuen eta hileta-doluetako ohitura hura gaitzestekoa zela adierazi zien; voceratricearen talentuak entzuleentzat are eta samingarriago bihurtzen zituenean batez ere. Azken bertsoaren esanahiaz kexu agertu zen, eta gero, kutsua aldatuz, honela hitz egin zien:

        —Della Rebbia jauna. Zure lagun ingelesek goraintziak eman dizkidate zuentzat. Miss Nevilek zure arrebari agur egiteko eskatu dit, eta haren gutuna dut zuri emateko.

        —Miss Nevilen gutuna? —zioen Orsok harrituta.

        —Zoritxarrez hemen ez dut, baina minutu gutxi barru izango duzu. Koronela gaixo egon da. Gure sukar beldurgarriak ote zituen kezkaturik genbiltzan, baina zorionez sendatzen ari da. Laster ikusiko duzula iruditzen zait.

        —Miss Nevil estututa ibiliko zen.

        —Zorionez arriskua pasatu arte ez zuen egoeraren berri izan. Della Rebbia jauna. Miss Nevilek asko hitz egin dit zutaz eta zure arrebaz.

        Orso makurtu egin zen.

        —Oso estimatzen zaituzte biak. Arin samarra dela iruditu arren, graziaz betetako sen ona du.

        —Xarmangarria da —esan zion Orsok.

        —Hona, hain zuzen, hark eskatu didalako etorri naizela esan daiteke. Nik baino hobeto inork ez daki zorigaiztoko historia bat, eta ez nizuke gogorazi nahi. Oraindik ere Barricini Pietranerako alkatea denez eta ni departamentu honetako prefeta naizenez, oker ez banago zentzugabeko pertsona batzuek susmo batzuk jakinarazi dizkizute. Zuk arbuiatu egin dituzu, badakit, zure maila eta izaerari dagokion haserreaz.

        —Colomba —esan zion Orsok arrebari aulkian mugituz—. Oso nekaturik zaude. Zergatik ez zara oheratzen?

        Colombak buruaz ezezkoa eman zion. Ohiko patxada bereganatua zuen jadanik eta bere begi sutsuak prefetarengan finko zituen.

        —Barricini jaunak —erantsi zuen prefetak— biziki nahi du etsaitasun-egoera honi..., hau da, elkarrekiko duzuen segurtasunik ez horri... amaiera ematea. Nik berriz, pozik ikusiko nuke elkar estimatzen duten pertsonek bezala harekin harremanak izango bazenitu...

        —Prefet jauna —eten zion Orsok hunkitutako ahotsaz—. Nik inoiz ez diot Barricini abokatuari nire aita hiltzea salatu, baina harekin harremana izatea debekatzen didan gauza bat egin zuen. Bidelapur baten izenean mehatxuzko gutun bat egin zuen..., taktikoki bederen nire aitarena zela esanez. Seguru asko gutun hura izan zen, zeharka, aita hiltzeko arrazoia.

        Prefeta une batez pentsatzen egon zen.

        —Zure aitak, haserrearen haserrez Barricini jaunarekin auzitan zebilenean, hori sinestea ulertzekoa da. Baina zugan horrelako itsutasuna ez da onartzekoa. Pentsa ezazu eta Barricinik horrelako gutuna egiteko inolako asmorik ez zuela ikusiko duzu... Ez naiz haren izaeraz ari... Zuk ez duzu ezagutzen, haren kontrako susmoa duzulako... Baina ez, duzu usteko legeak ezagutzen dituen gizona...

        —Jaun hori —kontra egin zion Orsok aulkitik jaikiz—. Kontuan izan gutun hori Barricinik egina ez dela esateak nire aitak egina dela esan nahi duela. Haren ohorea, jauna, nirea da.

        —Della Rebbia koronelaren ohoreaz beste inor baino hobeto jabetua naiz... baina gutungilea zein den... orain badakigu.

        —Nor da? —galdetu zuen Colombak prefetarengana hurbilduz.

        —Miserable bat, krimen batzuk egindako gaizkile bat... zuek korsikarrek barkatzen ez dituzuen krimen horiek egindako bat... Tomaso Blanchi izeneko lapurra da. Orain Bastiako kartzelan dago eta zorigaiztoko gutuna egin zuela aitortu du.

        —Ez dut gizon hori ezagutzen —esan zion Orsok—. Zer lortu nahi zuen?

        —Hemen inguruko gizona da —argitu zion Colombak—; gure aspaldiko errotari baten anaia. Gizatxar gezurtia da. Ezin zaio ezer sinetsi.

        —Orain ikusiko duzue gai honetan zer-nolako interesa zuen —jarraitu zen prefeta—. Zure arrebak aipatutako errotariari, Théodore deitzen zela uste dut, koronelak errentan errota eman zion; jabetza Barricini jaunak zuen aitarekin auzitan zeukaneko errekak eragindakoa, hain zuzen. Koronela berez zen eskuzabala, eta ia irabazirik ez zuen errotatik ateratzen, baina Tomasok erreka Barricinirentzat geratzen bazen errenta handia ordaindu beharko ziola pentsatu zuen. Izan ere, badakizu Barricini jaunari dirua dezente gustatzen zaiola. Labur esanda, Tomasok bidelapurraren letra imitatu egin zuen, anaiari mesede egitearren. Hori da historia guztia. Badakizue Korsikan famili loturak oso sendoak direla eta batzuetan hilketaraino bultzatzen dutela... Gutun hau irakur ezazu mesedez. Fiskal nagusiak bidalia da eta nik esandakoa baieztatu besterik ez dizu egingo.

        Orsok Tomasoren aitorpena zehatz-mehatz zekarren gutunari gainbegirada eman zion, Colombak ere anaiaren bizkar gainetik aldi berean irakurri egin zuelarik.

        Bukatu zuenean, neskak honela hitz egin zuen:

        —Orlanduccio Barricini orain dela hilabete Bastiara joan zen, nire anaia itzultzekoa zela jakin zenean. Han Tomaso ikusi eta gezur hau erosiko zion.

        —Andereño —erantzun zion prefetak urduri—. Zuk dena susmo beldurgarriez esplikatzen duzu. Egia aurkitzeko bidea hori al da? Zu, Della Rebbia jauna, patxadako gizona zarenez, esadazu orain zer pentsatzen duzun. Zure arrebak bezala, zigor arinaren mehatxua besterik ez duen gizonak ezagutzen ez duen baten mesedetan faltsifikazio-delitua bere gain hartuko duela uste al duzu?

        Orsok fiskal nagusiaren gutuna berriz irakurri zuen, hitz bakoitza arreta handiz aztertuz. Izan ere, Barricini abokatua ikusi ondoren lehen baino mesfidatiago bihurtu baitzen. Azkenean, esplikazioa onartzekoa zela aitortu behar izan zuen, baina Colombak ozen egin zuen deiadar:

        —Tomaso Bianchi gizatxarra da! Ez dute kondenatuko edo kartzelatik ihes egingo du. Seguru nago.

        Prefetak bizkarrak astindu zituen.

        —Jauna —esan zion Orsori—. Nik dauzkadan informeak eman dizkizut. Banoa eta pentsa ezazu. Sen onak argi zaitzala eta... zure arrebaren susmoek baino indar handiagoa izan dezala.

        Colomba zuritu asmoz hitz batzuk esan ondoren, Orsok errudun bakartzat Tomaso zeukala jakinarazi zion.

        Prefeta jaiki egin zen joan nahian.

        —Hain berandu ez balitz —esan zion—, Miss Nevilen gutuna jasotzera nirekin etortzea eskatuko nizuke... Bide batez Barricini jaunari niri esandakoa jakinarazi eta dena bukatua legoke.

        —Inoiz ere ez da Orso Della Rebbia Barricinitarren etxera sartuko! —bota zuen adoretsu Colombak.

        —Dirudienez andereño hau familiako tintinajoa da —jakinarazi zuen prefetak txantxetan.

        —Jaun hori —erantzun zion Colombak ozen—. Oker zabiltza. Zuk ez duzu abokatua ezagutzen. Inor baino azkarragoa eta maltzurragoa da. Lotsaz beteko lukeen ezer ez eginarazi Orsori, arren.

        —Colomba! —oihu egin zuen Orsok— Grinak itsutu egiten zaitu.

        —Orso! Orso! Eman nizun kaxatxoagatik! Arren, entzun ezazu! Zure eta Barricinitarren artean odola dago... Ez zaitez horien etxera joan!

        —Colomba!

        —Ez, anaia, ez. Ez zaitez joan. Bestela nik etxe hau utzi egingo dut eta ez nauzu berriz ikusiko... Orso, errukitu zaitez nitaz.

        Eta belauniko ipini zen.

        —Sentitzen dut Della Rebbia andereñoak zentzuz jokatzen ez duelako —esan zuen prefetak—. Seguru nago zuk bide onera ekarriko duzula.

        Atea erdizka ireki eta geratu egin zen, Orso ondoren etorriko zitzaion esperantzan.

        —Orain ezin dut utzi —esan zion Orsok—. Bihar...

        —Goiz joango naiz —jakinarazi zion prefetak.

        —Gutxienez bihar arte itxaron ezazu —eskatu zion Colombak anaiari eskuak elkartuz—. Utz ezazu aitaren paperak errepasa ditzadan... Ezin didazu hori ukatu.

        —Tira. Gaur gauean ikusiko dituzu eta gorroto ero horrekin ez nauzula gogaituko espero dut... barkatu prefet jauna... Ni neu ere ez nabil oso ongi... Biharko uztea hobe izango da.

        —Gauak aholku onak ematen ditu —esan zien prefetak joatean— Bihar zure zalantza guztiak argituta izango dituzula espero dut.

        —Saveria! —hots egin zuen Colombak—. Hartu kriseilua eta joan zaitez prefet jaunarekin. Nire anaiarentzat gutun bat emango dizu.

        Saveriak bestek entzun ez zituen hitz batzuk ere esan zituen Colombak.

        —Asko nahigabetu nauzu, Colomba —esan zion Orsok prefeta joan zenean—. Beti begi-bistakoa ukatzen aritu behar al duzu?

        —Bihar arteko epea eman didazu —erantzun zion andereñoak—. Denbora gutxi da, baina konfiantza badut.

        Gero giltza-sorta hartu eta azkar igo zen bigarren pisuko gela batera. Han kaxoi batzuk azkar ireki eta ixten sumatu zen, eta garai batean Della Rebbia koronelak paper garrantzitsuak gordetzen zitueneko idazmahaia miatu zuen.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996