Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

 

        Bitartean Orso bere arrebarekin herrirako bidean zen. Zaldiak azkar zihoazelako hasieran elkarrekin mintzatzerik ez zuten izan, baina gero malda handietan gora pausoan joan behar izan zutenean, utzi berri zituzten lagunez hitz batzuk esan zizkioten elkarri. Colombak gogotsu aipatzen zituen Miss Nevilen edertasuna, ile horia eta portaera xarmangarria. Gero, koronela zirudien bezain aberats ote zen eta Lydia andereñoa alaba bakarra ote zuen galdetzen zion.

        —Andregai ona da, inola ere —zioen—. Aitak, dirudienez, begi onez ikusten zaituzte...

        Baina Orsok erantzuten ez eta, bere berriketari jarraipena eman zion:

        —Gure familia garai batean aberatsa zen. Oraindik ere, irlako ospetsuenetakoa da. Signori guzti horiek sasikumeak besterik ez dira. Kabuen familietan baino ez dago nobleziarik, eta ondotxo dakizu, Orso, irlako lehen kabuen ondorengoa zarela. Badakizu gure familia mendiez bestaldekoa dela eta gerra zibilek behartuta etorri garela alde honetara. Nik ez nuke zalantzarik egingo, Orso. Miss Nevilekin ezkontzea eskatuko nioke bere aitari... —Orsok bizkarra astindu zuen—. Dotearekin Falsetta-ko basoa eta gure lurrak baino beherago dauden mahastiak erosiko nituzke. Harlanduzko etxe ederra eraikiko nuke eta Sambucuccio-k Enrike bel Missere kondearen garaian hainbat mairu hildako dorre zaharrari beste pisu bat erantsiko nioke.

        —Erotu egin zaizu, Colomba —erantzun zion Orsok zaldia lauhazka zihoala.

        —Gizona zara, Ors' Anton', eta inola ere emakumeak baino hobeto dakizu zer egin behar duzun. Hala ere, jakin nahi nuke ingeles horrek gure elkartze honi zer-nolako aitzakia aterako liokeen. Kaburik ba al da Ingalaterran?...

        Ibilaldian luze samar gisa horretan hizketan aritu ondoren, anai-arrebak Bocognano ondoko herrixkara heldu ziren. Han gelditu egin ziren, afaldu eta familiako lagun baten etxean gaua igaro asmoz. Gozatu denean baino estimatu ezin den korsikar adeitasunaz hartu zituzten. Etxejauna Della Rebbia anderearen lagun izana zen eta biharamunean etxetik legoa bateraino lagundu zien.

        —Baso horiek eta maqui horiek ikusten al dituzu? —esan zion Orson elkar agurtu zutenean—. Zorigaiztoko akzioa egindako gizona hor hamar urtean lasai biziko litzateke, jendarmeak eta voltigeur soldaduak bila etorri gabe. Baso hauek Vizzavona-koaren ondoan daude, eta Bocognanon edo inguruan lagunak izanez gero, ez dago ezeren faltarik. Fusil ederra daramazu: tiramen handikoa izango da. Ene Jaungoikoa! Hori da kalibrea, hori! Horrekin basurdea baino hobea ere bota liteke...

        Orsok hitz gutxitan fusila ingelesa zela eta beruna oso urrutira bidaltzen zuela jakinarazi zion. Elkar besarkatu eta bakoitzak bere bideari ekin zion.

        Gure bidaiariak Pietraneratik hurbil zeudelarik, igaro behar zuten arroila baten sarreran fusilez armatutako zazpi edo zortzi gizon ikusi zituzten. Batzuk harri gainean eserita zeuden, beste batzuk belarretan etzanda eta bat edo beste zutik ere bai, zelatan edo. Haien zaldiak inguruan larrean zebiltzan. Colombak, korsikar guztiek bidaietan eraman ohi dituzten larruzko poltsa handietako batetik kataloxa atera eta begiratu egin zien.

        —Gutarrak dira! —oihu egin zuen oso pozik—. Pieruccio-k zuzen bete du nire agindua.

        —Gutarrak? —galdetu zion Orsok.

        —Gure artzainak —argitu zion arrebak—. Herenegun gauean Pieruccio bidali egin nuen, hauek bildu eta zu etxeraino lagun zaitzaten. Pietranerara zaintzailerik gabe sartzerik ez da komeni, eta, bestetik, Barricinitarrak edozertarako gauza direla jakinaren gainean egon behar duzu.

        —Colomba —esan zion Orsok serio—. Behin baino gehiagotan eskatu dizut Barricinitarrak eta zure funtsik gabeko susmoak ez aipatzeko. Dena den, alfer-koadrila honek lagunduta ez naiz etxera itzuliko, eta ez zait ongi iruditzen niri ezer esan gabe hauek hemen biltzea.

        —Ene anaia. Zure Herria nolakoa den ahaztu egin zaizu. Zure arinkeria dela eta arriskutan zaudenean, niri dagokit zu babestea. Egin behar dena egin dut.

        Une hartan, etortzen ikusi zituzten artzainak zaldietara igo eta arrapaladan inguratu zitzaizkien.

        —Evviva Ors' Anton'! —deiadar egin zuen bizar zuriko zahar sendo batek. Bero egin arren, txanodun jaka zeraman soinean; ahuntz-ilea baino trinkoagoa den oihal korsikarrez egina eraman ere—. Aitaren aurpegi bera du, handiagoa eta indartsuagoa izan arren. Zein fusil ederra! Zer esana emango du, Ors' Anton'.

        —Evviva Ors' Anton'! —erantzun zuten artzain guztiek—. Bagenekien azkenean itzuliko zela!

        —Ai, Ors' Anton'! —esan zion adreilu-koloreko azala zuen gazte batek—. Zure aita hemen zu hartzeko egon balitz zein pozik egongo zatekeen! Orain zu ikusiko zintuzkeen niri jaramon egin balit, Giudiceri kontuak garbitzen utzi izan balit... A zer nolako gizona zen! Ez zidan sinetsi. Orain ongi asko jakingo du arrazoi nuela.

        —Tira —esan zuen zaharrak—. Giudiceri itxaronda ere ez zaio ezer galduko.

        —Evviva Ors' Anton'!

        Deiadar harekin batera dozena bat tiroren hotsa entzun zen.

        Denek barera hitz egiten zuten eta eskua emateko pilatzen ziren gizon haien erdian oso haserre zegoen Orso. Denboralditxoa behar izan zuen entzun ziezaioten. Azkenean, pelotoiaren aurrean soldaduak zigortu edo giltzaperatu behar zituenean eduki ohi zuen jiteaz honakoa esan zien:

        —Eskertzen dut erakusten didazuen adeitasuna, eta nire aitari zenioten leialtasuna, baina ez dut onartzen eta ez dut nahi inork niri aholkuak ematerik. Badakit zer egin behar dudan.

        —Arrazoi du, bai, arrazoi du! —oihu egin zuten artzainek—. Badaki gu laguntzeko prest gauzkala.

        —Egia da. Baina orain ez dut inoren beharrik eta nire etxeak ez du inolako arriskurik. Beraz, jiratu eta zeuen ahuntzengana joan. Pietranerako bidea zein den ondo dakit eta gidarien premiarik ez dut.

        —Ez izan beldur, Ors' Anton' —esan zion zaharrak—. Horiek gaur ez dira irtetera ausartuko. Katua itzultzen denean arratoia zulora sartzen da.

        —Katu ederra eginda zaude zu, bizar-zuri hori! —esan zion Orsok—. Zer izen duzu?

        —Zer! Ez al nauzu ezagutzen, Ors' Anton'? Hozka egiten duen nire mandoaren gainean hainbeste aldiz eramanda! Polo Griffo ez al duzu ezagutzen? Ba, gizon leiala da; Della Rebbiatarren aldekoa, gorputz eta arimaz. Esan hitz bat eta zure fusilak hitz egiten duenean nagusia bezain zaharra den moskete hau ez da isilduko. Zure zerbitzura dago, Ors' Anton'!

        —Tira, tira. Baina, arraioa! Zoazte eta utzi geure bidean lasai.

        Artzainak azkenean joan egin ziren trostan herrirantz. Hala ere, noizbehinka bideko muinoetan geratu egiten ziren bidean segadarik ez zegoela egiaztatzeko. Badaezpada ere Orso eta bere arrebarengandik ez ziren gehiegi urruntzen, estutasunak jotzen bazuen laguntzera joatearren. Polo Griffo zaharrak bere lagunei honela esaten zien:

        —Ulertzen dut! Ulertzen dut! Zer nahi duen ez du esaten. Egin egiten du. Aitaren ezpalekoa da. Ongi da! Inori gorrotorik ez diozula esan. Zuk Santa Nega-ri egin promesa. Ederki! Alkatearen larruagatik ez nuke sosik ere emango. Hilabete baino lehen zahagia egiteko ere ez du balioko.

        Giro hartan, abangoardia hura aitzindari zelarik, Della Rebbiaren ondorengoa bere herrira sartu eta bere arbaso kabuen sortetxe zaharrera heldu zen. Buruzagirik gabe luze egondako Della Rebbiatar guztiak inguratu ziren eta herritar neutralak Orso igarotzen beren etxe ataritik ikusi zuten. Barricinitarrek etxe barruan geratu ziren, leiho-zirrikituetatik begira.

        Pietranera herria, Korsikako guztiak bezalaxe, oso irregularra da. Izan ere, kale bat ikusteko Marbeuf-eko jaunak eraikitako Cargese-ra joan behar da. Han-hemenka batere lerrokatu gabe barreiatutako etxeak muino batean (edo, hobeto esan, mendiko laugune batean) daude. Herriaren erdigunean haritz berde handi bat dago eta ondoan granitozko aska du, inguruko erreka bateko ura zurezko tutu batetik etortzen zaiolarik. Jendearen mesederako monumentu hura erdibana ordaindu zuten Della Rebbiatarrek eta Barricinitarrek. Oker legoke, ordea, bi familiak garai hartan adiskidetu egin zirela pentsatzea. Aitzitik, haien etsaitasunaren emaitza da. Garai hartan Della Rebbia koronelak Udalari diru-laguntza txiki bat bidali zion herrian iturria jar zezaten, baina Barricini abokatuak berehala eman zuen beste horrenbeste. Eskuzabaltasun-lehia horri zor dio Pietranerak bere ura. Iturriko haritzaren inguruan, plaza izeneko garbi-une bat dago eta han biltzen dira arratsaldero ahal dutenek aisiaz gozatzera. Batzuetan karta-jokoan aritzen dira, eta urtean behin, Inauterietan, dantza egiten da. Plazaren bi ertzetan granito eta eskistozko etxe bana (zabalera baino altuera handiagokoa) dago. Elkarren etsai diren Barricini eta Della Rebbiatarren dorreak dira. Arkitektura berdina dute, eta altuera ere bai. Bi familien arteko lehiak beti iraun duela ikusten da, zoria behin ere alde batera edo bestera bideratu ez delarik.

        Agian argitu beharra dago dorre hitzak zer esan nahi duen. Etxe karratua da, berrogei bat oin altukoak, eta beste edozein lurraldetan usategia deituko litzaioke. Ate estua lurretik zortzi oinera dago eta eskailera pika batetik heltzen da bertara. Atearen gainean balkoi moduko batez hornitutako leihoa dago. Balkoitik, inolako arriskurik gabe, edozein sudurluze zanpa daiteke, zoruan duen zulo batetik. Leihoaren eta atearen artean baldar samar tailatutako bi armarri daude. Batak orduan Genoako gurutzea zuen, baina gaur egun dena txikituta dagoenez, antikuarioek baino ezin dute sumatu. Beste armarrian, dorreko jabe den familiaren armak daude tailaturik. Horrez gain, armarrietan eta leihoaren markoetan balen markak ikus zitezkeen. Hori guztia kontutan hartuta, edozeinek suma dezake Erdi Aroan Korsikan jauregia zer zen. Ahaztu egin zait gauza bat aipatzea: bizitzeko etxea dorreari atxikita zegoen eta askotan barrutik bien arteko pasabideak zeuden.

        Della Rebbiatarren bizilekua eta dorrea Pietranerako plazaren iparraldean zeuden. Barricinitarrena berriz, hegoaldean. Iparraldeko dorrearen eta iturriaren arteko tartea Della Rebbiatarren pasealekua da, eta kontrako aldekoa da Barricinitarrena. Koronelaren emaztearen hiletaz gero, familia horietako seniderik ez zuten plazan inoiz sinatu gabeko tratuaz besteei zegokien alderdian ikusi. Orso alkatearen etxe aurretik igarotzera zihoan, bueltan bide luzeagoa ez egitearren, baina Colombak beste kale estu batetik eraman nahi zuen, plaza zeharkatu behar izan ez zezaten.

        —Zergatik hartu behar dugu neke hori? —kontra egin zion Orsok—. Plaza guztiona da...

        Eta zaldia ezproiez ziztatu zuen.

        —Bihozkoia da! —murmuratu zuen Colombak— Mendekatuko zaitugu, aita.

        Plazara heldu zirenean, Colomba Barricinitarren etxearen eta anaiaren artean kokatu zen eta etsaien etxeko leihoetatik ez zuen begirik kendu. Zuela denbora gutxi babestu egin zituztela eta archère edo gezi-zirrikituak ipini zizkietela sumatu zuen. Delako archère horiek leihoaren barrena ixteko enborren arteko zulo estuak dira. Erasoaren beldur denean jendea horrela babesten da, eta enborren anparoan erasotzaileei tiro egin diezaieke.

        —Koldar alaenak! —esan zuen Colombak— Begira, Orso, hasiak dira neurriak hartzen. Ezkutatu egin dira, baina noizbait irten beharko dute...

        Orso plazako hegoaldean egoteak Pietraneran esamesa handiak sortu zituen eta neurriz gaineko ausardiatzat hartu zuten. Haritz berdearen gerizan biltzen ziren biztanle neutralen arteko zurrumurruen gai nagusi izan zen denbora luzez.

        —Eskerrak —zioten— Barriciniren semeak etorri ez diren. Horiek abokatuak baino pazientzia gutxiago dute eta etsaiari agian ez zioketen zatarkeria ordaindu gabe beren alderditik igarotzen utziko.

        —Gogoan izan orain esango dizudana, lagun —erantsi zuen iragarpenak egiten zituen zahar batek—. Colombaren aurpegia ikusi dut gaur eta buruan zerbait darabil. Airean sumatzen dut bolbora-usaina. Laster haragia merke izango da Pietraneran.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996