Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

LAUGARREN KAPITULUA

 

        Napoleon jaio zeneko etxea bisitatu eta nolabaiteko prozeduraz hormetako paper-puska bat eskuratu ondoren, Korsikan lehorreratu eta handik bi egunera Miss Lydia tristurak hartu zuen. Zapuzteko ohitura duen herrian erabat isolatuta geratzen den edozein arrotzi ere gauza bera gertatuko zitzaiokeen. Damutu egin zen burutazio hura eduki izanaz, baina berehala alde egitea bere bidaiari ausartaren ospeari kalte egitea izango zatekeen. Miss Lydiak, beraz, etsi egin zuen, eta denbora ahalik eta ongien igarotzeko pazientzia bereganatzen saiatu zen. Erabaki sendoa hartu zuenez, lapitzak eta koloreak prestatu zituen, itsas golkoko bistak marraztu zituen eta kontinenteko edozein baratzezainek bezala meloiak saltzen zituen nekazari beltzaran bati (baina bizar zuria eta sekula ikusitako bidelapur ankerrenaren jitea zuenari) erretratua egin zion. Hura guztia aski dibertsio ez zuenez gero, kabu korsikarren ondorengoari burua jiraraztea erabaki zuen. Ez zen, ez, lan zaila, zeren bere herrira itzultzeko inolako presarik gabe Ajaccion oso gustura baitzegoen, inor bisitatzen ez zuen arren. Bestetik, Miss Lydiak mendiko hartz hura zibilizatu eta irlara itzultzeko zituen arrazoi gaizto haiek alde batera uztarazten saiatu nahi zuen. Gazte hura ikertzen hasi zenez gero, bere buruari korsikarra galbideratzea guztiz tamalgarria eta onbideratzea berebiziko arrakasta izango zela esaten zion.

        Gure bidaiariek eguna honela igarotzen zuten: goizean koronela eta Orso ehizara joaten ziren; Miss Lydiak marraztu edo bere lagunei gutunak idazten zizkien, data Ajaccion ipinita zegoela adieraztearren. Arratsaldeko seiak aldera itzultzen ziren gizonak etxera animaliaz kargaturik. Afalondoan Miss Lydia kantatzen hasten zen, koronelak lo hartzen zuen eta bi gazteak oso berandurarte geratzen ziren berriketan.

        Pasaporteari buruzko gora-behera bat zela eta, Nevil koronelak prefetarengana joan behar izan zuen. Bere lankideak bezalaxe prefeta giro hartan aspertu egiten zenez gero, asko poztu zen ingeles aberatsa, munduan zehar ibilitakoa eta alaba politaren aita etorri zitzaielako. Beraz, ongi etorri ederra egin zion, behin eta berriz bere zerbitzuak eskainiz. Gainera, handik egun gutxira bisitatu egin zuen Nevil jauna. Mahaitik altxatu berria zen koronela, loak hartzeko zorian zegoen besaulkian lasai eserita. Piano zahar batean alaba kantuan ari zen. Orsok partiturako orriak jiratzen zituen, artistaren sorbaldari eta ile horiei begira. Prefeta zetorrela gaztigatu zuten; pianoa mututu egin zen, koronela begiak igurtziz jaiki eta alaba aurkeztu zion.

        —Della Rebbia jauna ez dizut aurkeztuko —erantsi zuen—, zuk dudarik gabe ezagutuko duzulako.

        —Zu, jauna, Della Rebbia koronelaren semea al zara? —galdetu zuen prefetak urduri samar.

        —Bai jauna —erantzun zion Orsok.

        —Zure aita ezagutzeko ohorea izan nuen.

        Elkarrizketarako gai arruntak laster agortu zitzaizkien. Nahi ezta ere, koronelak maiz egiten zuen aharrausi. Orsok berriz, liberala izaki, ez zuen boterearen morroiarekin hitz egin nahi. Miss Lydiak berak bakarrik eusten zion elkarrizketari. Bestetik, prefetak ez zuen elkarrizketak gainbehera egin zezan nahi, eta agerikoa zen Parisez eta munduaz Europako pertsona ospetsu guztiak ezagutzen zituen emakume batekin mintzatzea oso atsegin zuela. Tarteka, eta hitz egiten ari zela, Orsori jakin-min bereziz begiratzen zion.

        —Della Rebbia jauna kontinentean ezagutu al duzue? —galdetu zion Miss Lydiari.

        Miss Lydiak zalantza-apur batez erantzun zuen Korsikara etorri zireneko ontzian ezagutu zutela.

        —Oso gazte prestua da —esan zuen prefetak isil samar—. Eta esan al dizu —erantsi zuen are eta isilago— Korsikara zertara etorri den?

        Miss Lydiak maiestate-aireaz honela erantzun zion: —Nik ez diot galdetu. Galde iezaiozu zeuk.

        Prefeta isildu egin zen, baina geroxeago, Orso koronelari ingelesez hitz batzuk esaten ari zitzaionean, honela mintzatu zen:

        —Dirudienez, bidaia asko egina zara, jauna. Agian Korsikaz... eta bertako ohiturez ahaztu egingo zinen.

        —Egia da, bai, irlatik joan nintzenean oso gaztea nintzela.

        —Oraindik ere armadan al zaude?

        —Soldata-erdiaz nago, jauna.

        —Inola ere Frantziako armadan denbora gehiegi igaro duzu erabat frantsestu gabe egoteko.

        Azken hitzak indar bereziz ahoskatu zituen.

        Korsikarrei nazio handiko partaide direla gogorazita ez zaie laudorio handirik egiten. Aparteko herria izan nahi dute, eta nahi dutena emateko bezain ongi justifikatzen dute asmo hori. Orsok, gogaitu samarturik, honela ihardetsi zion:

        —Zer uste duzu, prefet jauna, korsikarrak gizon ohoretsu izateko Frantziako armadan zerbitzatu beharra daukala ala?

        —Ez, noski —erantzun zuen prefetak—. Ez dut horrelakorik pentsatzen. Herri honetako ohitura batzuez ari naiz, zeren horietako zenbait ez baitira administratzaileak nahi lituzkeenak.

        Ohiturak hitza ozenago ahoskatu zuen eta ahalik eta serioena jarri zen. Geroxeago jaiki eta, Miss Lydiak emaztearengana prefekturara joango zitzaiola aginduta, erretiratu egin zen.

        Joandakoan, Miss Lydiak honela hitz egin zuen: —Korsikara etorri behar izan dut prefeta zer den jakiteko. Hau adeitsu samarra dela iruditu zait.

        —Nik ezin esan zurekin bat natorrenik —erantsi zuen Orsok—. Arraro samarra iruditu zait mintzatzeko aire misteriotsu hori.

        Koronela erdi lo zegoen. Miss Lydiak begiratu eta ahopeka honela mintzatu zitzaion tenienteari:

        —Ba, niri ez zait zuri bezain misteriotsu iruditu. Ulertu diodala uste dut.

        —Oso zorrotza zara, Miss Nevil, eta entzun diozunean ezer burutsurik topatu baduzu, seguru nago zeuk ipiniko zenuela.

        —Esaera hori Mascarilleko markesarena dela uste dut, Della Rebbia jauna, baina... nahi al duzu nire zorroztasunaren froga erakusterik? Sorgin samarra naiz eta bitan ikusi ditudan pertsonek zer pentsatzen duten badakit.

        —Ene Jaungoikoa! Izutu egiten nauzu. Zer pentsatzen dudan jakingo bazenu, ez dakit poztu ala tristetu egin beharko nukeen...

        —Della Rebbia jauna —segitu zuen Miss Lydiak gorrituz—. Egun gutxi dira elkar ezagutzen dugula, baina itsasoan eta lurralde basatietan (barkatuko didazula espero dut), lurralde basatietan, gizartean baino azkarrago egiten dira lagunak... Beraz, ez harritu lagun gisa agian oso gauza barnekoiak, arrotzak esan behar ez lituzkeenak, aipatzen badizkizut.

        —O! Arrotz hitz hori ez ahoskatu, arren, Miss Nevil. Beste hitza askoz ere gehiago gustatu zait.

        —Ba, esan beharrean naiz zure sekretuak ikasi nahi gabe ere, neurri batean horien berri izan dudala eta batzuek kezkatu egiten nautela. Zure herrikideen mendekurako grinaz eta mendeku hartzeko eraz asko hitz egin didate... Prefeta ez al zen horretaz ari?

        —Zuk, Miss Lydia, pentsa al dezakezu...?

        Eta Orso hilotza baino zurbilago jarri zen.

        —Ez, Della Rebbia jauna —esan zuen andereñoak—. Niretzat zaldun prestua zara. Zuk zeuk esan didazu zure herrian vendetta nekazarien kontua dela... eta duelu-era bat dela...

        —Ni hiltzaile izateko gauza naizela uste al duzu?

        —Horretaz mintzatzen ari natzaizunez, Orso jauna, asmatzekoa da zutaz zalantzarik ez dudala. Eta horretaz mintzatu banatzaizu —jarraitu zen begiak behera bihurtuz—, zeure lurrera itzuli eta ohitura basatiz inguraturik, norbaitek ohitura horiek indartsu arbuiatzen dituzulako estimatzen zaituela adierazteko da. Tira —erantsi zuen jaikiz—, utz ditzagun kontu horiek. Burukomina ematen didate, eta gainera oso berandu da. Gogaitu egin al zaitut? Gabon, ingelesen eran.

        Eta eskua luzatu zion.

        Orsok estutu egin zion serio eta hunkituta.

        —Ba al dakizu, andereño, aldika herri honetako grina nigan piztu egiten dela? Batzuetan, nire aita gaixoaz pentsatzen ari naizela... pentsamendu beldurgarriak bururatzen zaizkit. Zuri esker betiko arbuiatu ditut. Mila esker!

        Beste zerbait esatera zihoan, baina Miss Lydiak te-koilaretxoa erortzen utzita koronela zaratarekin esnatu egin zen.

        —Della Rebbia. Bihar bostetan abiatuko gara ehizara. Ez berandu etorri.

        —Ez, nire koronela.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996