Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

SEIGARREN KAPITULUA

 

        Horazioren araua errespetatuz in medias res ari naizenez gero, hasi Colomba ederretik eta koroneleraino zein bere alabaraino denak lo daudeneko une honetaz baliatuko naiz irakurleari xehetasun batzuk emateko. Izan ere egiazko historia honetan sakondu nahi badu, jakin egin behar baititu. Badaki Della Rebbia koronela, Orsoren aita, hil egin zutela. Korsikan ordea, gizona ez du Frantzian bezala ihes egindako presoak zilarrezko ontziteria lapurtzeko hiltzen. Korsikan etsaiek asasinatuta hiltzen da, nahiz eta maiz etsaiak zergatik diren argitzea oso zaila izan. Familia askok ohituraren eraginez gorrotatzen dute elkar; baita gorrotoaren jatorrizko arrazoia zein izan zen ez badakite ere.

        Della Rebbia koronelaren familiak beste batzuk gorrotatzen zituen, baina batez ere Barricinitarrena. Batzuek ziotenez, XVI. mendean Della Rebbia batek Barricini bat limurtu zuen, eta iraindutako neskaren senide batek gero sastakaiz jota hil egin zuen. Beste batzuek, egia esan, historia batekoz bestera kontatzen zuten, limurtutako neska Della Rebbiatarra eta hildakoa Barricinitarra zela esanez. Kontuak kontu, eta esaera ezagunaren arabera, bi etxeen artean odol-arazoak zeuden tartean. Dena den, eta normalean ohi ez bezala, heriotza haren ondotik ez zen besterik izan, Genoako gobernuak bi familietako gizon gazteak jazarri zituelako. Familiek, beraz, indarra erabil zezaketen ordezkari faltan izan ziren belaunaldietan. Joan den mendearen bukaeran Della Rebbiatar batek, Napoliren zerbitzura zebilen ofizial batek, joko-etxe batean liskarra izan zuen militar batzuekin, besteak beste ahuntzain korsikar esanda iraindu egin zutelako. Della Rebbiatarrak ezpata zorrotik atera zuen, baina larri ibiliko zen bakarrik, hiruren kontra areto berean zegoen atzerritar bat «Ni ere korsikarra naiz!» deiadar eginez alde atera ez balitzaio. Atzerritar hura Barricinitarra zen eta bere herrikidea ez zuen ezagutzen. Elkarren berri izateko unea heldu zenean, bata-besteari adeitsu mintzatu eta betiko anaia izango zirela esan zioten elkarri. Kontinentean izan ere, irlan ez bezala erraz adiskidetzen dira korsikarrak. Oso garbi ikusi zen gora-behera haietan Italian zeuden bitartean Della Rebbia eta Barricini lagun-min izan zirela, baina Korsikara itzulitakoan, noizbehinka baino ez zuten elkar ikusi, herri berean bizi arren. Hil zirenean, elkarri hitzik egin gabe bospasei urte zeramatzatela esaten zuten. Haien seme-alabak ere etiketan bizi izan ziren, irlan diotenez. Haietako bat, Ghilfuccio Della Rebbia, Orsoten aita, militar izan zen. Bestea, Giudice Barricini, abokatu egin zen. Gero, lanbide desberdineko bi familiaburu haiek ez zuten elkar ikusteko eta elkarren berri izateko aukerarik izan.

        Hala ere, 1809 urtean egun batez Giudice Bastian zegoela, egunkarian Della Rebbia kapitainari kondekorazioa eman ziotela irakurri zuen, eta lekukoen aurrean aitortu zuenez, ez zen batere harritu *** jeneralak familia hura babesten zuelako. Barricinik esandakoa Vienan zegoen Ghilfucciori jakinarazi zioten, eta honek bere herrikideari Giudice aberastuta ikusiko zuela esan zion, galdutako auzietatik irabazitakoetatik baino diru gehiago ateratzen zuelako. Inoiz ez zen argitu harekin zer adierazi nahi zuen: abokatuak bere bezeroei traizio egiten ziela ala, esaerak dioenez, auzi txarrak legegizonari kausa onak baino mozkin hobea uzten diola. Dena dela, Barricini abokatuak izan zuen militarraren esaeraren berri; baita gogoan hartu ere. 1812 urtean alkate izenda zezaten eskatu zuen eta kargua lortzea espero zuen, baina bitartean *** jeneralak prefetari idatzi zion Ghilfuccioren emaztearen senide bat izenda zezan gomendatuz. Prefetak jeneralaren aholkua berehala ontzat hartu zuen, eta Barricini sinetsita geratu zen bere porrota Ghilfuccioren amarruei zor zitzaiela. Napoleon erori zenean, 1814an, jeneralak gomendatutakoa bonapartezalea izateagatik salatu zuten, eta Barricini ipini zuten haren ordez. Barricini era berean, Ehun Egunetan kendu egin zuten, baina ekaitza amaitu zenean, Alkatetzako eta egoera zibilaren erregistroko zigilua handikiro bereganatu zuen.

        Harez gero Barriciniren izarra inoiz baino distiratsuago ibili zen. Della Rebbia koronelak, soldataerdiaz eta Pietranerara erretiraturik, etengabeko liskarrak izan zituen alkatearekin. Batean bere zaldiak alkatearen belardietan egindako kalteak ordaintzera dei egin zioten. Beste batean, elizako zoladura konpontzeko aitzakian, Della Rebbiatarren armarria zeukan eta arbasoen hilobia estaltzen zuen lauza hautsi bat altxarazi zuten... Ahuntzek koronelaren landareei kimuak jaten bazizkioten, ahuntz-jabeek beti izaten zuten alkatearen laguntza. Pietranerako Postetxeaz arduratzen zen dendaria eta aspaldiko elbarria zen basozaina (biak ere Della Rebbiaren lagunak), beren karguetatik kendu eta Barriciniren aldekoek ordezkatu zituzten.

        Koronelaren emazteak, hiltzear zenean, paseatzera joaten zeneko baso txiki batean hobira zezatela eskatu zuen, baina alkateak berehala erabaki zuen hilerrian lurperatuko zutela, handik kanpo hobiratzea baimentzeko nahikoa aginpide ez zuela eta. Koronela oso haserre zegoen, eta behar zen baimena lortu arte emaztea berak aukeratutako lekuan hobiratuko zuela esan zuen. Han eginarazi zuen zuloa. Alkateak berriz, beste bat eginarazi zuen hilerrian eta jendarmeak eskatu zituen, legeak indarraren laguntza izan zezan. Hileta-egunean bi taldeak aurrez aurre zeuden, eta une batean Della Rebbia anderearen hilotza medio elkarri erasoka hasiko zirela uste zen. Elizatik atera zirenean, hildakoaren senideek ekarritako eta ongi armatutako berrogei bat nekazarik apaiza derrigortu egin zuten basorako bidea hartzera. Bestetik, alkatea prestatu zen bere bi semeak, lagunak eta jendarmeak alboan zituela. Hilkutxa zeramatenei atzera egin zezatela agindu zienean, mehatxuka eta oihuka hasi zitzaizkion. Etsaiak gehiago ziren eta ez obeditzeko prest zeuden. Alkatea ikusi zutenean, batzuek beren armak kargatu zituzten eta artzain batek bere fusilaz apuntatu egin zuela ere aipatu zen, baina koronelak armaren kanoia altxatu zion honakoa esanez: «Nik agindu gabe ez dezala inork tiro egin!» Alkatea, Panurge-ren antzera, «berez zen kolpeen beldur» eta bere laguntzaileekin erretiratzea hobetsi zuen, gatazka saihestuz. Hiletako jendea orduan biderik luzeenetik joan zen Udaletxe aurretik igarotzearren. Oinez zihoazela, gehitu zitzaien ergel bati «Gora enperadorea!» oihu egitea bururatu zitzaion. Bizpahiruk erantzun egin zioten, eta Della Rebbiatarrak, gero eta adoretsuago, kasualitatez bidea zeharkatzen ari zen eta alkatearena zen idia botatzea erabaki zuen. Koronela ordea, zorionez, indarkeria haren aurka atera zen.

        Asmatzekoa denez, gertatutako guztiaren akta jaso zuten eta alkateak prefetari hankapetu ziren zeruko eta lurreko lege guztiak deskribatuz idaztia bidali zion: bere alkate-kargua eta aintzakotzat hartu ez zuten apaizarena iraindu egin zituztela; Della Rebbia koronela bonapartistekin konplotaren buru zebilela, tronuko ondorengotza aldatu eta hiritarrak elkarri kontra has zitezen armatzera bultzatuz. Delitu haiek Kode Penaleko 86. eta 91. artikuluek zigortzen zituzten.

        Arrangurak neurriz gainekoak zirelako eragina ez zen hain handia izan. Koronelak prefetari eta fiskalari idatzi zien. Bere emaztearen senide batek irlako diputatu batekin harremanak zituen eta beste bat Entzutegiko Presidentearen lehengusua zen. Bi babesle haiei esker konplota bertan behera geratu zen, Della Rebbia anderea basoan geratu zen eta ergelak hamabost egun kartzelan egin behar izan zituen.

        Arazo hartako emaitzekin konforme ez eta Barricini abokatuak bere armak beste leku batera bideratu zituen. Jabego-agiri zahar bat erakutsi zuen eta koronelari kontra egin zion bere errotari eragiten zion erreka bateko urak zirela eta. Auzi luzeari eman zioten hasiera. Urtebete igaro eta Auzitegiak erabakia eman behar zuenean (itxura guztien arabera koronelaren alde erabaki ere), Barricinik fiskalaren esku Agostini izeneko bidelapur famatu baten eskutitza utzi zuen. Alkateari mehatxu egiten zion etxea erre eta hil egingo zuela, bere asmoak alde batera uzten ez bazituen. Ezaguna da Korsikan bidelapurrei laguntza askotan eskatzen zaiela eta gaizkile horiek beren lagunen alde liskar partikularretan maiz hartzen dutela parte. Alkateak gutun hura bere mesedetan erakusten zuelarik, beste gora-behera batek gauzak are eta gehiago korapilatu zituen. Agostini bidelapurrak fiskalari idatzi zion, gutuna faltsifikatu eta borondatea erosi egiten ziotela esanez bere ospeari kalte egin ziotelako. «Faltsifikatzailea zein den jakiten badut —zioen gutunaren amaieran— behar bezala zigortuko dut.»

        Garbi zegoen alkateari mehatxuka gutuna Agostinik ez ziola idatzi. Della Rebbiatarrek faltsifikazioa Barricinitarrei leporatzen zieten, eta alderantziz. Mehatxuak bi alderdietan gero eta ugariago ziren, eta justiziak ez zekien errudunak zein alderditan topatu.

        Egoera hartan, Ghilfuccio koronela hil egin zuten. Epaitegiak idatzitakoaren arabera, hilketa honela gertatu zen: 18...ko abuztuaren lan, ilunabarrean, Pietranerara ogia zeraman Madeleine Pietri andereak elkarren segidan bi tiro entzun zituen. Hotsak sakonuneko herriko bidetik zetozela iruditu zitzaizkion; bera zegoen lekutik ehun eta berrogeita hamar bat urratseko distantziatik, hain zuzen. Ia berehala, makurtuta mahastian bidezidorretik herri aldera korrika zihoan gizon bat ikusi zuen. Gizon hark une batez geratu eta burua atzera jiratu zuen, baina urruti zegoelako Pietri andereak ez zion antzeman zein zen. Gainera gizonak ahoan mahats-hosto handi bat zeukan eta ia aurpegi guztia estaltzen zion. Gizonak eskuaz lekukoak ikusi ez zuen norbaiti keinu egin eta mahatsondo artean ezkutatu zen.

        Madeleine Pietrik bere karga utzi eta bidezidorrean gora korrika joan zen. Della Rebbia koronela odoletan ikusi zuen. Bi bala zeuzkan gorputzean, baina artean arnasa bazuen. Ondoan zuen fusila, kargatuta prest. Bazirudien aurretik eraso egiten zion norbaitengandik defendatzeko pronto zegoela eta bitartean beste batek atzetik tiroak bota zizkiola. Hiltzear zegoen eta ahotik zurrunga ateratzen zitzaion, baina hitzik ezin zuen esan. Medikuek gero argitu zutenez, balek birika zeharkatu ziotelako ezin zuen hitz egin. Apar gorria bailitzan emeki-emeki jariatzen zitzaion odolak ito egiten zuen. Madeleine Pietrik eserarazi eta galdera batzuk egin zizkion, baina alferrik: Koronelak mintzatu egin nahi zuela igartzen zion, baina aditzera eman nahi zuena ez zion ulertzen. Esku bat patrikara eramateko keinua egin zuen eta andereak berak handik kartera atera eta irekita erakutsi zion. Zauritutako gizonak barnean zegoen lapitza hartu eta idazten saiatu zen. Lekukoak ikusi zion letra gutxi batzuk oso nekez idatzi zituela, baina irakurtzen ez zekien eta esanahirik ez zuen jakin. Akituta, koronelak kartera emakumearen eskuan utzi eta indartsu estutu zuen. Begirada berezia bota zion, honakoa adierazi nahiko bailuen: «Hau garrantzitsua da. Nire hiltzailearen izena da.»

        Madeleine herrira igo eta Barricini alkatea bere seme Vincentello-rekin ikusi zuen. Ia gaua zen eta ikusitakoaren berri eman zien. Alkateak kartera hartu eta udaletxera joan zen korrika. Gerrian banda jantzi eta idazkariari zein jendarmeei deitu zien. Madeleine Pietri Vincentellorekin geratu zenean, artean bizirik bazegoen ere koronelari laguntzera joatea proposatu zion, baina Vincentellok ezezkoa eman zion, haren familiako etsai amorratu izana ondoratuta inork ikusten bazuen hiltzailetzat hartuko zuelako. Geroxeago itzuli zen alkatea. Koronela hilda aurkitu, hilotza kenarazi eta zegokion akta eginarazi zuen.

        Egoera hartan aztoratuta bazebilen ere, Barricinik berehala ipini zuen koronelaren kartera gutun-azal lakratuan eta eginbide guztiak burutu zituen, baina ez zuen funtsezkorik ezer atera.

        Instrukzioko epailea heldu zenean, karrera ireki egin zuten eta odoldutako orri batean esku dardaratiak idatzitako (baina ederki irakurtzeko moduko) letra hauek azaldu ziren: Agosti... Eta epaileak, zalantzarik egin gabe, koronelak Agostini bere hiltzailetzat salatzen zuela pentsatu zuen. Baina, instrukzioko epaileak hots eginda, Colomba Della Rebbiak Martera aztertu nahi izan zuen. Denboralditxo batez begira egon ondoren, alkatearengana eskua luzatu eta honakoa esan zuen: «Hori da hiltzailea!». Orduan, nahigabe sakona izan arren, zehatz-mehatz adierazi zuen gertatutakoa. Egun batzuk lehenago bere aitak semearen gutuna jaso zuen eta irakurri ondoren su eman zion. Erre baino lehen ordea, lapitzez karteran erregimentuz aldatu berria zen Orsoren helbidea idatzi zuen. Helbidea karteran ez zen agertzen eta Colombak helbidea idatzita zegoeneko orria alkateak kendu (helbidearekin batera hiltzailearen izena egongo zelako) eta Agostini izena idatzi zuela zioen. Epailea, hain zuzen, izena idatzitako koadernotxoan orri bat falta zela konturatu zen, baina kartena bereko beste koadernotxo batzuetan ere orriak falta ziren. Lekuko batzuek ziotenez, gainera, koronelak koadernotxo haietatik orriak kentzen zituen zigarroa piztu nahi zuenean. Gerta zitekeen, beraz, oharkabean idatzitako helbidea erre izana. Horrez gain, alkateak Madeleine Pietriren eskutik kartera jaso zuenez gero ilunpetan zirelako irakurtzerik ez zuen izan. Frogatua zegoen alkatea udaletxera heldu baino lehen ez zela une batez ere geratu. Han berriz, iritsi orduko jendarme-brigadak lagundu zion eta ikusi egin zuen lanpara piztuta gutun-azalean kartera sartu eta lakratu egin zuela.

        Brigadak bere aitorpena bukatu zuenean, Colomba belaunetara etorri zitzaion, eta jainkoagatik alkatea une batez ere bakarrik utzi zuen ala ez argi zezala eskatu zion. Zalantza-apur bat egin ondoren eta neskaren asaldurak hunkituta, brigadak alboko bulegora paper handi bat hartzera joan zela gogoratu zuen, baina minuturik ere ez omen zuen horretan igaro eta bera paperaren bila kaxotan haztamuka ari zen bitartean alkateak etengabe hitz egin omen zion. Horrez gain, brigada itzuli zenean odoldutako kartera mahai gainean alkateak sartutakoan utzitako leku berean omen zegoen.

        Barricini jaunak bere aitorpena batere asaldatu gabe egin zuen. Della Rebbia andereñoaren portaera barkatzen zuela eta bere argibideak emango zituela adierazi zuen. Arratsalde osoan herrian egon zela frogatu zuen; hilketa gertatzean Vincentello semea bere aurrean udaletxean zegoela; eta sukarra zeukan Orlanduccio semea ohetik ez zela jaiki. Etxeko fusil guztiak erakutsi zituen, baina haietako inor ez zen tiro egin berria. Karteraz berriz, berehala pentsatu zuen garrantzitsua zela. Horregatik gutun-azal lakratuan gorde eta laguntzailearen esku utzi zuen, alkatea bera koronelaren etsai zelako hiltzailetzat hartuko zutelakoan. Azkenean, Agostinik gutun famatua faltsifikatzeagatik heriotza-mehatxua egin zuela gogorazi zien, eta agian koronela susmagarritzat jota hil egin zuela ere bai. Bidelapurren ohiturak kontutan hartuta, ez zen harritzekoa motibo hura medio mendeku hartzea.

        Koronela hil eta handik bost egunera, voltigeur izeneko soldadu-destakamendu batek Agostini aurkitu eta bidelapurra bere burua halabeharrez defendatzen ari zela hil egin zuten. Soinean Colombaren gutun bat aurkitu zioten; bere aitaren hiltzaile zen ala ez argi zezala eskatzen zion gutuna, hain zuzen. Bidelapurrak erantzunik eman ez zuenez gero, gehienek alabari aita hil zuela aitortzeko ausardiarik ez zuela izan pentsatu zuten. Hala ere, Agostini ongi ezagutzen zutenek besterik zioten. Hark koronela hil izan balu, aitortu egingo zukeen; harro aitortu ere. Brandolaccio izeneko beste bidelapur batek, Colombari aitorpen bat bidali zion. Ohoreagatik, laguna errugabea zela aitortzen zuen, baina emandako arrazoi bakarra Agostinik koronela susmagarria zela inoiz ez esana besterik ez zen.

        Dena den, Barricinitarrak bakean utzi zituzten. Instrukzioko epaileak alkatea goraipatu egin zuen, eta alkateak bere portaera zintzoari gainak emateko Della Rebbia koronelarekin auzitan zuen errekaren jabetzari uko egin zion.

        Korsikako ohituraren arabera Colombak ballata antolatu zuen bere aitaren hilotza eta etxeko lagunak aurrean zirela. Orduan Barricinitarrenganako gorroto guztia jaulki zuen, hiltzailetzat jo zituen eta anaiaren mendekuaz mehatxu egin zien. Ballata hura oso ezaguna zen; Miss Lydiaren aurrean marinelak abestu zuena, hain zuzen. Aita hil zenean, Frantziako iparraldean zegoen Orso semeak baimena eskatu zuen, baina ez zioten eman. Hasieran, arrebak bidalitako gutuna irakurrita, Barricinitarrak hiltzailetzat hartu zituen, baina geroxeago auziko agiri guztien kopia jaso zuen, eta epaileak bidalitako gutun batek errudun bakarra Agostini gaizkilea zela sinetsarazi zion. Colombak hiru hilabetean behin idazten zion, berak frogatzat hartzen zituen susmoak adieraziz. Nahi ezta ere, salaketa haiek bere korsikar odola irakiten ipintzen zuten eta batzuetan arrebarekin ados egoteko ez zuen ezer askorik falta. Hala ere, bere gutunetan Orsok susmo haiek oinarri sendorik ez zutela eta ez zirela sinetsi behar adierazten zuen. Gai hartaz mintzatzea debekatu ere egiten zion, baina alferrik. Bi urte igaro ziren horrela, eta azkenean, soldata-erdiaz lizentziaturik, Orsok berriz ere bere herria ikusi nahi zuen. Errugabetzat zeuzkan pertsonei ez zien mendeku hartu nahi, ez. Bere arreba ezkondu eta ondasunak saldu nahi zituen, kontinentean bizitzeko adina ematen bazioten behintzat.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996