Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

BOSGARREN KAPITULUA

 

        Biharamunean, ehiztariak itzuli baino zertxobait lehenago, Miss Nevil bere neskamearekin ostatura itzuli zen itsas ertzean paseatu ondoren. Emakume gazte bat, beltzez jantzita eta zaldi beltz txiki eta indartsuaren gainean, hirira sartzen ari zela ikusi zuen. Nekazari antzeko bat zuen ondoan, hura ere zaldiz, soinean oihal ilunezko jaka handia zuela. Jaka ukalondotan urratua zuen, alboan zahatoa eta pistola zintzilik zituelarik. Eskutan fusila zuen, ipurdia zelatik zintzilik zegoen larruzko zorro batean apoiatuz. Bestela esan, melodrametako bidelapurraren edo bidaian doan korsikar burgesaren trajea zeraman. Miss Nevil lehenbizi emakumearen edertasunak erakarri zuen. Hogei bat urte zituela zirudien. Liraina zen, aurpegi zurbilekoa. Begi urdin ilunak, arrosa-koloreko ahoa eta esmaltea bezalako hortzak zituen. Haren itxurak aldi berean harrotasuna, urduritasuna eta tristezia erakusten zituen. Genoarrek Korsikara sartutako eta emakumeentzat hain egoki den zeta zurizko mezzaro izeneko mantelina zuen buruan. Buruan bildutako gaztain koloreko ile-txintxosta luzeek zoronga modukoa osatzen zuten. Txukun jantzita zegoen, baina guztiz sinple ere bai.

        Miss Nevilek patxadaz aztertu ahal izan zuen, mezzaroa zuen dama oinezko bati zerbait galdetzera geratu zelako (begien jiteagatik arreta handiz galdetzera geratu ere). Erantzuna entzun zuenean, ustaz zaldia jo eta trosta azkarrean Thomas Nevil eta Orsoren ostaturaino ez zen geratu. Han ostalariarekin hitz batzuk egin ondoren, gaztea trebeki lurrera jaitsi eta atariko harrizko jarlekuan eseri zen, morroiak zaldiak ukuilura eraman zituelarik. Miss Lydia bere Pariseko soinekoarekin pasatu zen kanpotarraren aurretik, baina etorri berriak begiratu ere ez zion egin. Ordu-laurdena geroago bere gelako leihoa ireki zuenean, dama mezzaro eta guzti lehengo lekuan eserita eta postura berean zegoen. Geroxeago etorri ziren koronela eta Orso ehizatik. Ostalariak orduan, hitz batzuk esan zizkion lutuz jantzitako gazteari, Della Rebbia seinalatuz. Gorri-gorri eginda, berehala jaiki eta urrats batzuk eman zituen, baina gero gelditu egin zen lotsati antzean. Orso oso hurbil zen eta arretaz begiratzen zion gazteari.

        —Orso Antonio della Rebbia al zara? —galdetu zion hunkituta— Ni Colomba naiz.

        —Colomba! —oihu egin zuen Orsok.

        Eta besarkatuz maitekiro musu eman zion. Koronela eta bere alaba harritu egin ziren, Ingalaterran jendeak kalean musu ematen ez duelako.

        —Barkatuko didazula espero dut, ene anaia horrek, zuk agindu gabe etorri naizelako, baina lagun batzuen bitartez hemen zarela jakin dut eta niretzat zu ikustea hain da kontsolagarria...

        Orsok berriz musu eman zion. Gero, koronelarengana jiratuta honela mintzatu zen:

        —Nire arreba da, eta izena esan ez balit ez nukeen ezagutuko. Colomba, hau Sir Thomas Nevil koronela duzu. Barkatuko didazu, koronela, baina gaur zurekin afaltzeko ohorerik ez dut izango... Nire arreba...

        —Eta, lagun horrek, non arraio bazkaldu nahi duzu? —protesta egin zuen koronelak—. Oso ongi dakizu ostatu madarikatu honetan gure bazkaria besterik ez dagoela. Nire alaba asko poztuko da andereño hau guregana etortzen bada.

        Colombak anaiari begiratu zion, baina ahaleginetan luze ibili baino lehen onartu zuen eta anai-arrebak batera sartu ziren ostatuko egongela eta koronelaren jangela zen aretora. Miss Nevil aurkeztu ziotenean Della Rebbia andereñoak erreberentzia handia egin zuen, baina hitzik ere ez zitzaion atera. Aztoratuta zegoela igartzen zitzaion, eta handiki arrotzen aurrean zegoeneko lehen aldia zela ere agian bai. Hala ere, haren portaeran ez zitekeen zarpailkeriarik antzeman. Originaltasunak osatzen zuen moztasuna neska harengan. Horrexegatik gustatu zitzaion Miss Nevili, eta Nevil koronelak bere laguntzaileekin hartutako ostatu hartan beste gela hutsik ez zegoenez gero, Miss Lydiak bere eskuzabaltasunaren edo jakin-minaren eraginez bere gelan Della Rebbia andereñoarentzat beste ohe bat ipintzea proposatu zuen.

        Colombak esker onez hitz batzuk murmuratu zituen eta Miss Nevilen neskameari prestuki jarraitu zitzaion, eguzki —galdatan eta zaldiz egindako bidaiaren ostean soinekoak bildutako hautsa zela eta jantziak apur bat atondu asmoz.

        Egongelara itzuli zenean, ehiztariek bazter batean utzitako fusilen aurrean geratu egin zen.

        —Bai arma ederrak! Zureak al dira? —galdetu zion anaiari.

        —Ez. Fusil ingelesak dira, koronelarenak. Ederrak bezain onak, alajaina.

        —Zuk horien antzeko bat izatea nahiko nuke —jakinarazi zion Colombak.

        —Bai, noski. Hiru horietako bat Della Rebbiarena izango da, oso ongi erabiltzen dituelako —baieztatu zuen koronelak—. Gaur hamalau tiro egin eta hamalau buru!

        Berehala eskuzabaltasun-lehiari hasiera eman zioten, baina arrebaren pozerako Orso galtzaile atera zen. Ordura arte serio egondako arrebari, umearen antzeko alaitasuna sumatu zitzaion.

        —Zeuk aukeratu, lagun —esan zion koronelak.

        Orsok ez zuen nahi.

        —Tira. Zure arrebak aukeratuko du, bada.

        Colombak ez zuen zalantza handirik egin. Apaindura gutxieneko fusila hartu zuen, baina kalibre handiko Manton bikaina zen.

        —Honek ez du hutsik egingo —esan zuen.

        Anaia urduri samar eskerrak ematen ari zela, kinka hartatik ateratzeko ezin egokiago gaztigatu zuten afaltzera joan zitezela. Miss Lydia oso pozik geratu zen Colombari, zeina mahaian anaiak begiradaz aginduta baino ez baitzen eseri, jaten hasi aurretik katoliko zintzo gisa aitaren nola egiten zuen begira.

        «Tira. Hauxe bai dela jite zaharrekoa!» pentsatu zuen berekiko.

        Eta Korsikako ohitura zaharren ordezkari gazte haren bitartez gauza interesgarriak idatziko zituela erabaki zuen. Orso berriz, urduri samar zebilela ikusten zen, bere arrebak baserritar kutsuko ezer esan edo egingo zuen beldurrez. Baina Colombak begirik ez zion kentzen eta anaiaren arabera egiten zituen mugimendu guztiak. Batzuetan itxura triste bitxi batez begira finko geratzen zitzaion, eta orduan Orsok begiak arrebarenengana bihurtzen bazituen, anaiak kentzen zituen lehenengo. Hitzik esan gabe begiradaz arrebak egiten zion galderari, hark oso ongi ulertzen zuen galderari, lehenbailehen egin nahi zion ihes. Frantsesez hitz egin zuten, koronelak italiera menperatzen ez zuelako. Colombak frantsesa ulertzen zuen, eta bere gonbidatzaileei esan beharreko hitz-apurrak ongi ahoskatu zituen.

        Koronelak igarri zuen anai-arrebak uzkur samar zeudela, eta afalondoan, ohiko zintzotasunaz, Colomba andereñoarekin bakarrik hitz egin nahi zuen galdetu zion. Koronela prest zegoen bere alabarekin alboko gelara joateko, baina proposamena eskertuz, Orsok berehala esan zion Pietranera-n horretarako nahikoa asti izango zutela. Horrela zeritzon bizi behar zueneko herriari.

        Beraz, koronela ohi bezala besaulkian eseri zen eta Miss Nevilek Orsori Dante-ren, bere poeta maiteenaren, zerbait irakur zezala eskatu zion; gai batzuez hitz egin ondoren Colomba ederrak txintik ere ez zuela aterako sinetsita baitzegoen. Orsok Infernuko kantua aukeratu zuen, Francesca da Rimini-ren pasartea, eta ñabardurak nabarmenduz tertzeto bikainak irakurri zituen; maitasun-liburua laguntzaileekin irakurtzeak dituen arriskuak hain egoki erakusten dituztenak, hain zuzen. Anaiak irakurri ahala, Colombak soina mahaira aurreratu eta ordura arte jaitsita edukitako burua altxatzen ari zen. Ohizkanpoko suak diz-diz zegien haren begi-nini handituetan. Aldika gorritu eta aldika zurbildu egiten zen, bere aulkian ikaratuta. Bikaina da italiarren antolaketa, zeren eta poesia ulertzeko ez baitago inongo harroputzek edertasunak erakusteko premiarik.

        Irakurketa amaitu zenean:

        —Hauxe da, hau, gauza ederra! —adierazi zuen Colombak— Nork idatzi du hori?

        Orso apur bat harrituta geratu zen eta Miss Lydiak zuela mende batzuk hildako poeta florentziar batek egina zela jakinarazi zion.

        —Pietranerara joaten garenean, Dante irakurraraziko dizut —esan zion anaiak.

        —Ene Jaungoikoa! Horixe bai dela gauza ederra! —zioen behin eta berriz Colombak.

        Buruz ikasi zituen bizpahiru tertzeto esan zituen. Ahopeka hasi zen, baina gero ozenago hitz egin zuen; anaiak irakurtzean baino adierazgarritasun biziagoaz.

        Miss Lydia harrituta zegoen:

        —Poesia oso maite duzula dirudi. Nahiago nuke Dante liburu berri gisa irakurrita izango duzun atsegina neuk izango banu.

        —Begira, Miss Nevil —zioen Orsok—, Danteren bertsoek zer-nolako indarra duten. Aitagurea besterik ez dakien larreko loretxoa horrela hunkitzeko gauza badira... Baina ez. Gogoan dut Colomba lanbide honetakoa dela. Oso txikia zelarik bertsoak osatzen ahalegin handia egiten zuen, eta aitak zioenez, Pietranerako eta inguruko bi legoako voceratrice onena zen.

        Colombak bere anaiari erruki eske begiratu zion. Miss Nevilek Korsikako bertsolarien berri bazuen eta haietako bati entzuteko irrikatan zegoen. Horregatik Colombari bihotzez eskatu zion bere abilezia erakuts ziezaion. Orsok orduan ezetz esan zuen, arrebaren poesiarako joera zela eta esandakoaz damututa. Korsikako ballata baino gauza txepelagorik ez zegoela eta Dante irakurri ondoren bertso korsikarrak esatea bere herriari traizio egitea zela adierazi arren, Miss Nevileren irrika areagotu besterik ez zuen egin. Azkenean Orsok honakoa esan behar izan zion arrebari:

        —Tira! Inprobisa ezazu zerbait, baina laburra izan dadila!

        Colombak hasperen egin zuen, minutu batez mahaiko zapiari eta sabaiko habeei begiratu eta esku bat begien aurrean jarri zuen, ikusten ez dutenean seguruago daudela eta inork ez dituela ikusten uste duten hegaztien antzera. Ahots dardarati samarraz honako serenata kantatu, edo hobeto esan errezitatu, zuen:

 

                NESKA GAZTEA ETA USOA

                Ibarrean, mendien atzean urruti,

                eguzkia egunean ordubete baino ez da agertzen;

                ibarrean etxe ilun bat dago,

                eta atarian belarra hazten da.

                Ateak eta leihoak beti itxirik daude.

                Teilatutik ez da kerik ateratzen.

                Baina eguerdian, eguzkia ateratzen denean,

                leiho bat ireki, eta orduan,

                umezurtza eseri egiten da goruan irunez:

                irun eta abestu egiten du

                kantu triste bat;

                baina inongo kantuk ez dio erantzuten.

                Egun batean, udaberriko egun batean,

                uso bat ondoko zuhaitzean pausatu zen,

                eta neskaren kantua entzun zuen.

                Neskatxa, esan zion, ez zara negarrez bakarrik ari

                gabirai anker batek laguna harrapatu dit.

                Esadazu, usoa, gabirai ankerra non den

                eta hodeiak baino gorago igo bada ere

                berehala eraitsiko dut.

                Baina niri, gajoa, nork ekarriko dit anaia,

                erbestean den anaia?

                Esadazu, neskatxa, zure anaia non den,

                eta nire hegoek eramango naute haren ondora.

 

        Horra hor, ongi hezitako usoa! —oihu egin zuen Orsok arreba besarkatuz, bere hunkidura erakutsi nahi zuen txantxa-giroaren oso bestelakoa izanik.

        —Zure kantua liluragarria da —esan zion Miss Lydiak. Nire albumean idaztea nahiko nuke. Ingelesera itzuli eta musika ipin diezaioten aginduko dut.

        Tutik ere ulertu gabeko koronelak ere zorionak eman zizkion, eta gero honakoa erantsi zuen:

        —Zuk aipatutako uso hori, andereño, gaur erreta jan dugun hegaztia al zen?

        Miss Nevilek bere albuma ekarri zuen eta harritu egin zen bertsolariak bere kantua paperean era berezian kokatzen zuela ikusita. Bertsoak ez zeuden zutabeka; orrialdearen zabalera osoa hartuz elkarren segidan baizik. Horrela ohiko konbinazio poetikoen formatik (lerro motzak eta luzera desberdinekoak albo bakoitzean marjina utziz) ihes egiten zen. Colomba andereñoaren ortografia bitxi samarraz ere ohar batzuk egitea merezi zuen, Orsoren anai harrotasuna zigortu arren Miss Nevili irribarre behin baino gehiagotan eginarazi ziolako.

        Lotarako ordua heldu zenean, bi neskak beren gelara erretiratu ziren. Han Miss Lydiak koilarea, belarritakoak eta eskumuturrekoak kendu bitartean, Colomba bere soinekotik gerruntzeko hagatxoa bezalako zerbait luzea baina forma desberdinekoa kentzen ikusi zuen. Colombak ia ezkutuka, mahai gainean utzitako mezzaroaren azpian ipini zuen. Gero belaunikatu eta debozioz otoitz egin zuen. Handik bi minutura oheraturik zegoen. Miss Lydia berez jakinguratsua zen, eta ingeles jatorra izaki, astiro ibili ohi zen erantzi behar zuenean. Mahaira hurbildu eta mezzaroa altxa egin zuen, urkilaren bat bilatzen ariko bailitzan. Zilar eta nakarrez apaindutako kirten eta guzti, ganibet luze samarra ikusi zuen. Lan dotorea egina zioten antzinako arma hari eta oso estimatuko zukeen zaletasuna zuen edonork.

        —Ohitura al da —galdetu zuen Miss Nevilek irribarrez— hemengo neskek gerruntzean honelako tresnatxoa eramatea?

        —Beharko! —hasperen egin zuen Colombak— Hainbeste gaizkile da hemen!

        —Eta zuk honela sasta egiteko ausardiarik izango al zenuke?

        Miss Nevilek, hitz egiten ari zela, ganibeta hartu eta teatroan bezala goitik behera sastada ematen zuenaren itxura egin zuen.

        —Behar izanez gero, neure burua edo neure lagunak defendatzeko balitz bai —erantzun zion Colombak ahots gozoz—... baina ez zaio horrela heldu behar. Zauritu nahi duzun pertsonak atzera egiten badu, zeure burua ziztatuko duzu. —eta altxatuta, honela argitu zion:— Begira, honela. Kolpea behetik gora emanez. Honela hil egiten dela esaten dute. Zorionekoak arma hauen premiarik ez dutenak!

        Hasperen egin, burua burukoaren gainean utzi eta begiak itxi zituen. Hura baino aurpegi eder, noble eta garbiagorik ikusterik ez zegoen. Fidiasek bere Minervaren eskultura egiteko eredu hoberik ez zukeen nahiko.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996