Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMALAUGARREN KAPITULUA

 

        Saveriak denboraldi luze samarra egin zuen kanpoan eta Orso oso urduri zegoen, baina azkenean eskutitza eskuan zuela itzuli zen ondoan Chilina txikia zuelarik. Neskatxa begiak igurzten ari zen, lo hartu berritan esnatu zutelako.

        —Baina ume hori, zertara zatoz garai honetan? —galdetu zion Orsok.

        —Andereñoak hots egin dit —erantzun zion Chilinak.

        «Zer arraiotarako behar ote du?» galdetu zion bere buruari Orsok, baina berehala Miss Lydiaren gutuna ireki zuen, eta irakurri bitartean, Chilina Colombarengana joan zen.

 

        «Nire aita gaixo samarturik ibili da, jauna —esaten zion Miss Nevilek—, eta idazteko hain alferra denez gero, nik idazkari-lanak egin behar izan dizkiot. Gogoratuko duzu lehengo egunean gurekin paisaiaz gozatu ordez itsas ertzean ehizan ari zela oinak busti zituela, eta dirudienez hori aski da zuen irla xarmangarri honetan sukarra izateko. Ipiniko duzun aurpegia sumatzen dut. Apustu egingo nuke zure sastakaia hartu nahian zabiltzala, baina besterik ez duzula izango espero dut. Beraz, nire aitak sukarra izan du eta nik estutasun ikaragarria. Begirune handikoa iruditzen zaidan prefetak, medikua ekarri zigun; oso adeitsua hau ere. Medikuak larrialditik atera gaitu, sukarrik ez du azken bi egunetan izan eta aitak berriro ere ehizara joan nahi du, baina nik oraindik ez diot uzten. Mendiko gaztelua nola aurkitu duzu? Mamu asko al dago? Nire aitari adarzabalak, basurdeak eta mufloiak agindu dizkiozulako galdetzen dizut hau guztia... Mufloi deitzen zaio animalia bitxi horri, ezta? Itsasoratzeko Bastiara joaten garenean zuen etxean ostatu izatea espero dugu, eta Della Rebbiatarren gaztelua, zuk hain zahar eta arlote deskribatzen duzun hori, ez ahal da gu barruan garela eroriko. Prefeta atsegina delako berriketarako gairik falta ez dugun arren, by the bye harro nago apur bat nahastu zaitudalako. Zutaz hitz egin dugu, jauna. Bastiako agintariek kartzelan duten gaizkile bati buruzko albisteak bidali dizkiote eta zure azken susmoak deuseztatzeko modukoak dira. Beraz, batzuetan kezkatzen nauen zure etsaitasun horri amaiera eman behar zaio. Ez dakizu asko ideia horrek zenbat pozten nauen. Voceratricearekin batera fusila eskuan eta bekozkoarekin abiatu zinenean, ohi baino korsikarragoaren itxura zenuen... korsikarregia zeundela esango nuke. Baina aski da! Hain luze eta zabal idazten badizut, aspertu egiten naizelako da. Prefeta joatekoa da. Lastima! Mendiko bidea hartzerakoan mezua bidaliko dizuegu eta Colomba andereñoari idaztera ausartuko naiz, bruccio, ma solenne eskatzeko. Ordura arte, nire adeitasunaren berri eman. Haren sastakaia asko erabiltzen dut ekarri dudan nobelaren orriak irekitzeko, baina hain eginkizun kaxkarrean erabiltzen dudalako kexu izaki, zoritxarrez liburua urratu egiten dit. Agur, jauna. Nire aitak his best love bidaltzen dizu. Entzun prefetari. Aholku onak ematen ditu eta bere bidaian apur bat desbideratu egin dela uste dut, zurekin hitz egin ahal izateko. Corte-ra doa zerbaiten lehen harria ipintzera. Zeremonia ederra izango dela iruditzen zait eta damu dut han egoterik ez izatea. Kasaka bordatua, zetazko galtzerdiak, banda gerrian eta igeltseroaren paleta eskuan duen jauna... eta hitzaldia. Zeremoniaren bukaeran Biba erregea! oihukatuko dute milaka ahotsek. Lau orrialde betearazi dizkidazulako agian harro egongo zara, baina, berriz diotsut, aspertu egiten naiz. Horregatik ari naiz luze eta zabal idazten. Dena dela, harritzen naiz zuk oraindik Pietranera-Castle-ra ongi heldu zarela idatzi ez izana.

Lydia

        PS. Mesedez prefetari entzun eta esandakoa egitea eskatzen dizut. Bion ustetan zulo horrela jokatu behar zenuke eta niri atsegin litzaidake.»

 

        Orsok hiruzpalau aldiz irakurri zuen gutuna, irakurraldi bakoitzari iruzkin-pilo bat buruz erantsiz. Gero erantzun luzea idatzi zuen eta Saveriari eman zion, gau hartan Ajacciora abiatzekoa zen gizon baten esku utz zezan. Arrebarekin Barricinitarren irainez, egiazkoez zein gezurrezkoez, eztabaidatzeko asmorik ez zuen, Miss Lydiaren gutunak dena arrosa-koloreko ikustarazten ziolako. Jadanik ez zuen, ez susmorik eta ez gorrotorik. Arreba jaitsi zain egon zen, baina etortzen ez zela ikusita, oheratzea erabaki zuen. Aspaldian ez bezala bere burua arindua sentitzen zuen. Agindu misteriotsu batzuk emanda Chilina agurtu ondoren, Colombak ia gau guztia paper zaharrak aztertzen igaro zuen. Egunsentia baino lehentxeago, harri txiki batzuek leihoa jo zuten, eta seinale hura entzunda lorategira jaitsi zen. Ataka bat ireki eta itxura txarreko bi gizon sartu ziren. Beste ezer baino lehen, sukaldera eraman eta jaten eman zien. Gero jakingo dugu gizon haiek nortzuk ziren.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996