Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMAZORTZIGARREN KAPITULUA

 

        Orso abiatu eta laster, bere zelatariei esker Colombak Barricinitarrak mendira joan zirela jakin zuen eta harez gero oso urduri zegoen. Etxean batetik bestera zebilen, sukaldetik gonbidatuentzat prestatutako geletara, ezer egin gabe, baina beti lantsu. Noiznahi geratzen zen, herrian ohizkanpoko ezer sumatzen ote zen begiratuz. Hamaikak aldera Pietranerara talde ugari samarra heldu zen: koronela, bere alaba, zerbitzariak eta gidaria ziren. Agurtu zituenean, Colombaren lehen hitzak hauek izan ziren:

        —Nire anaia ikusi al duzue?

        Gero gidariari zein bidetatik etorri ziren galdetu zion, noiz abiatu ziren, eta erantzunaren arabera, harritzekoa zen anaiarekin topo ez egitea.

        —Agian zure anaia goitik joango zen —esan zion gidariak—. Gu behetik etorri gara.

        Baina Colombak buruari eragin eta galderak egin zizkion berriz. Arrotzei bere baitako ahuleziak ezkutatzeko berezko joera bazuen ere, zeuzkan kezkak ezin zituen disimulatu eta koronelari, baina batez ere Miss Lydiari, jakinarazi zizkion. Adiskidetzeko egindako saioak zer-nolako ondorioa izan zuen aditzera eman zien. Miss Nevil asaldaturik zegoen, noranahi mezulariak bidali nahi zituen, eta aita berriz ere zaldiz gidariarekin Orsoren bila joateko prest zegoen. Gonbidatuen urduritasunak Colombari etxekoandre gisa betebehar batzuek zituela gogorazi zion. Irribarre egiten saiatu zen, koronelari eser zedila eskatu zion, eta anaia berandu zergatik zetorren argitzeko hogei aitzakia bururatu zitzaizkion, baina une batez berak banaka-banaka denak alboratu zituen. Gizona zenez emakumeak lasaitzea bere eginkizuna zela sinetsita, koronelak ere bere argibideak eman zituen.

        —Apustu egingo nuke Della Rebbiak bidean ehiza topatu duela —esan zuen—, eta tentazioari uko egin ezinda hor geratuko zen. Zorroa bete-bete eginda etorriko zaigu. Jakina! —erantsi zuen—. Gu hona gentozela lau tiro entzun ditugu. Bi ahul samarrak ziren eta beste bi ozenak. Alabari honakoa esan diot: «Egingo nuke Della Rebbia ehizan dabilela. Nire fusilak baino ezin dezake horrelako zaratarik atera».

        Colomba zurbildu egin zen, eta arretaz begiratzen zion Lydiak koronelaren iradokizunak Colombari sortarazi zizkion susmoak erraz asmatu zituen. Isilune txiki baten ondoren, Colombak berehala galdetu zuen tiro ozenak besteak baino lehen ala geroago entzun zituzten, baina ez koronelak, ez alabak eta ez gidariak, funtsezko puntu hartaz arduratu ez zirelako ez zekiten.

        Ordu bata aldera, eta bidalitako mezulariak artean itzuli ez zirelarik, Colombak bere ausardia guztia erabili zuen gonbidatuak mahai-inguruan eser zitezen, baina koronelak izan ezik, inork ez zuen ezer jan. Plazatik edozein zarata bazetorren, Colomba leihora joaten zen, handik triste itzuli eta, are eta tristeago, bere gonbidatuekin etenunez jositako elkarrizketa mantentzen saiatzen zen, inork ere jaramonik egiten ez ziolarik.

        Bat-batean zaldi-hotsa entzun zen.

        —A! Oraingoan bai. Hau nire anaia da —esan zuen Colombak jaikiz.

        Baina Orsoren zaldi gainean Chilina ikusita, suminduraz betetako ahotsaz honela egin zuen deiadar:

        —Nire anaia hil egin da!

        Koronelari edalontzia eskutik erori zitzaion, Miss Nevilek garrasi egin zuen eta denak atarira joan ziren. Chilina jaitsi baino lehen, Colombak luma bailitzan eraitsi zuen zelatik, eta hainbeste estututa ia ito ere egin zuen. Neskatxak ulertu zuen begirada ikaragarriaren esanahia eta bere lehen hitza Otelo-ko koruan bezalakoa izan zen:

        —Bizi da!

        Colombak besoa lasaitu zuen, eta Chilina katua baino azkarrago lurrera erori zen.

        —Eta besteak? —galdetu zuen Colombak ahots zakarrez.

        Chilinak gurutzea egin zuen behatz erakusleaz eta erdikoaz. Colombaren aurpegian zurbiltasunaren ondoren gorritasuna nabarmendu zen. Barricinitarren etxeari begirada zorrotza bota zion, eta gonbidatuei irribarre eginez honela esan zien:

        —Sartu eta kafea har dezagun.

        Bidelapurren Ostadarrak zer kontaturik bazuen. Haren dialektoa Colombak hitzez hitz italierara itzuli zuen, eta gero Miss Nevilek ingelesera. Koronelari madarikazio bat baino gehiago atera zitzaion, eta Miss Nevili hasperen ugari ere bai. Colombak ordea, zirkinik egin gabe entzuten zuen. Dafaila bihurritzen zuen, puskatu egin nahi bailuen. Bospasei aldiz gerarazi zuen neskatxaren mintzaldia, Brandolaccioren ustetan zauria ez zela larria eta gauza okerragoak ikusi zituela errepika zezan. Bukaeran, Chilinak Orsok behin eta berriz idazteko papera eskatzen zuela jakinarazi zien, eta arrebak agian etxean egongo zen andereñoari eska ziezaiola haren gutuna jaso baino lehen ez zedila joan.

        —Hori da gehien kezkatzen duena —erantsi zuen neskatilak—, eta abiatua nintzela ere, gerarazi eta mezu hori esan dit berriz. Hirutan jakinarazi dit gauza bera.

        Anaiaren eskakizun hura entzunda Colombak irribarre egin zuen eta andereño ingelesaren eskua estutu. Miss Nevil negarrez hasi zen, eta kontakizuneko zati hura bere aitari itzultzea ez zitzaion egokia zenik iruditu.

        —Nirekin geratuko zara, lagun hori —esan zion Colombak Miss Nevili musu emanez—, eta lagundu egingo diguzu.

        Gero armairutik erabilitako arropa zuri asko atera zuen eta urratzen hasi zen bendak egin asmoz. Begietako sua eta aurpegiko gorritasuna ikusita, urduritasuna eta lasaitasuna txandaka ikusita, zaila zen anaia zaurituta zegoelako tristura ala etsaiak hilda zeudelako poza zeukan erabakitzea. Koronelari kafea zerbitzatzen zion, kafe bikaina egiten zuela erakutsiz, baina aldi berean Miss Nevil eta Chilinari lana ematen zien bendak josi eta bil zitzaten. Ehun bider galdetu zion neskatilari Orson zauriak min handia ematen zion. Bere lana noiznahi eten egiten zuen, koronelari honakoa esanez:

        —Hain trebe eta beldurgarri ziren bi gizon!... Eta berak zaurituta, beso bakarraz... biak bota ditu. Hori da ausardia, hori! Ez al da hala, koronela? Ez al da heroia? A! Miss Nevil! A zer nolako suertea den zuena bezain lurralde baketsuan bizitzea! Seguru nago zuk oraindik nire anaia ez duzula ezagutzen. Nik esan nizun: «gabiraiak bere hegoak zabalduko ditu!»... Zu oker zenbiltzan haren itxura patxadatsua ikusita... Izan ere, zure ondoan, Miss Nevil... Beretzat lanean ikusiko bazintu!... Orso gaixoa!

        Miss Lydiak ez zuen lan handirik egiten, eta zer esanik ere ez zetorkion burura. Aitak berriz, epailearen aurrean auzia jartzeko zeren zain zeuden galdetzen zuen. Coroner—aren inkestaz eta Korsikan ezagutzen ez zituzten beste hainbat gauzaz hitz egiten zuen. Zaurituari lagundutako Brandolaccio jaun haren baserria Pietraneratik oso urruti zegoen jakin nahi zuen eta ea berak laguna ikustera joaterik izango zuen.

        Colombak bere ohiko patxadaz erantzuten zion Orso maquisetan zegoela, bidelapurrak zaintzen zuela, prefetaren eta epaileen erabakiak jakin aurrerik anaiarengana joaten bazen arrisku handitan sartuko zela, eta azkenik, zirujau treberen bat isilpean anaiarengana bidaltzen moldatuko zela.

        —Batez ere, koronel jauna —zioen Colombak—, gogoan izan zuk lau tiro entzun dituzula eta Orsok azkenekoak bota zituela.

        Koronelak arazo hura guztia ez zuen batere ulertzen, eta alaba etengabe hasperenka eta begiak igurtziz ari zen.

        Eguna aurrera zihoala, talde triste bat heldu zen herrira. Barricini abokatuari bere semeen gorpuak ekarri zizkioten, bakoitza mando baten gainean zeharka ipinita, aurrean nekazari bat zelarik. Familiako lagunak eta kalean zebiltzan asko zihoazen ostean. Beti beranduegi heltzen diren jendarmeak ere han ziren, alkateordearekin batera. Azken honek, besoak altxatuta honakoa zioen etengabe: «Zer esango du jaun prefetak?» Emakume batzuek (besteak beste Orlanduccioren inudeak) ileari tiratuta garrasi basatiak egin zituzten. Hala ere, samin zaratatsuak begirada guztiak erakartzen zituen pertsonaien etsipen isilak baino zirrara txikiagoa eragiten zuen. Aita gizajoa gorpu batetik bestera joaten zen. Lurrez zikindutako buruak altxa eta ezpain moreetan musu ematen zien, edo jadanik zurrun zeuden zangoak altxatzen zizkien bideko zuloak saihestu nahian edo. Batzuetan hitz egiteko ahoa irekitzen zuen, baina handik ez zen hitzik ateratzen; ezta garrasirik ere. Begiak hilotzetan finko, bideko harri, zuhaitz eta koska guztiekin egiten zuen behaztopa.

        Emakumeen negarrak eta gizonen madarikazioak areagotu egin ziren Orsoren etxea ikusi zutenean. Della Rebbiatar artzain batzuk garaitzapen-oihu batzuk egitera ausartu zirelako, etsaien haserrea berehala nabarmendu zen: «Mendekua! Mendekua!» deiadar egin zuten batzuek. Harriak bota zituzten, eta Colomba bere gonbidatuekin zegoeneko gelara tiro eginda, bi balak kontraleihoak pasa eta ezpalak bi emakumeak zeudeneko mahairaino heldu ziren. Miss Lydia izututa garrasika hasi zen, koronelak fusila hartu zuen, eta Colomba, inork oztoporik jarri baino lehen, etxeko ateraino joan eta ireki egin zuen. Han, zutik, atarian bi eskuak etsaiak madarikatzeko luzatuta zituelarik, deiadar egin zuen:

        —Koldar halakoak! Emakumeei eta arrotzei erasotzera besterik ez zarete ausartzen! Zuek ez zarete korsikarrak! Ez zarete gizon! Atzetik tiro eginda hiltzen baino ez dakizue, doilor halakoak! Ausart zaitezte nirekin! Desafio egiten dizuet! Bakarrik nago. Nire anaia urruti dago. Hil nazazue! Hil nire gonbidatuak! Hori egiteko gauza zarete, bai! Ez zarete ausartzen, e? Oilobusti halakoak! Badakizue guk mendeku hartzen dugula. Emakumeak bezala negar egitera joan zaitezkete, eta pozik egon behar zenukete odol gehiago eskatzen ez dugulako.

        Colombaren ahotsak zein jarrera, ikaragarriak, beldurgarriak, ziren. Jendeak hura ikusita atzera egin zuen izututa, sorgin gaiztoren bat bat-batean agertu bailitzaien. Esan beharra dago Korsikan neguan gauean sorginei buruz istorio ikaragarriak kontatzen dituztela. Alkateordea, jendarmeak eta emakume batzuk abagune hartaz baliatu ziren bi taldeen artean jartzeko. Izan ere, Della Rebbiatarren aldeko artzainak beren armak kargatzen ari ziren eta une batez plazan berebiziko triskantzari hasiera emango ziotela zirudien. Baina bi taldeak buruzagirik gabe zeuden, eta korsikarrak, beren beroaldietan diziplina dutelako, nekez hasten dira borrokan elkarren arteko gatazken arduradun nagusirik gabe. Bestetik, arrakastan zuhurtzia erakutsiz, Colombak bere goarniziotxoa baretu egin zuen.

        —Utzi gizajo horiek negar egin dezaten —esan zien—. Utzi agure horrek bere haragia jaso dezan. Kosk egiteko hortzik ez duen azeri zahar hori hiltzea zertarako litzateke? Giudice Barricini! Gogoratu abuztuaren biaz! Gogoratu zure gezurti eskuaz idatzitako karrera odolduaz! Gure aitak han idatzi zuen zure zorra. Semeek ordaindu dute. Niretzat zorra kitatuta dago, Barricini zahar hori!

        Besoak gurutzatuta eta ezpainetan mesprezu-irribarrea zuelarik, Colombak hilotzak etsaien etxera eramaten era gero jendetza poliki sakabanatzen ikusi zuen. Orduan atea itxi, jangelara itzuli eta honela mintzatu zitzaion koronelari:

        —Nire herrikideengatik barkamena eskatzen dizut, koronel jauna. Ez nuen uste Korsikako gizonak arrotzak daudeneko etxe baten kontra tiro egiteko gauza izango zirenik. Nire Herriaz lotsatuta nago.

        Gauean, Miss Lydia logelara joan zenean, koronelak lagundu egin zion eta han denbora gehiago igaro gabe biharamun goizean alde egitea ez ote zuten hobe galdetu zion. Han, izan ere, edozein unetan buruan balaz jota hiltzeko arriskutan zeuden eta Herri hartan hilketa eta traizioa besterik ez zegoen.

        Miss Nevilek geroxeago erantzun zion, zeren eta aitaren iradokizunak harrituta utzi baitzuen. Azkenean, honela mintzatu zen:

        —Lagundu beharreko egoera honetan nolatan utziko dugu gajo hau bakarrik? Ez al zaizu ankerkeria iruditzen?

        —Zuregatik nioen, alaba hori —erantzun zion koronelak—, eta Ajaccioko hotelean inolako arriskurik gabe seguru zeundekeela pentsatuko banu, Della Rebbiari eskua eman gabe irla madarikatu hau utzi beharrak pena emango lidake.

        —Beraz, ezertan ezin diegula lagundu seguru egon arte ez gaitezen abiatu.

        —Hori da bihotz onekoa izatea, hori! —esan zuen koronelak alabari bekokian muin emanez—. Poz ematen dit besteren nahigabea arintzeko horrela sakrifikatzen zarela ikusteak. Geratu egingo gara. Ekintza onagatik norbera ez da inoiz damutzen.

        Oheratu ondoren, Miss Lydia jira eta buelta ibili zen lo hartu ezinik. Batzuetan, entzuten zituen zurrumurru batzuk etxeari eraso egiteko prestaketa zirela iruditzen zitzaion. Beste batzuetan berriz, bere burua lasaitzea lortzen zuenean, zauritutako gaixoaz pentsatzen zuen. Agian lur hotzean etzanda egongo zen, bidelapur batek eskain ziezaiokeen laguntza besterik eduki gabe. Orso odolduta zegoela iruditzen zitzaion; berebiziko minez. Bitxia zen, ordea, Orsoren irudia bururatzen zitzaion bakoitzean hark eman zion talismanari muin ematen ikustea... Gero haren ausardiaz pentsatzen zuen, eta bera zerbait lehenago ikusteko arrisku beldurgarritan ibili eta nola edo hala handik atera zela. Orsok besoa haren defentsan hautsi zuela sinesteko ez zuen ezer falta. Zaurituta egoteak kezkatzen zuen, baina horrexegatik miresten zuen, hain zuzen. Bi batera botatzeak Brandolacciorentzat eta Colombarentzat adinako meriturik ez bazuen ere, nobeletako pertsonaia gutxik erakutsi zuten hain arrisku handietan horrelako patxada eta ausardiarik.

        Colombaren logelan zegoen. Belaunikatzeko haritzezko aulki baten gainean eta bedeinkatutako palma baten ondoan, hormatik zintzilik alferiz jantzitako Orsoren miniatura zegoen. Miss Nevilek erretratua hormatik hartu eta denbora luzez egon zen begira. Azkenean ohe ondoan utzi zuen, horman berriz eseki ordez. Egunsentira arte ez zuen lorik hartu, eta eguzkia goi samarrean zegoen esnatu zenean. Ohe aurrean, Colomba zain zeukala ikusi zuen. Geldirik zegoen, begiak noiz irekiko zituen begira.

        —Zer moduz? Gure etxe xumean ez da oso gaizki egoten, ezta? —galdetu zion Colombak—. Ia lorik ez zenuela egingo iruditzen zait.

        —Bere berririk ba al duzu, lagun? —galdetu zion Nevil andereñoak jaikiz.

        Orduan Orsoren erretratua ikusi zuen, eta berehala zapitxo bat bota zuen gainera ezkutatzearren.

        —Bai. Berriak ditut —baieztatu zion Colombak irribarrez.

        Eta gero erretratuari helduz:

        —Antzik baduela iruditzen al zaizu? Bera aurrez aurre ikusita hobeto dago.

        —Ene Jaungoikoa... —murmuratu zuen Miss Nevilek aztoratuta—. Ustekabean... erretratu hau... hartu dut... Dena erabili... eta gero bere lekuan ezer ez uzteko akatsa dut. Nola dago zure anaia?

        —Nahikoa ongi. Giocanto goizaldera etorri da, laurak baino lehen. Miss Lydia, zuretzat gutun bat ekarri dit. Niri ez dit idatzi. Azalean «Colombarentzat» dio, baina gero «Miss N...entzat» ipintzen du. Arrebak ez dira jeloskorrak izaten. Giocantok dioenez, oso nekez ibili da idazten. Oso letra ona duenez, Giocantok hark esana idatziko ziola esan dio, baina ez zuen nahi. Ahoz gora etzanda lapitzez idatzi du, Brandolacciok paperari eutsi dion bitartean. Anaiak jaiki egin nahi zuen, baina berehala min izugarriak sentitzen zituen besoan. «Pena ematen zuen» esan dit Giocantok. Hona hemen zure gutuna.

        Miss Nevilek segurtasuna medio ingelesez idatzita zegoen eskutitza irakurri egin zuen. Honela zioen:

 

        «Andereño hori:

        Zorigaiztoak bultza nau. Ez dakit nire etsaiek zer esango duten eta zer-nolako faltsukeriak asmatuko dituzten. Zuk sinesten ez badituzu, andereño, bost axola zaizkit. Zu ikusi zintudanetik amets eroak izan ditut, eta hondamen honek gertatu behar izan du nire erokeriaz kontura nadin. Orain etorri zait zentzuna. Badakit zer-nolako etorkizuna izango dudan eta etsipenez jasango dut. Zuk eman zenidan eta nik zorioneko talismantzat nuen eraztun hau gordetzera ez naiz ausartzen. Beldur naiz opari hau hain esku txarretan ipini izanagatik ez ote zaren damutuko. Edo, hobeto esan, beldur naiz neure eroaldia ez ote didan gogoraziko. Colombak itzuliko dizu... Agur, andereño. Zuk Korsika utzi egingo duzu eta nik ez zaitut berriz ikusiko, baina esan iezaiozu arrebari oraindik ere estimatzen nauzula, eta nik, erabat sinetsita diotsut, merezi dut.

O.D.R.»

 

        Miss Lydia apur bat jiratu egin zen gutun hura irakurtzeko, eta arretaz begira zegokion Colombak, eraztun egiptoarra itzuli zion, begiekin zer esan nahi zuen galdetuz. Baina Miss Nevil ez zen burua altxatzera ausartzen, eta triste begiratzen zion eraztunari, behatzean ipini eta kenduz.

        —Miss Nevil maitea. Anaiak zer idatzi dizun jakiterik ba al dut? —galdetu zion Colombak— Nola dagoen esaten al dizu?

        —Ba... ez dit horrelakorik aipatzen... —erantzun zion Miss Lydiak gorrituta—. Gutuna ingelesez dago... Nire aitari gauza batzuk esatea... Prefetak konponduko duela espero du...

        Colomba ohean eseri zen irribarre maltzurraz. Miss Lydiaren bi eskuak hartu eta bere bi begi biziak harengan finkatuz honela hitz egin zion:

        —Zintzoa izango al zara? Erantzun egingo diozu, ezta? A zer nolako mesedea egingo diozun! Zure gutuna heldu denean, une batez zu esnatzeko zorian egon naiz, baina ez naiz ausartu.

        —Gaizki egin duzu —esan zion Miss Nevilek—. Nire hitz batzuek...

        —Orain ezin diot eskutitzik bidali. Prefeta heldu da eta Pietranera morroiz betea dago... Geroago beharko du. Ai! Zuk nire anaia ezagutuko bazenu, Miss Nevil, nik adina maiteko zenuke... Hain da ona! Hain da ausarta! Ikusi al duzu zer egin duen? Berak bakarrik bi, eta zaurituta gainera.

        Prefeta itzulia zen; alkateordearen mezulari batek berri emanda, jendarme eta voltigeurs izeneko soldaduez hornituta itzuli ere. Fiskala, eskribaua eta abar ere etorriak ziren azken hondamendiaren auzia bideratzeko. Auzi hark Pietranerako familien arteko etsaitasunak nahastu —edo, nahiago izanez gero, amaiarazi— egiten zituen. Etorri eta laster, prefetak Nevil koronelarekin eta bere alabarekin hitz egin zuen, eta arazoa gaiztotu egingo ote zen jakinarazi zien.

        —Jakingo duzue tiroketan lekukorik ez dela izan —esan zuen—, eta bi gizajo horien trebetasuna eta ausardia hain handia zenez, inork ez du onartzen Della Rebbia jaunak babestu duten bidelapurren laguntzarik gabe horiek bota dituenik.

        —Hori ezinezkoa da —deiadar egin zion koronelak—. Orso Della Rebbia zalduna da. Ni naiz haren jokabidearen erantzule.

        —Nik ere halaxe uste dut —esan zuen prefetak—, baina fiskala ez dut uste iritzi horretakoa denik. (Jaun horiek, badakizu, fidagaitzak dira). Zuk, koronel jauna, zure lagunaren kontrako proba bat duzu. Orlanducciori mehatxuka egindako gutuna da. Zita bat ematen zaio... eta zita hori segada izan da.

        —Orlanduccio delako horrek —erantsi zuen koronelak— uko egin zion zaldun gisa duelua egiteari.

        —Hemen ez dago horretarako ohiturarik. Hemen jendeak segada prestatzen du. Bizkarretik tiro eginda hiltzen da. Hori da hemengo usadioa. Egia da aldeko arrasto bat badagoela. Neskatxa batek dioenez, lau tiro entzun zituen, eta horietako bi, azkenekoak, beste biak baino ozenagoak ziren; Della Rebbia jaunarena bezalako kalibre handiko fusilez egindakoak. Zoritxarrez, ume hori konplize dituen gaizkile susmagarrietako baten iloba da eta buruz ikasitako lezioa ari da errepikatzen.

        —Nire aita eta ni bidean gindoazela egin zituzten tiro horiek, jauna —parte hartu zuen Miss Lydiak gorri-gorri eginda—, eta guk ere gauza bera entzun genuen.

        —Benetan? Hori garrantzitsua da. Eta zuk, koronel jauna, inola ere gauza bera esango duzu, ezta?

        —Bai —erantsi zuen berehala Miss Nevilek—. Armak maneiatzen ohituta dago gure aita eta honela esan zuen: «Hor dabil Della Rebbia jauna nire fusilarekin tiroka.»

        —Eta zuk ezagututako bi tiro horiek, azkenak izan al ziren?

        —Azkeneko biak, ezta, aita?

        Koronelaren oroimena ez zen ona, baina nolanahi ere, alabari ez zion kontra egin ohi.

        —Fiskalari berehala eman behar zaio horren berri, koronel jauna. Gainera gorpuak aztertzera forensea arratsaldean etorriko dela espero dugu, eta zauriak delako arma horrek eginak diren ala ez erabakiko du.

        —Nik Orsori opari eman nion —esan zuen koronelak— eta nahiago nukeen itsasoaren hondoan egon balitz!... Hau da... Poz hartzen dut eskuan zuelako. Izan ere, nire Manton-a gabe gizajoak ez dakit estutasunetik nola irten behar zuen.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996