Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMAZAZPIGARREN KAPITULUA

 

        Disziplinarik gabeko jarraitzaileengandik libraturik, Orso bere bidean zihoan eta buruan ideia nagusia etsaiekin topo egitea baino gehiago berriz ere Miss Nevil ikustea zuen. «Barricini doilor horien kontra zabalduko dudan auziagatik Bastiara joan beharko dut —pentsatzen zuen—. Zergatik ez diot Miss Nevili hara lagunduko? Eta zergatik ez gara denok batera Bastiatik Orezzako uretaraino joango?». Haurtzaroko oroitzapenek bere irudimenera leku hura garbi ekarri zuten. Mendeak dituzten gaztainondo haietako baten azpian, belar berdearen gainean zegoela pentsatu zuen. Zohi hartan belar distiratsua zegoen, han-hemenka irribarre dagiten begiak bezalako loreak barreiatuta zeudelarik, eta Miss Lydia bere ondoan eserita ikusten zuen. Neskak kapelua kendu egin zuen, eta bere ile horiak, zeta baino finago eta leunagoak, adar artetik sartzen zen eguzkiak bezala diz-diz zegien. Haren begiak, urdin-urdinak, ortzia baino urdinagoak zirela iruditzen zitzaion. Masaila eskuan zuela, pentsakor entzuten zizkion berak dardarati esandako hitzak. Azkeneko egunean Ajaccion ikusitako muselinazko soineko bera zeraman. Gona-ertzetik oin txikia ateratzen zen, oinetako beltzez jantzia. Orsok oin hari musu emanda oso zoriontsu izango zela pentsatzen zuen, baina Lydiak eskularrurik gabeko esku batean bitxilorea zeukan. Orsok bitxilore hura kendu eta Orsoren eskuak haren eskua estutu zuen. Bitxiloreari muin eman eta gero eskuan ere bai, eta neska haserretu egin zen... Pentsamendu haiek guztiek, trostan joan arren bideari arretaz begiratzen ez zioten uzten. Bere irudimenean Miss Nevilen esku zuriari bigarrenez muin ematera zihoanean, ia-ia zaldiaren buruari musu eman zion, bat-batean geratu egin zelako. Izan ere, Chilina aurrean zuen eta bidea itxiz bridatik heldu zion.

        —Nora zoaz horrela, Ors' Anton'? —galdetu zion—. Ez al dakizu zure etsaia hemen gertu duzula?

        —Nire etsaia! —oihu egin zion haserre, une goxo hura eten ziolako—. Non dago?

        —Orlanduccio hemen inguruan da. Zain daukazu. Atzera jo ezazu!

        —A! Zain daukat, beraz. Zuk ikusi al duzu?

        —Bai, Ors' Anton'. Ni garotan etzanda nengoela pasatu da. Kataloxaz bazter guztietara begira ari zen.

        —Nora zihoan?

        —Hortik zihoan, orain zu zoazen aldera.

        —Mila esker.

        —Ez al zenuke nire osabaren zain egon behar, Ors' Anton'? Berehala etorriko da eta harekin seguru joango zara.

        —Lasai egon, Chili. Ez dut zure osabaren beharrik.

        —Zuk nahiko bazenu, ni aurretik joango nintzateke.

        —Ez, eskerrik asko.

        Eta zaldia ezproiez ziztatuta, Orso neskatxak esandako aldera bizkor joan zen.

        Lehen bihozkadaz haserreak hartu zuen, eta zoriak koldar hura zigortzeko aukera paregabea eskaintzen ziola pentsatu zuen. Muturreko bategatik zaldia zaurituta mendeku hartzen zuen beldurti hura astindu nahi zuen. Baina zaldiz aurrera zihoala, prefetari egindako promesa eta, batez ere, Miss Nevili egin beharreko bisita bertan behera geratuko zela medio, iritzi hura kolokan zeukan eta ia nahiago zuen Orlanduccio ez topatzea. Baina aitari buruzko oroitzapenek, zaldia zaurituta egindako irainak eta Barricinitarren mehatxuek haserre bizia sortarazten zioten eta su eta gar arerioaren bila joan nahi zuen, hura xaxatu eta duelua izan zezaten. Elkarren kontrako joerez asaldaturik aurrera zihoan, baina kontu hartuz eta sastraketara begiratuz. Batzuetan geratu ere egiten zen, mendian haizeak zekartzan zurrumurruak entzunez. Chilinarengandik aldendu eta hamar bat minutura, (goizeko bederatziak aldea izango zen) malda malkartsu baten gainean zegoen. Bidea (edo bidezidorra, hobeto esan), erre berria zen maquis batean zehar zihoan. Leku hartan zorua errauts zurixkaz estalita zegoen, han-hemenka zuhaixka batzuk eta arbola handi batzuk barreiatuta zeudelarik. Suak belztu zituen eta batere hostorik gabe zeuden, zutik, nahiz eta hilik egon. Erretako maquisaren aurrean, norberak iparraldeko lurraldean negu gorrian dagoela uste du, eta erretako lekuek landaredi oparoko inguruarekin duten kontrastea medio, are eta tristeago zein biluziago direla ematen du. Dena den, une hartan Orsok paisaia hartan gauza bat besterik ez zuen ikusten; haren egoeran gauza garrantzitsua, hain zuzen. Lur biluzian ez zegoen segada ezkutatzerik. Noiznahi sastraka artetik pertsonaren bat fusila bularrera apuntatzen diola irtengo ote den beldur denean, oztoporik gabeko lurralde biluzia oasi modukoa iruditzen zaio. Erretako maquisa baino harantzago, landutako alorrak zeuden, haien harrizko hesiaren altuera eskualdeko ohituraren arabera gizonaren bularrerainokoa zelarik. Bidezidorra alor haien artean zihoan, eta bertan barreiatuta zeuden gaztainondo ikaragarriei urrutitik baso itxiaren itxura hartzen zitzaien.

        Malda handia zela eta, Orso zalditik jaitsi egin zen uhala zaldiaren lepoan utzita. Azkar ari zen jaisten, errautsetan irristatuz. Bidearen eskuinaldeko harrizko hesi haietatik hogeita bost urratsetara edo zegoenean, aurrez aurre lehenbizi fusil baten kanoia ikusi zuen eta gero buru bat haren gainean. Arma jaitsiz joan zen eta Orsok Orlanduccio tiro egiteko prest zegoela sumatu zuen.

        Orso berehala bere burua defendatzen hasi zen eta bi gizonek une batez elkar aztertu zuten. Bata-bestea apuntatzen ari ziren, beste batek ala norberak hil behar duenean edozeinek sentitzen duen larritasun sakona barnean zutelarik.

        —Koldar madarikatua! —oihu egin zion Orsok.

        Hitz haiek esan orduko, Orlanduccioren fusil-muturrean sua ikusi zuen, eta ia aldi berean, bere ezkerraldean bideaz bestaldeko beste tiro baten hotsa heldu zitzaion. Bere harrizko hesiaren atzetik apuntatuta zeukan eta ikusi ez zuen gizon batek bota zion. Bi balek jo zuten: batak, Orlanducciorenak, ezkerreko besoa zeharkatu zion (apuntatzeko aurreratu zuena, hain zuzen), eta besteak bularrean jo zuen. Bigarrenak lebita urratu zion, baina zorionez sastakaiaren orria jota bala bertan zanpatuta geratu zen eta kolpe arina besterik ez zuen jasan. Orsoren ezkerreko besoa indarrik gabe izterreraino erori zen, eta fusilaren kanoia jaitsi egin zitzaion, baina Orsok berehala altxatu zuen berriz eta eskuineko eskuaz tiro egin zion Orlanducciori. Begietaraino baizik ikusten ez zuen arerioaren burua, hesiaren atzean ezkutatu zen. Ezkerrera jiratuz, Orsok beste tiroa ke-lainoan bildutako eta ia ikusi ere egiten ez zuen gizonaren kontra bota zuen. Gizon hura ere, berehala ezkutatu zen. Lau tiroak elkarren ondoan oso azkar entzun ziren, eta ongi hezitako tropak ere ez zukeen mailakatutako deskarga hain azkar egingo. Orsoren azken tiroaren ondoren, isiltasuna nagusitu zen berriro. Bere fusileko kea poliki-poliki ari zen gora igotzen. Hesiaren atzean ez zen inolako mugimendu eta zaratarik sumatzen. Besoko minik izan ez balu, Orsok tiro egindako bi gizonak irudimenak sortutako mamuak zirela pentsatuko zukeen.

        Beste tiroren bat botako zioten beldurrez, pauso batzuk eman zituen maquisean erretako zuhaitz batzuen atzean babestu nahiz. Bere gordelekuan, Orsok berehala kargatu zuen berriz bere fusila, belaun artean helduta. Ezkerreko besoan min handia zuen eta pisu ikaragarriari eusten ari zela iruditzen zitzaion. Zer egin ote zuten bere etsaiek? Ez zuen ulertzen. Ihes egin bazuten edo zaurituta bazeuden, hosto artean zebiltzalako zarataren bat entzungo zien. Hilda ote zeuden? Edo, beren hesietan babestuta berriz botatzeko zelatan ote zeuden? Buruan kezka hura zuela eta indarrik gabe geratzen ari zela igarrita, eskuineko belauna lurrean ipinita bestearen gainean zauritutako besoa ipini zuen. Erretako zuhaitzari enborretik adar bat erauzi zion, fusilarentzat euskarri gisa erabiltzearren. Behatza katuan, begia hesian eta belarria tente zituelarik, mendea baino luzeagoak iruditu zitzaizkion minutu batzuk igaro zituen geldi-geldirik. Azkenean bere atzean oihu bat entzun zuen urrutira. Handik laster, malda tximista baino azkarrago jaitsita Orsoren aurrean geratu egin zen, isatsa mugituz. Brusco zen; bidelapurren lagun eta ikaslea, seguru asko nagusia zetorrela gaztigatuz. Gizon zintzoa etor zedin inoiz ez zen orduan baino irrika handiagoz itxaron. Txakurra usnaka ari zen urduri, muturra goian zuela, hurbilen zegoen hesira jiratuta. Bat-batean zaunka egin, harrizko hesiaren beste aldera gainetik jauzi eginez pasatu eta ia berehala hesi gainean azaldu zen. Orsori begiratu zion, animaliak erakuts dezakeen bezain argi harridura adieraziz. Berriz ere usnaka egin zuen, beste alorrera jiratuta, eta hango hesia ere jauzi eginda pasatu zuen. Berehala agertu zen berriz ere, lehengo harridura eta urduritasuna erakutsiz. Gero maquisera isatsa hanka artean zuela etorri zen, beti ere Orsori begiratuz eta pausoan albaka beregandik urrunduz. Halako distantzia batera heldu zenean, korrika hasi zen aldapan gora. Ia beherakoan bezain azkar igo zuen malda handia izanagatik behera bizkor zetorren gizonarengana.

        —Brando! Zatoz hona! —deiadar egin zion Orsok entzungo ziola iruditu zitzaionean.

        —Ors' Anton'! E! Zaurituta al zaude? —galdetu zion Brandolacciok izerditan— Gorputzaren enborrean ala adarretan?

        —Besoan.

        —Besoan? Hori ez da ezer! Eta tiro egin dizuna?

        —Jo egin dudala uste dut.

        Bere txakurraren atzetik Brandolaccio ondoko alorrera korrika joan zen eta hesi gainetik burua atera zuen. Orduan kapelua kenduz honela hitz egin zuen:

        —Nire konplimenduak, Orlanduccio jauna.

        Gero, Orsorengana jiratuta, serio agurtu zuen:

        —Niretzat hauxe da benetan gizona ongi konponduta uztea.

        —Bizirik al dago? —galde egin zion Orsok arnasestuka.

        —Ezta pentsatu ere! A zer nolako nahigabea duen zuk begitik sartu diozun bala dela eta! Alajainkoa! Hori da zuloa, hori! Fusil ona, bai jauna! A zer nolako kalibrea! Hori da buruko muinak txikitzea, hori! Lehenbizi pin! pin! entzun dudanean, Ors' Anton', honakoa pentsatu dut: «Arraioa! Nire tenientea txikitu nahian zebiltzak». Baina gero pon! pon! entzun dut, eta: «Horra, hor, fusil ingelesa erantzuten» ... Baina, zer duk Brusco? Zer nahi duk?

        Zakurrak beste alorrera eraman zuen.

        —Barkatu, arren! —esan zuen Brandolacciok harrituta—. Bitan asmatu du! Arranopola! Bolbora garesti dago, baina zuk ez duzu alferrik galtzen.

        —Baina, zer gertatu da? —galdetu zuen Orsok.

        —Tira, nire tenientea! Txantxa gutxi! Zuk ehizakia eraitsi eta bestek zuretzat jasotzea nahi duzu... Barricini abokatuak postre bitxia izango du gaur: haragi freskoa nahi adina. Nork jasoko du horren herentzia?

        —Zer? Vincentello ere hila?

        —Erabat hila. Salute à noi! Zuk gauza bat duzu ona. Ez diezu sufriarazten. Zatoz Vincentello ikustera. Oraindik belauniko dago, burua hesian apoiatua duelarik. Lo dagoela dirudi. Hemen «berunezko lo sakona» duela egoki esan daiteke. Gizajoa!

        Orsok izututa jiratu zuen burua.

        —Seguru al zaude hil egin dela?

        —Zuk Sampiero Corsoren antza duzu. Hark ere behin baino ez zuen jotzen. Ikusten al duzu hor... bularrean, ezkerrean? Vincileone Waterloon bota zuten bezalaxe. Bala bihotzetik urruti ez dabilela apustu egingo nuke. Bi helburu eta biak jo! Ez dut inoiz ere tiro egingo! Bitik bi! Balaz!... Bi anaiak!... Beste bala bat izan bazenu, aita hilko zenukeen... Beste batean beharko du... Hori da punteria, Ors' Anton'! Ni bezalako mutil zintzoak berriz, ez ditu behin ere bi jendarme batera sekula joko!

        Hizketan ari zen bitartean, bidelapurrak Orsoren besoa aztertu zuen eta sastakaiaz mahuka urratu egin zion.

        —Ez da ezer —esan zuen—. Lebitak Colomba andereñoari lana emango dio... Eta hau? Zer da bularreko urratu hau? Hemendik ez al da ezer sartu? Ez. Ez nintzatekeen hain lasai egongo. Tira. Saia zaitez behatzak mugitzen... Behatz txikiari hozka egiten diodanean nire hortzak sentitzen al dituzu?... Asko ez? Berdin dio. Ez da ezer izango. Ekar itzazu musuzapia eta gorbata... Lebita hondatua dago, noski... Zergatik zindoazen hain dotore? Ezkontzaren batera al zindoazen? Tira. Orain ardo pixka bat... Zergatik ez daramazu zahatoa? Noiztik korsikarra zahatorik gabe?

        Gero, besoa bendatu bitartean, geratu egiten zen honakoa esanez:

        —Biak jo! Biak seko! ... A zer nolako barreak egingo dituen Apaizak!... Biak behera! Hara! Hona hemen azkenean Chilina dortokatxoa!

        Orsok ez zion erantzuten. Zurbil zegoen eta gorputz guztian ikara zuen.

        —Chili! —oihu egin zuen Brandolacciok— Begira ezazu harrizko hesi horren atzera. Zer iruditzen zaizu?

        Neskatxak esku eta oinez harrietan gora egin zuen eta Orlanduccioren hilotza ikusita aitaren egin zuen.

        —Hori ez da ezer —segitu zuen bidelapurrak—. Begiratu han, beste alde hartan.

        Neskatxak berriz egin zuen aitaren.

        —Zu izan al zara, osaba? —galdetu zion lotsati.

        —Ni? Eman behar ez nagoela traste zahar bihurturik! Hori, Chili, jaun honek egindako lana da. Eman zorionak.

        —Andereñoak poz handia hartuko du —esan zuen Chilinak—, eta pena ere hartuko du zu zaurituta zaudela jakiten duenean, Ors' Anton'.

        —Tira, Ors' Anton' —esan zuen bidelapurrak besoa bendatzea amaitu ondoren—. Hemen dakar Chilinak zure zaldia. Igo eta etorri nirekin Stazzona-ko maquisera. Han topatzen zaituenak oso bizkorra izan behar du. Ahalik eta ongien zainduko zaitugu. Sainte-Christineko gurutzera heltzen garenean, oinez segitu beharko dugu. Orduan zuk zeure zaldia Chilinari emango diozu Colomba andereñoa bisitatzera joan dadin, eta bide batez zuk zeure mezuak emango dizkiozu. Nahi duzuna esan, Ors' Anton'. Izan ere, horrek lagunei traizio egitea baino lehen hil egin beharko dute.

        Eta gero samurkiro:

        —Tira, sorgin hori! Eskomika zaitzatela! Madarika zaitzatela, alproja hori!

        Bidelapur askoren gisa, Brandolaccio sineskeriazale zen eta bere bedeinkapen eta laudorioez umeei ez zien kalte egin nahi. Izan ere, Annochiaturaren indarrek gure asmoei kontra egiteko ohitura gaiztoa dute.

        —Nora joatea nahi duzu, Brando? —galdetu zion Orsok ahots apalaz.

        —Galdera polita! Gartzela ala maquisa da zure aukera. Baina Della Rebbiatarrak ez du kartzelarako biderik ezagutzen. Maquisera, Ors' Anton'!

        —Agur, bada, nire itxaropen guztiak! —esan zuen mindurik zaurituak.

        —Zure itxaropenak? Arraioa! Bi tiroko fusilarekin emaitza hobeak espero al zenituen? Baina, horiek nola arraio zauritu zaituzte? Katuak baino bizitza gogorragoa izango zuten horiek.

        —Horiek egin dute tiro lehenbizi —esan zuen Orsok.

        —Egia da. Ahazturik nuen... Pin! Pin! Pon! Pon!... Esku batez bi jo eta bota! Egunen batean beste inork hobeto egiten badu, neure burua urkatu egingo dut! Tira. Zaldi gainean zara... Baina joan aurretik begiratu zuk egindakoari. Jendeari agur egin gabe joatea ez da giza legea.

        Orsok ezproiez zaldia ziztatu zuen. Hildako bi gizajoak ez zituen inola ere ikusi nahi.

        —Begira, Ors' Anton' —esan zion bidelapurrak zaldiari uhaletik helduta—. Garbi hitz egingo dizut. Ez zaitut iraindu nahi, baina bi mutiko horiek pena ematen didate. Barkatu, arren... Hain dotoreak, hain gazteak!... Hainbestetan ehizara batera joandako Orlanduccio... Orain dela lau egun zigarro-paketea eman zidan... Vincentello, beti hain umoretsu zebilena... Egia da, noski, zuk egin beharrekoa egin duzula... gainera helburua ederregia zen... baina mendeku honetan nik ez nuen zerikusirik... Badakit arrazoi duzula. Etsaia daukazunean kontuak garbitu egin behar dira. Baina Barricinitarrak aspaldiko familia ziren... Hau ere galdu da... Eta helburu bikoitza! Harritzekoa da.

        Barricinitarren alde otoitz egin bitartean, Brandolacciok Orso, Chilina eta Brusco txakurra Stazzonako maquisera bizkor zeramatzan.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996