Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

 

        Agian arreba etorrita sortetxera itzultzeko gogoak eman ziolako eta agian Colombaren janzkera eta jite menditarrak hain zibilizatuak ziren lagunen aurrean aztoratzen zuelako, Orsok hurrengo egunean Ajaccio utzi eta Pietranera herrira joateko asmoa zuela aditzera eman zien. Dena den, Bastiara joaten zenean bere sortetxe apalean geratuko zela agindu arazi zion koronelari. Han adarzabalak, faisaiak, basurdeak eta abar ehizatuko zituztela esan zion.

        Abiatzeko bezperan, Orsok ehizara ordez golko-ertzean paseatzea proposatu zien. Miss Lydiari besoa emanez, askatasun guztiaz hitz egin zezakeen, Colomba hirira erosketak egitera joan zelako eta koronela kaioei tiro egiteko noiznahi aldentzen zelako. Hango biztanleak harrituta zeuden, hegazti haiekin bolbora zergatik erretzen zuen ulertzen ez zutelako.

        Greziarren kaperako bidetik zihoazen, badiako bista ederrena ikusteko moduan, baina paisaia bikain hari ez zioten jaramonik egiten.

        —Miss Lydia... —esan zuen Orsok isiluneaz luzetsita— Esadazu benetan. Zer iruditzen zaizu nire arreba?

        —Gogokoa dut —erantzun zion Miss Nevilek—. Zu baino gogokoago —erantsi zuen irribarrez—. Hura izan ere, benetako korsikarra da eta zu basati zibilizatuegia.

        —Zibilizatuegia!... Bada, nahi ezta ere irla honetan oina jarri dudanez gero basati bihurtzen ari naizela sentitzen dut. Milaka pentsamendu beldurgarrik izutzen eta asaldatzen naute eta zurekin hitz egiteko premia nuen neure basamortura erretiratu baino lehen.

        —Adorea izan behar da, Della Rebbia jauna. Zure arreba eraman handikoa da. Jarraibide ederra duzu.

        —Oso oker zaude! Duen etsipen horretaz ez zaitez fida! Oraindik hitzik ere ez dit esan, baina begirada bakoitzean irakurri diot nigandik zer nahi duen.

        —Baina, tira! Zer nahi du?

        —O! Ez... Zure aitaren fusilak gizona botatzeko eperra botatzeko bezain ongi balio duen proba dezadan besterik ez.

        —Hori da burutazioa! Tira! Nola pentsa dezakezu horrelakorik, oraindik, zeuk aitortu duzu, hitzik ere egin ez badizu? Izugarria da horrela pentsatzea!

        —Mendekuaz pentsatuko ez balu, berehala aipatuko zidakeen gure aita, baina ez du txintik ere atera. Bere iritziz... oker dago, badakit... hiltzaile direnak aipatuko zituzkeen. Baina ez. Hitzik ere ez. Eta hori gu korsikarrak arraza maltzurra garelako da. Arrebak badaki ez nauela erabat etsiarazi, eta oraindik ihes egin dezakedalako ez nau ikaratu nahi. Amildegiaren ertzeraino eramaten nauenean eta nik zorabioa sentitzen dudanean, hondora bultzako nau.

        Orsok orduan Miss Nevili aitaren heriotzari buruzko xehetasun batzuk esan zizkion eta Agostini hiltzailetzat hartzeko froga nagusiak zein ziren argitu zion.

        —Colomba ez du ezerk etsiarazten —erantsi zuen—. Azken gutunean ikusi dut hori. Barricinitarrak hiltzea zin egin du eta... begira, Miss Nevil, zer konfiantza dudan zugan... agian mundu honetatik joanak ziratekeen, baldin eta, bere heziketa basatia dela eta, mendeku hartzea familiaburu naizelako niri dagokidala eta nire ohorea jokoan dela sinetsiko ez balu.

        —Benetan diotsut, Della Rebbia jauna —esan zion Miss Nevilek—. Zure arreba iraintzen ari zara.

        —Ez. Nire arreba korsikarra da. Zeuk esan duzu... Denek bezalaxe pentsatzen du. Ba al dakizu atzo zergatik nengoen hain triste?

        —Ez, baina azkenaldian bat-batean bekozkoa jartzen duzu. Lehen, elkar ezagutu genuenean, adeitsuagoa zinen.

        —Atzo ordea, ohi baino alaiago eta zoriontsuago sentitzen nintzen. Nire arrebarekin hain atsegin eta lagunkoi agertu zinen!... Koronela eta ni ontzian gentozen. Ba al dakizu zer esan zidan batelari batek bere hizkera madarikatuan? «Ehiza ugari hil duzu, Ors' Anton', baina ikusiko duzu Orlanduccio Barricini ehiztari hobea dela.»

        —Ongi da. Eta hitz horiek zergatik dira beldurgarriak? Ehiztari trebeena izateko harrokeria al duzu ala?

        —Ez al duzu ikusten doilor horrek nik Orlanduccio hiltzeko ausardiarik ez nukeela izango adierazi nahi zidala?

        —Izutu egiten nauzu, Della Rebbia jauna. Eman behar irlako haizeak sukarra ezezik eromena ere sortarazten duela! Zorionez, laster alde egingo dugu hemendik.

        —Pietranera bisitatu baino lehen ez horregatik! Nire arrebari agindu diozu.

        —Eta gure hitza beteko ez bagenu, mendekuaren beldur izan behar al dugu?

        —Gogoan al duzu joan den egunean zure aitari esan zeniona; alegia, Konpainiako gobernadoreei indiarrek beren eskaerak ontzat hartzen ez bazituzten gosez hiltzeko prest zeudela adierazi zietela?

        —Beraz, zu gosez hilko zinatekeela esan nahi al duzu? Ez dut uste. Egun bat baraurik egingo zenuke, baina Colomba andereñoak bruccio goxo bat emango lizuke eta zure asmoak alde batera utziko zenituzke.

        —Zure iseka mingarria da, Miss Nevil. Hemen bakarrik nago, bistan da... Ez erotzeko zu baino ez zintudan. Nire aingeru zaindaria zinen, eta orain...

        —Orain —eten zuen Miss Lydiak oso serio—, hain erraz hausten den zentzun horri eusteko zeure giza ohorea eta militar-ohorea dituzu, eta... —erantsi zuen lore bat hartzeko zerbait jiratuz— zure aingeru zaindariaren oroitzapena ere bai, lagungarri bazaizu.

        —O! Miss Nevil! Zugan benetan interesik pizten dudala pentsatzerik banu...

        —Entzun, Della Rebbia jauna —esan zuen Miss Nevilek zerbait hunkiturik—. Umea zarenez gero, umea bezala tratatuko zaitut. Ni oso txikia nintzela, amak oso maite nuen koilare ederra eman zidan, baina aldi berean honakoa ere aditzera eman zidan: «Janzten duzun bakoitzean gogoan izan oraindik frantsesez ez dakizula». Koilarea baliorik gabea zen niretzat harez gero. Halako korapilo bat sortzen zidan barrenean, baina nik ipini egiten nuen, eta frantsesa ikasi. Eraztun hau ikusten al duzu? Kakalardo egiptoarra da; piramide baten barruan topatua, hain zuzen. Botilaren antza duen irudi bitxi honek giza bizia esan nahi du. Nire herrian hieroglifiko hau batzuek ontzat hartuko lukete. Hurrengoa ezkutua eta lantzari eusten dion besoa da. Horrek gatazka, bataila, esan nahi du. Bi ikurrak bilduta nire ustez nahikoa ideia ederra osatzen da: bizitza gatazka da. Ez pentsa hieroglifikoak bat-batean itzultzen ditudanik. Gai honetan oso aditua zen batek argitu zidan esanahia. Tori. Nire kakalardoa zuretzat. Korsikar pentsamendu gaiztoren bat bururatzen zaizunean, gogoratu nire talismanaz eta pentsa ezazu grina txarrek sortutako gatazkan garaile atera behar dugula... Tira. Uste dut ez naizela predikari txarra...

        —Zutaz pentsatuko dut, Miss Nevil, eta zera esango dut...

        —Esan ezazu lagun bat duzula eta lagun horrek min hartuko lukeela... urkatuko bazintuzte. Gainera mingarriegia litzateke zure arbaso kabuentzat.

        Hitz haiek esanda, Orsoren besoa utzi eta aitarengana joan zen korrika:

        —Aita! —esan zion— Utz itzazu bakean hegazti gaixo horiek eta zatoz gurekin Napoleonen kobazuloan poesia egitera.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996