Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HEMERETZIGARREN KAPITULUA

 

        Medikua berandu samar heldu zen. Hark ere bidean gorabeherak izan zituen. Giocanto Castriconi bidera etorri zitzaion, eta giza legez gonbita egin zion zauritutako gizon bat senda zezan. Orsorengana joanda, kura egin zion. Gero, bidelapurrak bidean tarte luze samarrean lagundu zion, elkarrizketa interesgarria izan zutelarik. Giocanto Pisako irakasle ospetsuenez mintzatu zitzaion, eta hark zioenez, haiek denak lagun-min zituen.

        —Mediku jauna —esan zion teologoak agur egitean—. Egin duzuna eskertzekoa da eta ez dut uste medikuak aitorleak bezain isilik egon behar duela zuri gogoratu beharrik egongo denik.

        Gero, fusila maneiatuz, honakoa erantsi zuen:

        —Zuk dagoeneko ahaztua duzu guk elkar non ikusi dugun. Agur, eta asko pozten naiz zu ezagutu izanaz.

        Colombak koronelari bi gazteen autopsia ikustera joan zedila eskatu zion.

        —Zuk inork baino hobeto dakizu nire anaiaren fusila nolakoa den, eta zuk esandakoak asko lagunduko du. Gainera, inguru hauetan horrenbeste maltzur dabilenez gero, gure interesak defendatzeko inor ez bagenu arrisku handitan ibiliko ginateke.

        Miss Lydiarekin bakarrik geratu zenean, Colombak burukomin handia zuela esan zion eta biak herritik kanpo paseatzera joatea proposatu zuen.

        —Mendiko aireak on egingo dit —esan zuen—. Aspaldian ez dut arnastu.

        Oinez zihoan bitartean, anaiari buruz mintzatu zen, eta gaiaz nahikoa arduratua zegoen Miss Lydia, ez zen konturatu Pietraneratik asko urruntzen ari zirela. Eguzkia sartzen ari zen eta horixe aipatuta etxeratu egin behar zutela iradoki zuen. Colombak etxerako bide motzagoa, bidezidorra, ezagutzen zuela jakinarazi zion. Lehengo bidea utzi eta beste bati, bakartiagoari, heldu zioten. Laster malda batean gora hasi zen, eta aldapa handia zenez gero, bere buruari eusteko esku batez zuhaitz-adarrei heltzen zien eta besteaz lagunari tira egiten zion, bera zegoen lekuraino etor zedin. Ordu-laurdenean nekez goraka aritu ondoren, lurrean nonahi granitozko blokeak zituen eta mitre zein gurbitzez estalitako lautadatxo batera heldu ziren. Miss Lydia oso nekatuta zegoen, herririk ez zen ageri eta ia ilunduta zegoen.

        —Ba al dakizu, Colomba? Galdu egin garela iruditzen zait —esan zuen.

        —Ez beldur izan —erantzun zion Colombak—. Goazen aurrera. Zatoz.

        —Oker zabiltza. Herria ez dago alde horretan. Herritik urruntzen ari garela egingo nuke. Begira han urrutiko argi haiek. Hura izango da Pietranera.

        —Nire lagun hori —erantzun zion Colombak oso urduri—. Arrazoi duzu, baina hemendik berrehun pausora... maquis horretan...

        —Zer gertatzen da?

        —Hor nire anaia dago. Nik ikusi eta besarkatu egingo nuke, zuk nahiko bazenu.

        Miss Nevilek harridura-keinua egin zuen.

        —Inor konturatu gabe atera naiz Pietraneratik, zurekin nindoalako... —erantsi zuen Colombak—. Bestela nire ondoren etorriko ziren. Hain hurbil egon eta ez ikustea ere!... Zergatik ez zara anaia ikustera nirekin etortzen? Poz handia emango zenioke!

        —Baina, Colomba... Hori nire aldetik ez litzateke bidezkoa.

        —Ulertzen dut. Zuek, hirietako emakumeok, beti komenientziak kezkatzen zaituzte. Guk berriz, herriko emakumeek, ongi dagoenaz baino ez dugu pentsatzen.

        —Baina berandu da... Eta zure anaiak, zer pentsatuko du nitaz?

        —Bere lagunek ez dutela utzi pentsatuko du, eta ideia horrek sufritzeko adorea emango dio.

        —Eta nire aita? Kezkatuta egongo da...

        —Badaki zu nirekin atera zarela... Tira. Erabaki ezazu... Gaur goizean zu haren erretratuari begira ari zinen —erantsi zion begirada maltzurraz.

        —Ez..., egia diotsut, Colomba, ez naiz ausartzen... Hor dauden bidelapur horiek...

        —Zer axola dio? Bidelapur horiek ez zaituzte ezagutzen. Gainera, zuk ez al zenuen horietakoren bat ezagutu nahi?

        —Ene Jaungoikoa!

        —Tira. Zuk jakingo duzu zer erabaki hartu behar duzun. Dena den, bakarrik ezin utz zaitzaket. Batek daki zer gerta litekeen! Biak Orso ikustera ala herrira joango gara... Eta nik nire anaia... auskalo noiz ikusiko dudan... agian inoiz ez...

        —Zer diozu, Colomba?... Tira. Goazen, baina une bat besterik ez eta berehala itzuliko gara.

        Colombak eskua eman zion, eta erantzun gabe, bizkor hasi zen oinez. Miss Lydia nekez zihoan Colombaren atzetik, baina zorionez laster geratu zen Colomba, lagunari honakoa jakinarazi ziolarik:

        —Abisua eman gabe ez gaitezen aurrera joan, bestela tiro egingo ligukete.

        Bi behatz ahora sartu eta txistua jotzen hasi zen. Gero zakur baten zaunka entzun zen, eta bidelapurren zelataria laster azaldu zen. Brusco txakurra zen; gure lagun zaharra. Berehala ezagutu zuen Colomba eta berehala gidatu zuen. Maquiseko bidezidorrean jira eta bihurgune asko igaro ondoren, hortzetaraino armatutako bi gizon atera zitzaizkien.

        —Zu al zara, Brandolaccio? —galdetu zion Colombak—. Non da nire anaia?

        —Han —erantzun zion bidelapurrak—. Baina kontuz joan, lo dago eta. Istripuaz gero lehen aldia du. Alajainkoa! Garbi dago deabrua pasatzen den lekuan emakumea ere ederki pasatzen dela.

        Bi emakumeak kontuz hurbildu ziren, eta inguruan harrizko hesia eginda argitasuna ezkutarazi zitzaion su baten ondoan Orso ikusi zuten garotan etzanda eta pilone batez estalita. Oso zurbil zegoen eta nekez hartzen zuen arnasa. Colomba ondoan eseri zen eta begira geratu zitzaion, isilik eta eskuak elkarturik, bere baitan errezatzen ariko balitz bezala. Miss Lydia haren ondoan zegoen makurtuta, sudur-zapiaz aurpegia estalita, nahiz eta noizbehinka Colombaren bizkar gainetik zauritua ikustearren burua altxatzen zuen. Teologoak keinu eginda, Brandolaccio maquisera sartu zen, Miss Lydia lasaitu egin zelarik. Lehen aldiz iruditu zitzaion bidelapurren bizar luzeak eta janzkera herrikoiegiak zirela.

        Azkenean, Orso apur bat mugitu egin zen. Colomba makurtu eta musu eman zion behin eta berriz. Bere zauri, sufrimendu eta premiei buruz mila galdera egin zion. Ahal bezain ongien zegoela erantzun ondoren, Orsok Miss Nevilez galde egin zion. Ea artean Pietraneran zegoen eta ea idatzi zion. Colombak, anaiarengana makurtuta, Miss Nevil ezkutatu egiten zuen. Bestetik, iluntasuna zela eta zaila zen hura ezagutzea. Colombak Miss Nevilen esku bat hartua zuen, eta bestearekin zaurituaren burua pixka bat altxatzen zuen.

        —Ez. Ez dit inolako gutunik eman... Baina, Miss Nevilez pentsatzen al duzu oraindik? Horrenbeste maite al duzu?

        —Maite, Colomba?... Baina hark... Hark agian orain gorroto izango dit.

        Orduan Miss Nevilek ahalegina egin zuen bere eskua libratzeko, baina Colombak bere harrapakina askatzea ez zen erraz. Txikia eta ongi egina izan arren, indar ikaragarria zuen, lehen ere frogatua dugunez.

        —Gorrotatu? —oihu egin zuen Colombak— Egin duzuna eginda... Batekoz bestera. Zutaz ongi hitz egiten du. O! Andereño horretaz gauza asko esango nizuke, Orso.

        Eskua askatu egin nahi zuen, baina Colombak Orsorengana gero eta gehiago hurbiltzen zuen.

        —Baina, zergatik ez dit erantzun? —esan zuen azkenean zaurituak— Lerro bakar batekin ere pozik nintzateke.

        Miss Nevilen eskuari tira eta tira, Colombak azkenean anaiaren eskuan utzi zuen. Orduan, bat-batean aldenduz, barrez hasi zen:

        —Orso. Kontuz gero Miss Lydiaz gaizki hitz egin! Gure hizkuntza oso ongi ulertzen du.

        Miss Lydiak eskua berehala kendu zuen eta ulertu ezinezko hitz batzuk murmuratu zituen. Orsori ametsetan zegoela iruditu zitzaion.

        —Zu hemen, Miss Lydia! Ene Jaungoikoa! Nola ausartu zara? O! Zein zoriontsu naizen!

        Eta jaikitzeko ahalegina nekez eginez, hurbiltzen saiatu zen.

        —Zure arrebarekin etorri naiz —esan zion Miss Lydiak— nora zetorren inork susma ez zezan... Gainera... segurtatu egin nahi zuen... Baina zein gaizki zauden hemen!

        Colomba Orsoren burualdean eseri zen, eta kontuz altxatu zuen burua bere belaun artean apoia zezan. Lepoa besoez hartu zion eta Miss Lydiari hurbil zedila esan zion.

        —Hurbilago, hurbilago! —zioen— Gaixoak ez du ozen hitz egin behar.

        Eta Miss Lydia ausartzen ez zenez, esku batetik heldu eta ekarri egin zuen. Soinekoak Orso ukitzen zuen, eta eskua, artean Colombak helduta zeukana, zaurituaren bizkarrean apoiaturik zegoen.

        —Horrela oso ongi dago —esan zuen Colombak alai—. Ez al da hala, Orso? Ez al da atsegina hau bezalako gau ederrean maquisean ongi kanpatuta egotea?

        —A, bai! Gau ederra benetan! —baieztatu zuen Orsok—. Ez dut inoiz ahaztuko.

        —Asko ariko zara sufritzen! —esan zuen Miss Nevilek.

        —Orain ez dut sufritzen —adierazi zion Orsok—. Eta hemen hil nahi nuke.

        Eta bere eskuineko eskua Colombak helduta zeukan Miss Lydiaren eskurantz luzatzen zen.

        —Derrigorrezkoa da zu zainduko zaituzten lekuren batera eramatea, Della Rebbia jauna —esan zuen Miss Nevilek—. Ezingo dut lorik hartu zu belar gainean etzanda ikusita... zerua goian eta lurra behean...

        —Zurekin topo egiteko beldur izan ez banintz, Miss Nevil, Pietranerara itzultzen saiatuko nintzatekeen eta neure burua atxilotzen utziko nukeen.

        —Eta zergatik zinen topo egiteko beldur, Orso? —galde egin zion Colombak.

        —Zure agindurik ez nuen bete, Miss Nevil... eta une horretan zu ikustera ez nintzatekeen ausartuko.

        —Ba al dakizu, Miss Lydia, nire anaia zuk nahi duzuna egitera behartzen duzula? —zioen barrez Colombak— Zu ikustea debekatu egingo diot.

        —Arazo tamalgarri hau argituko dela espero dut —esan zuen Miss Nevilek—, eta denbora gutxi barru ezeren beldurrik ez duzula izango... Joaten garenean, zure leialtasuna eta ausardia onartuz justizia egin dutela jakitea gustatuko litzaiguke.

        —Joan egingo al zara, Miss Nevil? Ez esan, arren, hitz hori oraindik.

        —Zer nahi duzu?... Nire aitak ez dauka beti ehizan ibiltzerik. Joan egin nahi du.

        Miss Lydiarena ukitzen zuen eskua erortzen utzi zuen Orsok, eta isilunea izan zen.

        —Bah! —hasi zen esaten Colomba—. Ez diogu hain azkar alde egiten utziko. Pietraneran oraindik gauza asko erakutsi behar diogu... Bestetik, nire erretratua marraztea agindu duzu eta oraindik hasi ere ez zara egin... Gainera nik hirurogeita bost koplatan serenata egingo dizudala hitz eman dizut... Gainera... Baina zergatik ari ote da Brusco zaunka? Eta Brandolaccio atzetik doakio... Zer gertatzen den ikustera noa...

        Berehala jaiki eta besterik gabe Orsoren burua Miss Nevilen belaunetan utziz, bidelapurrengana joan zen.

        Miss Nevil harritu samarturik zegoen bere burua maquisean gazte ederrarekin bakarrik burua eusten ziola ikusita. Ez zekien nola jokatu, zeren eta bat-batean alde egiten bazuen zaurituari min emango ote zion beldur baitzen. Baina Orso bera izan zen arrebak eskaini zion euskarri goxoa utzi zuena, eta eskuineko besoan apoiatuz honela mintzatu zen:

        —Beraz, laster joango zara, Miss Lydia. Ez nuen uste zorigaiztoko herri honetan zure egonaldia luzatu beharko zenuenik... eta, hala ere, hona etorri zarenez gero ehun aldiz gehiago sufritzen dut agur esan behar dizudalako... Teniente gaixo bat besterik ez naiz... etorkizunik gabea... orain justiziatik ihesi dabilena... Hau da egoera, hau, maite zaitudala esateko!... Hau da zuri esateko izango dudan aukera bakarra, eta nire bihotza hustu dudanez gero, lasaiago sentitzen dut neure burua.

        Miss Lydiak burua apur bat jiratu egin zuen, iluntasuna haren gorritasuna ezkutatzeko aski ez bailitzan.

        —Della Rebbia jauna —erantzun zion ahots dardaratiaz—. Ni hona etorriko al nintzatekeen baldin eta...?

        Hizketan ari zela, talisman egiptoarra Orsoren eskuan utzi zuen. Gero, ohiko txantxa-kutsua berreskuratzeko ahalegin handia eginez, honela eman zion jarraipena bere mintzaldiari:

        —Ez da egokia zuk horrela hitz egitea, Orso jauna... Maquisean, zure bidelapur hauek inguraturik, ongi asko dakizu zurekin haserretzera ez nintzatekeela ausartuko.

        Orso mugitu egin zen talismana itzultzen zion eskuan muin emateko, baina Miss Lydiak azkar samar kendu zuenez gero, oreka galdu eta zauritutako besoaren gainera erori zen. Bere minari eusterik ez zuen lortu.

        —Min hartu al duzu? —esan zion andereñoak jaikiz—. Nire errua izan da! Barkatu, arren...

        Denboraldi batez aritu ziren elkarrengandik hurbil hizketan. Korrika zetorren Colombak, lehen utzita bezalaxe aurkitu zituen.

        —Voltigeur soldaduak! —oihu egin zuen—. Saia zaitez jaikitzen eta ibiltzen, Orso. Nik lagunduko dizut.

        —Utz nazazue! —esan zien Orsok— Bidelapurrei esan ihes egin dezatela... Niri bost axola zait atxilotzen banaute ere, baina eraman ezazu Miss Lydia. Jainkoarren, ez dezatela hemen ikusi!

        —Nik ez diot utziko —parte hartu zuen Colombaren atzetik etorritako Brandolacciok—. Voltigeuren sarjentua Barriciniren besoetakoa da. Atxilotu ordez hil egingo zaitu eta gero ustekabean hil zaituela esango du.

        Orso jaiki egin zen, eta urrats batzuk ere eman zituen, baina laster geratu zen.

        —Ezin dut oinez egin. Zuek joan ihesi. Agur, Miss Nevil. Emadazu eskua. Agur.

        —Ez zaitugu utziko —adierazi zioten bi emakumeek.

        —Oinez egin ezin badu, bizkar gainean eraman beharko dut —esan zuen Brandolacciok—. Izan adoretsu, nire tenientea! Hor atzeko amildegian galtzeko denbora izango dugu. Apaizak geldiaraziko ditu.

        —Ez. Utz nazazue —esan zien Orsok lurrean etzanez—. Jainkoarren, Colomba! Eraman ezazu Miss Nevil!

        —Zu, Colomba andereñoa, indartsua zara —esan zion Brandolacciok—, eta bizkarretik eutsi. Nik hanketatik helduko diot. Horrelaxe! Goazen!

        Eta berehala oinez abiatu ziren, Orsok nahi ez bazuen ere. Miss Lydia atzetik zuten, erabat izututa. Lehenbizi tiro bat entzun zen, eta berehala beste bospasei, erantzun gisa. Miss Lydiak garrasi egin zuen eta Brandolaccior madarikazioa atera zitzaion, baina pausoa bizkortu egin zuen, Colombak ere haren antzera maquisean korrika egin zuelarik. Hango sasi eta sastrakak aurpegia astindu eta arropak urratzen zizkioten.

        —Makur zaitez, makurtu, maite hori —abisatzen zion bere lagunari—. Balaren batek jo zaitzake.

        Horrela joan ziren, korrika, bostehunen bat pauso egin arte, eta orduan gehiago ezinda Brandolaccio geratu eta lurrera erori zen, nahiz eta Colombak segi zezala eskatu.

        —Non da Miss Nevil? —galdetu zuen Orsok.

        Miss Nevilek, tiroez izututa eta noiznahi maquiseko landare ugariek geldiarazita, iheslarien arrastoa laster galdu zuen. Atzean geratu zen, bakarrik, beldur-beldur eginik.

        —Atzean geratu da —esan zuen Brandolacciok—, baina ez da galdu. Emakumeak beti ateratzen dira onik. Entzun, Ors' Anton', apaiza bere fusilarekin zer-nolako zalaparta ateratzen ari den. Txarrena ezer ez ikustea da, eta badakizu ilunpetan elkarri tiroka arituta inork ez duela minik hartzen.

        —Ixo! —esan zuen Colombak—. Zaldi-hotsa entzuten dut. Salbatu gara!

        Tiroketaz izututa, maquisean larrean ari zen zaldi bat haiengana hurbildu zen.

        —Salbaturik gaude! —errepikatu zuen Brandolacciok.

        Zaldiarengana korrika joan, kimatik heldu eta brida gisa ahotik korapilodun lokarria pasatzea, Colombaren laguntzaz bidelapurrarentzat aitaren batean egiteko lana izan zen.

        —Orain apaizari abisua pasatu behar zaio —esan zuen.

        Bitan jo zuen txistua. Beste batek urrutitik seinaleari erantzun egin zion eta Manton-go fusilaren ahots zakarra isildu egin zen. Orduan Brandolaccio zaldira igo zen, eta Colombak anaia bidelapurraren aurrean ipini zuen. Bidelapurrak esku batez eusten zion Orsori, eta besteaz gidatu zuen zaldia. Karga bikoitza izan arren, zaldia arin abiatu zen, Brandolacciok orpoarekin sabelean jota. Korsikarra ez zen edozein zaldi akabatzeko moduko maldan behera, arrapaladan jaitsi ziren.

        Colomba orduan, buelta eman eta Miss Nevili deiadarka hasi zitzaion, baina inork ez zion erantzuten... Noraezean denboraldi batez ibili ondoren, lehengo bidera iritsi nahian bidezidor batean bi voltigeur aurkitu zituen, eta alto eman zioten.

        —Zer moduz, jaunak? —galdetu zien Colombak txantxetan—. Hori da zalaparta, hori! Zenbat hilak?

        —Zu bidelapurrekin zeunden —esan zion soldadu batek—, eta gurekin etorri behar duzu.

        —Oso pozik —erantzun zien—, baina hemen andereño lagun bat dut eta joan baino lehen aurkitu egin behar dugu.

        —Zure laguna atxilotu egin dugu eta biak batera joango zarete gaua gartzetan pasatzera.

        —Kartzelan? Hori ikusteko dago, baina lehenbizi eraman nazazu lagunarengana.

        Voltigeur pareak orduan bidelapurren kanpamenduraino eraman zuten. Han zeuzkaten espedizioan irabazitako ikurrak, hau da, Orsok manta gisa erabiltzen zuen pilonea, marmita zahar bat eta urez betetako pitxerra. Han zegoen Miss Nevil ere. Soldaduek ia beldurrez hilda aurkitu zuten era bidelapurrak zenbat ziren edo nora abiatu ziren galdetuta begietako malkoez baizik ez zien erantzuten.

        Colomba besarkatzera joan zitzaion eta belarrira honakoa adierazi zion:

        —Salbatu dira.

        Gero, voltigeauren sarjentuarengana joan zen:

        —Konturatuko zinenez, andereño honek zuk galdetutakoaz deus ere ez daki. Utz gaitzazu herrira joaten, han gure zain kezkatan egongo dira eta.

        —Haraxe eramango zaitugu, polit hori; zuek nahi baino lehenago eraman ere —esan zion sarjentuak—. Argitu egin beharko duzue maquisean garai honetan ihes egin duten bidelapurrekin zertan ari zineten. Ez dakit alproja horiek zer sorginkeria erabiliko duten, baina neskak txoratuta dauzkate. Izan ere, gaizkileak diren edonon seguru nago neska politak aurkituko ditugula.

        —Oso adeitsua zara, sarjentu hori —erantzun zion Colombak—, baina kontuz ibiltzea komeni zaizu. Andereño hau prefetaren senidea da eta txantxa gutxi.

        —Prefetaren senidea! —murmuratu zion voltigeurak buruzagiari— Kapelua darama.

        —Kapeluak ez du zerikusirik —adierazi zuen sarjentuak—. Biak apaizarekin zeuden eta hori da herriko losintxari handiena. Nire eginkizuna hauek eramatea da. Gainera hemen ez dugu beste egitekorik. Taupin kabu madarikatu hori gabe..., frantses mozkor hori sumatu dute nik maquisa inguratu baino lehen... Hori gabe sarean bezalaxe harrapatuko genituzkeen.

        —Zazpi al zarete? —galdetu zuen Colombak— Ba al dakizue Gambini, Sarocchi eta Thèodore Poli hiru anaiak ustekabean Brandolaccio eta apaizarekin Sainte-Christineko gurutzean elkartzen badira zuei nahikoa lana emango dizuetela? Mendiko komandantearekin elkarrizketa izan behar baduzue, ez nuke han egon nahi. Gauez balek ez dute inor ezagutzen.

        Colombak aipatutako bidelapurrekin topo egin zezaketela eta, voltigeurak ikaratu egin ziren. Zakur frantsesaren (hau da, Taupin kabuaren) kontra gaizki esaka, sarjentuak erretiratzea agindu zuen eta bere taldetxoak Pietranerako bidea hartu zuen, pilonea eta marmita eraman egin zituztelarik. Pitxerra berriz, ostikada batez hautsi egin zuten. Voltigeur batek Miss Lydiari besotik heldu nahi izan zion, baina Colombak berehala arbuiatuz honela hitz egin zion:

        —Ez dezala inork ukitu! Zer uste duzue? Ihes egingo dugula? Tira, Miss Lydia. Heldu niri eta ez ezazu umeak bezala negar egin. Mentura honek ez du amaiera txarrik izango. Ordu-erdia barru afalduko dugu. Ni behintzat, afaltzeko amorratzen nago.

        —Zer pentsatuko dute nitaz? —murmuratu zuen Miss Nevilek.

        —Maquisean galdu egin zarela pentsatuko dute. Besterik ez.

        —Eta zer esango du prefetak?... Eta batez ere, zer esango du nire aitak?

        —Prefetak?... Bere prefetutzaz ardura dadila erantzun iezaiozu. Zure aita?... Orsorekin zenuen hitz egiteko eragatik aitari zuk zeuk esan beharko zeniola zerbait uste nuen.

        Miss Nevilek besoa estutu eta ez zion erantzun.

        —Ez al duzu uste nire anaiak maitatzea merezi duenik? —esan zion Colombak belarrira ahopeka— Ez al duzu apur bat maite?

        —Ah, Colomba! —erantzun zion Miss Nevilek irribarrez, nahastuta egon arren—. Iruzur egin didazu. Nik zugan horrenbesterainoko konfiantza eduki eta...

        Colombak gerritik besarkatu zuen eta bekokian musu emanez honela esan zion ahopeka:

        —Barkatzen al didazu, ahizpatxo?

        —Zer erremedio, ahizpatxo beldurgarri! —erantzun zion Lydiak kopetan muin emanez.

        Prefetak eta fiskalak, Pietranerako alkateordearen etxean zuten ostatu, eta alabaz oso kezkatuta zebilen koronela, hogeigarren aldiz joan zitzaien ezer ote zekiten galdetzera. Orduan sarjentuak mezua eramatera bidalitako voltigeur soldadua heldu zen. Hark eman zien bidelapurrekin izandako borroka beldurgarriaren berri. Borrokan hildako eta zauritu askorik ez zen izan, baina marmita bat, pilone bat eta bi gazte harrapatu zituzten; gaizkileen maitale edo zelatariak, hark zioenez. Mezu hura jaso ondoren, armatutako eskoltaren erdian azaldu ziren bi atxilotuak. Asmatzekoa da Colomba zein distiratsu zegoen, bere lagunak zer-nolako kezkak zituen, prefetarentzat nolako ustekabea izan zen eta harritutako koronelak nolako poza hartu zuen. Fiskalak Lydia gajoari galdeketa moduko bat egin arteko onik ez zuen izan, eta neska erabat nahastuta ikusi zuen arte ez zuen amaitu.

        —Nire ustetan —esan zuen prefetak—, denak aske utz ditzakegu. Andereño hauek paseatzera joan ziren, eta hori normala da, eguraldi ona egin duenez gero. Ustekabean zauritutako gazte adeitsu batekin topo egin dute, eta hori ere normala da...

        Gero Colomba aparte hartuta, honela hitz egin zion:

        —Andereño. Anaiari jakinarazi bere kasuak nik espero baino jite hobea duela. Gorpuak aztertuta eta koronelak esandakoa kontuan izanik, garbi dago erantzun besterik ez zuela egin eta borrokaldian bakarrik zegoela. Dena konponduko da, baina maquisa utzi eta lehenbailehen bere burua entregatu behar du.

        Koronela, bere alaba eta Colomba mahai inguruan janari hotzen aurrean eseri zirenean hamaikak ziren. Colomba gogoz ari zen jaten, prefetari, fiskalari eta voltigeur soldaduei iseka eginez. Koronela jaten ari zen, baina alabari asko begiratuz ez zuen hitzik ere esaten. Alabak berriz, begiak plateretik ez zituen kendu ere egiten. Azkenean koronelak hitz egin zuen, ahots leun baina serioz.

        —Lydia —galdetu zion ingelesez—. Orsorekin harremanik izan al duzu?

        —Bai, aita, gaur bertan —erantzun zion gorrituz, baina sendo.

        Gero begiak altxatu zituen, eta aitaren aurpegian haserre-arrastorik topatu ez zuenez gero, besarkatu eta musu eman zion, horrelakoetan ongi hezitako andereñoek egiten duten moduan.

        —Poz hartzen dut —esan zuen koronelak—, mutiko ona da, baina, Jainkoarren, bere Herri santu honetan ez gara geratuko. Bestela nire baimena ukatu egingo dizut.

        —Ingelesez ez dakit —esan zien arretaz begiratzen zien Colombak—, baina apustu egingo nuke zer esan duzuen asmatu baietz.

        —Zera genion —erantzun zion koronelak—. Zu bidaia batean Irlandara eramango zaitugula.

        —Bai. Oso pozik joango naiz, eta surella Colomba izango naiz. Ados. Ez al dugu eskurik estutu behar?

        —Honelakoetan jendeak elkarri musu ematen dio —erantzun zion koronelak.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996