Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMAIKAGARREN KAPITULUA

 

        Orso denbora luzez egon zen lo hartu ezinik, eta ondorioz, berandu iratzarri zen (Korsikako ohituren arabera bai behintzat). Jaiki orduko, bere etsaien etxeak eta bertako archère egin berriek erakarri zioten begirada. Jaitsi eta arrebaz galde egin zuen:

        —Sukaldean da balak urtzen —erantzun zion Saveria neskameak.

        Gerra-irudia ondoan izan gabe ezin zuen pausorik ere eman.

        Colomba aulki batean eserita topatu zuen, bala urtu berriak inguruan zituela eta berunezko bizarrak kentzen ari zitzaizkiela.

        —Zer arraiotan ari zara? —galdetu zion anaiak.

        —Koronelaren fusilarentzat balarik gabe zeunden —erantzun zion leun—. Kalibre horretako moldea aurkitu dut eta gaur hogeita lau kartutxo izango dituzu.

        —Eskerrik asko, baina ez ditut behar.

        —Badaezpada ere prest egon behar da, Ors' Anton'. Ahaztu al zaizu zure herria nolakoa den eta inguruan zer-nolako jendea duzun?

        —Eta ahaztu bazait, azkar asko gogoraziko didazu zuk. Entzun. Duela egun batzuk ez al da kutxa handi bat iritsi?

        —Bai. Zure gelara igoko al dizut?

        —Zuk igo? Ez duzu hori altxatzeko indarrik... Horretarako gizonik ez al da hemen?

        —Ez naiz zuk uste bezain ahula —esan zion Colombak mahuka jaso eta forma ederrekoa izanagatik beso biribil zuri eta indartsua erakutsiz—. Tira, Saveria —eskatu zion neskameari—, lagun iezadazu.

        Berak bakarrik altxatuko zukeen kutxa astuna, baina Orso laguntzera joan zitzaion berehala.

        —Kutxa honetan, Colomba maitea, zuretzat zerbait dago —esan zion—. Barkatu balio handirik gabeko opariak egiten badizkizut, baina soldata-erdiko tenientearen poltsa ez dabil lodi.

        Hizketan ari zen bitartean, kutxa ireki eta soineko batzuk, txal bat eta gaztearentzako objektu batzuk atera zituen.

        —Hara zenbat gauza polit! —oihu egin zuen Colombak—. Gorde egingo ditut berehala, honda ez daitezen. Ezkontzen naizen arte gordeko ditut —erantsi zuen hasperen eginez—, orain lutuz nago eta.

        Eta anaiari eskuan muin eman zion.

        —Horrenbeste denboran lutuz egotea setatsu samarra izatea da.

        —Zin egin dut —esan zion Colombak zorrotz—. Luturik ez dut kenduko...

        Eta Barricinitarren etxera begiratu zuen leihotik.

        —Ezkontzen zaren arte? —bukatu zion Orsok esaldiaren amaiera saihestu nahian.

        —Hiru gauza egin dituen gizonarekin baizik ez naiz ezkonduko...

        Eta bekozkoaz segitu zuen etsaien etxeari begira.

        —Hain polita izanda, Colomba, harritzekoa da oraindik zu ezkongai izatea. Tira. Esadazu nork gorteiatzen zaituen. Gainera serenatak entzungo ditut. Zu bezalako voceratriceari gustatzeko oso onak izango dira.

        —Zein ezkonduko da zurtz gajo honekin?... Gainera nire lutuzko jantziak erantzaraziko dituenak hor aurreko emakumeei jantzaraziko dizkie.

        «Horrek eromen-kutsua du» pentsatu zuen Orsok.

        Baina eztabaidarik ez izatearren ez zion erantzun.

        —Nik ere zuri emateko zerbait badut —esan zion Colombak adeitsu—. Zure trajeak ederregiak dira lurralde honetarako. Zure lebita polit hori bi egunetan hautsiko zenuke maquisetara eramango bazenu. Miss Nevil etortzen denerako gorde egin behar da.

        Orduan armairu bat ireki eta ehizarako traje osoa atera zuen.

        —Belusezko jaka egin dizut eta hemen duzu gure jende dotoreak erabiltzen duen bezalako kapelua. Aspaldi bordatu nuen. Probatuko al duzu?

        Bizkarrean patrika handia zuen belus berdezko jaka zabala jantzarazi zion eta belus beltzezko kapelu puntazorrotza ipini zion buruan. Atxabitxiz eta kolore bereko zetaz bordatutakoa zen eta borla modukoa zuen erremate gisa.

        —Hau gure aitaren kartutxera da —esan zion—, eta sastakaia jakako patrikan dago. Pistolaren bila noa.

        —Ambigu-Comique-ko bidelapurraren jitea dut —zioen Orsok Saveriak eusten zuen ispilu txiki bati begira.

        —Orain bai duzula itxura ederra, Ors' Anton'! —esan zion neskame zaharrak—. Bastelica edo Bocognanoko pinsutorik lerdenenak duena baino hobea.

        Orsok traje berria jantzita bazkaldu zuen, eta otorduan arrebari kutxan liburu batzuk zeudela esan zion; Frantziara eta Italiara gehiago eskatu nahi zituela eta ikasarazi egin nahi ziola.

        —Izan ere, lotsagarria da, Colomba —erantsi zuen—, kontinentean oinez hasi orduko umeek dakitena zu bezalako neskak ez jakitea.

        —Arrazoi duzu, anaia horrek —ontzat eman zuen Colombak—. Oso ongi dakit zer falta zaidan eta ikasteko irrikitzen nago; lezioak zuk ematen badizkidazu batez ere.

        Egun batzuk igaro ziren Colombak Barricini izena aipatu ere egin gabe. Anaiak zer behar zuen begira ari zen beti eta maiz mintzatzen zitzaion Miss Nevili buruz. Orsok frantsesezko eta italierazko liburuak irakurrarazten zizkion eta harrituta zegoen, bai zentzuzko oharrak egiten zizkiolako eta bai gauzarik arruntenak ere ez zekizkielako.

        Egun batean, bazkaldu ondoren Colomba une batez jangelatik atera egin zen, eta liburu-paperez hornituta itzuli ordez mezzaroa jantzita etorri zen.

        —Nirekin etortzea nahi nuke —eskatu zion.

        —Nora nahi duzu laguntzea? —galdetu zion Orsok besoa eskainiz.

        —Zure besoaren beharrik ez dut, baina fusila eta munizio-kaxa hartu. Gizonak armarik gabe ez du irten behar.

        —Ongi da. Moda bete beharra dago. Nora joan behar dugu?

        Erantzunik eman gabe, Colombak mezzaroa buruan ongi atondu zuen. Atariko zakurrari dei egin eta anaiaren aurretik atera zen. Herritik bizkor urrunduz, animaliak ederki ezagutzen zuen keinu bat eginez zakurra aurrera bota zuen. Mahasti artean batera eta bestera sigi-saga ibili zen zakurra, beti ere neskarengandik berrogeita hamar bat pausora. Batzuetan geratu egiten zen, isatsa mugituz begiratu egiten ziolarik. Bere miatzaile-lanak bikain ari zen betetzen.

        —Muschetto-k zaunka egiten badu —jakinarazi zion Colombak— fusila kargatu eta geldirik egon.

        Herritik milia erdira, eta inguru-minguru asko egin ondoren, bideak bihurgunea zuen leku batean Colomba geratu egin zen. Han adar-piloa zegoen, batzuk iharrak eta beste batzuk hezeak, hiru oin altuko piramide txikia osatuz. Goitik beltzez pintatutako zurezko gurutze baten muturra ateratzen zen. Oso ohitura zaharra da, agian paganismoaren garaiko sineskeria, baina Korsikako kantoi batzuetan ibiltariek (mendian batez ere) harria edo adarra botatzen dute indarkeriaz gizona hildako lekura. Urte askotan, heriotza tristea gizakien oroimenean bizi den bitartean, egunero pilatzen da ofrenda bitxia halakoren edo beste halakoren mucchio edo «piloan».

        Colomba zain egon zen adar-pilo haren aurrean, eta gurbitz-adar bat hartuz besteei erantsi zien.

        —Hemen hil zen gure aita, Orso —esan zion gero—. Haren arimaren alde otoitz egin dezagun.

        Belaunikatu egin zen. Orsok ere berehala egin zuen gauza bera. Orduan herriko kanpai-hotsak heldu zitzaizkien, gau hartan gizon bat hil zelako. Orso negarrez hasi zen.

        Colomba handik minutu batzuetara begiak lehor baina aurpegia adoretsu zuela zutitu zen. Azkar-azkar behatz lodiaz herrikideek normalean promesa garrantzitsuetan ohi bezala gurutze santua egin zuen, eta gero herrira itzultzeko bideari jarraitu zitzaion, anaia berekin zuelarik. Isilik sartu ziren etxera. Orso bere gelara igo zen. Unetxo bat geroago Colomba etorri eta mahai gainean kaxatxo bat utzi zuen. Ireki eta odoleztaturiko alkandora bat atera zuen.

        —Hau da zure aitaren alkandora, Orso.

        Eta gizon gaztearen belaunetan zabaldu zuen.

        —Hau da hil zuen beruna.

        Eta alkandoraren gainean herdoildutako bi bala ipini zituen.

        —Orso, anaia! —deiadar egin zuen besarkatuz eta gogor estutuz—. Orso! Zuk mendeku hartuko duzu!

        Herio-suharrean musu eman zion anaiari, balei eta alkandorari, eta gelatik atera egin zen, Orso zur eta lur utziz.

        Orso une batzuetan geldirik egon zen, erlikia hunkigarri haiek handik kentzera ausartu gabe. Azkenean ahalegina egin zuen, kaxatxoan gorde eta gelako beste muturrera joan zen, ohean etzanez. Burua almoadapean zuen, mamua ikusi nahi ezta ezkutatu asmoz edo. Arrebaren azken hitzen oihartzuna etengabe zebilkion buruan eta zorigaiztoko iragarpena entzuten zuen, halabeharrez, odol eske; odol errugabearen eske gainera. Gazte gizajoaren sentipenak, eroaren burua nahasten duten bezalakoak, ez ditut deskribatuko. Jarrera hartantxe egon zen luzaz, burua jiratzera ausartu gabe. Azkenean jaiki, kaxatxoa itxi eta etxetik bizkor atera zen mendi aldera. Han ibili zen noraezean.

        Aireak poliki-poliki lasaitu egin zuen. Baretuago zegoelarik, patxadaz aztertu zuen bere egoera eta handik ateratzeko zeukan aukera. Dakigunez, Barricinitarrak ez zituen hiltzailetzat jotzen, baina Agostini bidelapurraren gutuna sortarazia leporatzen zien, eta gutun haregatik (hori uste zuen) hil zuten aita. Haiek gezurtitzat salatzea ia ezinezkoa zela iruditu zitzaion. Lurralde hartako aurreiritzi eta grinek batzuetan eraso eta bide bazterrean mendeku hartzea iradokitzen bazioten ere, izututa alboratzen zituen erregimentuko kideez, Pariseko aretoez eta, batez ere, Miss Nevilez pentsatuta. Gero burura bere arrebaren errietak etortzen zitzaizkion, eta izaeran zuen korsikar kutsuak erretolika haiek justifikatu eta mingarriago bihurtzen zizkion. Bere kontzientziaren eta aurreiritzien arteko borroka hartan zekusan irtenbide bakarra, edozein aitzakia medio abokatuaren semeren batekin liskarra izan eta desafio egitea zen. Dueluan balaz edo ezpatakadaz hiltzeak bere korsikar ideiak eta frantses ideiak elkartu egiten zituen. Irtenbide hura onartu eta nola bururatu pentsatzen ari zela, lasaiago zegoen eta bere irakinaldi hura baretzera oroitzapen gozoagoak etorri zitzaizkion. Zizeron bere alaba Tulia hil zelako behea jota zegoenean, hari buruz esan zitzakeen gauza atsegin guztiak bururatuta mina arindu egin zitzaion. Bizitzaz eta heriotzaz horrela gogoeta eginez kontsolatu zen Shandy-ko jauna semea hil zitzaionean. Orso baretu egin zen bere barne-egoeraren koadroa Miss Nevili pintatu eta koadroak ingeles ederraren arreta biziki erakarriko zuela bere buruari esanda.

        Ohartu gabe urrun samar utzi zuen herrira hurbiltzen ari zen, maquis-ertzeko bidetik bakarrik zegoela uste zuen neskatxa baten kantua entzun zuenean:

 

                «Atzerrian urruti den nire semearentzat

                gorde nire gurutzea eta odoldutako alkandora... »

 

        —Zer ari zara kantatzen, neska? —galdetu zion Orsok haserre, bat-batean agertuta.

        —Zu zara, Ors' Anton'! —deiadar egin zuen neskatilak asaldatu samarturik— Colomba andereñoaren kantua da...

        —Debekatu egiten dizut hori kantatzea —esan zion Orsok zakarki.

        Buruari ezkerrera eta eskuinera eraginez, neskatxa ihes egiteko lekurik erosoenaren bila ari zen. Ihes ere egingo zukeen, bere oinetan belarretan zuen pakete handi bat gorde behar izan ez balu.

        Orso bere haserrealdiaz lotsatu egin zen.

        —Zer daramazu hor, neskatxa? —galdetu zion ahalik eta gozoen.

        Baina Chilina erantzutera ausartzen ez zenez, Orsok berak munir bat askatu eta ogia eta beste hornidura batzuk zituela ikusi zuen.

        —Norentzat duzu ogia, neska?

        —Zuk badakizu, jauna: nire osabarentzat.

        —Zure osaba ez al da bidelapurra?

        —Zu zerbitzatzeko, Ors' Anton' jauna.

        —Jendarmeekin topo egingo bazenu, nora zoazen galde egingo lizukete...

        —Lucquoistarrei janaria eramatera noala esango nieke, maquisean basoa botatzen ari dira eta —erantzun zion neskatilak inolako zalantzarik gabe.

        —Eta zure bizkar jan eta janari hauek kendu nahiko lizkizukeen ehiztariren bat azalduko balitz?

        —Ez litzateke inor ausartuko. Nire osabarentzat direla esango nioke.

        —Egia esan, ez zait iruditzen afaria kentzen uzten duen gizona denik... Osabak asko maite al zaitu?

        —A, bai, Ors' Anton'. Aita hil zitzaigunez gero, hark zaintzen du gure familia: nire ama, nire ahizpa txikia eta ni. Ama gaixotu baino lehen, aberatsei lana eman ziezaioten gomendatzen zien. Niri, osabak hitz egin dienez gero, alkateak soinekoa ematen dit urtero eta apaizak dotrina eta irakurtzen irakasten dit, baina guretzat onena zure arreba da.

        Une hartan zakur bat azaldu zen bidean. Neskatxak ahora bi behatz sartu eta txistu egin zuen: zakurra berehala inguratu zitzaion, losentxak egin zizkion eta bat-batean maquisera sartu zen. Geroxeago, gaizki jantzitako baina ongi armatutako bi gizon adar batzuen atzean zutitu egin ziren Orso zegoen lekutik urrats batzuetara. Eman behar lurreko estrepa eta mitre artean sugea bezala arrastaka etorri zirela!

        —Ors' Anton'! Ongi etorri! —esan zion zaharrenak— Ez al nauzu ezagutzen?

        —Ez —erantzun zion Orsok finko begiratuz.

        —Ikustekoa da, gero, bizarrak eta puntadun kapeluak gizona zenbat aldatzen duten! Begira ezazu ongi, nire tenientea! Waterlooko beteranoez ahaztu al zara? Ez al zara Brando Saveli-z oroitzen? Hamaika kartutxo erre zuen zure ondoan egun madarikatu hartan.

        —Nola? Zu al zara? Baina zuk 1816an desertatu zenuen?

        —Halaxe da, nire tenientea. Soldaduska aspergarria da, egia esan. Gainera nik hemen kontuak garbitu beharra neukan... A! Chili! Neska zintzoa zara. Presta ezazu zerbait azkar, gose gara eta. Ez dakizu asko, tenientea, maquisetan nola gosetzen den. Nork bidali digu hau? Colomba andereñoak ala alkateak?

        —Ez, osaba. Errotaria izan da. Hau zuretzat eta manta amarentzat eman dizkit.

        —Eta niregandik zer nahi du?

        —Mendia botatzeko Lucquoistarrekin tratua egin omen du, baina orain hogeita hamabost sos eta gaztainak eskatzen omen dituzte, Pietranerako beheko aldean den sukarra dela eta.

        —Alfer halakoak!... Ikusiko dut... Tira, tenientea. Gurekin afaldu nahi al duzu? Okerragorik eginak gara gu biok gure herrikidearen garaian erretiratzera derrigortu baino lehen.

        —Ez, mila esker. Niri ere erretiroa eman didate.

        —Horixe entzun nuen, baina apustu egingo nuke ez zaituela asko gogaitu. Zure arazo hori konpondu beharra. E! Apaiz hori! —esan zion bere lagunari— Hasi jaten. Orso jauna. Hona hemen apaiz jaun hau. Tira. Ez dakit hain zuzen apaiza den ala ez, baina ikasia da eta izan zitekeen.

        —Teologi ikasle besterik ez naiz, jauna —adierazi zion bigarren bidelapurrak—; neure bokazioaren bideari jarraitzen ez didate utzi. Agian Aita Santu izatera helduko nintzatekeen, Brandolaccio.

        Eta, zer dela eta geratu da Eliza zure argitasunik gabe? —galdetu zion Orsok.

        —Huskeria bategatik, garbitu beharreko kontu bategatik, Brandolaccio lagunak dioenez. Nire arreba batek tontakeria bat egin zuen ni Pisako Unibertsitatean liburuak ikasten ari nintzen bitartean. Ezkon zedin hona itzuli behar izan nuen, baina senargaiak presa zuelako edo, sukarrez hil zen ni heldu baino hiru egun lehenago. Orduan, edozeinek egingo lukeenez, hildakoaren anaiarengana jo nuen, baina ezkonduta zegoela esan zidaten. Zer egin?

        —Arazoa korapilatsua zen, noski. Eta zer egin zenuen?

        —Kasu horretan norberak armaren katuari eragin behar izaten dio.

        —Horrek zera esan nahi du...

        —Buruan bala sartu niola —bukatu zuen bandiduak hotz-hotzean.

        Orso izuak hartu zuen une batez. Hala ere, jakin-minagatik edo etxera azkar itzuli nahi ez zuelako, han geratu zen gutxienez hilketa bana beren baitan zuten gizon haiekin berriketan.

        Bere laguna hizketan ari zen bitartean, Brandolacciok ogia eta haragia ipini zizkion aurrean, berak ere hartu zuen eta zati bat zakurrarentzat utzi zuen. Zakurraren izena Brusco zen eta edozein mozorropean inguratutako voltigeur-ak ezagutzeko berebiziko sena omen zuen. Brandolacciok azkenean ogia eta urdaiazpiko-zati bat ebaki zuen ilobarentzat.

        —Ederra da benetan bidelapurraren bizimodua! —deiadar egin zuen Teologi ikasleak mokadu batzuk jan ondoren—. Agian zuk ere probatuko duzu egunen batean, Della Rebbia jauna, eta nork bere apeta beste nagusirik ez edukitzea zein gustagarria den jakingo duzu.

        Ordura arte italieraz mintzatu zen bidelapurrak handik aurrera frantsesez egin zuen:

        —Korsika ez da Herri atsegina gaztearentzat, baina bidelapurrarentzat besterik da. Emakumeak gutaz txoratuta daude. Nik neuk, hiru kantoitan hiru maitale ditut. Edozeinekin nago neure etxean bezala, eta horietako bat jendarmearekin ezkondua da.

        —Hizkuntza bat baino gehiago dakizu —adierazi zuen Orsok serio.

        —Orain frantsesez egin dut, badakizu, maxima debetur pueris reverentia dela eta. Brandolacciok eta biok neskatxa bide onetik eta oso zintzo joatea nahi dugu.

        —Hamabost bat urte dituenean etxe onera ezkonduko dut —esan zuen Chilinaren osabak—. Senargaia begiz jota daukat.

        —Ezkontza-tratua egitera zu joango al zara? —galdetu zion Orsok.

        —Jakina. Zer uste duzu? Hemengo jauntxoren bati «Nik, Brando Savellik, begi onez ikusiko nuke zure semea Michelina Savellirekin ezkonduko balitz» esango banio, ezezkoa emango lidakeela?

        —Nik ez nioke emango —erantsi zuen beste bidelapurrak—. Nire lagunak esku gogor samarra du.

        —Ni litxarreroa edo gizatxarra banintz, adibidez —esan zuen Brandolacciok—, zorroa irekitzea nahikoa nuke bost liberako txanponak barrura sartzen hasteko.

        —Zure zorroak txanpon horiek erakartzeko ezer ba al du? —galdetu zion Orsok.

        —Ez. Deus ere ez. Baina beste batzuek bezala nik jauntxo bati «Ehun libera behar ditut» idatziko banio, azkar asko bidaliko lizkidake. Ni ordea, nire tenientea, ohorezko gizona naiz.

        —Ba al dakizu, Della Rebbia jauna —adierazi zuen lagunak apaiz deitzen zion bidelapurrak— hain ohitura sinpleak daudeneko lurralde honetan miserable batzuk guk geure pasaporteekin —eta fusila erakutsi zuen— ezartzen dugun errespetuaz aprobetxatu egiten direla eta dirua ateratzeko gure letra imitatu egiten dutela?

        —Badakit —erantzun zion Orsok lehor—, baina nola egiten dute?

        —Orain dela sei hilabete —segitu zuen bidelapurrak— Orezza aldean nenbilen eta legoa bat lehenago kapelua kenduta arlote bat inguratu zitzaidan honakoa esatera: «Ai, apaiz jauna! (Niri denek horrela deitzen didate). Barkatu arren. Emadazu denbora-pixka bat gehiago. Berrogeita hamabost libera besterik ez ditut topatu, baina benetan diotsut gehiago biltzerik ez dudala izan.» Nik erabat harriturik honela galdetu nion: «Zertan ari haiz, artaburu hori? Berrogeita hamabost libera?» Eta hark: «Hirurogeita bost esan nahi nuen, baina eskatzen dizkidazun ehun liberak ezin dizkizut eman.» Ni haserretu egin nintzen: «Nik hiri ehun libera eskatu dizkiadala? Ez haut eta ezagutzen!». Orduan hark gutuna, edo hobeto esan paper-mutur zikin bat, erakutsi zidan. Leku jakin batean ehun libera uztea gomendatzen nion, Giocanto Castriconi-k (hau da, nik) haren etxea erre eta behiak hiltzea nahi ez bazuen. Eta batere lotsarik gabe nire sinadura imitatu zuten! Gehien haserrarazi ninduena, gutuna dialektoz idatzi eta ortografi akatsez josia egotea izan zen... Ortografi akatsak nik, Unibertsitatean sari guztiak irabazita! Zirtzil hari egundoko brastakoa eman nion; bere buruaren jiran bi bira emateko adinakoa. «Beraz, alaen horrek, lapurtzat hartu nauk, e?» Eta zuk dakizun tokian ostikada ederra eman nion. Apur bat lasaituta, galdera egin nion: «Noiz eraman behar duk dirua leku horretara?». «Gaur bertan». «Ba, eraman ezak». Pinu baten barrenean utzi behar zuen, oso garbi markatutako leku batean. Gizonak bere dirua eraman eta zuhaitz ondoan lurperatu zuen. Gero, ni inguruan ezkutatutako lekura itzuli zen. Sei ordu luze igaro nituen han nire gizonarekin, eta hiru egun ere igaroko nituzkeen, Della Rebbia jauna, behar izan balitz. Dena den, sei ordu barru bastiaccio bat agertu zen; zeken doilor bat. Dirua jasotzeko makurtu egin zen, eta nik tiroa bota nion. Hain ongi apuntatua neukanez gero, erori zenean buruak ateratzen ari zen ezkutuak jo zituen. «Orain, alproja hori —esan nion nekazariari—, hartu heure dirua eta inoiz ez pentsatu Giocanto Castriconi hain zikoitza denik.» Gizajoak dena ikaratuta bere hirurogeita bost liberak garbitu ere egin gabe jaso zituen. Eskerrak eman zizkidan eta nik ostikoz jota bidali nuen. Oraindik ere korrika ariko da.

        —Inbidia diot tiro horri, apaiza —esan zion Brandolacciok—. Ez zenuen barre gutxi egingo!

        —Lokian jo nuen bastiaccioa —jarraitu zen bidelapurra— eta Virgilioren bertso hauek gogorazi zizkidan:

 

                ... Liquefacto tempora plumbo

                Dif dit, ac multa porrectum extendit arena.

 

        Liquefacto! Zer iruditzen zaizu, Orso jauna? Berunezko balak airea zeharkatzean urtzerik ba al du? Zu balistika ikasia zara eta jakingo duzu egia ala gezurra den.

        Orsok Fisikazko gai hartaz mintzatzea nahiago zuen, lizentziatuari bere ekintzaren bidegabekeriaz hitz egitea baino. Brandolacciok, hitzaldi zientifiko hura batere atsegin ez zitzaiolako, eten egin zuen mintzaldia eguzkia ezkutatzera zihoala eta.

        —Gurekin jan nahi izan ez duzunez gero, Ors' Anton' —esan zion—, hobe duzu Colomba andereñoa zain ez edukitzea. Gainera, eguzkia sartu ondoren bideetan zehar ibiltzea ez da beti komeni. Zergatik ibiltzen zara fusilik gabe? Gaiztorik ez da falta inguru hauetan. Kontuz ibili beharra dago. Gaur lasai joan zaitezke, Barricinitarrek prefeta etxean hartuko dute eta. Bidaian zihoala topo egin dute berarekin eta Cortera lehenengo harria ipintzera edo joan aurretik Pietraneran eguna igaroko du... Tontakeria! Gaur gauean Barricinitarren etxean lo egingo du, baina bihar hauek libre izango dira. Hor dago Vincentello, alproja galanta, eta Orlanduccio ere ez da askoz hobea... Aparte harrapatzen saia zaitez, gaur bat eta bihar bestea, baina zabiltza kontuz. Ez dizut besterik esango.

        —Eskerrak aholkuagatik —erantzun zion Orsok—, baina garbitu beharreko konturik ez dugu. Haiek nire bila etortzen ez diren bitartean, nik haiei ezer esatekorik ez dut.

        Bidelapurrak mihia atera eta klask egin zuen masailean irri gaiztoz, baina ez zion erantzun. Orso jaikitzera zihoan alde egitearren.

        —Hain zuzen —esan zion Brandolacciok—, bolboragatik ez dizkizut eskerrak eman. Bere garaian heldu zait. Orain ez dut ezer behar... tira, oinetakoak behar ditut..., baina egunen batean egingo ditut mufloi-larruaz.

        Orsok bost liberako bi txanpon utzi zituen bidelapurraren eskuan.

        —Bolbora Colombak bidali dizu, eta hau zapatak erosteko duzu.

        —Utzi tontakeriak, nire tenientea —deiadar egin zion Brandolacciok txanponak itzuliz—. Eskalea naizela uste al duzu? Ogia eta bolbora onartzen ditut, baina besterik ez dut nahi.

        —Garai bateko soldaduek elkarri laguntzerik bazutela uste nuen. Tira, agur bada.

        Baina alde egin baino lehen, bidelapurra konturatu gabe dirua zorroan sartu zion.

        —Agur Ors' Anton' —esan zuen teologoak—. Agian laster ikusiko dugu elkar maquis hauetan. Virgiliori buruzko gure ikasketei jarraipena emango diegu.

        Orso abiatu egin zen eta herrirako bidean ordu-laurdena zeramala norbait atzetik korrika zetorkiola nabaritu zuen. Brandolaccio zen.

        —Ezta pentsatu ere, nire tenientea! —oihu egin zuen izerditan— Ezta pentsatu ere! Hona hemen zure hamar liberak. Beste bat banintz ez nizuke onartuko amarru hau. Goraintziak nire partetik Colomba andereñoari. Hau da korrikaldia eginarazi didazuna! Gabon.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996