Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HAMARGARREN KAPITULUA

 

        Umetatik aitarengandik urruti egon zelako, ia ezagutzeko aukerarik ere ez zuen izan. Pietranera hamabost urte zituela utzi zuen. Pisara ikastera joan eta handik Eskola Militarrera sartu zen, Ghilfucciok Europan inperioko arranoak erabili zituen bitartean. Kontinentean zegoenean, Orsok oso bakan eta gutxitan ikusi zuen, eta 1815 urtera arte ez zen bere aitaren agindupeko erregimentura heldu. Koronela ordea, oso zorrotza zen diziplina-kontuetan eta bere semea beste edozein teniente gazte bezalaxe tratatzen zuen, hau da, oso gogor. Orsok bere aitaz zituen oroitzapenak bi motakoak ziren. Pietraneran ikusten zuen, bere ezpatari eusten uzten ziola, ehizatik etorritakoan fusila deskargatzen uzten ziola, edo artean umea zela lehen aldiz etxeko mahaian esertzen zuela. Gero Della Rebbia koronela zetorkion burura, edozein hutsengatik zigortzen zuelarik eta Della Rebbia tenientea besterik deitzen ez ziolarik:

        —Della Rebbia tenientea. Hau ez da zure batailako lekua. Hiru egun giltzaperatuta.

        —Zure tiratzaileak erreserbara agindutakoa baino bost metro gehiago aurreratu dira. Zortzi egun itzalean.

        —Hamabiak eta bostean oraindik kuarteleko kapelua daramazu. Zortzi egun giltzaperatuta.

        Behin bakarrik, Quatre-Bras-en esan zion:

        —Oso ongi, Orso, baina kontuz ibili behar da.

        Dena den, Pietraneran bururatzen zitzaizkion oroitzapenak ez ziren azken hauetakoak. Haurtzaroko famili lekuek eta hain maitea zuen amak erabilitako gauzek, bere arimara trumilka emozio gazi-gozoak zekarzkioten. Gainera beste pentsamendu batzuek nahasmendu izugarria sortzen zioten eta erabat jota zegoen: etorkizun beltza izango zuen han, arrebak kezkarazi egiten zuen, eta batez ere Miss Nevil etxera etortzekoa zen; hain txikia, hain pobrea eta luxura ohiturako pertsonarentzat hain desegokia iruditzen zitzaion etxera, etorri ere. Agian gaitzetsi egingo zuen, agian...

        Afalorduan haritzezko besaulki beltzean eseri zen, aita familiako otorduetan esertzen zeneko mahaiburuan, eta irribarre egin zuen Colombak mahaian harekin batera eseri baino lehen zituen zalantzak ikusita. Bestetik, afarian isilik egon zelako eta gero laster erretiratu zelako eskertu egin zuen, prestatzen ari zitzaion erasoa jasateko hunkituegia zegoelako. Colombak, ordea, bakean utzi zuen egoeraz jabetzeko denbora izan zezan. Geldirik egon zen denbora luzez, burua esku baten gainean zuela, azken hamabost urtean bizi izandako irudiak errepasatuz. Barricinitarrekiko denek zuten portaerak izutu egiten zuen. Pietranerako ikusmoldea beretzat mundu guztiaren ikusmoldea zela pentsatzen hasi ote zen iruditu zitzaion. Mendeku hartu behar zuen, jendeak koldartzat jotzerik nahi ez bazuen. Baina nork ordaindu behar zuen mendekua? Ez zuen sinesten Barricinitarrak hiltzaile zirenik. Familiako etsaiak ziren, noski, baina bere kideen aurreiritzi basati haiek onetsi egin behar ziren hilketa haiei leporatzeko. Batzuetan Miss Nevilen talismanaz gogoratzen zen eta ahopeka esaldia errepikatzen zuen: «Bizitza gatazka da». Azkenean, etsi-etsian honakoa esan zuen: «Irabazle aterako naiz!». Pentsamendu on hark emandako adoreaz jaiki egin zen. Logelara igotzeko kriseilua hartzera zihoanean ordea, norbaitek etxeko atea jo zuen. Ez zen ordu egokia bisitariak hartzeko. Dena den, Colomba berehala joan zen, ondoren neskamea zuelarik.

        —Ez da ezer —esan zuen atera zihoala.

        Hala ere, atea ireki baino lehen galdetu egin zuen nor zen. Ahots leun batek erantzun zuen:

        —Ni naiz.

        Berehala kendu zuten atearen tranga eta Colomba jangelara joan zen aurrean hamar bat urteko neskatxa zihoalarik. Oinutsik, zarpail jantzita, buruan zapi sastar baten azpitik belearen hegoa baino adats beltzagoak ateratzen zitzaizkiola zihoan. Neskatila hura iharra eta zurbila zen, azala eguzkipean errea bazuen ere, baina begietan adimenaren suak egiten zion distira. Orso ikusitakoan geratu egin zen, lotsatuta, eta nekazarien modura erreberentzia egin zion. Gero ahopeka Colombarekin hitz egin zuen eta ehizatu berria zen faisaia utzi zion eskuetan.

        —Eskerrik asko, Chili —esan zion Colombak—. Eskertzen diodala esan osabari. Ongi al da?

        —Biziki ongi, andereño. Zure esanetara. Berandu etxeratu delako ez naiz lehenago etorri. Maquisean hiru ordutan egon naiz zain.

        —Eta ez al duzu afaldu?

        —Ba... ez, andereño. Ez dut astirik izan.

        —Orain emango dizute afaria. Zure osabak oraindik ogirik ba al du?

        —Gutxi, andereño, baina batez ere bolbora falta zaio. Gaztainak prest daude, eta orain behar duen gauza bakarra bolbora da.

        —Ogia emango dizut, eta bolbora ere bai. Kontuz erabiltzeko esan, garesti dago eta.

        —Non ari zara laguntzen, Colomba? —galdetu zion Orsok frantsesez.

        Herri honetako bidelapur gizajo bati —erantzun zion Colombak hizkuntza berean—. Neskatxa hori iloba du.

        —Zure opariak hobeto erabil zenitzakeela uste dut. Kalterako erabiliko duen gaizkileari zergatik bolbora eman? Mundu guztiak bidelapurrenganako duen erruki hori izan ez balitz, honez gero Korsikatik ezkutaturik zeudekeen.

        —Gure Herriko okerrenak ez dira mendian daudenak.

        —Emaiezu ogia. Hori ez zaio inori ukatu behar, baina munizioak ematea ez zait zuzena iruditzen.

        —Ene anaia hori —esan zion Colombak serio—. Hemen nagusia zara eta etxe honetako guztia dagokizu, baina bidelapurrari bolbora ukatu baino lehen nire mezzaroa emango diot ume honi sal dezan. Bolbora ukatu! Jendarmeen esku uztea adinakoa da hori. Kartutxorik ezean, zer babes dute horien kontra?

        Neskatila bitartean, gogoz ari zen ogi-pusketa jaten eta arretaz begiratzen zion, batean Colombari eta bestean anaiari, haiek ziotena begiak aztertuz ulertu nahian.

        —Tira. Baina, zer egin du zure bidelapur horrek? Zer krimen dela eta dabil maquisetan?

        —Brandolaccio-k ez du inolako krimenik egin —esan zion Colombak—. Giovan' Opizzo hil du, hura armadan zen bitartean aita hil ziolako.

        Orsok burua jiratu, kriseilua hartu, eta, erantzun gabe, logelara igo zen. Colombak orduan bolbora eta janariak eman zizkion neskari, eta atariraino lagundu zion, honakoa adieraziz:

        —Batez ere, zure osabak Orso ongi zain dezala!

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996